Duela aste gutxi Tolosan aurkitzen den eta oso gutxi ezagutzen den eraikin historiko ederra bisitatzeko aukera izan da, bertako langileek gidatuta: San Frantzisko pasealekuan dagoen Probintzia Artxiboa. Artxiboen Nazioarteko Astea izan zen aitzakia, Ipuscua hitzaren agerpenaren mila urte betetzen direla aprobetxatuz. Artxibo guztiek bezala, antzinako liburuak, planoak, argazkiak eta bestelako dokumentuak jasotzen ditu. Eta probintziala izanik, lurraldeko erakunde publikoei buruzko agiriak biltzen ditu. Baina Gipuzkoan bi probintzia artxibo daude, Oñatin historikoa eta Tolosan orokorra. Zertan bereizten dira? Tolosan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako dokumentuak daude, Tolosako barrutiko notariotza dokumentuekin batera. Oñatin Gipuzkoako beste barrutietako (Azpeitia, Bergara eta Donostia) notariotza dokumentuak aurkitzen dira, Estatuko administrazioak lurraldean dituen delegazioetakoekin batera (estatistika, meteorologia, ogasuna, kartzelak, merkataritza, lana, hirigintza, Gobernu Zibila).
Bisita gidatu horretan, bertako langileek egiten dituzten zainketa, katalogazio, digitalizazio eta zabaltze lanak ezagutu ahal izan zituzten herritarrek. Lan-aretoa, gordailua eta zaharberritze tailerra ikusi ahal izan zuten. Dokumentu zahar batzuk ere ikusi zituzten, Libro de los Bollones izenekoa, adibidez, XV. mendetik kontserbatzen den kode bakarra. XV eta XX. mendeen arteko milaka jatorrizko dokumentu gordetzen dira pareta horien artean eta liburuen apalek 5,5 kilometroko luzera hartzen dute.
Baina zein da etxe honen historia? Gipuzkoako Probintzia Artxiboa Tolosan izan da betidanik. 1530ean Santa Maria parrokian kokatzea erabaki zuten Batzar Nagusiek. Ez zen gaur egungoaren neurrikoa, noski. Paretan sartutako kutxa bat besterik ez zen, tiradera batzuekin. Sarrerako ateko burdin sarea irekitzeko hiru giltza behar ziren, diputatu nagusiak, alkatea eta artxibozainak zituztenak. 1564an alkateak bere etxera eraman behar izan zuen kutxa, lan batzuk egin behar zituztelako elizan. Hurrengo urtean parrokiara itzuli eta koruko pareta batean sartu zuten. 1590ean Batzar Nagusiek sakristiaren gainean eskuinaldean solairu bat eraikitzea enkargatu zioten Pedro Mendiola maisuari, artxiboa bertan jartzeko. Hauek ziren mila dokumentu zituen artxiboko altzariak: armairu bat, mahaia, banku luzea eta sei eserleku.
Mikel Gotzon Telleriak Enciclopedia General Básica de Tolosa liburuan dioenez, apaingarri gisa, foru aldundiak lau irudi eskatu zizkion Jeronimo Larreari XVII. mende hasieran, lau bertute kardinalak adierazteko: zuhurtzia, zuzentasuna, sendotasuna eta neurritasuna. Elizaren sarrerako atarian egon ziren kokatuta, ondoren Donostiara eraman zituzten eta bertan gelditu ziren. Horrekin batera Gipuzkoako armarri zaharreko lau zatien (Belateko kainoiak, hiru haginak, Aragoiko erregea eta Nafarroako erregea) esanahia adierazten zuten erliebeak ere enkargatu zizkioten Larreari 1599an. Hauek ere Donostiara eraman arren, artxiboak berreskuratu zituen eta San Telmo museoan izan den Ipuscua 1000 urte erakusketan ikusgai izan ondoren Tolosara itzuli dira.
1727an artxiboa lekuz aldatu zen, sakristiaren gainera, baina ezkerraldera, espazioa irabaziz. 1781ean sutea izan zen Santa Maria parrokian, baina artxiboa libratu egin zen hiru tolosarren parte hartzeari esker. Tarte batean dokumentuak udaletxean eta partikular batzuen etxeetan gorde ziren.
Eliza, Alondegia eta frontoiaren artean
XIX. mende amaieran artxiboaren egoera txarragatik hainbat alditan saiatu ziren Donostiara eramaten, leku seguruago batera, sakristiaren gaineko lokalak sortzen zituen kezkengatik, baina azkenean Tolosan gelditzea erabaki zuten eta Manuel Etxabe arkitekto probintzialari eskatu zioten proiektua 1902an. Aukeratutako kokapena San Frantzisko pasealekuko eremu bat izan zen, San Frantzisko eliza, Beotibar frontoia eta Alondegiaren artean. Gaur egun probintzia artxiboa kokatzen den eremuan San Frantzisko elizako komentua aurkitzen zen. 1901ean sute batek kaltetu egin zuen komentu izandakoa, udal alondegi bezala erabiltzen zena orduan. Komentuaren hondakinak eraitsi eta bi partzelatan banatu zen bere orubea, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez.
