Joxe Mari Otermin Urtizberea (Amezketa, 1948) omendu zuen aurreko igandean bere jaioterriko udalak herriaren historia dozena erdi liburutan jasotzen egindako lanagatik. Bizitza osoa ahozko eta ikus-entzuneko komunikabideetan lan egin ondoren, lan horretan murgildu da, «oso ondo pasatzen horretan». Loiola Irratian esataria, Euskadi Irratiko lehen zuzendaria eta ETBn Miramon zentroko arduraduna izan zen erretiroa hartu arte.
Zer moduz joan zen igandekoa?
Ondo, baina ez dut merezi. Lankide batek esan zidanean Zegamari buruzko liburua atera zutela, Amezketak ere merezi zuela pentsatu nuen, ezer ez zegoelako jasota. Istorio txikiak gustatu zaizkit beti eta hortik hasi nintzen. Neronek ondo pasatu dut gainera. Herri txikietako istorio txikiak esker onekoak dira.
Zein dira zure txikitako oroitzapenak?
Artzaintzarekin lotzen dut haurtzaroa. Aita artzaina zen, ardiekin Hondarribira joaten zen morroi eta han ezagutu zuen ama. Tarte batean paper-fabrikan aritu zen, baina ezin etsi eta erabat artzantzan aritu zen. Amezketan eskolara gutxi joan nintzen, aitari lagundu behar izaten niolako ardiekin. Artzaintzak eragin handia izan du nire bizitzan. Aralarrera joaten nintzen astoa hartuta 8 urterekin. Orendainen pasatzen genuen negua. Aita gazterik hil zen eta hiru anaia eta arreba gelditu ginen amarekin, aurretik beste bat oso gazterik hil zelako. Tolosako Sakramentinoen seminariora joateko aukera sortu zen eta hara joan nintzen 10 urte nituela.
Anaia Julian, Imanol Uranga sakramentinoa eta amarekin.
«Artzaintzarekin lotzen dut haurtzaroa, eragin handia izan du nire bizitzan»
Nolako esperientzia izan zen?
Oso gaizki pasatu nuen, ez kolegioko giroa txarra zelako, maila eskasa nuelako baizik. Ikaskide batzuk Tom eta Jerry, Bach, Beethoven, Maria Callas aipatzen zituzten eta nik ez nekien zein ziren ere. Beste mundu batetik nentorren. Eta gaztelera oso gutxi nekien, hasieran behintzat. Ikasle gehienak euskaldunak ginen, baina klaseak gazteleraz ziren. Ez zuten gazteleraren aldeko apusturik egiten, baina euskarari mesede egiteko joera nabarmena ez zegoen orokorrean. Irakasle batzuk sufritu egiten zuten horregatik: Xalbador Garmendia, Tomas Saizar… Bi irakasle mota zeuden: gaia jendearen aurrean esaten zutena eta gaia ondo mamitu eta barrutik ateratzen zitzaiena. Garmendia azken hauetakoa zen. Gogoan dut Baroja eta Unamunori buruz nola hitz egiten zigun. Behin futbolean ari ginela, baloiari buruz eman nion eta burua pentsatzeko zela esan zidan, ez baloia jotzeko. Umeen deia liburutxoa atera zuen eta Amezketari buruzko lantxo bat idatzi nuen.
Zenbat urte egin zenituen Tolosan?
Sei, batxilerra eta nobizio-aldiaren hasiera. Interno egon arren, ama gertu nuen eta maiz etortzen zitzaidan Amezketatik. Ikaskide nafarrek ez zuten aukera hori. Tolosa eta ingurua gutxi ezagutu nuen. Hilean behin paseo bat ematera ateratzen ginenean bakarrik: Belabieta, Lizartza, Berastegiko San Lorentzo... Nahiko oroitzapen txukuna daukat, batzuk gogorxeagoak izan eta eskola maila izugarria ez izan arren, giza balioak itsasten saiatzen zirelako. Balioak eta pertsona izaten erakutsi ziguten. Gero Deustu ezagutu nuen eta alderantzizkoa izan zen: maila handia, baina balio gutxi.
