Eraikin berezia, handia eta soila, 1666an eraikia eta 2023ra arte klaratarren klausuraren babeslekua izan zen. Aurretik 1612tik Korreo kaleko Iturriza jauregian izan ziren. Jaungoikoari bizitza eskaintzeko lau pareta artean betirako erretiratzea erabaki arren, herriarekin harreman luzea eta lotura handia izan dute lau mende baino gehiagotan.
Gipuzkoako herriak handituz joan ziren neurrian eskeko erlijio-ordenak ugaritu egin ziren, Trentoko Kontzilioak apostoladuaren ideal erreformista bultzatzearen ondorioz. Iritsi aurretik, ordena horiek aztertu egiten zuten herria, egokia zen edo ez erabakitzeko. XVI. mendearen bukaeran denbora gutxian lau eskaera jaso ziren Tolosan. Baimenarekin batera finantza babeslea behar izaten zuten. Serie honetako aurreko artikuluan 1587n Pedro Mendiorozek San Frantzisko komentua eraikitzeko baimena eskatu zuela aipatu genuen, horretarako lurrak eta diruak jarriz.
Erlijio-ordena horrekin harreman estua dute klaratarrek, bi ordenen sortzaileak Italiako Asis herrian jaio zirelako. 1218an sortu ziren klaratarrak, ahizpa behartsuak, lanetik eta limosnatik bizitzeko. Erlijio-ordena bateko arauak idatzi zituen lehen emakumea izan zen, eta bakarra. Bere komentua Tolosan irekitzeko Miguel Perez Mendiolak eta bere emazte Magdalena Huaquek (testu batzuetan Unanue bezala azaltzen da) eskatu zuten 1609an. Herriak eskaera onartu eta Santa Luzia auzoko Magdalena ermita eta ondoko etxea eskaini zien, leku egokia errepide publikoaren eta iturri baten ondoan zegoelako. Hala ere Erret Kontseiluak ez zuen uzten komentuak herritik kanpora altxatzen, Korregidoreak eta Iruñeko Gotzainak hala esanda.
Korreo kaleko Iturriza jauregian hasi
Orduan fundatzaileek beren etxea eskaini zuten, Iturriza jauregia, Korreo kalean. 1611n baimena lortu zuten. Arazoak izan zituzten Santa Mariako Kabildoarekin, hainbat arrazoi argudiatu zituztelako: dotazio txikia, etxe oso estua, handitu ezin zena lau kale artean zegoelako, ura, patioa eta baratzerik ez izatea, zortzi sutegi izatea inguruan etengabeko zaratarekin… Iturrizaren ondoko Urdapilleta etxea eman zien Iriarte lizentziatuak eta Korregidoreak kontsultatutako bizilagunek ere proposamena bultzatuz lortu zuten azkenik Gaztelako Kontseiluaren baimena 1612an. Mendiola bera zen garai hartan alkatea eta Elizbarrutiaren baimena ere lortu zuen. Irailaren 2an inauguratu zuten komentua meza batekin, eliza Urdapilleta etxearen azpian kokatuz.
Lau moja etorri ziren Nofuentes-eko (Burgos, Espainia) Santa Maria de Rivas komentutik, Ana Salazar abadesa zelarik, baina handik urtebetera abadesa hil eta beste hirurak Burgosera itzuli ziren. Gasteiztik etorritako mojek sortu zuten berriro.
1614an ura ekarri zuten Idiakez hariztitik, Laskoain zelaian, eta hustubidea egin zuten Aroztegieta-Biarreta errekan, Erretegibel bezala ezagunagoa. Urte horretan fundatzaileak hil ziren, seme-alabarik utzi gabe. Moja eta nobizia kopurua 4tik 12ra igo zen urtebetean, erritmoa mantendu eta 1638rako 36 klaratar zeuden, fundazioari baimendutako muga. Leku faltagatik eta herri barruko mugimendua eta zarata egokienak ez zirenez klausurarako, beste kokapen baten bila hasi ziren.
1652an Santa Klara komentuak 100.000 erreal jaso zituen Juan Urrutia kapitain tolosarrarengandik, Ameriketara joana, Perun bizi zena eta iloba klaratarra zuena jaioterrian. Komentuaren bigarren fundatzailea kontsideratzen dute, diru egoera larrian zeudelako orduan. 1655ean lur batzuk lortu zituzten Nafarroako atetik kanpora, Mahala etxean: bost baratze erosi zituzten 1.725 dukatetan eta beste bi donazioan jaso. Guztira 7.700 m2 jabe hauei erosiak: Olazabal letraduna, Mariana Agirre, Pedro Aranburu kapitaina, Petronila Elizalde eta Aialdeburu lizentziatua. Martin Idiakez eta Maria Arriola senar-emazteek bi baratze eta sagastiak eman zizkieten.
