Atzera begira

Aranburu, jauregi barrokoa kultur zentro bihurtua

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar

XVII. mendean eraiki zuten, eta XX. mende bukaerara arte berdin mantendu zen. Zaharberritu ostean, 1996an inauguratu zuten.

XVII. mendeko Aranburu jauregia euskal barrokoaren adibidea da. Mendetan zehar pertsonaia entzutetsu ugari sortu ziren bertan, tartean Ceutako gobernadorea eta gotzaina. Berrikuntza polemiko baten ondoren, gaur egun erakusketa aretoak, udal liburutegia eta udal artxiboa hartzen ditu.

Gaztelako Koroak Nafarroako Erresuma bereganatu zuenean, 1515ean, Tolosak gotorleku izaera galdu zuen, nafarren aurrean defenditzeko funtzioa zaharkitua gelditu zelako. Erdi Aroaren amaieran dorretxeak eraiki baziren, garai berri honetan herri barruko jauregiak altxatu ziren, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan jasotzen duenez. Ahaide nagusien erorketarekin, klase sozial berria sortu zen, leinu zaharrak, botere zentraleko funtzionarioak eta aberastutako nobleak nahastuz. Beren boterea nabarmentzeko etxe handiagoak eta ederragoak eraiki zituzten, artisau eta merkatarien etxeetatik bereizteko. Horrela sortu ziren arkitektura nabarmeneko jauregiak, fatxada eta orube handikoak. Horregatik aukeratu zuten X. mendean eraikitako Andia dorrea kontzejuaren egoitza gisa, jauregi berri hauen ondoan nabarmentzeko.

XVI. mendean, besteak beste, hiru jauregi hasi ziren altxatzen: Idiakez plaza Zaharrean, Iturriza Korreo kalean eta Atodo kale Nagusian. Errenazimenduko jauregi hauek Erdi Aroko oinarrien gainean eraiki zituzten. Gainera, bi garaien artean sute handia izan zen Tolosan eta eraikin horien itxuraldaketa baino berreraikuntza egin zen, Martinek bere lanean dioenez.

XVII. mendean Aranburu jauregia eraiki zuten, Idiakezen etxe nagusitik aparte. XX. mende bukaeran egin zen berrikuntza handia bitarte jauregia zen bezala mantendu zen mende horietan zehar. Osaera sendoa baina irregularra zuen, jatorri desberdineko lanak gainjartzearen ondorioa. Solairuarte planta zuen, zaharra, eta eraketa oso erregularra errotarako bidean, fatxada nagusiaren gainean antolatutako hormartearekin batera. Kanpoaldean, fatxada nagusiaz gain, errotara zihoan bideko hormaren sendotasuna nabarmentzen zen. Errotan bi ate zeuden, baina ate batetik errotaren ondoan osatutako atalasea bakarrik kontserbatzen zen, Aranburu jauregia ez zen horretaraino iristen, eta gainean blasoi txiki bat zuen. Nahasketa horretan aurki daitezke 1540an eraikitako Idiakezen etxe nagusiaren aurrekari batzuk.

Fatxada hareharrizko harlanduaz egin zen, atariaren inguruko ordena simetrikoan, hiru solairuetan hiruna baorekin. Angel Martinen iritziz, nabarmendu behar dira fabrika ezin hobea, iskinetako angeluen kuxindura, baoen zabaltasuna, atariaren eta erdiko balkoiaren apaindura, baoen eta balkoien burdineria, teilatu-hegalaren frisoa eta teilatu-hegal edergarria eta proportziozkoa. Estilo barrokoa nabari da, aurreko jauregien lanetatik bereiziz. Alde horretatik, armarriaren neurria eta garrantzia adierazgarria da, aurreko jauregietakoak baino txikiagoa.

Errotarako bideko fatxadak ere ordena erregularra zuen goiko bi solairuetako bosna baoen antolaketan. Silarri bakarrak janbak, ateburu eta iskinetakoak dira. Gainontzeko fatxadak irregularragoak dira, planta bezala. Etxeak eskorta eta erantsitako espazioak zituen eta Agintari kaletik ere bazuen sarrera.

Jauregiaren aurreko plazak ere Migel Aranbururen izena hartu zuen urte batzuetan. Garai batean Aburruza jauregia izandakoa Igarondo parrokiako zinema izan zen eta ondoan Arrieta garajea zegoen. Gaur egun udaletxearen bulegoak hartzen ditu eraikin horrek. Parean Santa Maria parrokia dauka, eta lehen Amarrandegia zeukan, Elizari hamarrenak ordaintzen zitzaizkion lekua.

