Eta inuitak iglua egiten du, hain biribil perfektua, non sarrerako aterik ez baitu. Halaxe dabil gaurko teknologia perfektua ere, sarbide humanoa gero eta ikusezinago.
Elur maluta tximeleta txuri bat da inuitaren ahoan, nola baitira gure asmo politak eta ilusioak, ahoan urtzen zaizkigun arte.
Inuitak badaki jela gainean oinutsik irristan ibiltzen, patinatzen, nola irristatzen baikara gizakiok bizitzan zehar, estropezuka eta punpaka, hezurren bat edo beste hausteraino; batzuetan, burua ere bai.
Eta ez dugu ikusten sudurretik hara. Nahiz eta aurrez aurre izan izotzezko iparra, izotzezko izarra, ezin ikusi sudurretik hara.
Sartzen gara ohera kuku-kuku eginda, bizitzaren hotzaren hotzetik babesteko, sartzen gara inoren beso artean kuku-kuku eginda, baina, oinak hotz-hotz, ezin lorik hartu.