1657ko uztailaren 3an lehen harria jarri zuen Martin Olazabal alkateak. Lanak Manuel Rekalde harginak zuzendu zituen. Kanpoko paretak manposteriakoak, harri landuzko ateburuak eta harrizko paretak zituen lehen solairuraino eta adreilua beste bi solairuetan. Eliza geroago egin zuten, komentuaren barruan. 1665ean Ibarrako errekatik ura hartzeko baimena lortu zuten.
Komentu berria, handia eta soila
1666an utzi zuten Korreo kaleko Iturriza etxea harresiz kanpoko komentu berrira pasatzeko, gaur egungoa, herritik at eraikitzeko debekua konpondu eta gero. 36 moja aldatu ziren kokapen berrira. Hurrengo urtean frantziskotarrei saldu zieten komentu zaharra 1.500 dukatetan. Juan Arburuola maisu harginak altxatu zituen baratzeko paretak. Juan Zapiain errementariak, Pedro Sarasti arotzak eta Cristobal Allanegi igeltseroak hartu zuten parte lanetan. Artzabaltzako Antonio Aldai teilagileak jarri zituen teilak eta adreiluak. 1666ko urriaren 2an inauguratu zen Santa Klara komentu berria, tamaina handiko eraikina eta soila, luxurik gabea. Lehen komentu honen eliza iparraldean eraiki zuten, gaur egun elizaren ataria den lekuan. Adreiluzko dorrea egin zuten teilatuaren gainean. Santa Maria parrokiak Antxietaren sagrarioa eman zien, berria eskuratu zuelako.
XVIII. mende hasieran Joaquin Zabaleta Mexikoko indiano tolosarrak dirua eman zien klaratarrei eliza berria eraikitzeko. Migel Muñoa harginak egin zuen. Horrela klaustroaren laugarren aldea osatu zen. Aurretik, 1710ean, komunitateak horretarako lurrak erosi zituen, Izaskunerako igoeran. Lanak 1711n hasi eta 1713an bukatu zituzten. 1730ean beste lan batzuk egin zituen Francisco Lete harginak: bobeda eta koruko arkuak, gangak, elizako zoruaren estaldura, elizako ateak eta ataria…
1732an inauguratu ziren azken lan hauek. Suziriak bota eta zezenketa egiteko asmoa zuen udalak, baina horren ordez gastatu behar zuen diru hori behar handia zuten mojei ematea erabaki zuen eta organo berria ordaintzeko kalean eskean aritzeko baimena eman zien.
Gurutze latindarreko planta dauka elizak, nabe batek kanoi-ganga du eta laranja erdia gurutzaduran eta proportzio erregularrak. 1744an Ignacio Iberok diseinatu zuen erretaula, Francisco Ignacio Azpiazuk eta Tomas Jauregik egin zuten erretaula, Tomas Gargallo izan zen tailugilea eta Pedro Jose Ruete urreztatzailea. Erretaulak lau zutabe ditu eta tartean dauka eliza zaharreko sagrarioa. 1752tik 1755era alboetako bi erretaula egin zituen Francisco Letek eta 1759an beste bi Francisco Ormaetxeak.
1762an uholdeak izan ziren, ura elizan sartuz. Santisimoa korura igo behar izan zuten eta bertan eman zuen meza apaizak, komentuan sartzeko baratzeko pareta saltatu eta gero. 1764an berriz sartu zen ura komentuan. 1765ean, bost urtez gaixo egon ondoren azken igurtziak jaso zituen moja bat sendatu zen San Luis Gonzagaren koadroari esker. Elizak miraria kontsideratu zuen. Urte berean tximista sartu zen elizan eta kalteak eragin zituen alboko aldarean.
