Atzera begira

Sagardotegi eta estankotik kultur eta osasun etxera

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar

Eraikin zaharrean estankoa aurrealdean, beheko solairuan.

Gaur egun Asteasuko kultur etxea eta osasun kontsulta dena,
Kojuene izeneko etxea, garai batean estankoa eta sagardotegia izan zen. Denbora gutxi gelditzen zaio martxan, kultur etxe berria ari baitira eraikitzen.

Kojuene (herritarrek Kojane deitzen diote eta Plaza Etxeberri bezala ere agertzen da dokumentu batzuetan) etxearen izenaren jatorria ezezaguna da herrian, baina hamarkada askotan zehar Otegi familiaren sagardotegia eta estankoa kokatu zen bertan, kale Nagusiaren 10 zenbakian, Iturriondo jatetxearen parean.

Informazio batzuk udaleko artxibozainaren, aparejadorearen eta kultur teknikariaren eskutik lortu ditugu, baina nagusiki estankoa eta sagardotegiaren jabeen familiakoa den Benito Otegik azaldu dizkigu hango berriak. Bere aita gerran hil zenean bere tutore izendatu zuten Jesus Otegi eta mutil koxkorra zenean ezagutu zituen estankoa eta sagardotegia.

Etxearen beheko solairuan estankoa zegoen kale aldera eta sagardotegia, atzealdera. Lehen solairuan sagardoa egiteko dolarea eta gainerako tresnak zeuden eta bigarrenean Otegi familia bizi zen: Jesus Otegi, Demetria Atxaga emaztea, Dorita alaba eta Felipe Otegi, anaia ezkongabea.

Estankoan tabakoa eta beste gauzak saltzen zituzten. Espazio txikia hartzen zuen eta itxita egoten zen, bezeroek tinbrea deitzen zutenean zabaltzen zieten. Gainera Jesus Otegik eskola pixka bat bazuenez, Aurrezki Kutxa Probintzialeko lanak ere egiten zituen bertan, gero Villabonako sukurtsalera eramango zutena.

Sagardoa Donostiara eta Tolosara

Sagardotegia handia zen, sagardo asko saltzen zuten, bertan edateko edo etxera eramateko. Ez zuen janaririk ematen, parean zegoen tabernatik edo beste nonbaitetik eramaten zuen norberak janaria bertara. Felipe Otegi arduratzen zen sagardotegiaz eta Jesus anaiak laguntzen zion jende asko zenean.

Villabonako Jose Beltza kamioilariak biltzen zituen sagarrak Asteasu eta inguruko baserrietan. Kojueneko dolarean sagardoa egin eta berak banatzen zuen Donostiako eta Tolosako tabernetan eta sagardotegietan, Tolosako Txinparta elkartean, adibidez. Garai hartan Asteasun bazen beste sagardotegi bat, gaur egun elkartea dagoen tokian eta jabeak gaur egun Kabela taberna dagoen etxekoak ziren.

Jubilatu zirenean, estankoa eta sagardotegia itxi eta Tolosara joan zen bizitzera familia. Urte batzuetan itxita egon ondoren, udalak erosi zuen eta 1994an sagardo museoa eta turismoa egiteko proiektua egin zuen, dolare berezi eta zaharra zuelako, arkitektoniko interesgarria. Zentro sozio-kulturala, denda, sagardotegi jangela, lehen pisuan sagardoaren artisau museoa, bigarrenean material etnografikoa eta ganbara artisau tailerra eta erakusketa gela jartzeko asmoa zuen. 616 m2 zituen denera. Horretarako, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari 30 milioi pezetako diru laguntza eskatu zion, baina ezezkoa jaso eta proiektua bertan behera gelditu zen.

Kultur Etxea 2005etik, laster itxiko da

2002an beste proiektu bat aurkeztu zuen etxea eraberritzeko, kasu honetan Eusko Jaurlaritzan, kultur etxea, osasun etxea, turismo bulegoa, bilera gelak, Helduen Heziketa Eskola eta KZgunea egiteko bertan. Eskaera onartu, 65.000 euroko laguntza jaso eta urte bereko abenduan hasi ziren lanak. Juan Herrarte, Gaizka Perosterena eta Joxean Azkueren arkitektura estudioak egin zuen proiektua eta Trati enpresak eraiki zuen.

2005eko martxoan amaitu ziren lanak eta harrezkero bertan kokatzen dira kultur etxea, liburutegia eta osasun etxea. Liburutegia bigarren solairuan kokatzen da. Hainbat ikastaro eskaintzen dira kultur etxeko lehen solairuan: trikitixa, panderoa, josketa… Herriko eragileek ere erabiltzen dituzte gelak, Harituz bertso eskola eta Emakumeen Elkarguneak, besteak beste. Beheko solairuan osasun kontsulta eta ikasleentzako ikasgela kokatzen dira.

Dena den, denbora gutxi gelditzen zaio eraikin honen jardunari, orain sakabanatuta dauden jarduerak biltzeko kultur etxe berria eraikitzen ari baitira Kabela Berri izeneko orubean: liburutegia, ikasgela, ikastaroetako gelak, gaztelekua, ludoteka... Egoitza berrian espazio zabalagoak eta egokiagoak izango dituzte horrela. Osasun zerbitzuak ere beste nonbait eskainiko dira aurrerantzean. Laster jasoko dituzte eraikin berriaren giltzak, gero barrualdeak altzariz hornituko dituzte eta datorren ikasturterako martxan izatea espero dute udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!