Eraikinaren izena kokatua dagoen kaletik hartu du eta kalearen izena historialari tolosar ospetsuenarena da. Pablo Gorosabel Dominguez (1803-68) legegizona, probintziako artxibozaina eta Tolosako alkatea izan zen. Zuzenbidea eta historiari buruzko hainbat liburu idatzi zituen, bereziki Gipuzkoa eta Tolosaren historiari buruzkoak. Gipuzkoako korregidorea eta Kontseilu Probintzialeko diputatua izan zen. Bere heriotzaren mendeurrenean hainbat ekitaldi akademiko antolatu ziren bere omenez, bere oroitarria jarri zuten kalearen hasieran (32.000 pezeta kostatu zen) eta plaka bat bere jaiotetxean, kale Nagusiko 25.ean. Bertan ikus daiteke oraindik, lehen pisuan, Estanislao Urruzola Uxola-ren plakaren parean. Kalearen izena eman bazioten ere, herritarrek Rondilla deitzen zioten betidanik, XIX. mendera arte, kalerik ez zenean, Erretengibel erreka zegoenean, haren ertzean goarnizio frantseseko tropek zaintza erronda egiten zutelako.
1896an euskaraz Atzeko kale deitzea erabaki zuen Udalak, Rondillarekin batera. Baina 1900 urtean izen hori galdu zuen pertsonaia historikoarena jartzeko, Iñaki Linazasorok Historia y guía de Tolosa liburuan dioenez. Gaur egun, Rondilla da kalearen izen ofiziala, izen tradizionala berreskuratuz. Kale honetatik N-1 Madril-Irun errepide nagusiaren trafiko handia pasatzen zen 1979ko apirilean bariantea eraiki arte, 25.000 ibilgailu egunean. 1912an Tolosa-Donostia tranbia elektrikoa hasi zen pasatzen kale horretatik eta geroago linea bereko trolebusa.
XX. mendearen hasieran eskolen beharra ikusi zuten Tolosan, Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala. 1902an lurrak desjabetu zizkioten Antonio Lizarribarri eta 1903an eraikin berri bat proiektatzen da mende erdi lehenagotik zegoen ume txikien eskolaren orubean, Gorosabel kalean, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburua azaltzen duenez. Proposamen desberdinak eztabaidatu ondoren, 1905ean hasi ziren eraikitze lanak. Eskola berrien fatxada nagusiak Iturritxiki plazara emango zuen eta alboko fatxadak, Gorosabel kalera. Baina, azkenean, proiektua aldatu egin zen eta fatxada nagusia Gorosabel kale aldera gelditu zen, gaur egun bezala. Horrela, atzealdean jolastokirako espazioa gelditzen zen. Horren ondorioz, Iturritxiki plaza txikiagotu egin zen, eraikin berriak iturri nagusia zegoen tokia hartu zuelako.
Gorosabel kaleko eraikin nagusia
Juan Alejandro Mujika arkitektoak egindako proiektuan eraikin berriak hiru solairu zituen, simetrikoa zen, etxearen alde batean neskak eta besteak mutilak kokatuz. Iskin banatan eskailerak zeuden kanpoaldean, hasieran eraikinari perpendikularki itsatsiak, baina beranduago eraikinari paraleloki erantsiak. Gaur egun, azken berrikuntzan, kanpoko eskailera horiek kendu egin zituzten. Eraikin berria asko nabarmendu zen Inguruko eraikinen artean dimentsio handiengatik eta fatxaden erregulartasun eta itxuragatik, kaleko eraikin nagusia bihurtuz. Kalearen lerro orokorra baino atzerago altxatu zen etxea.
Eskola berrien beharra 1896an areagotu zen, Estatuak Erret Armaola zaharrean zen eskola emateko baimena iraungi zuenean. 1843tik erabiltzen zen eskola hori. Eraikin hori enkantean atera zen eta udalak, jabe berriarekin adostuz, hurrengo urteetan eskola alokairuan mantendu zuen. Hala ere, Erret Armaola bezalako ondare arkitektoniko garrantzitsuak jabetza publikoa izateari utzi zion.
1907an bukatu zen Pablo Gorosabel kaleko eskola berrien eraikina, Cayetano Setien kontratista izanik. Berrikuntza garrantzitsua izan zen, haur eskola, Armaolakoa eta plaza Berriko Toril etxekoa ordezkatu zituen. Udal eskolak gisa sortu ziren. Urte horretako San Joan jaietan inauguratu ziren udal eskola berriak gobernadore zibila eta batzorde probintzialeko lehendakariordea bertan zirela eta Eduardo Mokoroari okasiorako enkargatutako himnoarekin. Ez zuen pentsatuko orduan mende bat beranduago bere izena daraman musika eskola izango zenik bertan.
