Gaztela, Nafarroa eta Frantziaren arteko pasabidea izateak Tolosaren izaera indartu du. Horixe izan zen Gaztelako Alfontso X.a Jakintsua erregeak 1256an herria sortzeko arrazoi nagusia. Arrazoi estrategikoengatik inguru hau jendeztatu nahi zuen (Nafarroa eta Frantzia gertu dituelako), eta baziren ere arrazoi ekonomiko (kostaldearekin merkataritza ahalbidetzea) eta politikoak (noblezia feudalarekiko boterea sendotzea) ere.
Helburu horrekin hasi ziren Gaztelako agintariak Tolosari erraztasunak ematen. 1322an erositako produktuak Alondegian saldu ahal izateko ahalmena eman zuen Alfontso XI.a erregeak. Produktu guztiak harresiaren barruan erostea ziurtatu zuen udalak. 1422an Juan II.a erregeak Tolosa Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko merkantzia pasabide bakar izendatu zuen.
Gipuzkoa barrualdeko feria eta merkatu garrantzitsuenak bertan egiten ziren, eta Tolosako azokaren prezioak ziren ofizialak. Astean hirutan egiten ziren merkatuak: astearte, ostegun eta larunbatetan. XIX. mendetik aurrera larunbatetan bakarrik egiten dira.
Erdi Arotik, Plaza Zaharrean
Asteroko azoka Plaza Zaharrean egiten zen Erdi Arotik, baina XVIII. mende amaieran merkatuak hartu zuen indarra ikusita udalak saltzaile eta erosleentzat leku estali bat eraikitzea erabaki zuen, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez. Eguneroko merkatua Berdura plazan egiten zen eta asteroko merkatua egiteko Zerkausia aukeratu zuten, hain zuzen, Tolosa Erdi Arotik XIX. mende hasiera arte inguratzen zuen zerka edo harresia hautsita zegoen tartean. Harresiaren arrastoak ikus daitezke oraindik merkatuko kristalen azpian. Kokapen guztiz egokia da herriko bi sarrera nagusien artean baitago, Nafarroako Zubiaren eta Gaztelako Atearen artean, eta Oria ibaia eta Solana kalea baititu inguruan.
Eraikin xumea izan zen lehenengo hori. Tingladoa ere deitzen diote, hau da, salmenta eta biltegirako leku estalia. 1785. urtean erabaki zuten lehen Tingladoa eraikitzea Iñaki Linazasorok Historia y guía de Tolosa liburuan jasotzen duenez. 1803. urtean pasealeku edo galeria erantsi zioten egindako eraikinaren gainean, eta lanak 1805ean amaitu zituzten.
Bozketa estua Zerkausiaren alde
Mende bat beranduago, XIX. mende amaieran, Tolosako hiru azoken gorakada ikusita, udalak azoken kokalekuak birpentsatu zituen. Proiektuak atzerapena izan zuen II. Karlistadarengatik. Ganadu feria Justizia plazan (gaur egungo Euskal Herria) eta San Frantzisko elizaren atzeko Txerri plazan egin zen 1877an.
Pedro A. Rekondo udal arkitektoak hiru proposamen egin zituen larunbateko merkaturako: Berdura plaza, Rondilla kalea eta Plaza Berria. Hiruak baztertu zituzten; lehen biak etxeak eta lurrak erosteak kostu handia zuelako, eta hirugarrena jaien eta ospakizunen eszenatoki zen herriko plaza nagusia hartzen zuelako. Honek gehiago atzeratu zituen eraikuntza lanak.
1895ean Juan Alejandro Mujika udal arkitektoak bi leku proposatu zituen asteroko merkaturako: Plaza Berria eta Zerkausia. Lehia handia sortu zen bien artean, eta zinegotzi eta herritar batzuk dirua eskaini zuten baten edo bestearen alde. Azkenean udalak bozketa antolatu zuen, eta Zerkausia atera zen garaile alde oso txikiarekin. Bozketan erabakigarria izan zen hiru zinegotzik dendak eta jabetzak zituztela Solana kalean.
