kintzaile ugari sortu izan dira Tolosan bere historian zehar, alor desberdinetan hainbat ekimen deigarri burutu dituztenak. Kultura, jai, azoka, gastronomia eta bidaia munduak ahaztu gabe, kirol arloan jarriko dugu begirada oraingoan. Neguan elurra ziurtatua 200 kilometrotara izan arren, Estatuko lehen eski taldea sortu zen bertan eta lau olinpiar jokotan eskiatzaileak izan ditu herriak. Itsasorik izan gabe, trainerua eta arraunlari ugari ateratzen ditu eta partaidetza handiko hondartza-boleiko txapelketa eta talde federatua ditu. Eta ekintzaile horien beste kirol ekimena izan zen lehen estadioa: Berazubi.
1922an sortu zen Tolosa CF taldea, Iberia, Sportivo eta Union futbol taldeak elkartzearen ondorioz. Atletismoarekin lotutako kirol guztiak sustatzea zuen helburu eta horretarako futbol zelaia eraikitzea izan zen lehentasuna. Baina elkarte berriko kide batek, Jose Iguaranek futbol zelaiaren inguruan atletismo pistak egiteko proposamen «burugabea» egin zion Tolosa CFko zuzendaritza taldeari. Aurretik ideia berak porrot egin zuen Donostian. Baina Tolosako Udalak ideia onartu eta bultzatu egin zuen, elkartearekin eta herri osoarekin batera.
Oria ibaiaren ertzeko lur batzuk aukeratu zituzten, lehen ere futbol zelaiak izandako tokia, Laskurain izenarekin. Herriko futbol taldeez gain, Real Sociedad eta Irungo Real Union taldeak bertan aritutakoak ziren. Lehen dokumentuetan Berasibia izenarekin agertzen da toki hori, gaur egun Berazubi bezala ezagutzen dena.
Eraikuntza lanak hasi aurretik eremua berdindu behar izan zen. Lanak 1923ko urtarrilaren 11n hasi ziren, 50.000 pezetako aurrekontuarekin eta inaugurazioa urte hartako San Joan egunean izan zen, ekainaren 24an, baina ez futbol partida batekin, ikuslegoak ezagutzen ez zuen errugbikoarekin baizik, Miarritze-Boucou eta Hendaia-Baionako selekzioen artean, lehen taldeak irabaziz 23-18. Hurrengo egunean jokatu zen lehen futbol partida Irungo Real Union eta Tolosa CFren artean, eta irundarrek 3-0 irabazi zuten.
Atletismo probak
Atletismo pista ez zegoen prest eta hilabete batzuk beranduago inauguratu zen, azaroaren 1etik 4ra ospatu ziren Gipuzkoako Txapelketekin. 400 metroko errautsezko Estatuko lehen pista izan zen. Lau kale zituen. Jauzietarako hobiak zituen (altuera, pertika, luzera, hirukoitza) eta jaurtiketetarako egokitua zegoen (pisua, diskoa, mailua, xabalina).
Instalakuntza moderno hauek onarpen zabala izan zuten atleten eta federazioen artean eta hurrengo hiru urteetan (1924, 1925 eta 1926) ordura arte txandaka lurralde desberdinetan egiten ziren Espainiako Txapelketak bertan jokatu ziren, federazioek hala eskatuta. 1924an Gaztelako Federazioak antolatu behar zituen, baina Berazubi ikusita, Gipuzkoako Federazioari pasatu zion lekukoa hiru egun bakarrik falta zirela. Antolaketa eredugarria izan zen guztientzat eta pista baldintza onenetan mantendu zen, euri asko egin arren. Espainiako 5 marka hautsi zituzten.
