San Esteban ermitak, gaur egun desagertua, eman zion izena Oria ibaiaren ezkerraldean kokatzen den auzo zabal honi, Monteskue, Auzo txikia eta Urkizu landa auzoen artean. Tolosako auzo zaharrenetakoa da, duela 9.000 urte ingurukoa, ezagutzen diren tolosar zaharrenen hondakinak bertan aurkitu baitziren. Madril-Paris trenbidearen eraikuntzak auzoa bitan zatitu zuen 1863an eta gaur egun izen hori erabiltzen da trenbideaz beste aldeko inguruneari deitzeko, baina ez dugu ahaztu behar ermita beste aldean zegoela, San Frantzisko pasealekuaren amaieran, ibaiaren ertzean, eta handik metro gutxira kokatzen da auzoaren izena daraman elkartea, 1946an sortua.
Ermita ibaiaren ertzean
1382 urtekoak dira San Esteban ermitaren lehen aipamenak, Santa Maria parrokiari elkartu zitzaion orduan Pablo Gorosabel historialariak jaso zuenez. 1411ko idazki batean dago jasoa. Herriko lehen lau parrokietako bat zen. Ermitak bizitza handia izan zuen eta 1751n berrikuntza lanak egin zituzten bertan eta ondoko seroretxean. 1797an beste lan batzuk egin zituzten herriaren eta bizilagunen kontura eta Aita Santuak zazpi induljentzia eman zituen horregatik. Hala ere, handik gutxira ermita abandonatu egin zuten, 1820an salaketa bat aurkeztu baitzuten udaletxean, eskale eta gaizkileek okupatu eta taberna bihurtu zutela argudiatuz. Ordena jarri ondoren, ermita utzita egon zen 1918an portiko erromanikoa harriz harri desmuntatu eta Santa Maria parrokiako bataiotegira eraman arte, Irazusta-Zalakain eta Sese-Zalakain familiei esker, Mikel Telleriak Enciclopedia de Tolosa liburuan jasotzen duenez.
Santa Maria parrokian ikus daiteke oraindik, parrokian sartu eta eskuinetara, korura igotzen den eskaileraren ondoan. Portiko hori Santa Maria elizakoa omen zen 1503ko sutea izan arte. Hala ere, San Esteban ermita ikus daiteke oraindik 1936ko gerrako argazki batean, zakuz osatutako barrikada ondoan duela.
San Esteban ermita eta San Frantzisko pasealekua 36ko gerran. Iturria: Tolosako udal artxiboa
Zipirio eta Torre
Auzoko beste eraikin historiko batzuk ere aurki daitezke. Zipirio ermita Urkizuko bidean zegoen eta oraindik bere hondakinak ikus daitezke. 1682an eraiki zuten, lau urte lehenagoko uholdeetan laguntza eman zuen santuari eskerrak emateko. Gaur egungo Torre baserria berriz, Laskoaingo dorrearen hondakinen ondoan eraikia dago, herriko lehenengoetakoa. Alberto Perez de Rexilen jaiotetxea izan omen zen, Tolosako tropen kapitaina Nafarroako konkistan 1512an eta Frantziako armadaren erreketan 1525ean.
Baserriz osatutako auzoa izan zen mendeetan zehar. Madril-Paris trenbidearen eraikuntzak aldaketa handia eragin zuen auzoan, 1863an. Orduan bi zatitan banatuta gelditu zen, herrigunearekin lotura bakarrak trenbide gaineko eta azpiko bi pasabide izanik. XX. mendean industrializazioa iritsi zenean, lantegi ugari jarri zituzten auzoan. Baserriez gain, kale etxe solte batzuk ere egin ziren mende horretako lehen hamarkadetan eta horietako batzuk mantentzen dira oraindik: Bellotarrena, Markiegirena, Casteresena, Illibi...
Langileentzako etxe babestuak
Etxebizitzei dagokienez, 1953koa da eraikuntza proiektu handiena, Columna Sagardia izena hartu zuen 70 etxebizitzako multzoak, gaur egun Zuberoa deitzen denak. Langileentzako etxe merkeak eraikitzeko proiektu ugari izan ziren Tolosan, baina guztiak ez ziren aurrera eraman. San Esteban auzoan hainbat proiektu izan ziren, baina gaur egun dagoen hori bakarrik burutu zen.
1936an Laskibar arkitektoak lerrokatutako zortzi eraikin paralelo proposatu zituen. Plan horren araberako lau solairuko lehen etxea eraiki zuen Lucio Gutierrezek. Gainontzekoak ez ziren egin, baina lehen hori hor gelditu zen, gaur egun Hiru Aldeta taberna dagoen etxea. 1943an tren geltokiaren beste aldean 144 etxebizitza babestu egiteko proiektua aurkeztu zuen R.Martiarena arkitektoak. Ondoren, Luis Astiazaran arkitektoaren proposamenak etxebizitzak erdian zuen espazio libre baten inguruan zituen, eskola, kapera eta frontoi batekin. Altuera eta mota desberdineko eraikinak planteatzen zituen, soto komertzial batzuekin. Honek ez zuen aipatzen inongo loturarik herrigunearekin.
1953an udalak 2.218 m2-ko lurrak eskaini zituen langileei zuzendutako etxe babestuak eraikitzeko. Eremu txiki horretan etxe asko egitea zen asmoa, Angel Martin Ramosek bere La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez. Lau bloke planteatu ziren, tartean patio batzuekin. Sotoa eta lau solairu dituzte, sotoak ere etxebizitzetarako erabiliz. Hiru bloketan launa etxebizitza daude solairu bakoitzean, guztira 60, eta beste bloke batean bina etxebizitza solairuko, guztira beste 10. Guztira 70 etxebizitza dira. Berezia da blokeak angeluetan elkartzea eta logelek eta bestelako gelek ez ematea barneko patioetara, sukaldeak izan ezik. Urbanizazio lanik ez zuten egin. Urte pare bat iraun zuten eraikuntza lanek.
Berrikuntzak datozen urteetan
Azken hamarkadetan etxebizitza gutxi batzuk gehiago eraiki dira San Estebanen, eta Ferialekua, anbulatorioa, udal zerbitzuak, Bonberenea, Gure Zirkua, 28 Kanala eta ATARIA bera kokatu dira bertan, hustutako lantegien lekuetan kasu batzuetan, eta aparkaleku handiak ezarri dira.
Datozen urteetarako aldaketa handiak aurreikusten dira San Esteban auzoan. Alde batetik etxebizitza kopuru handia egiteko proiektua dago. Hasieran kopuru handiagoa planteatzen bazen ere, azkenean badirudi 450 etxebizitza eraikiko direla. Aparkaleku gehiago egiteko asmoa dago, solairu bat baino gehiagokoa, 300 plaza sortuz. Trenbide azpiko pasabidea zabaldu nahi dute eta berdegune gehiago jarri, besteak beste.



