1952ko irailaren 14an inauguratu zen 88 etxebizitzako Izaskun auzoa. Bizilagunek eraikuntza lanetan aritzeko aukera izan zuten, etxea erosoago ordaintzeko eta lan egiten zuten lantegien finantzaketa izan zuten ordainketan lagungarri. Babestutako etxebizitzen lehen eredutzat har daiteke.
Aurreko mendeko 50. eta 60. hamarkadan asko hazi zen Tolosa, eskualdeko paper-fabrika eta beste lantegietan aritzera kanpotik jende asko etorri zelako bizitzera, asko Espainiatik, Extremaduratik batez ere. Etxebizitza ugari eraiki ziren, gehienbat herriaren erdialdetik kanpora: 1952an 88 etxebizitza San Blaserako bidean (Izaskun auzoa deitzen dena), 1953an 70 etxebizitza Laskorain-goikoan (San Esteban edo Zuberoa auzoa), 1956an 155 Berazubin (etxe zuriak, Pantaleon Zabala taldea deitu zen hasieran), 1965ean beste 128 Berazubin (lehen Pio XII eta orain Martin J. Iraola etorbidea deitzen dena, aurten 60. urteurrena ospatuko dute), 1972an 400 Amarotzen…
1952an Tolosan 3.000 etxebizitza (baserriak kontatu gabe) eta 15.000 biztanle baziren, 20 urte beranduago, 1972an, 5.000 etxebizitza eta 18.000 biztanle zeuden. Garai horretan baserri inguruan bizi zen jende kopurua erdira jaitsi zen (1950ean 2.000 biztanle, 1975ean 850) eta baserritarren bataz besteko adina igo egin zen (1950ean 30-35 urte, 1975ean 50-55 urte), Angel Martin Ramosek dionez La construcción de Tolosa liburuan.
Bi hamarkadetan (1952-72) etxebizitza kopurua ia bikoiztu egin zen Tolosan
Lehen aipatutako langileei begira eraikitako lehen auzoaren kasuan zentratuko gara. 1950ean Joakin Labaien arkitekto tolosarrak 88 etxebizitzako proiektua egin zuen San Blaserako bidean, Bidebieta baserriaren ondoan, eta 1951ko urrian lanak hasteko lizentzia lortu zuten. Hiru bloke lineal ziren, ezkerrean 5 atari, eskuinean 4 eta behealdean beste 2, guztira 4 pisuko 11 atari, pisu bakoitzean eskuin-ezker, erdian plaza bat utziz. Sukaldea, hiru logela eta bainugelako etxeak ziren (eta dira), 50-60 m2 ingurukoak, eta beheko solairukoak zertxobait txikiagoak. Herriarekin ez zuen kale edo loturarik eta zerbitzurik ere ez zuen.
Maiora parrokoak bultzatuta
Wenceslao Maiora Santa Mariako parrokoa izan zen bultzatzailea, Madrilen lehendabizi 700.000 pezeta eta ondoren 1.525.000 pezeta eskatuz. Jose Maria Caballerok zuzendutako patronatuak hartu zuen proiektuaren ardura. Tolosako patroiaren izena eman zioten erakunde ongile-eraikitzaileari eta auzoari: Izaskungo Andra Maria.
Herriko lantegi batzuk bere langileei etxea ordaintzeko laguntza eman zieten
Eta Tolosako lantegi batzuk finantza laguntzak zozketatu zituzten bere langileen artean: Papelera Española (12 langile), SAM (10), Mustad (7), Arzabalza (5), Limousin (4), Elduayen (4), Arkaute… Zozketaz erabaki zen enpresa bakoitzeko zein langilek izango zuen etxea erosteko aukera. Gainera, bizilagunei beraiei eraikuntza lanetan aritzeko aukera eskaini zitzaien: 600 lan ordu eginez gero, hileko 90 pezetako kuotarekin erosiko zuten etxea 20 urtetan. Ramon Gorria bizilaguna arduratzen zen kuota hori kobratzeaz. Lantokitik atera eta, buzoa kendu gabe, egunero ordu batzuetan zehar bere etxea izango zena eraikitzen jarraitzen zuten lanean. Horrela lan eginda, azkar bukatu ziren lanak, urtebete eskasean, nahiz eta hilabetez obrak geldirik egon, bariantea egiteko asmoa zabaldu zelako. Urteak beharko ziren bariante hori burutzeko, 1979an inauguratu baitzen.
