Atzera begira aritzen gara egunkari honetako sail honetan eta oraingoan XIX. mendearen erdialdera joko dugu. Nola zegoen Tolosa garai hartan? Zein ziren bere proiektu nagusiak? Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zen 1844tik 1854ra. Gertaera horrek aldaketa handiak eragin zituen alor guztietan, sedimentu garrantzitsua utzi zuen herrian eta ondorengo urteetako hirigintza garapenean eragin zuen. Biztanle kopurua asko igo zen; adibidez, 1842an 5.185 izatetik (Donostiak 10.036 zituen orduan) 1860an 8.162 izatera pasa zen. Politikariak eta administrariak iritsi ziren eta merkataritza eta industria ere indartu egin zen. Hirigintzan ere berrikuntza ugari izan ziren: Zumardiaundia zabaldu, errepideak berritu... Ikusi ATARIAko erreportajea epaitegia eta kartzelari buruz.
Gaurko erreportajeko eraikina ere horren ondorioa izan zen. 1843an triangelu formako plaza bat sortu zen Gaztelako Atea, Rondilla bidea, harresia eta Barrenatxo etxearen arteko espazioan. 1846an, plaza hori apaintzeko iturria proiektatu zuen Eleuterio Eskoriaza udal arkitektoak erdialdean, eta hurrengo urtean zuhaitzak landatu zituzten. 1848an San Frantzisko komentuko baratzeak udalaren eskura pasatu zirenez, paseo berriaren lehen zuhaitzak landatu zituzten.
Diputazioaren jauregia
1853an eraikuntza berria proiektatu zen inguru horretan, harresi zaharraren gainean, baina ez etxebizitza izateko, bulego eta establezimendu publikoetarako baizik. Formatu handiko eraikina zen, neoklasiko estilokoa, fatxada nagusia San Frantzisko pasealeku aldera izango zuena, konposizio eta marrazketa zaindukoa, bere berezitasuna azpimarratzeko, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan dioenez. Sotoa eta hiru solairu, bakoitzean 9 leiho-ate, balkoiak horietako bakoitzean, balkoi nagusia lehen solairuan eta aldenik aldeko balkoi luzea hirugarren solairuan.
1854an udalaren baimena lortu eta hurrengo urteetan eraiki zuten. 1856an bukatu ziren lanak eta Diputazio probintzialaren bulegoak jarri ziren bertan, nahiz eta ordurako Tolosa ez izan Gipuzkoako hiriburua. Plaza, iturria, zuhaitzak eta eraikin berriaren eta herriaren Alde Zaharra kanpoaldera zabaldu zen, Gaztelako sarrera itxuratuz. Hiriburua apaintzeko elementuak izan ziren, gaur egun oraindik mantentzen direnak.
Urte gutxitan mantendu zuen funtzio hori eraikinak. Bigarren hezkuntzako ikastetxe bat behar zuen herriak, Bernardo Fanok 1840an irekitakoa 1854an itxi baitzuten. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Bergarako Seminarioarekin lotura zuen honek eta Plaza Berrian kokatzen zen. Lehen haur eskola Rondilla kalean, Iturri txiki ondoko baratzean ireki zen 1852an.
XVI-XVII. mendeetan herriratu ziren ordena erlijiosoak mendikanteak baziren, bere lana komentu barruan burutzen zutenak (Frantziskotarrak, Klaratarrak, Miserikordiako Karitatearen Alabak), XIX. mendean eta XX. mende hasieran iritsi zirenak beste estilo batekoak ziren, zerbitzu bat eskaintzen zutenak, biztanlegoa handituz zihoalako industrializazio garaian. Ikastetxeen beharra zegoen eta erlijioso horietako batzuk irakaskuntzan zeuden espezializatuak.
Horrela iritsi ziren 1878an Eskolapioak, 1886an Jesusen Zerbitzariak, 1888an Jesusen Alabak, 1903an Sortzez Garbiako moja frantsesak (eskola 1921ean ireki zuten), 1907an Sakramentinoak, 1914an Korazonistak eta 1921ean Trinitariak. 40 urtetan zazpi ordena erlijioso berri iritsi ziren Tolosara. Hamar kongregazio erlijioso zeuden, diozesiko Santa Maria parrokiako apaizez gain, neurri desberdineko hamar eliza eta hainbat ermita auzoetan.
Eskolapioen iritsiera
1868an udalak eskatu zien Eskolapioei horrelako kolegio bat zabaltzeko herrian, baina ezezkoa jaso zuten Karlistada garaia zela kontuan hartuta. 1876an amaitu zen gerra eta 1878an Aragoiko Eskolapioen Kongregazio Probintzialak onartu zuen ikastetxea zabaltzea Tolosan. Horretarako Maria Luisa Zurbano Vargaseko Markesak Gaztelako Atearen ondoko orubea eta dirutza utzi zien. Urte hartako abuztuaren 22an iritsi ziren lehen Eskolapioak Tolosara eta urriaren 1ean ikasturtea inauguratu zuten ondoko San Frantzisko elizan egindako mezarekin, gobernadore zibila eta agintari zibil eta militarrak bertan zeudela. Elizako agintariak ez ziren izan, udalarekin erresuminduta. 28 barneko ikaslek, lehen hezkuntzako 100ek eta bigarren hezkuntzako beste 90ek hasi zuten ikasturtea.
