XVI. mendeko jauregia da gaurko protagonista, Pizkunde garaikoa beraz. Kale Nagusiko 35. zenbakian kokatzen da, eta beste aldetik Agintari kalera ematen du. Tamaina handiko eraikina da eta garai batean Tolosako erdigunea zen tokian aurkitzen da. Izena bere nagusia izan zen Fermin Atodo pertsonaiatik hartzen du. Atodo leinua Albizturtik dator eta XVI. eta XVII. mendeko pertsonaia ospetsu batzuk daude leinu horretan.
Behealdea, bi solairu eta ganbara ditu. Alero bikoitza du, egur zizelkatukoa. Barruko egitura ere egurrezkoa da. Harlanduzkoa da fatxada nagusia eta etxarte bat du barruan. Deigarriak dira baita ere lehen solairuko balkoi forjatuak. Azken solairuan 20 bao simetriko ditu, arku beheratuak sortuak. Armarri artistikoa dauka fatxada nagusian: eskortzoan dauden haur bikotea, zutikako lehoia erakutsiz. Altuera handiko atalondoa dauka ia fatxadaren erdian, baina fatxada ez da erabat simetrikoa, beharbada jauregiak erreforma ugari ezagutu dituelako historian zehar. Beraz, arkitektura baliabide desberdinen batuketa dela diote.
Angel Martinek bere La construcción de Tolosa liburuan defendatzen duen tesia da jauregia dorretxe zahar baten gainean eraikia dela. Oinarrizko dorretxe hori txikiagoa izanda, ondoko orube bat hartuz eraiki omen zen gaur egungo eraikina. Solairuko oinarrizko elementuak desberdinak omen dira hegoaldeko eta iparraldeko erdiak konparatuz gero. Dorretxe zahar hori 1503ko sute handian erre izanaren aukera aipatzen du Martinek.
Errege eta nobleen ostatu
Bisitari ospetsuak izan ditu eraikinak bere historian zehar: Maria Luisa Borbon Orleans (Karlos II.a erregearen emaztea), Frantziako Luis XV.aren emaztea, Fernando VII.a eta bere anaia Karlos, Karlos IV.a eta bere alaba, eta Etruriako erregea. Gerra napoleonikoan zehar hainbat erabilera izan zituen. 1808an Jose I.a erregea izan zen bertan. 1809ko martxoaren 18an guardia inperialeko 750 gizon izan ziren bertan. 1812an troparen kuartela izan omen zen. Udal aktetan agertzen denez, soldaduen egonaldi horiek hainbat txikizio eragin zuten, berrikuntza lanen aipamenak agertzen baitira. 1813an lastozko 20.000 arrobaren biltegia izendatu zen Atodo jauregia, baina Udalak San Frantzisko komentua gomendatzen du horretarako. 1819ko irailaren 11n diru laguntza eskatu zioten Diputazioari erreginaren bisitaren gastuak ordaintzeko, bertan ostatu hartu baitzuen. 1823an jauregia hustu zuten, kuartel gisa erabili ahal izateko. Urte horretan sute bat izan zuen teilapean.
1844ko urtarrilaren 26an, Gipuzkoako hiriburu izendatu zutenean Tolosa, Gipuzkoako Diputazioa bertan kokatzeko azterketa bat eskatu zuten. Azkenean ez zen bertan kokatu, Triangulo plazako eraikina egin baitzen horretarako 1856an. Urte bereko urriaren 18an probintziako bulegoak bertan kokatzeko egokitasuna aipatu zuten agintariek. Eraikinaren ondoan lorategi edo baratzak zeudela aipatzen da, gaur egun ez daudenak, 1878an lorategia ixteko paretaren baimena baitago. 1903an Sortzez Garbiaren mojek bere lehen ikastetxea ireki zuten bertan.
1964tik interes artistikoko monumentua da. Behealdean Meson taberna kokatzen da gaur egun. Hauek dira Atodo jauregiak ezagutu dituen azken berrikuntzak: 1987an estaldura egurrezko egitura mantenduz eta aleroak, 1999an fatxada nagusia eta 2004an estaldura berriz.
Alkate ugari familian
Jauregi honetako familiako zazpi pertsonaia aipatzen ditu Mikel Telleriak Enciclopedia General Básica de Tolosa liburuan. Nabarmenena Fermin Atodo izan zen, XVI. mende hasieran jaioa Tolosan, Santiago, Calatrava eta Alcantarako ordenen kontu-hartzailea, kondea, San Pedro eta San Pablo ordenako zalduna eta Tolosako konpainien kapitaina frantsesen aurkako altxamenduetan XVI. mendean zehar. Bere seme Bernardo herriko alkatea izan zen 1600-01 eta 1615-16 urteetan. Bigarren agintaldi horretan, 1615 urteko azaroaren 3an, Felipe III. erregeak eta bere alaba Ana Austriakoak, Frantziako erregina zena, bere jauregian pasatu zuten
gaua.
