Atzera begira

Orendainen piztu ziren Garaikoetxearen abertzaletasuna eta mendizaletasuna

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2026ko maiatzaren 14a

1938. urtean, eraiki eta urtebetera.

1937. urtean zabaldu zuten Orendaingo seminarioa, eta 40 urtez eman zituzten eskolak. Garaikoetxea lehendakaria bertan izan zen, eta arrastoa utzi omen zion egonaldiak. Duela hamabost urte bota zuten eraikina.

Hil berri den Carlos Garaikoetxea Urriza lehendakari ohia Orendaingo Eskolapioen seminariora etorri zen 11 urterekin, eta bi ikasturte eta erdi egin zituen bertan. Abertzaletasuna eta mendizaletasuna bertan piztu zitzaizkiola aitortu zuen. Eraikin horren historia eta Garaikoetxearen oroitzapenak ekarriko ditugu gogora.

Orendaingo seminarioa 1937an zabaldu zen Nemesio Ariztimuño, Pantaleon Galdeano eta Francisco Aiestaranen ekimenez. Ariztimuño apaizak Tolosako Eskolapioetan ikasi zuen, Galdeano Eskolapioen probintziala zen eta Aiestaran orendaindarra, Errenteriako parrokoa. Azken honek beti izan zuen bere jaioterrian etxe erlijioso bat sortzeko ametsa. 

Eskolapioen Vasconia probintzia sortu zenean Lizarran kokatu zen nobiziatuen eskola eta Tolosan postulanteena, erlijioso izatera iristeko etapa desberdinak. Eskola horietatik eta herrietatik aparte funtzio horiek elkartuko zituen formazio etxea eduki nahi zuten eskolapioek. Aiestaranek lur asko zituen Orendainen, irregularrak eta sakabanatuak, belardiak eta gaztainadiak batez ere, parrokia eta udaletxetik gertu zeuden bi baserrirekin: Apaetxea eta Intxaurrondo. Azken honetan nobiziatua ezarri zuten. Horrekin sortu zuen fundazioa, bere heriotzaren ondoren bere arimaren alde 36.000 meza ematearen truke.

Beheko planta eta hiru solairu zituen pabilioia eraiki zuten, kapera, komunitatearen gelak, postulantadoa eta ikasgelak jarriz bertan. Baserri zaharrean sukaldea, jangelak eta nobiziatua kokatu ziituzten. 1937ko urrian iritsi ziren lehen postulanteak. Kanonikoki hurrengo otsailean ireki zuten etxea.

Lehendakariaren bi urteko bizipenak

1949an iritsi zen Carlos Garaikoetxea Orendainera, 11 urte zituela. Iruñean jaioa, maristetan ikasi zuen batxilergoko sarrera egin arte. Maristen eta eskolapioen artean lehia handia zegoen Iruñean, gazteak erakartzeko. Auzoan futbolean aritzen ziren mutil taldeko bik eskolapioetan ikasten zuten eta Orendainera joatekoak ziren. Eta berak ere han bukatu zuela kontatzen du Garaikoetxeak Elixabete Garmendiak idatzi zuen bere biografian. Mundutik aparte bizi ziren, oporrik gabe Gabonetan eta udan, familiakoen gutunak mugatuta, erabateko isiltasunean jolas orduetatik kanpora… 12 urterekin zilizioa, pintxoz jositako gerrikoa, erabili zuela dio. Berogailurik eta ur berorik gabeko etxea zen.

Han piztu zitzaion mendizaletasuna, Txindoki, Igaratza, San Migel eta beste lekuetara egindako ibilaldietan. Alegiara belazeetan irristaka jaisten omen ziren, teknika berezi batekin, orpoak bakarrik tinkatuta. Ikasle ona zen eta bere nota onengatik opari gisa piano klaseak jarri zizkioten. Abertzaletasunaren lehen hazia ere han jaso omen zuen, Aita Meltxor Valenciarengandik. Arturo Kanpionen liburu bat eta Juan Mateo Zabalaren euskal gramatika zaharra han eskuratu zituen. Klasean gramatika hura irakurtzeagatik sekula ahaztuko ez zuen zaplaztekoa jaso zuen, Agredako Aita Campos errektoreak emandakoa.

Bi ikasturte eta erdi eginda, arreba zaharrenaren ezkontzara joateko baimena eman zioten eta hor etorri zitzaion krisia, sendimina, herrimina. Hala ikusita, Aita Valenciak Donostiako psikiatra batengana eraman zuen eta honek etxera itzultzea aholkatu zuen. Bere ustearen kontra, familiak ondo hartu zuen erabakia. Arrastoa utzi omen zion Orendaingo egonaldiak izaeran: malenkoniarako joera, existentziaren ikuspegi traszendentea, fedea…

Garaikoetxeak alde egin ondoren aldaketa batzuk izan ziren bertan. 50. hamarkadaren erdialdean pinuak landatu zituzten gaztainondoen ordez, 1964an frontoi estalia eraiki zuten, 1971-72 ikasturtean nobiziatuko pabilioia txukundu zuten, bi urte geroago berogailua jarri eta sukaldea berritu zuten eta hurrengo urtean postulanteen gela berriak. Baina laster erabilpenik gabe gelditu zen seminarioa, 1977-78 ikasturtean ez baitzen postulanterik izan eta bi urte geroago nobiziatua Tolosara pasatu zen. Etxea hutsik gelditu zen. 

Seminarioa izandakoa, udaletxetik begiratuta.

Handik aurrera, Tolosako eta beste ikastetxeetako ikasleen elkarbizitzak, udalekuak eta bilerak egiteko gelditu zen. Bitxikeria gisa, 1981 urtean estreinatu zen La fuga de Segovia filmaren irudi batzuk Orendaingo seminarioan errodatu ziren. Duela hamabost bat urte eraikin zaharra bota zuten eta etxeak eraiki zituzten orube horretan. Garai hartako frontoia bakarrik gelditzen da bertan.

2010. urtean, eraikina botatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!