Hala ere espazio gehiago behar zuen ikastetxeak. Garaiko eraikuntza planoak ez zuen ondoko lorategietan, Oria ibaia eta errepidearen artean, eraikitzeko baimena ematen, paseo publikoa egiteko utzita zegoelako. Udalak laguntzeko borondatea agertu zuen. Lehendabizi Zerkausiaren zati baten gainean kolegioa altxatzeko proiektua idatzi zuen, merkatua beheko aldean mantenduz, baina ez zen egokia ikusi.
1878ko abenduan udalak Lizarzabururen ondorengoei ondoko jauregia erosi zien, Diputazioaren egoitza izandakoa, 20.000 durotan, eta Eskolapioei erabiltzen utzi, bizilagun batzuk kontra egon arren. Horren truke bigarren hezkuntzaz gain, lehen hezkuntzako bi eskola eskaini zituzten doan. 1879ko martxoan kapera bat eraikitzen hasi ziren Vargaseko Markesaren etxearen azpian eta abuztuaren 25ean inauguratu zuen Luciano Mendizabal artzipresteak. 1883an eraikuntza planoa aldatu zuen udalak, 1884an eraikin berria proiektatu zuen Fernando Etxeberria arkitektoak lorategietan, Oria ibaiaren ertzean, fatxada nagusia plazara ematen zuela. Beste eraikinaren altuera berekoa zen eta bi eraikinak lotu zituzten Gaztelako Atearen gaineko pasabide batekin. 1893an argiteria elektrikoa instalatu zen. 1902an Alfontso XIII.a erregeak bisitatu zuen kolegioa, bere amak hala eskatuta. 1923an beste kapera egin zen, Guillermo Eizagirre arkitektoak egina. Trianguloa plazak ere Eskolapioen izena hartu zuen aldi batean, Iñaki Linazasorok herriari buruzko liburuan dioenez.
XX. mende hasieran musikarako kioskoa eta Felipe Dugiolsen omenezko oroitarria jarri zituzten plazan. Militar tolosarraren oroitarria 1937an bota zuen udalak. Hamarkada batzuk geroago berria jarri zuten San Frantzisko elizaren parean, gaur egun mantentzen dena. 36ko gerraren ondoren Francoren alde hildakoen oroitarri handia jarri zuten plazaren erdian. ETAk bota zuen 1977an lehergailu bat jarrita, berriro altxatu zuen udalak eta trantsizio garaian botatzea erabaki zuen udal berriak. Taxi geltokia eta bi kiosko ere izan ziren bertan urte askotan zehar eta trolebusa eta gero autobusa pasatzen zen Gaztelako Atetik.
Eskolapioen ikastetxeak milaka ikasle izan zituen Trianguloa plazan mende osoan zehar, 1977ra arte. Ikastetxe zaharrena da Tolosan. 1978-79 ikasturtean ikastetxe berria zabaldu zuten Bidebieta auzoan, Agaramundu baserriaren lurretan. 2003an Tolosako hiru ikastetxe erlijiosoak elkartu ziren Hirukide izena hartuz: Eskolapioak, Jesuitinak eta Gainberri. 2017tik Herrikide deitzen da ikastetxea.
Kultur etxe bizia
Aurreko mendeko 80. hamarkadan aldaketa handiak izan ziren plazan. Eskolapioen egoitza hutsak beste erabilpen batzuk izan zituen: 1979-80 ikasturtea Diputazioa izandakoan egin zuten Laskorain ikastolako ikasle batzuk eta Segoviako ihesa filmatzeko erabili zuten beste eraikina. 1982an berrikuntza lanak hasi ondoren, kultur etxea zabaldu zen 1986an Diputazioaren jauregia izan zen eraikinean, Labaien eta Iriondo arkitektoen proiektua jarraituz. Herriko Alde Zaharra eta berria lotzen dituen bi pasabide zabaldu ziren eraikinaren sotoan, kanpoko itxura mantendu zen, baina fatxadaren kolore hori biziak eztabaida sortu zuen. Harrezkero kolore biziak ugaritu egin dira herriko etxe berrietan. Eskolapioek erabilitako beste eraikina bota egin zuten, etxebizitzak eraikitzeko. Horrekin batera, lur azpiko aparkalekua egin zen.
Kultur etxeari Antonio Maria Labaien izena eman zitzaion ondoren. Bertan udal langileen bulegoez gain, kultur tailerrak kokatzen dira, Gazte Topagunea eta Gazte Informazio Zerbitzua, bilera gelak, eta beheko areto nagusian hitzaldi, proiekzio, ikastaro eta bilera ugari burutzen dira. Etorkizunera begira, udalak kultur etxea erabat berritzeko proiektua dauka, bertan udal liburutegi berri eta modernoa ezarriz. Plazaren erdian Jorge Oteizaren Atauts eskultura kokatzen da 1994tik. Azoka, kontzertu eta bestelako ekitaldi ugari izaten dira plaza honetan.