Erabaki horren kontrako argudioak agertu ziren orduan: ez ziren konpontzen eguneroko merkatuak zituen higiene arazoak, udalarentzat garestiagoa zen larunbatetan egunerokoan baino diru gutxiago jasotzen zuelako, eta ibaiaren ibilgua hartzen zuen eta arriskutsua zen ibaia hazten zenean. Goi mailako agintariek atzera bota zuten erabakia, baina azkenean auzitegiek udalaren erabakia onartu zuten.
Herriaren irudi berria 1900ean
1898an hasi zen bizilagun elkarte bat merkatu berria eraikitzen. Uholdeen arriskua ekiditeko Solana kalea baino pixka bat gorago egin zuten. Eraikin berria burnizko zutabe batzuetan sostengatzen zen ibaiaren gainean, eta eraikin estua zabaltzeko leku gehiago zegoen. Horrela herriak irudi berria zuen Nafarroako sarreratik zetozenentzat merkatuaren balkoi luze eta egitura simetrikoari esker. Gaur egun, Tolosako ohiko argazkiaren elementu nagusienetakoa da, Idiakez jauregiarekin, Naparzubiarekin, Santa Maria parrokiarekin, Oria ibaiarekin eta Uzturre mendiarekin batera. Bigarren solairuan pasealekua zuen, eta sarbidea bi aldeetako eskaileretatik zuen. Proposamen ausarta izan zen; salmenta postuak hartzeko 74 metro luze eta 11 metro zabaleko espazio laua eta irekia zuen. Habearteak 5,10 metroko altuera zuen, burdinezko baranda eta eserlekuak, eta gainean egurrezko trabesak zituen. 1900 urtean inauguratu zuten Mujikaren obra, «handikiro», Linazasorok bere liburuan dioenez. Naparzubiaren zabalpena ere inauguratu zuten.
1927an Zerkausia handitzea eskatu zion udalak Guillermo Eizagirre udal arkitektoari. Bitarte horretan, Mujika arkitektoak berrikuntza batzuk egin zizkion; ibai aldeko baoak babestu zituen, eskailerak estali zituen eta alboetan bi dorre egin zituen, besteak beste. Eizagirrek garai hartan modan zegoen hormigoi armatua erabiltzea erabaki zuen, teknika berritzailea izan zen garai hartan.
Salmentarako espazioa luzatu egin zuen Naparzubiraino, eta zutabe arteko pasabide bat erantsi zion ibai aldera. Alde honetan erdi-puntuko arkuak egin zituen. Eraikinaren erreforma erabatekoa izan zen, eraikina itxuraldatuz. 1928an ibai aldeko fatxadako hutsuneak itxi zituen, baina Solana kalekoak ez zituen itxi.
Kontzertu, bazkari eta bestelakoak
Harrez gero, berritze lan txiki gehiago egin dituzte Zerkausian. Garai batean hiru sarrera zituen: Naparzubitik, Solana kalearen erdialdetik eta Gaztelako atetik. Tolosak historikoki izan dituen sarrera garrantzitsuenak dira horiek. Azken berrikuntzan Solana kale aldeko baranda kendu zuten, eta sarbidea erraztu zuten kale osoa hartzen duten eskailera luzeari esker. Haizeaz eta hotzaz babesteko igo eta jaitsi daitezkeen toldo handiak ere jarri dituzte geroztik.
Saltzaileek beren produktuak lurrean jartzen zituzten, udalak 90eko hamarkadan mahai batzuk jartzea erabaki zuen arte. Garai berean bultzatu zituen udalak produktu zehatzei buruzko azoka bereziak (zuhaitza, Goxua, babarruna, loreak…). Aurretik Eguberrietako eta San Joanetako azokak egiten ziren.
Azken berrikuntzak 1996an eta 2006an egin zituzten: berokuntza sistema jarri zuten, kristalezko egitura bat jarri zuten erdialdean, galeriara joateko igogailua jarri zuten, terraza egin zuten, sotoan ontziralekua txukundu zuten...
Larunbateko azokaz gain, gaur egun aisialdirako lekua ere bada Zerkausia, eta kontzertuak, herri bazkari eta afariak, hitzaldiak, aurkezpenak eta bestelako ekitaldiak egiten dira bertan.



