Atzera begira

Herriko eraikin ikusgarrienetakoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2025eko abenduaren 18a

Iurreamendi egoitza, airetik ikusita.

Tolosako eraikin handiena eta ikusgarrienetakoa da Iurreamendi egoitza. 1920 urtetik zerbitzua eskaintzen du, Arramelen zegoen Miserikordia etxea ordezkatuz.

Iurreamendi egoitzaren aurrekaria Arramelen zegoen, San Juan ermitaren ondoan, baina aurretik ere izan ziren Tolosan gaixoak eta erromesak jasotzeko erakundeak, 1577an Santa Maria Madalena ermitako etxea, herriaren sarreran, legenarra zuten gaixoentzat, edo Santa Maria elizari erantsitako Ospitale Zaharra, adibidez. 

Arramelekoa 1774an hasi ziren egiten eta 1780an bukatu. Lanak ordaintzeko Ospitale Zaharra eta Santa Maria Madalena eta Santa Luzia ermitak saldu zituzten enkantean. 24 x 41 metroko azalera eta hiru solairu eta ganbara zituela dio Mikel Gotzon Telleria Tapiak Enciclopedia General Básica de Tolosa liburuan. Konbentzio Gerran (1793-95) ospitale militar bezala erabili zen. 1813an soldadu frantsesek erre egin zuten Independentzia Gerra galdu zutenean. 1821ean berria egin zuten, 120 pertsonarentzat, eta 1830ean zabaldu bere funtzionamenduaz arduratuko ziren San Vicente de Pauleko Ahizpak jasotzeko. 120 pertsona hartzen zituen eta egunero 200 bazkari ematen zituzten. Lehen Karlistaldian (1832-39) gerran zaurituak ere jaso zituen. 1848an berriz handitu zutela dio.

Tolosak Gipuzkoako hiriburutza (1844-54) galdu zuenean zabaldu zen Miserikordia Etxe berria Arramelen funtzio hauekin: behartsuen aterpea, haur abandonatuen kutxa eta eskualdeko babes etxea. 500 pertsonarentzat lekua izatera iritsi zen. Orubea ez zen nahikoa biltzen zuen jende guztiarentzat, eta arazoa handitu egiten zen izurriteak izaten zirenean, 1786an paludismoa, 1854an kolera eta 1918an gripea, adibidez. Horregatik, etxearen ondoan ospitale bat eranstea erabaki zuten. Eskoriazak proiektatu zuen 1856 urtean, eta hurrengo urtean eraiki zuten. Etxearen hegoaldean egin zuten, mendiaren magalean. Bide zaharra hartzen zuen, XVIII. mendean, Erret Bidea egin zutenean bota zuten zubi zaharrera zihoana, alegia. Bi solairuko eraikin simetrikoa zen, erdian sarrera eta eskailera zituen eta bi aldeetara zituen gelak, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenaren arabera.

Neska-mutilen hezkuntza eta gazteen lanbide formakuntza ere aipatzen ditu Telleriak bere funtzioen artean. Etxe honek beste eraikin bat zuen Uzturreren ondoan, gaixo eta baserritar batzuen aterpe gisa. Gero, gaixo tuberkulosoen sendategia bihurtu zen. 1868an aipatzen da 20 ohe, sukaldea, jangela, otoizlekua eta ur edangarriko iturria zituela.

Arrameleko eraikinak hutsik utzi zituen leku aldaketak eta denborarekin lurrak eta eraikinak beste batzuen eskura pasatu ziren, San Juan ermita bakarrik geldituz, herriaren sorreran eragin garrantzitsua izan zuen lekua.

Migel Muñoa eta Ibarko Kondea

1907an berri garrantzitsua izan zen osasun eta behartsuen zerbitzurako: Migel Muñoa hil zen eta Benefizentzia etxe berri bat egiteko Iurreamendiko lurrak eman zituen. Horri esker, Udalari Arrameleko Miserikordia Etxea ordezkatzeko aukera paregabea sortu zitzaion. Jose Caballero alkateak protagonismo handia izan zuen bere sorreran, ekarpenak egiteko ongileak konbentzituz. Ibarko Kondeak ordaindu zituen lanak. 250.000 pezetako aurrekontua zuten lanek, baina azkenean 463.000 pezetara igo zen. Hori eskertzeko, bere omenezko zutabe bat dago etxeko lorategian fatxadaren aurrean. Lur horietan hainbat eraikin nahasketa zegoen, Erdi Aroko dorrea, XVIII. mendean eraikitako jauregia eta San Migel ermita. Muino baten gainean zeuden lur horiek, inguruan ondoko ibaietara jaisten ziren sailekin, Martinek zehazten duenez. 1856tik 1867ra Batzar Nagusiek bultzatutako nekazaritza esperimentatzeko eskolak funtzionatu zuen bertan, Zizurkilgo Fraisororen aurrekaria.