Familia honetako beste kide batzuk ere Tolosako alkateak izan ziren: Atodo lizentziatua (1591-92), Fernando Atodo Iñarra (1695-96, 1703-04 eta 1719-20), Francisco Atodo (1724-25), Joseph Maria Azedo Atodo (1784) eta Manuel Maria Azedo Atodo (1793). Fernando Atodo Iñarra Gipuzkoako diputatu nagusia ere izan zen bost aldiz 1657 eta 1711 artean. Jose Manuel Azedo Etxauzko kondea zen, Baigorrin dagoen Etxauzia jauregiaren jabea. Gaur egun Nafartarren Etxea izateko proiektu bat dago martxan. Maria Atodorekin ezkondu zen eta bere bi seme Tolosako alkate izan ziren.
Pilar Azedo
Baina jauregi honetan jaiotako pertsonaiarik garrantzitsuena Pilar Azedo Sarria da, herriak eman duen emakumerik nabarmenena, Antxon Bandresek berari eskainitako liburuan adierazi zuenez. Aitaren aldetik Etxauzeko kondesa, amaren aldetik Vadoko kondesa eta ezkontzaren bitartez Montehermosoko markesa izan zen, beste batzuen artean. Hala ere osperik handiena Jose Bonaparte erregearen maitalea izateak eman zion, Napoleonen anaia.
1784ko martxoaren 17an jaio zen Atodo jauregian. Bere aita Joseph Maria Azedo Atodo zen, une horretan Tolosako alkatea eta Gipuzkoako diputatu nagusia. Arrameleko Miserikordia Etxearen eraikuntzarako mezenas nagusienetakoa izan zen eta gero bere arduraduna. Hango kontuak eramateko modua zalantzan jarri zuten eta deliturik gabe garbi eta libre gelditu arren, minduta eta triste Gasteizera joan zen bizitzera. Ama Luisa Maria Sarria Villafañe zen, Zamoran jaioa, baina Gasteizko nobleziako familia batekoa. Horregatik joan ziren hara, Pilarrek bi urte besterik ez zituenean. Atodo jauregia hutsik gelditu zen eta geroago tropa frantsesen kuartela izan zen, lehen aipatu bezala.
Pilar Azedo luxuz eta zerbitzariz inguratuta hazi zen. Kultura handiko emakumea izan zen, frantsesa, italiera eta latina menderatzen zituen, gaztelera eta euskaraz gain, eta hainbat musika tresna jotzen zuen. 16 urte zituela ezkondu zen Ortuño Agirre Corral gasteiztarrarekin, gero Arabako diputatu nagusia izango zena. Alaba bat izan zuten, Amalia izenekoa.
Jose Bonaparte
1808an Independentzia Gerra hasi zen Espainia eta Frantziaren artean eta Napoleon Bonapartek bere anaia Jose izendatu zuen Espainiako errege, gizon kultua eta ikasia. Ortuño Agirre ezagutzen zuen eta Espainiako koroa hartzera etorri zenean 1808an Tolosako Atodo jauregian egin zuen lo, uztailaren 9an, eta handik bi egunetara Gasteizko Montehermoso jauregian. Orduan ezagutu zuen Pilar Azedo, bere edertasunarekin eta kulturarekin maitemindu eta gero bere maitale ofiziala izango zen, senarra jakinaren gainean egonda. Une batean bere kortea Gasteizen kokatu zuen, Montehermoso jauregian. Napoleon enperadoreak Madril konkistatu zuenean, Pilar Azedo Jose Bonaparte erregearen korteko partaidea zen eta erregina bezala jokatzen zuen ekitaldi publiko askotan.
1811n senarra hil zen gaixotasunez eta bere familiak, emaztearen portaera ezagututa, alaba eta titulua kendu zion. Napoleonek Errusian galdu zuenean, Pilar Azedo Donibane Lohitzunera joan zen bizitzera, Josephekin adostuta, eta gero Carresseko jauregia erosi Biarnon eta hara aldatzen da, Madrilera maiz joanez. 1813an Napoleonek Espainia galdu zuen eta bikotekidea lehendabizi Gasteizera itzuli, Tolosan altxor handia utzi eta Pilar Baregesera, Pirinioetan, eta Jose Parisera erretiratu ziren. Orduan banatu zen bikotea.
Baregesen lehendik ezaguna zuen Amadeo Carabene ofizial militarrarekin elkartu, Parisera joan bizitzera eta 1818an ezkondu ziren Carressen (Biarno) bizitzen jarriz. Ez zuten seme-alabarik izan. Carabene herriko alkatea izan zen bi alditan eta bikoteak eliza, eskola eta hilerriaren eraikuntza babestu zuen. Etxeko zerbitzariekin eta herritarrekin euskaraz hitz egiten zuen. Handik pasatu ziren Francisco Goya pintorea eta Victor Hugo idazlea, biak aspaldiko lagunak, besteak beste. 1869an hil zen Azedo eta 1873an, Carabene.

