OLERKIA

Estatua bat pentsakor

Erabiltzailearen aurpegia Juan Kruz Igerabide 2024ko maiatzaren 10a

Hainbeste kemen xahuturik,

estatua egonkorra hain da gose…

gizakantu amaigabean

andrakantu matriarkalaren egarri,

biluzik biluzean biluz erantziezinez

begira eta begira zuzen-zabal,

pentsamendu geldian, katerik gabe,

pentsamendu oro kate baita,

estatuaren pentsamendua salbu.

Pentsa dezake txori bat

edo leihoetako gortinen toles bat,

pentsa dezake haur bat

edo hiriko madarikatuen miseria,

pentsa dezake bi gorputzen maitasuna,

unean unekoa, gerorik eta atzorik gabea,

oroimenik eta ilusiorik sortu gabe,

ez baita bizi, ezin baitu irribarrea zabaldu

inguruko guztiak kontsolatzeko

zuk bezala, udaberriko eguzki

urtez urte kateatua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!