«Sakramentinoen nahiko oroitzapen txukuna daukat, giza balioak itsasten saiatzen zirelako»
Gaztaroa Areatzan eta Deustun pasatu zenuen.
Areatzan (Bizkaia) bi urte egin nituen filosofiaren hastapenak ikasten, eta gero, teologia ikasi nuen Deustuko unibertsitatean. Jauzia handia Amezketatik. Gizartea bera ere asko ari zen aldatzen garai hartan, 1966-67 urteez ari gara. Uda partean, lana egiten nuen Beasaingo fabrika handian, CAFen, anaia han ari zelako. Momentu batean, Juan Otaegi aita probintzialari esan nion utzi egin behar nuela sakramentino izaten. Oso fina zen eta nahi nuena egiteko esan zidan.
Eta nola aukeratu zenuen kazetaritza?
Gustatzen zitzaidan. Xalbador Garmendiak agindutako lan hori egin nuen, kazetaritza ikasitako irakasle bat bagenuen, sakramentinoetan nobizio nintzela Mumbain (India) egin zen Nazioarteko Kongresu Eukaristikoaz telebistan ikusitakoa laburtu eta ikaskideei azaldu nien zuzendariak hala aginduta, egunkariak irakurri eta irratiak entzuten nituen… Telebista ez, lehen telebista Lukas Dorronsoro Gazteluko erretorearen etxean ikusi nuen, Bartzelonak fitxatutako Mozambikeko Mendoza futbolaria izan zen. Komunikaziorako balio nuela esan zidan zuzendariak. Garai hartan herri txiki hauetan komunikazio hitza ez genuen erabiltzen, baina etorria, hizkera eta jarioa asko. Ama Lorenzo Bereziartua gotzain izendatu berriaren mezetara joan zen Abaltzisketara eta, Jainkoak dohain asko emango ziola esan zidan, baina hitz egitekoa ez.
Non ikasi zenuen kazetaritza?
Aukera gutxi zeuden: Iruñean, Madrilen, La Lagunan… Iruñean saiatu nintzen, baina Opusekoek ez zuten nahi izaten beste eskola erlijiosoetatik etorritako ikaslerik eta ez ninduten hartu, lehenago Mariano Ferrer eta Inazio Arregiri gertatu bezala. Madrilera joan nintzen, Complutense sortu berrira, 22 urterekin. 900 ikasle ginen maila berean, irakaslea gela handi batean eta beste bost edo sei geletan barne telebistaz jarraitzen genuen klasea. Horrela ezin zen ezer ikasi. Idazlanik ere ez genuen egiten. Zuzenketarik ez genuen izaten. Oso esperientzia ezkorra izan zen. Bi urte egin nituen horrela. Txema Urrutia laguna Loiola irratian aritzen zen eta udan han aritu nahi nuela esan nion. Orduan zeuden egunkarietan —La Voz de España, Unidad, Diario Vasco— ez nuen aritu nahi. Segituan joateko esan zidan Juan Lekuona zuzendari tolosarrak. Inazio Arregik proba egin eta 1973ko uztailaren hasieran hasi nintzen Jose Mari Iriondorekin. Udara joan zen eta nahi banuen jarraitzea banuela esan zidan Lekuonak. Horrela utzi nituen Madrilgo ikasketak.
Loiolako Herri Irratia izan zen zure benetako unibertsitatea?
Bai, izugarrizko eskola izan zen. Jose Mari Iriondoren euskaltzaletasuna, Karmelo Otaegiren ahots dotorezia, Mari Karmen Gardiazabal eta Ixiar Sagarzazuren freskura ikasi nituen, baina batez ere Inazio Arregi oso garrantzitsua izan da irratigintzan. Bergamon (Italia) ikasi zuen kazetaritza eta guztien maisua izan zen formalki irrati txukuna egiteko. Zentzu horretan oso irrati duina baino gehiago zen Loiolakoa. Ezin zen konparatu Arrate, Segura eta beste irrati txikiagoekin. Oso hurbileko irratia zen. Erreferente bat zen.