1927an Madrilgo Metropolitano berrian, 1928an Reusen (Tarragona) eta 1929an eta ondorengo urteetan Bartzelonako Montjuic berrian egin ziren txapelketa hauek. Lehiaketa nagusi hauek Berazubira itzuli ziren 1932an, 1934an, 1935ean, 1944an eta 1959an. 1941 eta 1943an Frente de Juventudes-en Estatu mailako txapelketak izan ziren. Hainbat olinpiar jokotarako (Paris 1924, Amsterdam 1928 eta Erroma 1960) Espainiako selekzioak Berazubin egin zuen prestakuntza.
Futbol ekitaldi garrantzitsu eta jendetsuak izan dira Berazubin bere historian zehar. 1927an ikusle kopuru marka jarri zuen Tolosa-Osasuna partidak: 6.450. Futbol taldeak maila gorena 1928-29an lortu zuen, sortu berria zen 2. Mailan. B multzoan jokatu zuen Barakaldo, Murcia, Osasuna, Gimnástico de Torrelavega, Valladolid, Cultural Leonesa, Castelló, Zaragoza eta Cartagenarekin. Tolosa CF azkena gelditu zen, mailaz jaitsi zen, sekula berreskuratu gabe (1989-90n ia lortu zuen), eta porrot ekonomikoa izan zen.
Geroztik lurralde mailan ibili da taldea eta urte batzuetan 3. Mailan ere bai, azkena 2020-21 denboraldian. 2021-22an mailen antolaketa aldatu zuen federazioak, Liga Profesionaleko bi mailen ondoren RFEF izeneko beste hiru jarriz. Tolosa CF 3. Maila RFEF-en aritu zen lehen denboraldi horretan, baina maila galdu zuen eta harrezkero ez du berreskuratu, lurraldekoan arituz.
Uholdeak eta sutea tribunan
Aurreko mendeko 50. hamarkadan bi ezbehar jasan zituen estadioak: 1953ko uholdeak urriaren 14an eta sutea egurrezko tribunan 1955eko abuztuaren 13an. Uholdeak eraman zuen hilabete batzuk lehenago estadioaren ondoan eraikitzen hasi zen zubia. Berreraiki eta 1956an inauguratu zen, Tolosaren 7. mendeurrenean.
Uholdea baino hilabete batzuk lehenago gimnasioa zabaldu zen tribunaren azpian, eta Jose Manuel Gorostiaga atezainak boxeoa bultzatu zuen bertan. Uholdeen ondoren, hilabete eskasean lortu zuten futbol zelaia jokatzeko moduan prestatzea, eta azaroaren 8an jokatu zen lehen partida. 1954ean atezainaren etxea eraiki zen. Sutearen ondoren tribuna berritu zen eta Real-Athletic partidarekin inauguratu zen 1956ko abuztuaren 11n. Zoritxar hauen ondoriozko kalteak konpondu ondoren, atletismo pistak ere berritu ziren, lau kale izatetik seira pasatuz, olinpiar jokoetan eskatu bezala. Buztinez eta errautsez bete ziren, adreilu eta teilazko hauts gorriz estaliz, Jose Iguaranek esan bezala. 1959ko uztailaren 18an inauguratu zen pista berria, Espainiako Txapelketekin, Berazubin jokatutako azkenak.
1963an gimnasioa ireki zen berriro eta argiztapena jarri zen zelaian, gauez entrenatu ahal izateko. 1965ean igerileku batekin hobetu ziren instalazioak, herriko lehena, Iguaran anaiak izenarekin, Jose eta Andres Iguaran atleta, futbolari, zuzendaritza kide eta epaileen omenez. 1967an frontoia inauguratu zuen Miguel Soroa txapeldunak. 1970ean ireki zen taberna-jatetxea. Aurreko mendeko garai desberdinetan egin ziren tenis eta saskibaloi pista, kantina…
Ziklo-krosa eta beste kirolak
Beste kirol batzuk ere egin dira estadioan: tiraketa, hockeya, saskibaloia, boleia, tenisa, pilota, errugbia… Ziklo-krosean 1959an eta 1960an Espainiako Txapelketak jokatu ziren, eta Jose Luis Talamillok irabazi zuen bietan, eta 1960an Munduko Txapelketak, Rolf Wolfshohl alemaniarrak irabaziz. 1963an, 1968an eta 1973an Espainiako Vueltako etapak amaitu ziren Berazubin, Valentin Urionak, Felice Gimondik eta Eddy Peelmanek irabaziz. 1981ean berriro egin ziren Munduko Ziklo Kross Txapelketak Herbehereetako Hennie Stamsnidjerrek irabaziz. Horren aurretik hiru nazioarteko proba antolatu ziren bertan, UCIren onespena lortu ahal izateko. Geroztik ez da maila horretako lasterketarik egin Berazubin.
