Hitz egin beharra daukagu

Kaixo. Nik asko hitz egiten dut, eta askotan gauza gutxi esan. Baina aizue, lortu dut hitz egitetik bizimodua ateratzea. Hori bai, hitz egin asko eta idatzi ia batere egiten ez nuenez, boligrafoa zein eskurekin hartu ahaztu baino lehen, ATARIA-ri eskatu nion tartetxo bat egingo ote zidan. Eta begira, orri hau utzi didate. Beraz, hasi aurretik, eskerrik asko ATARIA-ri, eta irakurtzen segitzeko asmoa badaukazu, animo zuri.

Ideia ona iruditu zitzaidan berriz idazten hastearena. Word dokumentu bat zabaldu eta aurpegira zuri-zuri begiratu didan arte. Nola bete hutsik dagoen orri bat. Nola esan, hitz egin gabe. Izan ere, hor kanpoan topatuko bagina, gustura esango nizkizuke gauza pare bat hartaz eta hontaz, zurito baten bueltan: zeinen nekeza den euskaldun izatea, edo, are gehiago, euskaldun unibertsal izatea; galdetu bestela Berri Txarrak taldeari. Hain txarra al da ba MTV, eta hain onak MTV ez garenak? Musikaren komertzioa. Edo kontatuko nizuke gaurko albistea dela (beste) emakume baten erailketa, enegarrena aurten, oraindik ere bakarren batek hilerokoari buruz txisteak egin eta ingurukoek barre egiten dutenean. Umorerik ez da galdu behar, sekula ez, baina bada garaia gai hau serio hartzeko.

Pozik ariko nintzateke zurekin euskarari buruz ere; esango nizuke oraindik izenik eman ez baduzu, apuntatzeko oraintxe Euskaraldian, eta izateko bizi eta prest zure aho, belarri eta gainerako gorputz-adar guztiak. Euskara aldarrikatu, eskatu eta exijitu ere egiten dugulako esparru guztietan, baina gure gertukoenetan erabiltzea askotan ahaztu egiten zaigulako. Oro har, zurekin, eta euskaraz bada, gustura hitz egingo nukeela, alegia.

Total, ezetz, Word dokumentuak zurian jarraitzen du eta niri koloreak ari zaizkit ateratzen. Beraz, hurrena kalean ikusten garenean egin kasu, eta esango dizkiogu elkarri esan beharreko guztiak. Aterako dizut nik zuritoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!