ZEAPla

Aupa Julen. Eskualdeko patata tortilla zaleen elkartetik deitzen dizut. Asteburuan jardunaldi batzuk antolatu ditugu, etorriko zara?». «Jo, ba ze pena, baina, kasualitatez, sagardotegia daukat kuadrillakoekin! Eskerrik asko, hala ere».

«Kaixo Julen. Euskal Astoaren Lagunak gara. Datorren astean irteera daukagu, animatuko zinateke?». «Hara, ba datorren aste osoan zehar mekanografia ikastaro bat daukat, eta ezinezkoa izango zait. Baina, mila esker!».

«Iepa Julen. San Frantzisko Asiskoaren anai-arrebak gara. Bihar erromesaldia daukagu, eta gonbidatuta zaude, oso dibertigarria izango da!». «Seguru baietz, baina, zer diren gauzak, katekesia daukat! Baina, biba zuek!». «Aspaldiko, Julen! Baratxuri Zoparen Kofradiakoak gara eta, iganderako, baratxuri zopa jatea ari gara antolatzen. Etorriko zara, ezta?». «Ze goxoa, baratxuri zopa; astero jaten dugu etxean. Baina igandean amonaren urtebetetzea da, eta juxtu babarrun jatea daukagu! Baina, on egin dagizuela zuei ere!». «Julen agurgarri hori, Marteren Orbitan Dantzan Dabiltzan Sateliteen Adiskideak-ekoak gara, eta gaur lipdub bat grabatu behar dugu. Azalduko zara, edo?». «Joño! Gora Marte eta bere inguruak, baina Jupiterrekoei esan nien baietz, eta haiengana joan beharra daukat. Baina Esne Bidean ikusiko gara!».

Hori naiz ni. Ez pentsa telefonoa erabat joka ari zaidanik, baina ez dakit irribarre batekin ezezkoa esaten, natural behar lukeen moduan. Gizon okupatua gauza ederra da. Ez dakit, denbora libreaz gozatzen dakiena ere ez zait-eta, txarra iruditzen. Eta argi, izan ere, egia da batzuetan ezin izaten dudala; baina, beste batzuetan, aitzakiak asmatzen ditut. Pertsona txarra naiz? Ez nuke nahi… Hori bai, datozen egunotan ez deitu, ze ZUZENEKO EZEZKOAREN ALDEKO PLATAFORMA sortzen ariko naiz. Nahi baduzue, egingo dizuet leku bat zuei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!