Duela 50 urte, 1975eko irailaren 27an, Espainiako erregimenaren kontrako bost aktibista fusilatu zituzten Francisco Franco Bahamonde diktadorearen aginduz: FRAPeko (Frente Revolucionario Antifascista y Patriota) Ramon García Sanz aragoiarra, Luis Sánchez-Bravo Solla eta Jose Humberto Baena Alonso galiziarrak eta ETAko Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra. Diktaduraren azken exekuzioak izan ziren.
Terrorismoaren aurkako legea ezarri zuen erregimenak horretarako, nahiz eta bost hildakoen delituak (militar eta indar armatuen kontrako atentatuak) lege hori baino lehenagokoak izan. Handik bi hilabetera, azaroaren 20an, hilko zen Francok eskarmentuzko zigor eredugarria eman nahi zuen eta horretan kapitain jeneralen laguntza izan zuen, bera baino frankistagoak. Justizia militarrak inkisizio gisa funtzionatu zuen, orduko lekukoek egun hauetan hainbat egunkaritan azaldu dutenez. Erregimeneko indar gogorrenek erlojuaren kontrako lasterketa burutu zuten exekuzioak azkartzeko. Espainiako Gobernuak zigorrak barkatzeko aukera zuen, baina sententzia aurretik erabakita zegoen. Bi erakunde horietako beste sei kideri zigorrak aldatu zizkieten, heriotza zigorra kenduz.
Fusilamenduen xehetasunak jakin dira geroztik. FRAPekoak Hoyo de Manzanares-en (Madril), Otaegi Burgosen eta Txiki Cerdanyola del Valles-en (Bartzelona) fusilatu zituzten, irailaren 27eko goizaldean. Exekuzio pelotoietan guardia zibil eta polizia nazional ugarik hartu zuten parte, baina estatu sekretua da beraien identitatea. Txiki Paredesen kasuan, ileorde eta gezurrezko bizarra zeramaten sei guardia zibilek tirokatu zuten, bere abokatuak gogoratzen duenez, grazia-tiroa jaso arte Eusko Gudariak abesten zuen bitartean. Beste kasu batean, azken tiro hori bota zuen tenienteak nerbio krisia izan zuen eta denbora luzez zerbitzutik kanpo egon omen zen. Biktimak ahanzturan gelditu ziren eta bost fusilatuak martiri bihurtu ziren, bidegabeki fusilatu zituztelako. Handik urte batzuetara Baenaren senideek lortu dute Espainiako Gobernuak aitortzea bidezko epaiketarik ez zuela izan.
Diktaduraren azken exekuzio hauek (1978an heriotza zigorra kendu zuten) protesta ugari eragin zuten langile eta ikasleen artean nazioarte mailan, estatuan eta Euskal Herrian. Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak, hainbat estatutako delegazio diplomatikok eta Aita Santuak exekuzioak bertan behera uztea eskatu zioten Francori. Europako 19 herrialdek enbaxadoreak erretiratu zituzten. Eta Tolosan zer gertatu zen? Exekuzioen aurkako ekitaldi batzuen berri jaso dugu.
Meza eta manifestazio isila
1975eko apiriletik salbuespen egoera zegoen Euskal Herrian. Manifestazioak, protestak eta atxiloketak etengabe izaten ziren Tolosaldean. Apiriletik ekainera 4.000 atxilotu izan ziren Euskal Herrian.
Luis Arsuaga eskolapio tolosarra ezaguna zen gizarte gaiez kezka zuelako. Hainbat taldetan laguntzeaz gain, gazteekin lan egiten zuen eta larunbat arratsaldeko gazte mezak bultzatu zituen, arrakasta handia lortuz. Bere gazte kristau talde horietako batean aritzen zen Mikel Munduate alegiarrak azaldu digu gertatutakoa: «Hilketa larri horien aurrean zerbait egin behar zela esan zigun Aita Luisek eta meza bat ematea proposatu zuen. Lau kartel jarri eta larunbat horretan Eskolapioetako eliza lepo bete zen. Irteeran manifestazio isila abiatu zen, Arsuaga buru zela. Handik gutxira guardia zibilen 6-7 land rover auto azaldu ziren sakabanatzeko esanez. Ondokooi besoetatik helduz, Jesukristok bezala arrazoi genuela eta ez ginela mugituko esan zien apaizak. Atxilotu eta kuartelera eraman gintuzten».
«Bi gazteoi ez ziguten asko egin», jarraitzen du Munduatek; «bi egunetan zartailu kolpe batzuk, baina Arsuaga belauniko jarri zuten patioan liburuak esku zabalduetan eusten eta sekulakoak eman zizkioten, irainduz, sudurretik odoletan utziz eta betaurrekoak hautsiz. Oraindik ikusten dut, gu ondoan baikinen eskailerari lotuta. Garai hartan, apaizei errespetu handia zitzaien eta horrela tratatzen ikusteak hunkitu egin ninduen. Handik gutxira, ahotik aparra botatzen hasi zen, konortea galduta, epilepsia krisi modukoa izan zuen. Orduan larritu egin ziren guardia zibilak eta Asuncion klinikara eraman zuten. Hilabete pasatu zuen klinikan, atean bi guardia zibil zituela. Batez ere gaia isildu arte, ez hain gaizki zegoelako. Hilabete gutxira berarekin izan nintzen, eta Eskolapioek Venezuelara bidaliko zutela zigortuta esan zidan».
