Erdi Aroko eraikin honek gotiko estiloa du eta ondare kulturala bezala sailkatua dago. Ahaide Nagusien garaiko eraikina da, berastegitarren familiari lotua, oinaztarren bandoko leinu bat, ganboatarren aurkaria. Gatazka, aldaketa politiko eta berrikuntza arkitektoniko ugari ezagutu ditu, gotorleku izatetik oinetxea izatera pasatuz. 1447an ganboatarrek setiatu omen zuten, baina jabeek dorretxea defendatu zuten. 1456an, Gaztelako Enrique IV.a erregeak dorretxe hauei goiko solairua suntsitzeko agindua eman zuen, gotorleku bezala erabili ez zitezen.
Oinplano lau angeluarra du eraikinak, ia-ia hutsunerik gabeko eta zarpailki landutako harria eta modiloiak (erlaitzeko apaingarriak) dituena, seguraski kadahaltsoaren (egurrezko gotorlekua) pisuari eusteko.
Errenazimenduan dorrea berreraiki eta eranskin bat gehitu zioten. Oraindik arku konopialeko (erpina duena) leiho bat eta dobelaje handiko arkua duen irteera txikiaren hormatzea ere ikus daitezke. Elizara begira dagoen fatxadan bi ezkutu jarri zituzten, Berastegi eta Lazkano familiena, alfiz (arku arabiarra) batek elkartu eta inguratzen dituenak. Azkenik, bi isurkiko teilatua dauka, dorreetan ezohikoa, etxe baten antza ematen diona.
Berastegin bizi den Juaninazio Elosegi ikertzaile tolosarrak Berastegiko historia, besteak beste, ondo ikertu du eta bere ikerlanen emaitzak Aidanen urtekarian argitaratzen ditu. Berak emandako informazioarekin egin ahal izan dugu artikulu hau.
Ahaide Nagusien etxea
Ahaide Nagusiak garrantzitsuak izan ziren XIII-XV. mendeetan Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Aberatsak eta lurjabeak izaten ziren, herriko gizon eta emakume asko bere morroi eta maizterrak ziren eta arma-gizonak zirenez, herriko mutilak eramaten zituzten beren ekintzetara. Horietakoak ziren Berastegiko jaunak, dorretxearen jabeak. 1200 urtetik aurrera Gaztelaren menpeko Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga ezarri zen eta Berastegi muga horretan dagoenez, liskar ugari izan ziren, bi aldeetako lapurretak eta gaiztakeriak.
Gipuzkoan hainbat hiribildu sortu ziren, besteak beste Tolosa 1256an. Berastegi eta inguruko hainbat herrik itunak egin zituzten Tolosarekin 1374an, bere babesa jaso ahal izateko eta horren truke gerrara deituak zirenean Tolosako buruzagiaren eta banderaren menpean joaten ziren. 1615 arte iraun zuen itun horrek. Beraz, Berastegiko jaunaren babesaren beharrik ez zuten sentitzen eta harengandik urruntzen joan ziren. 1615etik aurrera berriz, bertako buruzagi eta banderaren menpean joaten ziren gerrara.
Berastegiko Ahaide Nagusien lehen aipamena 1270ekoa da. Dokumentu batek esaten du Gaztelako Alfontso X.a erregeak 25.000 marabedi agindu ziola Pedro Martinez de Berastegiri, honek emandako zerbitzuengatik, oinetxearen jabea izateagatik eta erregearen arreba zen Nafarroako erreginaren dotea ordaintzeko dirua uzteagatik erregeari. Horrek adierazten du Berastegiko oinetxea antzinakoa dela, garrantzia zuela, aberatsa zela eta harreman zuzena zuela Gaztelako erregearekin. 1319an Iohan Garcia de Blastegi, Iohan Martin de Blastegi eta Sancho Periz de Blastegi azaltzen dira Berastegi eta Elduainek Leitzarekin izan zuten mugako auzi batean. Berastegiren ordez Blastegi azaltzen da garaiko dokumentuetan. Dorretxean dagoen plakan XV. mendekoa dela esan arren, badirudi askoz lehenagokoa izan daitekeela.
