Atzera begira

San Frantzisko eliza, lau mende eta gero zer?

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2026ko maiatzaren 20a

Duela gutxi jakin da uda honetan frantziskotarrak badoazela Tolosatik.  Gelditzen diren adineko hiru fraideek laster jakingo dute nora joango diren eliza eta komentua hutsik utzita. Zer gertatuko da San Frantzisko elizarekin? Auskalo! Lau mende baino gehiagoko eraikin historiko honen ibilbidea ezagutuko dugu.

Mila bostehun eta laurogeita zazpian eskatu zuen Pedro Mendizorrotz ibartarrak frantziskotarren monasterioa eraikitzeko baimena. Horretarako, herriko harresietatik gertu, Gaztelarako bidean erosita zuen lur eremua, Urionaga iturriaren ondoan, eskaini zuen, eraikuntzarako mila dukat eta urtero ehun dukateko errentarekin batera. Erlijio ordenak herri batean kokatu ahal izateko aurretik azterketa bat egin behar zen. Frantziako Proventzan adibidez, gutxienez 1.500 biztanle izan behar zituen herriak komentu frantziskotar baten egoitza zabaltzeko. Tolosan XVI. mendearen bukaeran lau erlijio-ordena saiatu ziren kokatzen, epe motz batean, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan dioenez. Erlijiosoek kokapen egokia eta finantza babeslea behar zuten instalatu ahal izateko. Frantzisko de Tolosa zen frantziskotarren jenerala garai hartan, Tui-ko (Pontevedra, Galizia) gotzaina izan zena. Harresitik kanpora egotea ez zen egokia, baina herriko ate baten ondoan egoteak eta inguruan Monteskuetik zetozen iturriak izateak lagundu egin zuen. Horregatik babestu zen harresiz komentua. Hala ere eraikina zaurgarria zela frogatu zen geroago.

Miguel Aranburu fraide zeraindarra izan zen arkitektoa, Herrera ospetsuaren ikaslea, eta Pedro Mendiola, hargina. 1597an amaitu zuten lana. Eraikin soila da eliza. Fatxada kareharrizko harlanduzkoa da eta herriko bi armarri ditu hiru arkuen gainean. Elizak nabe bakarra dauka eta kanoi-ganga. Bobedan Pablo Uranga pintore gasteiztarraren freskoak ditu. Monumentu historiko-artistikoa izendatua dago.

Gipuzkoako erretaula onenetakoa

1604an Ambrosio Bengoetxea alkizarrari enkargatu zioten erretaula nagusia, Antxietaren tailerreko ofiziala eta eskulturagile ospetsua. Gurutzaduraren hargin lana amaitu arte ez zen jarri erretaula, 1615ean. Errenazimendu estiloko obra garrantzitsua da, herriko onena eta Gipuzkoako onenetakoa, irudien espresioa, multzoaren muntadura harmoniatsua eta polikromiagatik. Ondoren eranskin batzuk egin zizkioten. Hiru gorputz eta bost kale ditu, santuen eta San Frantziskoren bizitzako eszenak irudikatuz. XVII. mendean zehar Manuel Rekalde, Domingo Idiaga eta Nicolas Zumeta aritu ziren eraikuntza lanetan. 1674an amaitu ziren lan guztiak. Eliza eta komentuaz gain, guztira 12.300 m2 zituen frantziskotarren orubeak, mendiak eta baratzeak barne.

Komentuaren osagarri gisa, San Jose ikastetxea ireki zuen Isabel Idiakezek, Juan Martinez Rekalde almirantearen alargunak, 1612an, arteak eta teologia erakusteko. Gramatika latindarra eta morala ere erakutsi zuten Juan Olazabalen testamentuari esker. Manuel Rekalde hargin ibartarrak egin zituen eraikuntza lanak 1631 eta 1644 artean. Bi mendez funtzionatu zuen herriko familien seme batzuei ikasketa bereziak eskainiz. Dorrea Aranburu arkitekto berak egin zuen 1640-42 epean.

1808ko azaroaren 8an bisita garrantzitsua izan zuten frantziskotarrek, Napoleon Bonaparte enperadorearena. Komentua bisitatu eta fraideekin aritu zen eliz atarian, politikan ez sartzeko abisua emanez. 1814an sute batek dena suntsitu zuen, eliza izan ezik. Orduan itxi zen eskola. Bertan ostatu hartuta zeuden Toledo erregimentuko soldaduek eman zioten su, herriaren barruan nahi zutelako egon, Mikel Telleriak Enciclopedia de Tolosa liburuan dioenez.

