Atzera begira

Fraisoro, ama ezkongabeen eta haur abandonatuen babeslekua

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2026ko martxoaren 19a

1903tik 1994 arte Gipuzkoako Foru Aldundiak haur abandonatuak eta ama ezkongabeak jasotzeko etxea izan zuen Zizurkilgo Fraisoron.

istorian zehar beti izan dira arrazoi desberdinengatik abandonatutako haurrak. Jaioberritan eliza, aberatsen etxe edo tornuetan uzten zituzten gauez, ezkutuan. Espositoak, sasiko edo tornuko umeak deitzen zitzaien. Horien ama asko ezkongabeak ziren, adin txikikoak kasu askotan edo adimen urrikoak edo familia barruko norbaitek, jauntxoak edo apaizak bortxatutakoak. Ez zen harritzekoa haien seme-alaba batzuk arazoekin jaiotzea. 1796an zabaldu zen Gipuzkoan kasu hauek jasotzeko lehen inklusa Arrasaten. 1804an Donostian, Azpeitian, Azkoitian eta Tolosan ireki ziren beste batzuk. 1844an Arrasatekoa eta Azkoitikoa itxi eta haien ordez Bergaran jarri zuten beste bat.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mende hasieran osasun, higiene eta elikadura baldintza egokietan haur eta ama hauek babesteko kontzientzia zabaldu zen Europan. Frantziako eredua jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Joaquin Carrion sendagilea ahaldun nagusia zela, bultzatu zuen Fraisoroko sehaska etxea, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren diru laguntzarekin. Funtzio horretarako ingurune natural egokia iruditu zitzaien, paisaia idiliko batean. Gainera 1903an esne biltegia ireki zen bertan 1898tik zegoen Nekazal Eskolan, inguruko baserrietako esnea jasotzeko. Haurrentzako esnea bermatzeko iturri garrantzitsua zen.

Etxe honen historia, sorrera, arautegia eta politika instituzionala jasotzen duen Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburua idatzi zuen Eva Garcia Magriñak 2011n, gero gaztelerara itzuli eta testigantza eta dokumentu gehiago bilduz Mujeres de barro, infancias de cristal izenpean argitaratu zuen 2020an. Gizartearekin komunikazio gutxi zuen leku misteriotsu baten ateak zabaltzeko modua izan da. Bi liburu horietatik jaso dugu informazioa Tolosaldeko eraikin historikoen bildumako gaurko kapitulurako.

40 haurrekin hasi 1903an

Lehen proiektua Manuel Etxabe arkitektoak egin zuen, esleipena Francisco Garrori eman zitzaion eta obrak 73.095 pezeta kostatu ziren. 1903ko uztailaren 30ean inauguratu zen Donostiako tornuko 40 haurrekin. Lehen urteetan aipatutako tornu horietatik iritsi ziren haur gehienak. Gutxi batzuk beren amarekin batera. Baina 1913an etxea handitu behar izan zuten, Ramon Cortazar arkitektoaren proiektua jarraituz, atzealdean pabilioi bat erantsiz, Tolosan itxi berri zen amatasun gela bertan egokitzeko. Guztira 525.000 pezetako kostua izan zuen lanak.

Bi solairuko eraikinak bi alde zituen, ezkerraldean 20 emakumerentzako gela komunitarioak zeuden eta eskuinaldean ordaintzen zuten 10 amarentzako banakako logelak, anonimotasuna gordetzeko. Gela bakoitzak inork ikusten ez zuen terraza zuen. Horretaz aparte, beheko solairuan ezkerraldean medikuaren bulegoa, kontsulta, laborategia eta eskuinaldean Karitateko Alaben gunea, tornua, jangela, sukaldea, jakien biltegia… zeuden. Erdian kapera zegoen. Goiko solairuan josteko gela eta arropategia, gaixoen, inudeen eta haurren gelak zeuden.

Garai hartan Europan instalazio hoberenak zituen zentroa izan zen, beste probintzietatik bisita ugari jasoz.

Foru Aldundiak doako erditze ospitalarioa, ondorengo gastu medikuak eta diru laguntzak eskaintzen zizkien amei. Haurdunaldiaren azken hilabeteak ezkutatzeko eta haurraren zaintza bermatzeko aukera ematen zien. Haurrak edoskitzeko inudeen eskasia arazoa izaten zen. Behi esnea maternizatu eta edoskitze artifizialarekin probatu zuten, baina heriotza tasa handia zen, haurren intolerantzia eta hesteetako infekzioengatik. Urteak behar izan ziren esne artifizialaren formula hobetzeko. Lehen urteetan heriotza tasa % 20-30 bazen, 1925etik aurrera % 10era jaitsi zen, 1936ko gerraren ondoren % 5era eta 1950etik aurrera % 1-2ra.

Inudeak eta adopzioak

Barruko eta kanpoko inudeak zeuden. Bertan erditu zuten ama ezkongabeak ziren lehenak. Edoskitze epea pasatakoan beren etxera itzuli ezin edo nahi ez zutenak bertan gelditzen ziren langile gisa. Kanpokoak bilatzeko apaiz, mediku eta elizako emakumeen laguntza behar izaten zen. Haurra galdutako amak izaten ziren eta edoskitzea ordaindu egiten zitzaien. Gipuzkoan 1960ko hamarkada amaiera arte, erditzean edo handik gutxira haurra galtzen zuten ama ia denak esposito bat hartzen zuten edoskitzeko.