Urte askoan zehar istorio hau gordeta izan du Munduatek, inori kontatu gabe. Pako Etxeberria forentsea torturen testigantzak jasotzen hasi zenean, berarengana jo zuen Luis Arsuagaren kasua azaltzeko. «Denbora luzez izan ginen, galdera asko egin zizkidan eta dena bideo batean jaso zuen. Nolabait ziurtatu egin zuen tortura kasu hau», azaldu digu. Geroztik, Intxorta 1937 kultur elkarteak argitaratutako Apaizak eta torturatuak liburuan ere jasota dago gertaera.
Arsuagarekin Frater gaixoen elkartean aritu ziren lagun batzuk Txiki eta Otaegiren hilketen kontrako manifestazioa gogoan dute, Gorosabeldik San Frantziskora «Franco hiltzaile» oihukatuz. Arsuagak bultzatuta, adimen desgaitasuna zutenekin lan egiten zuen Txolarte elkarteko kide batek gogoratu du garai iskanbilatsu haietako manifestazio baten ondoren guardia zibilak jaitsi, elkartean babestu eta apaiza joan zitzaiela bila auto batean, guardia zibilei gurutzea erakutsita apaiza zela adierazteko libratu zirela.
Guardia Zibilaren kapitaina atxilotuta
1976an, fusilamenduen lehen urteurrenean, Amnistiaren Aldeko Gestorak sortuta zeuden eta greba orokorra deitu zuten Euskal Herrian irailaren 27rako, astelehena. Geroztik Gudarien Eguna ospatzen da egun horretan. Aurreko asteburuan presoen senitartekoen itxialdia eta gose greba burutu zen San Frantzisko elizan amnistia eskatzeko. Hasieran, 44 pertsona itxi ziren eta asteburuan zehar ehunera iritsi ziren. Antolatzaileek alkatearekin eta Guardia Zibilaren kapitainarekin adostu zuten manifestazio isila eta istilurik gabe egitea, errepresiorik ez izatearen truke. Itxialdiaren irteeran manifestazio izugarria egin zen Tolosan. Hurrengo egunean Luis Alonso Valles kapitaina atxilotu zuten eta Pedro Rekalde Busca alkateak eta udalbatza osoak dimisioa aurkeztu zuten elkartasunez. 1977ko urrian eman zuen Espainiako Gobernuak amnistia.
Alonso kapitainari bi hilabete eta egun bateko zigorra ezarri zioten, manifestazioa ez sakabanatzeagatik. Union Militar Democratica-ko kide zen, 29 urtekoa, zuzenbidea ikasia. Maiatzean iritsi zen Tolosara, aurreko kapitaina, Manuel Balirac Abeijon, Donostiara destinatu zutenean Anparo Arangoa leitzarraren torturak izan ostean. El Ferrolgo espetxe militarrean bete zuen zigorra. Gerora, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen aurretik, Antonio Tejero Molina teniente koronelaren aurka azaldu izanagatik preso egon zen.
Aita Luis Arsuaga, behartsuen laguntzaile
Bere garaian Tolosan eta gero Venezuelan lan handia egin zuen apaiz eskolapioa izan zen Luis Arsuaga Arzelus. Tolosan jaioa 1934ko apirilaren 2an, familia erlijioso batean, bere izen bera zuen osaba, Luis Arsuaga Alberdi, Eskolapioetako errektore izan zen 1928an. Apaiz ikasketak egin ondoren, Japonian egon zen, eta gero Amerikako Estatu Batuetan Psikologia ikasi zuen. Handik jaioterrira itzuli zen. Irakasle izateaz gain, batez ere gazteen artean kristau taldeak sustatzen nabarmendu zen. Berak emandako larunbat arratsaldeetako gazte mezak Eskolapioen kaperan ospetsuak izan ziren. Gizarte talde desberdinen laguntzaile izan zen (Txolarte eta gaixoen Frater, besteak beste) eta pertsona zaurgarrien babesle (Jose Antonio Ezpeleta, Maximin Aranburu). Lan horietan Jesus Txutxo Perez eskolapio nafarra izan zuen laguntzaile.
Bere erlijio-ordenak Venezuelara bidali zuen 1977an eta han lan beretsua egiten jarraitu zuen, lehendabizi Valencian, Calasanz ikastetxean, eta 1989tik 1995era Caroran, beti behartsuen alde (adinekoak, kaleko umeak). Haur eta adinekoentzako egoitzak sortu zituen, adibidez. Bere izena mantentzen dute oraindik adinekoen jangelak eta gazteen zentroak. Han izan zen bitartean gutunez harremana mantendu zuen Tolosako lagun eta senideekin. Gaixotasun batengatik itzuli zen, han omenaldiak jasoz, eta Iruñeko eskolapioen egoitzan pasatu zituen azken urteak, 2000ko irailaren 19an hil arte. Bere heriotzaren 25 urte bete berriak dira.
Apaiz aurrerakoia, gazteak boluntario lanetan murgiltzera animatzen zituena eta beti laguntzeko prest agertzen zena bezala definitzen dute talde horietan arituz ondo ezagutu zutenek. Indar espiritual handiko pertsona zen, hori zabaldu eta komunikatzen zuena, gazteak liluratzen zituena. Horrek pertsona erakargarri egiten omen zuen. Jesusen jarraitzailea omen zen, kristau erradikala, beti ahul eta zaurgarrien alde. Fedea eta alaitasuna kutsatzen zuen, harremanetan irekia eta oso gertukoa zela diote.