Gaztela eta Nafarroa
XIV. mendean Berastegiko jaunak Nafarroako erregearen mertzenario moduan aritu ziren, 1350etik 1362ra Ochoa Martinez de Berastegi eta 1369an Garcia Martinez. Garai hartan Gipuzkoako jauntxo asko aritu ziren nafarrekin Gaskoinia, Borgoina eta Normandiako borroketan. 1399ko dokumentu batean esaten da Berastegiko mendien jabetza herriarena izan arren, nolabaiteko zerga bat ordaintzen zitzaiola jaunari. 1434an, aldiz, Gipuzkoako Amadeo Martinezen eta Berastegiko Garcia Martinezen agindupean Nafarroako Juan erregearen aurka joan ziren gipuzkoarrak, Gaztelako Juan II.a erregeak aginduta. 1512an beste Garcia Martinez de Berastegik (izenak errepikatu egiten dira belaunaldi desberdinetan) hainbat urtetan Gipuzkoako harmarrian izan ziren 12 kainoiak irabazi omen zituen gipuzkoarren koronel gisa. 1524an Juana eta Carlos Gaztelako errege-erreginek 25.000 marabedi eman zizkioten Juan Martinez de Berastegiri. Datu hauek Berastegiko oinetxeak Gaztelako errege-erreginen aurrean zuen botere politiko eta militarra adierazten dute eta horretaz baliatu ziren berastegiarren kontura etekina lortzeko.
1663an Garcia de Berastegi ondorengorik gabe hil zen eta maiorazkoa Francisca arrebak hartu zuen, baina herriko diru iturriak agortuta zeudenez, nahiko pobretuta zeuden. Gasteizera ezkondu zen eta ondasunak administratzaileen bidez zaindu zituzten, 1860an Berastegiko azken jauna, Legardako markesa, hil eta haren alargunak maiorazkoa desegin eta dena saldu zuen arte.
Bedaio osoaren jabe
Berastegiko jaunen ondasunen zerrenda eta historian zehar izandako bilakaera ere aztertu du Elosegik. 1548an Berastegiko maiorazkoa eratu zuten Juan Martinez de Berastegik eta bere emazte Casilda de Lazkanok. Eraketa dokumentuan agertzen dira Berastegiko etxe eta lursailez gain, Bedaioko etxe eta lursail guztiak eta Amezketako Ugarte auzoan zituztenak ere.
Berastegin Jauregia, familiaren etxea eta aldameneko Tolaretxeaz gain etxe bakarra zen haiena, Amiria. Lursail ugari zituzten eta onak, gehienak Berastegiko zelaian eta batez ere elizatik ipar aldera. Bi errota ere agertzen dira, Arrosikoa eta Igeraldekoa. Lursail guztien kokapena dokumentatuta dago eta baita mugakide diren 36 etxeen izenak ere. Herriko lur pribatu guztien % 10 inguru ziren lur horiek. 320 urtetan salmenta handirik ez ziren izan, baina erosketa gutxi batzuk bai. Trukatzeren bat ere egin zuten eliza handitzeko 1759an eta 1764an. Azken belaunaldiko Legardako markesak Tolosako jabego erregistroan 1868an inskribatutako ondasunak eta maiorazkoa eratu zenean agertzen zirenak 1548an parekoak ziren.
Ondasunak
herritarren esku
Kuban esklabuen tratuan aberastutako Ozpindegi etxeko Juan Antonio Arregi berastegiarrak 1868an erosi zituen mendeetan zehar Berastegiko jaunenak izandako ondasun guztiak 42.500 ezkuturen truke. XX. mendean bi eraikin berri egin zituzten, Jauregitxiki deitzen zuten (gaur egun Markesanea izenez ezagutzen da) eta Pokopandegin egindako etxetxoa. 1948an bizirik gelditzen ziren Arregiren bi alaben artean, Cecilia eta Maddi, banatu ziren ondasun horiek. Hauek pixkana herritarrei saltzen edo Berastegiko eta Tolosako parrokiei dohaintzan ematen joan ziren eta gaur egun, ia 500 urte pasa ondoren, jauntxoen ia ondasun guztiak berastegiarren esku daude. Jauregia Bartolome Ezeizak erosi zuen 1953an, Amiria etxea Zipriano Etxeberriak 1956an eta Tolaretxea Señorena familiak 1961ean, eta familia horien esku jarraitzen dute hiru eraikin hauek.