Zein zen zure lana?
Denetatik. Meza eman eta arrosarioa esatea kenduta, denetatik egiten nuen: elkarrizketak, emankizunak, informatiboak, magazinak... Kritika txiki bat egin behar banu, produktua gozatzeko modurik ez izatea da. 18 lagun izatera iritsi ginen. Gasolina oso merkea zen eta edozein tokitara joaten ginen zortzi minutuko elkarrizketa egitera. Gasolinaren prezioaren igoerak asko kaltetu zuen irratia. Garai hartan diru laguntzarik ez zen izaten. Diru sarrera publizitatea, bazkideen kuotak eta eskainitako diskoak izaten ziren. Ekonomikoki ez genuen arazo berezirik izan.
Euskaraz al zen dena?
Ez dena, gauza asko bai, baina solaskidea erdalduna bazen ez zen inolako eragozpenik izaten. Programa batzuk elebidunak ziren, beste batzuk erdaraz. Donostiako Herri Irratia erdaldunagoa zen, beranduago sartu zen han euskara. Estatuak autonomia bidea hartzera zihoala ikusi zenean, Espainiako irratigintzak zentralizaziorako joera hartu zuen. Gu COPE barruan geunden berez, baina ez genuen harremanik, bakarrik Bilbo eta Iruñekoekin. Denak COPEn elkartzea nahi zuten, baina Donostian manifestazio handi bat izan zen horren kontra eta lortu zen, Mariano Ferreren eraginez asko.
Zein izan ziren irratia euskaratzeko pausoak?
Euskara sustatzeko ekitaldi garrantzitsua izan zen 24 ordu euskaraz irratsaioa eta jaialdia, Donostiako Belodromoan 1976an. Jose Ramon Beloki izan zen horren ardatza. Donostiako Herri Irratiak bultzatu zuen eta gero Loiola, Bilbo eta Iruñekoak sartu ginen. Irratia euskara hutsean egitea planteatu zigun ekitaldi horrek. Hori ezinezkoa zela esan nuen askotan eta Alfontso Etxeberria Loiolan administrari izandakoa eta gero ELAko idazkaria izan zenak askotan gogorarazi zidan nik esandakoa. Arrazoia zuen. Laguntza ofizialik gabe ezinezkoa zela pentsatzen nuen. Gero, 1981ean, Lekuonak lortu zuen gobernuarekin hitz eginda egunero sei ordu euskaraz aritzea irratian. Horrek zituen zailtasunez orduan konturatu ginen. Ordu arte jo gabeko ateak jotzen hasi ginen. Adibidez, Alberto Ormaetxea Realeko entrenatzaileak edo Txomin Perurenak ez zuten ordu arte elkarrizketarik eman euskaraz. Karlos Argiñano ere han zen, aurretik Zeruko Argian arituta. Dirurik ez zegoen, baina arazorik ez zegoela esan zidan Argiñanok, larunbat goizetan Basque tabernan Spaten markako zerbeza batera gonbidatuta nahikoa zuela. Oso aberasgarria izan zen esperientzia hura. Urtebete egin genuen horrela eta gero Euskadi Irratia sortu zen.
«Irratia euskara hutsean, laguntza ofizialik gabe, ezinezkoa zela pentsatzen nuen»
Nola izan zen sorrera?