XIX. mendean hainbat alditan frantziskotarrek eliza eta komentua utzi behar izan zuten. 1834an, Lehen Karlistadan, Juan Alvarez Mendizabalek erlijio-ordenak kendu zituen eta desamortizazioa ezarri zuen, erlijiosoen ondasunak bereganatuz. 1840an eliza eta komentua itxi egin zen karlistadengatik eta kuartela eta ospitalea eta biltegia bihurtu. Horregatik deitzen zaio orain Soldadu edo Kuartel elizaren ondoko kaleari. 1855ean eta 1876an komentua eta elizaren desjabetzeak izan ziren, zibilen eskuetara pasatuz. 1901ean berriro sutea izan zen komentu hutsean eta ikastetxean, dena suntsituz. 1834tik fraideak komentutik kanpo egon ondoren,

XIX. mendeko bigarren erdian komentuko baratzeetan eraiki zen pasealekua 1848an (San Frantzisko izena 1851n eman zioten, Praile kalea ere deitzen zioten), Madril-Hendaia trenbidea 1863an eta frontoia 1890ean. Eta XX. mende hasieran Artxibo Probintziala 1904an, alondegia (1987an bota zutena), ur zentrala, musika eskola, garbitokia, San Joan kalea, Justizia jauregia, Uzturre egoitza... 1915ean komunitate frantziskotarra itzuli zen Tolosara eta elizari erantsita dagoen komentu xumea eraiki zuten.

Goiko ikuspegia, frontoia estali aurretik.

Gerra ondoren euskara eta euskal kultura

Euskara eta euskal kulturak protagonismo berezia izan du Tolosako frantziskotarren komunitatean 1936ko gerraren ondoren. Euskal Herriko frantziskotarren erreferentzia den Arantzazuko santutegian sortu zuen Euskaltzaindiak euskara batua. Han izandako fraide batzuk Tolosan ere izan ziren hainbat urtez. Jose Antonio Garatek bultzatutako Goiz argi (1958-86) aldizkaria eta Arantzazuko egutegia (1947) bertan sortu ziren. Arantzazun 1956an Jakin aldizkaria sortu zuten teologiako ikasleak (Juan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi) Tolosako komentuan izan ziren hainbat urtez eta aldizkariaren administrazioa bertan izan zen 1968tik 1978ra. Frantziskotarren abesbatza izan zen 1949tik 1965era, Pedro Peñagarikano fraidearen ardurapean.

Arantzazuko erromesaldiek arrakasta handia izan zuten XX. mendearen erdialdean eta santutegiko lanetarako diru bilketa garrantzitsua egin zuten Tolosan. 1970ean Eldua eta Berrobiko elizen ardura Tolosako frantziskotarren gain gelditu zen. 1979an herriko hirugarren parrokia izendatu zuten San Frantzisko, Santa Maria eta Korpus Kristirekin batera, eta harrezkero bataioak, jaunartzeak, ezkontzak eta hiletak ospatu izan dira bertan.

Fraide gehien 1768an izan zituen San Frantziskok, ikastetxeko irakasle eta ikasleak baziren orduan. XX. mendean gehienez 10-15 izatera iritsi ziren, gehienak euskaldunak. Urte gehien egin zituztenak Jose Antonio Loidi (1915-70) eta Jose Antonio Garate (1941-2000) izan ziren. Duela bost urte ixtear izan zen, baina Seguratik bi fraide etorrita mantendu zuten komunitatea martxan. Euskal Herrian frantziskotarren zazpi eliza gelditzen dira; bokazio faltagatik eta gizartea gero eta laikoagoa delako pixkana ixten joan dira gainontzekoak. Gaur egun hiru fraide besterik ez dira gelditzen Tolosan, Juan Jose Muniain izanik parrokoa, eta ekainean egingo duten bileran erabakiko dute nora joan. Egun Arantzazun eta Bermeon biltzen dira gehienak.

Zein izango da San Frantzisko eliza eta komentuaren etorkizuna? Udalak interesa agertu du komentuan harrera etxeak egiteko eta elizan kultur ekitaldiak eskaintzeko. Harremanetan dauden frantziskotarren arduradunekin eta denborak esango du zertan gelditzen diren.

Manuel Domenchen grabatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!