Agintari ugari inaugurazioan
1952ko irailaren 14an inauguratu zen Izaskun auzoa agintari erlijioso eta zibil ugarirekin: Joakin Ruiz Jimenez Hezkuntza ministroa, Jaume Font i Andreu Donostiako lehen apezpikua, Tomas Garikano Goñi gobernadore zibila, Jose Maria Caballero Arzuaga Diputazioko lehendakaria, Wenceslao Maiora Telleria Santa Mariako parrokoa, Pedro Irazusta Gaztañaga alkatea eta diputatu probintziala, Jose Antonio Ponte Pikabea Espainiako Etxebizitza Institutuko delegatua Gipuzkoan, Joakin Labaien obren arkitekto zuzendaria, Santa Mariako kabildo parrokiala, Izaskungo Andra Mari erakunde ongile-eraikitzailearen zuzendaritza eta Accion Catolicako etxebizitza idazkaritza.
«Aire, eguzki eta argitasunez betetako etxe handi eta garbiak» zirela esan zuen Maiora parrokoak inaugurazioan. Lehen biztanleetako asko bikote ezkonberriak izan ziren. Familia ugariak izaten ziren orduan, kasu askotan 8, 9 edo 11 seme-alabakoak. Auzoan jaiotako lehen haurraren familiari ohea, sehaska eta armairua oparitu ziola agindu zuen parrokoak eta Cortes familia izan zen zorteduna, Andres jaio zenean. Ez zen umerik falta auzoan eta herritik aparte zegoenez, bertan egiten zuten bizitza, elkarrizketatutako bizilagunek adierazi dutenez. Lehen telebista Saez familiak ekarri zuen eta, beheko solairuan bizi zirenez, etxeko leihoak zabaldu eta kanpotik ikusten zuten ume askok. Pixkanaka ugaldu ziren telebistak eta telebista propioa izan arte ondoko bizilagunen etxeetan ikustea beste aukerarik ez zen. Arriola anaiek Caobania zirkua muntatzen zuten auzoan bertan, eta bizilagunek aulkiak etxetik jaitsita ikusten zuten. Tomas Regillagaren akordeoiaren inguruan festa ugari antolatzen ziren, tarteka isunaren bat ere jasoz.
Festak, eskola, elkarteak
Handik aurrera, ekimen eta gertakari asko ezagutu dira Izaskun auzoan. Jaiak antolatzen hasi ziren 1953an eta 2020an Covid 19ko pandemia iritsi arte, antolatu dira (jaien aurretik auzolana egiten zuten dena txukun jartzeko), 1954an erdiko kioskoa eraiki zuten, handik urte gutxira zabaldu ziren auzoko eskolak, 1972 arte martxan izan zirenak (gero Aspacek eta Laskorain ikastolak erabili zituen eta gaur egun Helduen Hezkuntza kokatzen da bertan), Izaskun (1971) arraunean eta Arsenal (1976) futbolean nabarmendu ziren elkarteak sortu ziren, Corpuseko prozesioak… Auzoan bertan ez dago dendarik edo tabernarik, beheko solairu librerik ez baitago, denak etxeak baitira. Baina geroago eraiki ziren ondoko Zabaletaren etxeetan izan zen La Viña taberna, geroago Danena izena izan zuena, eta Dionisiren dendak ere zerbitzua eman zion urte luzetan auzoari. Bikote asko sortu ziren auzotarren artean. Zinta karrerak lagunduko zuen horretan agian: neskek bere izena bordatzen zuten eta zinta hori lortzen zuen mutilarekin egiten zuten dantza. Txato Nuñez eta Antxon Otezabal futbolari ezagunak ere bertan jaioak dira, besteak beste.
2012ko ekainaren 2an, 60 urte betetzear zirela, ospakizun bazkaria egin zuten auzoan bertan, 250 bizilagun elkartuz. Bizirik zeuden 20 sortzaileei omenaldia eta argazki zaharren erakusketa egin zuten, eta bertan ateratako argazkiekin aldizkari bat argitaratu zuten. Konponezinak txarangak animatu zuen ekitaldia. Festa polita gisa oroitzen dute bizilagunek, aspalditik ikusi gabeko jendea elkartu zelako. Lau urte beranduago beste ospakizun bazkaria egin zuten, kasu horretan jende gutxiago elkartuz.
Gaur egun hasieratik auzoan bizi diren oso pertsona gutxi gelditzen dira bizirik, ondorengo batzuk badira eta auzora etorritako jende berri asko bizi da bertan. 75 urte betetzeko bidean, bere nortasuna mantentzen duen langile auzoa da Izaskun.