Familia noblea eta pertsonaia garrantzitsuak

Aranburu jauregiko familia nobleak pertsonaia garrantzitsuak izan zituen historian zehar: alkateak, militarrak, legelariak… Eta tartean uda honetan albiste izan den Ceutako gobernadorea eta gotzaina.

Pedro Aranburu izan zen jauregi hau eraikitzea agindu zuena. Erret Armadako almirantea eta Santiago Ordenako zalduna izan zen, artista askoren mezenas. Tolosako alkatea izan zen 1642-43an eta 1648-49an.

Bere eta Maria emaztearen seme Migel Aranburu Aburruza XVII. mendeko Tolosan pertsonalitate nabarmena izan zen, Mikel Telleriak Enciclopedia General Básica de Tolosa liburuan adierazten duenez. Aranburu edo Salsoro jauregian jaio zen 1639an, Gortean hezia izan zen Austriako Juanekin batera (Karlos I.a erregearen semea). Gazterik Madrilgo gortea utzi behar izan zuen aita ustekabean hil zelako eta Tolosara itzuli. Garrantzi handiko legelaria izan zen, Gipuzkoan sekula izan den garrantzitsuena batzuen iritziz. 1662tik 1697an hil arte bizitu zen Tolosan. Artxibo Probintzialaren ordenatzailea (Henao Aita historialariari datu ugari eman zizkion) eta Gipuzkoako Foruen biltzailea izan zen, etxeko atarian bertan zuen inprimategian argitara eman zituen 1697an. Tolosako alkatea izan zen 1663-64, 1670-71, 1680-81 eta 1690-91 aldietan. Eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kontsultorea eta diputatu nagusia hainbat batzarretan. Probintziaren ordezkaria izan zen Madrilgo Gobernuan 1695ean. Garai hartako intelektualen antzera, euskaldunak Armeniatik etorritako Tubalen ondorengoak zirela uste zuen, Noeren bilobak, eta hala defendatzen zuen, Telleriak dioenez.

Bere anaia Juan Bautista, 1641ean jaioa, Oñatiko errektorea eta Ceutako gotzaina izan zen 1680ean. Udalak ospakizunak antolatu zituen izendapen hori jaso zuenean. Beste anaia Pedro, 1642an jaioa, militarra, Santiagoko zalduna eta Ozeanoko Armadako almirantea izan zen. Pasaian hil zen 1696an.

Migelen eta bere emazte Maria Atorrasagastiren seme Jose Basilio, 1683an jaioa, militarra, brigadierra eta Ceutako gobernadorea, haren setioa defendatzeagatik mariskal izendatu zuten, Alcantarako Ordenako komendadorea izan zen, Balear irletako kapitain jenerala eta Orango komandante jenerala. Villefranche de Niceko batailan nabarmendu zen 1744an, Sardiniako erregearen armadaren kontra. Hori dela eta, Felipe V.a erregeak Villafuerteseko lehen Kondearen titulua eman zion. 1758an hil zen.

Kultur gune garrantzitsua

1985ean hasi zen eraikin hau berritzeko asmoarekin Udala. Akordioa lortu zuen jauregiaren jabearekin, Cerroko bizkondearen ondoregoak, Zabala familia, berrikuntza baten truke 50 urtetan (beste hainbeste luzatzeko aukerarekin) kultur gune gisa erabiltzeko, familiari etxebizitza bat utziz. Hainbat proiekturen ondoren, Luis Peña Gantxegi arkitektoak egin zuen azkena; bost urte iraun zuten lanek eta 1996ko apirilaren 26an inauguratu zen. 30 urte bete ditu beraz kultur zentro berriak.

Beheko solairuan eta lur azpikoan erakusgelak ditu, lehen solairuan helduen udal liburutegia, bigarrenean etxebizitza eta hirugarrenean, udal artxiboa. 314 milioi pezetako aurrekontua izan zen, horietako 40 Foru Aldundiak jarriak eta gainontzekoak, udalak. Ordura arte gainezka zegoen kultur etxea arintzeko balio izan zuen, arte erakusketa garrantzitsuak jaso ahal izateko. Arteleku zentroko litografia eta Zumardi natur jardunaldien erakusketekin zabaldu zen. Gainera lorategi handia irabazi zen herriarentzat, Eduardo Txillidaren Lizardiren leihoa eskultura bertan birkokatuz.

Herri Batasunaren iritziz kultur ondarearen legea ez zen bete eta «kultur espoliazioa» egin zen berrikuntza lanetan, Barroko garaiko arkitektura bitxiaren parte garrantzitsua suntsitu egin zutelako: habeak, erdiko eskailera, liburutegia, altzariak... Lanak gelditzea eskatu zuen horregatik, baina aurrera jarraitu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!