1968an pala txapelketak hasi ziren antolatzen Berazubiko frontoian eta egun ere jarraitzen du, inguruko txapelketa zaharrena izanik.
1973an Eskolarteko Olinpiadak hasi ziren jokatzen bertan, eskualdeko eta kanpoko hainbeste ikastetxek parte hartuz, urteren batean 4.000 kirolarira ailegatuz. 2004ra arte iraun zuen ekimen honek.
1986an aldaketa garrantzitsua burutu zen atletismo pista, errautsaren ordez tartan material sintetikoa jarriz, Berazubi Sari Nagusiarekin inauguratuz urriaren 25ean. Aurrerago rekortan materiala jarri zuten tartanen ordez.
1989ko otsailean betekada ederra ezagutu zuen Berazubik, Txato Nuñez eta Periko Alonso futbolarien omenaldian. Realak 2-0 irabazi zion Ligako talde bati.
2019ko abenduan goi mailako partida jokatu zuen Tolosak, Espainiako Kopan, 90 urte lehenago 2. Mailan aurkari izan zuen Valladoliden kontra, orduan 1. Mailan zegoena. 1.700 ikusleko aforoa ia bete egin zen, 0-3 galdu zuen eta diru sarrera polita lortu zen.
2013 eta 2020 artean berrikuntza garrantzitsuak egin ziren estadioan. Lehen fasean igerilekua eta taberna kendu, tribuna berritu, gimnasioa eta aldagela berriak, bi padel pista eta sarrera nagusia Iurre auzo aldera egin ziren. Harresiak kendu eta sarea jarri zen estadioaren inguru osoan. 2013ko urrian inauguratu ziren lehen lanak kirol festa batekin. Harrezkero Berazubiko instalazioak Usabal kiroldegiaren osagarriak dira, eta enpresa bera arduratzen da horien kudeaketaz, futbol zelaia izan ezik, klubaren esku baitago belar artifiziala duen artean. Bigarren fasean Berazubi auzoaren aldeko harmaila kendu eta entrenamendu pista estalia jarri zuten, 90 metroko hiru kale eta luzera jauziko hobia. Frontoiaren kanpoaldean murala margotu zuten. Hirugarren fasean bulegoak, areto handia, biltegiak eta taberna berria egin ziren. 2020ko maiatzean amaitu ziren lanak.
Berazubiren etorkizuna
2000. urtetik ez dira goi mailako atletismo probak egin Berazubin, haurren mailan bakarrik. Federazioaren aldetik homologazioa lortu beharko litzakete. Horretarako, pistak zortzi kale behar ditu eta hori lortzea oso zaila ikusten du klubeko zuzendaritzak. Bestalde, jaurtiketa gunea behar da bertan edo 25 kilometroko erradioan, pisu, disko, mailu edo xabalina jaurtiketa probak egin ahal izateko. Bertan ezin bada, erradio horretan sartzen diren Donostia edo Hernaniko pistetan egitea posible litzateke.
Eta zein da Berazubiren etorkizuna? Tolosa CFko bazkideek 2023ko maiatzean erabaki zuten belar artifizialeko zelaia egitea gaur egungoaren ordez, aldeko 120 eta kontrako 65 botorekin. Udalak ere onartuta dauka. 2027ko ekainean berrikuntza lanekin hastea e