Sortutako zati batean Alondegia kokatu zen, hau da, janarien biltegirako eraikin publikoa. Juan Alejandro Mujika udal arkitektoak egin zuen proiektua, L formako 16 metro zabaleko etxea, San Joan kalera irekia. Pilotalekua murriztu egin zen komentua desagertu zenean. Beste zatian, aurrekoa baino handiagoa, eraiki zen artxiboa, pasealekura ematen zuen lorategiaz inguratua. Lurrak udalarenak ziren eta foru aldundiari utzi zizkion.
Etxabek proiektatutako eraikinak 615 m2 hartzen zituen, simetrikoa zen, fatxada nagusia pasealekura zuen eta bere lerrokatzetik atzerago gelditzen zen. Erdiko gorputzak bi solairu zituen eta alboetan, lau solairuko bi gorputz sakonago. Pisu hauen altuera erdikoena baino txikiagoa zen, dokumentuen biltegirako erabiliko zirelako. Estilo baliabide nahasketa erabiltzen zituen eraikinak kanpoaldean, Martinek dioenez, hareharrizko lana, zeramikazko plafoiak tartekatuz. Barneko egitura hormigoi armatukoa da, Jose Eugenio Ribera ingeniariaren sistema erabilita. Proiektuaren planoetan artxiboaren zaindariarentzat pabiloi bat egiteko bi aukera agertzen dira. Azkenean artxiboaren eta San Frantzisko elizaren artean eraiki zen pabiloi hori, artxiboarekin lerroan. Gaur egun desagertuta dago eta pasealekua eta Alondegia plazaren arteko pasabidea dago bertan. Eraikina, bere diseinuagatik eta kokapenagatik, herriko elementu garrantzitsua dela dio Martinek. 1902an hasi ziren eraikitzen, San Joan jaien barruan egin zen lanen inaugurazioa, ekainaren 25ean, eta 1904ko irailaren 8an inauguratu zen eraikin berria.
Inaugurazio ekitaldi garrantzitsuak
Inaugurazio ekitaldiak ez ziren nolanahikoak izan. Pasealekua apaindu egin zuten zuhaitzen adarrak moztuz eta armarriak garbituz. Gipuzkoako alkate guztiak gonbidatu zituzten Tolosara, duela egun gutxi bezala, lurraldearen lehen aipamenaren mila urte bete direla eta. Foru aldundiko diputatuak tren korreoan iritsi ziren, udaletxean egin zitzaien harrera diputatu eta alkateei, ondoren meza nagusia Santa Maria parrokian eta jarraian denak batera joan ziren probintzia artxibora Elizako ordezkari eta Musika Bandarekin. Ekitaldi nagusiaren amaieran bandaren kontzertua izan zen Trianguloa plazan eta banketea Zumardiaundian. Amaieran bandak dantzarako doinuak eskaini zituen eta aurreskua izan zen Zumardiaundian bertan. Eguna bukatzeko, udal ordezkariek gonbidatutako agintariak agurtu zituzten tren geltokian.
Bere historia luzean eraikin honi buruzko gorabehera ugari aurki daitezke udal aktetan. 1942an artxiboko dokumentuak Oñatira eramateko aukera aipatzen da, probintzia artxiboa han zentralizatzeko eta horren ondorioz, 1943an udalak eraikin hori erosteko aukera azaltzen da, baina proposamen horiek ez ziren aurrera atera. 1954an eraikina inguratzen zuen burdin sarea eta horma bota zituzten. 1959an lorategia jarri zuten etxearen inguruan. 1972an, artxiboaren egoitza handituz, udal kultur etxea proposatu zen udaletxean, baina ez zen egin.
1986 eta 1990 artean berritze lan garrantzitsuak burutu ziren probintzia artxiboan, Felipe Setien arkitektoaren zuzendaritzapean, bere zerbitzuetarako espazioa irabaziz, baina kanpoko itxura mantenduz.
1994an Ricardo Ugarteren Oroimenaren gaztelua izeneko eskultura jarri zuten eraikinaren aurrean, Oteizaren Atauts eskulturarekin batera kaleko eskulturen bildumari hasiera emanez, artxibo honetan herri baten oroimena gordetzen delako. Ehun urte luzeetan hori izan da bere zeregina, Santa Maria parrokian beste lau mendetan zehar bezala. Eraikinaren barneko banaketa hasieran bezalatsu mantentzen da. Alboetako lau pisuetan liburu eta dokumentuen gordailua dago. Erdiko bi solairuetan berriz, ikertzera edo kontsultak egitera etortzen direnentzat eta bertako lanetarako gelak daude: katalogazioa, digitalizazioa, zaharberritzea, zabaltzea...
Urte batzuetan Gipuzkoako Probintzia Artxiboarekin zerikusirik ez duen beste eginkizun bat ere bete zuen eraikinaren zati batek: udal liburutegi publikoa. 1932ko aktetan aipatzen dira liburutegi hori zabaltzeko negoziazioak, baina 1955 arte ez ziren burutu horretarako lanak. Fatxada nagusira begiratuz, eskuinaldean beheko solairuan kokatu zen 1986ra arte. Urte horretan kultur etxea eraiki zen Trianguloan eta hara pasatu zen udal liburutegia beste kultur zerbitzuekin batera.