Mujika arkitektoak eraikin berria muinoaren gainean planteatu zuen, aurrekoak bezala, orduan ezagutzen ez zen neurrikoa: 106 x 62 metroko eraikin errektangularra, eskema simetrikoa jarraituz, erdiko ardatza eliza eta fatxada nagusiko dorrea izanik. Lau solairu zituen aurrealde eta aldeetan. Erdian bi patio handi eta eguzkitsu zituen. 1913an hasi ziren lanak, aurreko eraikinak bota ondoren. Euskal Jaien barruan jarri zen lehen harria, Donostiako eta Tolosako musika bandak, bordondantzariak, erraldoi eta buruhandiak, Gipuzkoa eta Tolosako agintariak… bertan zirela. Ondoren, banketea izan zen udaletxeko batzar aretoan. Neurriarekin batera, herriko eraikin handiena, kokapenak garrantzi handia zuen Mujikaren planteamenduan, herriari begira, aparte, baina gertu, eta oso ikusgai leku guztietatik. Arkitekturan eraikitze baliabideen soiltasuna azpimarratzen du Martinek, konposaketaren erregulartasunarekin batera.

Haur abandonatuak, gaixoak eta adinekoak

Eranskin modura, ospitale gisa erabiltzeko pabiloi bat proiektatu zen 1917an, eraikin nagusitik aparte, atzean, luzera berekoa, baina solairu bakarrekoa erdisoto baten gainean. Angel Martinek aipatzen duenez, ospitaleak tuberkulosoentzako pabiloia izan zuen jarraian, baina bereizita. Horretarako partikularren donazioak izan ziren. 1920an inauguratu zen Juan Alejandro Mujikak proiektatutako Benefizentzia etxe berria, lanak berak zuzendu ondoren.

Mikel Telleriak beste datu batzuk aipatzen ditu Miserikordia Etxeari buruz. Ibarko Kondearen oinordekoaren izena ematen du: Eugenio Insausti Zugasti, Candida Ibarren lagun mina. Lurrak Muñoa Fundazioak jarri zituen eta industria gizon tolosar batzuk ere lagundu zuten diruz tuberkulosoen ospitalea. 115.000 pezetako aurrekontua izan zuen. Udalak ere parte hartu zuen eta herri osoak bere sentitu zuen eraikin berria, gizarte maila guztietan herri sentimendua indartuz. 1920ko ekainaren 25ean inauguratu zen, San Joan jaietan. Mojen egoitza, emakume eta haurren aterpea, gizonen aterpea, neska eta mutilen eskola, sendategia, ospitale zibila, tuberkulosoen pabiloia eta administrari eta kapilauarentzako etxeak zituen. Azken hiru hauek erantsitako eraikinetan.

Hamarkada askotan zehar zerbitzu handia eman zuen. 36ko gerran zaurituak artatu zituen. Gerraren ondorengo garai zailetan 500 egoiliar izatera iritsi zen. Elikagaiak lortzeko zailtasun handiak zituztenez, sistema autarkikoa erabiltzea erabaki zuten, eta horretarako, oilategia, tolarea eta hozkailua jarri zituzten. 1965ean 215 egoiliar zeuden, tartean 50 bat neska-mutil, 18 mojen ardurapean, horien erdiak adinekoak. 

Urteen poderioz, beharrak aldatu egin ziren, eta baita Miserikordiaren funtzioak ere. Ospitalea eta tuberkulosoen sendategia desagertu egin ziren, haurrak abandonatzeko ohitura ere bai, eta pixkanaka adinekoen zaintzara bideratu zuten etxea. 1986 urtean erabat berritu zuten eraikina, Iurreamendi egoitza bihurtuz, eta adinekoekin bakarrik lan egitera igaro zen.

Testuan aipatutakoez gain, artikulu honetako informazio puntual batzuk Iñaki Linazasororen Historia y guía de Tolosa, Jose Antonio Rekondok Medicina y beneficencia. Gipuzkoa y Tolosa. Siglos XIII-XX eta Bibiano Larramendik Libro-Homenaje a Tolosa liburuetatik jaso dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!