Sehaska-etxeak funtzionatu zuen garaian 12.000 haur jaio ziren bertan eta 3.500 ama izan ziren bertan. 1936ko gerra arte 200-300 haur zeuden Fraisoron, baina kopurua 100 ingurura jaitsi zen 60-70 hamarkadetan. Ondo zainduta eta elikatuta zeuden, baina familiarik gabe, eta adopzioaren zain bizi ziren, ama biologikoa ez bazen berreskuratzera etortzen. Haurren bat adoptatu nahi zuten familien azterketa egiten zen aurretik eta bere jarraipena adopzioaren ondoren, haurraren bizi baldintza egokiak ziurtatzeko.

Gelditzen zirenak 5 urte betetakoan Tolosako Miserikordia etxera eramaten zituzten. Koskortuagoak zirenean, batzuetan morroi gisa hartzen zituzten inguruko baserrietan. Ama batzuen irtenbidea ere baserria izan zen, neskame gisa edo bertako mutil zaharren batekin ezkonduta. Beste batzuk Oblata edo Adoratrizen aterpeetan sartzen ziren.

Umezurztegi honetan lanean aritu ziren medikuak Jose Joaquin Albea, Toribio Albea, Jesus Alustiza, Julio Albea, Jose Antonio Alustiza eta Victor Ormaetxea izan ziren. Andres Izaskun pertsonaia garrantzitsua da umezurztegian. Haur espositoa izan zen bertan 1916an eta ondoren 1941etik 1981era Probintziako Espositoen Batzarreko eskribatzailea, agente ikuskaria, zerbitzuko ikuskatzailea eta idazkaria izan zen. Karitatearen alabak eta beste zenbait langile ere aritu ziren. Ama Nagusien artean, urte gehien egin zituena Sor Pilar Pano izan zen. Errespetuzko elkarbizitza mantentzen zuten etxean, higiene eta elikadura egokiarekin eta erlijio betebehar batzuekin. Pertsona eta erakunde hauen lan gizatiarrak errealitate krudela samurtzeko balio izan zuen.

1960ko hamarkadan ama-etxea egoera txarrean zegoen, kalitate txarreko materialekin egin zutelako. Orduan amak, haurrak eta mojak sehaska-etxera pasatu ziren. 1980an eraikin hori botatzea erabaki zuten.

Gizartearen aldaketarekin itxiera

Gizartea asko aldatu zen 1960ko hamarkadatik aurrera: antisorgailuak zabaldu ziren, ama ezkongabeak ez ziren hain gaizki ikusiak… Esne artifizialaren erabilera hedatu zen eta inudeak desagertzen joan ziren. Erditzeak gutxitu egin ziren Fraisoron, azkena 1968an izan zen, Donostiako Ospitalea sortu zuelako aldundiak aurrerapen gehiagorekin. Adopzioak ere gutxitu egin ziren garai honetan. 1971n 3 urtetik gorako 20 haur Elbarrenako eskolan hasi ziren, oso emaitza positiboekin alde emozionalean. Haur parkea eta igerilekua ere jarri zuten Fraisoron.

Azken urteetan adopziorako haurrak bakarrik hartzen zituzten eta 1994an Fraisoroko sehaska etxea itxi egin zen. Bertan zeuden haurrak eta mojak Donostiako Loistarain egoitzara joan ziren. Orain haurren adopzioak gizarte laguntzaileek bideratzen dituzte. Caritas hasi zen harrera pisuak antolatzen eta egoitza horietan zortzi bat adingabe bizitzen dira gizarte laguntzaile batekin.

Gaur egun Uliazpi zentroa eta Matia Fundazioa kokatzen dira Fraisoroko ama-etxea eta umezurztegia zeuden lekuetan. Lehenak adimen urritasuneko pertsona eta familiekin egiten du lan 1981etik. Eta bigarrena adineko pertsonak zaintzen dituen zentro gerontologikoa da. Handik gorago Fraisoro nekazal eskolak jarraitzen du martxan, bere laborategiarekin.

Liburu aurkezpena

Rosa Diez Urrestarazu kazetariak bere azken eleberria, Cuando brillan las manzanas, aurkeztuko du martxoaren 31n Tolosako kultur etxean, 19:30ean. Eleberri honetan hiru gazteren istorioa kontatzen du. Zizurkilgo Fraisoroko sehaska-etxean ezagutzen dute elkar, hain justu hara joaten baitira erditzera. Egileak esan du garai hartan moral bikoitza zela nagusi, eta milaka emakumek amatasuna ezkutatu behar izan zutela, «pentsaezina zen emakume ezkongabeak ama izatea».  «Abortuak kartzela zigorra zuen, eta urtero gazte asko joaten zen sehaska-etxeetara, gehienak haurrak adopzioan ematera», gehitu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!