1808an Napoleonen tropak sartu ziren komentuan, kuartel eta ospitale gisa erabiltzeko. Mojek Alkizara joan behar izan zuten sei urtez eta itzuli zirenean komentua hondatuta zegoen. Ondorengo gerretan Dulantzira, Bidebieta baserrira eta Leitzara beste hiru emigrazio aldi egin behar izan zituzten mojek. 1886an pulpitua jarri zuten. 1889an Parisko Stoltz Freres organoa inauguratu zuten, horretarako Felipe Gorritik konposatutako Meza Re maiorrean hiru ahots zuri eta organorako estreinatuz. 1891n lur gehiago erosi zituzten klaratarrek, gaur egungo autobiaraino. 1896an Santa Klara izena eman zioten kale horri, Moja kalea ere deitu izan zaio. Hori izan zen Nafarroatik etorrita sarrera bakarra 1790ean Lizartza eta Araitzeko errepidea egin arte.
1921ean klaustroa behera erori zen eta berria egin behar izan zuten, hurrengo urtean inauguratuz. 1964ean Monumentu Historiko-Artistikoa izendatu zuten. 1989an, organoaren mendeurrenean, berritu egin zuten.
Otoitza eta lana
Jende askori zaila egiten zaio ulertzea klausurako mojen erabakia: bizitza osorako komentu barruan erretiratzea, lan egiteko eta Jainkoari otoitz egiteko, kalera ia atera gabe, enkarguetara ateratzen den moja izan ezik. Kanpotik bisitak jasotzen dituzte, baina komentu barruan oso pertsona gutxi sartzen dira, kapilaua eta langileren bat izan ezik. Bere abitu marroia, toka beltza eta kordoi zuriarekin, Santa Klara komentuko mojen eguna otoitzak eta lanak betetzen zuten, goizean 06:30ean jaiki eta 22:30ean oheratu arte. Zortzi otoitzaldi egiten zituzten elkarrekin, bakarkako saioez gain: irakurketa 07:00etan, laudes eta meza 09:00etan, tercia 09:45ean, sexta 12:45ean, nona 15:15ean, errosarioa 18:10ean, bezperak 18:30ean eta konpletak 22:00etan. Beraien artean hitz egiteko atsedenaldia izaten zuten 21:15ean.
Horien arteko tarteetan, beren janari beharrak betetzeko zituzten baratzeak, frutarbolak eta animaliak landatu eta zaindu behar zituzten, sukalde lanekin batera. Komenturako josketa, bordatu eta plantxa lanekin batera, kanpotik jasotako horrelako eskaerak burutzen zituzten. Eguraldi onaren patroia izanik Santa Klara, bataio, jaunartze, ezkontza, azterketa, ibilaldi, festa eta bestelako ospakizunen aurrean eguraldi ona eskatzera hurbiltzen ziren herritarrak asko izaten ziren, dozena bat arrautza eramanez, azkenaldian hamahiru arrautzakoa. Horiei esker behartsu eskaleei ogitartekoak ematen zizkieten. Lan eta otoitz horiengatik jasotako donazioak ziren diru sarrera nagusiak, jubilazioarekin batera.
Lau mende luzetan Tolosako bi komentuetan objektu ugari bildu zituzten klaratarrek: mezetarako tresnak eta jantziak, lanerako erremintak, apaingarriak, santuak, koadroak, liburuak, ontziak, kutxak, artxiboa, erlikiak…
Bokazio krisia izan da itxieraren arrazoia, azken urteetan Tolosatik joan diren beste erlijio-ordenen kasuan bezala: trinitariak, Inmakuladako mojak, korazonistak, eskolapioak, sakramentinoak, frantziskotarrak… Lau moja izan ziren komentuaren sorreran 1612an eta lau moja izan ziren itxi zutenak 2023an: Bedaioko Ramona eta Genobeba Zabala, Saldiasko Mikaela Urroz eta Bilboko Mari Kruz Perez. Eta Gasteizera joan ziren, komentua berriz sortzera etorri zirenen hiria. Beraiekin eraman zituzten komentuko objektu garrantzitsuenak, tartean bi komentuen sorreran prozesioan sartu zen gurutzea. Bera izan zen komentutik azkena ateratzen 2023ko azaroaren 12an. Gaur egun 20.000 klaratar daude munduan zehar 70 herrialdetan. Tolosako komentuaren etorkizuna zein izango den ez daki inork.
Fernando Uhalde idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak komentua itxi zenean argitaratutako liburua izan da erreportaje honetarako informazio iturri nagusia, Angel Martin Ramos arkitektoaren La construcción de Tolosa liburua eta honen sinatzaileak 1993ean Galtzaundi aldizkarirako Santa Klarako mojei egindako elkarrizketarekin batera.