Udal aktetan eraikin honi buruzko aipamen asko agertzen dira: 1907ko irailean Leibar kontserjearen eta urrian ordenantzaren izendapena, 1909an estufaren beharra (kalefazioaren gaia askotan aipatzen da), 1912an eskolako kantina inauguratu zen, 1920an patioa argiztatu zen, 1921ean dantzaldia ematera etorri ziren musikariei lo egiteko tokia utzi zitzaien, 1924an Natividad Artieda irakaslearen izendapena, 1926an, eskola graduatua egiteko berrikuntza lanak, 1927an marrazketa eta arte eta ofizioen eskola bertan ziren, 1928an Honorio Mozo irakaslea dago, 1929an obrak bigarren solairuan, 1930ean M.Consolacion Iturrioz irakaslea dago, 1936an Manuel Jimenez eta Petronila Saez dira irakasle, 1937an kultura fisikoko klaseak eskatu zituzten udaletxean, 1938an 12 irakasle ziren, 1942an Garate zen kontserjea, 1946an berritzeko proiektua, 1968an telebista erosi zuten eskolarako eta jangela bazen, 1979an helduentzako gau eskola jarri zen… Azken urteetako zuzendariak Paco Sainz eta Ramon Santamaria izan ziren. Xake jokoa bultzatu omen zuten bereziki, ikasle ohi batzuek diotenez. Candido Araniguria, Lucrecio Castroviejo, Martin, Trini… aipatzen dituzte irakasleen artean. Frankismo garaiko ohiturak aipatzen dituzte ikasle izandakoek: himno nazionala kantatu eta bandera espainola altxatu, Falange eta elizako ordezkariak kide edo seminarista bila joatea… Neskak eta mutilak gela desberdinetan, irakasle emakume eta gizonekin, oso berandura arte.
Eskolaren atzean tren zerbitzuko apeaderoa egiteko lehen eskaera 1915ekoa da. 1920an batzorde bat izendatu zen gai hori kudeatzeko eta 1921ean Oreja diputatuak instantzia aurkeztu zuen eskaera bera eginez.
Udaletxea hamahiru urtez
Udal eskolak jaso zituen eraikin berriak hamarkada askotan zehar. Hori izan zen bere funtzio nagusia, 1936ko Gerran Gurutze Gorriaren ospitale gisa erabili bazen ere. 1940ean La Gota de Leche haurrentzako zerbitzua bertan ezarri zen eta 70. hamarkadara arte iraun zuen. 1980ean eskola publiko berria eraiki zen Santa Luzia auzoan, lehenagotik zeuden Institutua eta Samaniego ikastetxearen ondoan, Gorosabel berri izena hartuz. Rondilla kaleko eraikina Laskorain Ikastolak erabili zuen OHOko Goi Zikloko klaseak emateko, 1986an Usabal auzoan eraikin berria altxatu zuen arte. Bertako gimnasioa Udaberri dantzari taldeak erabili zuen hainbat urtez entsegu leku gisa 1982tik aurrera. Eta kontzertu batzuk eta txotxongilo emanaldiak ere izan ziren bertako gimnasioan eta aretoan. Bertako patioan bazkari erraldoiak ere izan ziren, Abesbatzen Lehiaketan edo Udaberri dantzari taldearen 25. urtemugan, besteak beste.
Berrikuntza batzuen ondoren (orduan kendu zituzten kanpoko eskailerak) 1989ko maiatzean udaletxea bertan kokatu zen, plaza Zaharrekoa berritu bitartean. 2002an itzuli zen plaza Zaharrera eta Aburuza jauregiko instalazio berrietara, ekitaldiz betetako egitarau batekin inauguratuz irailaren 28an. Udaletxearekin batera, Udal Musika Eskola eta Tolosako Musika Bandaren entsegu lekua ere bertan kokatu ziren 1989-90 ikasturtetik aurrera, San Frantzisko elizaren atzealdean zegoen musika akademia eta Sakramentinoetan Laskorain Ikastolak utzitako gela batzuk ordezkatuz.
Gaur egun bertan jarraitzen du, Eduardo Mokoroa izenarekin, 1. eta 2. solairuak hartuz. Aitzol Udal Euskaltegia ere bertan kokatzen da, 3. solairuan, Euskal Herria plazako epaitegian eta plaza Berriko Abastos plazan egoitza izan ondoren, 2003-04 ikasturtetik. Beheko solairuan berriz, Udalaren hainbat zerbitzu kokatzen dira: Udaltzaingoaren aldagelak, informatika zerbitzua, Tolargi…