1982an Ramon Labaien Kultura sailburuak irratia martxan jartzea proposatu zidan. Hamabost egun eskatu nizkion pentsatzeko eta baiezkoa eman nion. Maiatzean hasi nintzen lanean eta azaroan emititzen hasi ginen. Zalantza zen irrati orokorra edo espezializatua egitea. Eztabaida handia izan zen, baina lehenaren alde egin nuen eta hori erabaki zen. Zerbitzu publikoa zen eta denetatik eman behar genuen, baita igandeko meza ere. Beste autonomietan beranduago sortu ziren irratiak. Lekuonak uste zuen Herri Irratiari ez geniola minik egingo, baina nik Ediporen konplexua nuen: aita garbitu behar dut zerbait izango banaiz. Argi nuen gure entzulea gehienbat Herri Irratikoa zela. Hilabete gutxian lan asko egin behar izan genuen: materiala lortu, langileak bilatu… Jende ona hartzeko aukera izan genuen. Patxi Mujikaren bertso artxibo handia eskuratu genuen, besteak beste. Poliki-poliki handitzen joan ginen eta 100.000 entzule izatera iritsi ginenean poz handia hartu nuen. Kopuru hori asko da egunkari batentzat ere. Asteburuetan Amezketara joaten nintzen ama bisitatzera eta behin gogoratzen naiz sukaldeko leihoa ireki eta balkoi guztietan Euskadi Irratia entzuten zela.
Euskara mota erabaki behar izan zenuten.
Buelta asko eman genion eta euskara batuaren alde egin genuen apustu. Jende bati gogorra egin zitzaion, baina garbi genuen. Bizkaian izan zen arazo nagusia.
Langileen eta programen artean zein nabarmenduko zenuke?
Mertxe Ezeizak bere algara gozoekin sekulako freskura ekarri zuen irratira Aizu aizu lehiaketarekin. Loiolan oso irrati serioa egiten genuen, ia barrerik gabekoa. Estudioa haizeberritu zuen. Joxerra Gartzia izan zen izan dudan langile argienetakoa. Pello Zabaletarekin batera Sorginen afaria egiten zuen. Jaime Otamendi oso gazte hasi zen eta Arantxa Iturbe eta taldearekin izugarrizko berritasuna ekarri zuten. Asko estimatzen ditut. Goizetan Julian Belokik eta Arantxa Irastorzak magazin ona egiten zuten. Kiroletan ere langile onak baziren. Programa eta esatari on asko izan dira, baina Mertxe Ezeizarena berezia zen, eskertu izan diot beti.
«Mertxe Ezeizak bere algara gozoekin sekulako freskura ekarri zuen irratira»
Eta gaizki atera diren programak izan al dira?
Audientziak beti markatzen du. Irrati homologagarria egin nahi genuen. Euskara gauza onekin uztartu nahi nuen. Donostiako jazz jaialdiak garrantzi handia zuen eta zerbait egin behar zela pentsatu nuen. Ahalegin bat egin nuen, baina audientzia oso txarrak izan eta utzi behar izan genuen. Donostiako Musika Hamabostaldiarekin ere apustu handi samarra egin genuen. Liburutxo bat idatziko nuke Euskadi Irratia eta Musika Hamabostaldiaren arteko harremanaz. Futbol liga duin ematea garrantzitsua zen niretzat.
Ba al du etorkizunik irratiak?
Irratia asko maite dut eta asko entzuten dut. Gau osoan irratia piztuta edukitzen dut. Euskadi Irratia martxan jarri zenetik ez nuen bost egun egingo entzun gabe. Gaueko programak ia beti patxadakoak eta lasaiak izaten dira. Pentsaera osatzeko zutaberik inportanteena irratia da. Ez dakit esan behar dudan, baina ia ez dut telebistarik ikusten, gauza batzuk besterik ez. ETB1 eta ETB2 nahiko txukun ari dira. Egunkari batzuk gustatzen zaizkit, Kataluniako La Vanguardia asko.
Gazteek ez omen dute irratia entzuten.
Baikor naiz, osasun luzea du irratiak. Ardoarekin gertatzen den bezala, denborarekin konpontzen da hori, adinarekin irratia entzungo dute.
Zergatik joan zinen telebistara orduan?
8-9 urte egin nituen Euskadi Irratian eta garbi nuen eman beharrekoak eman nituela eta aldatu behar nuela. Josu Ortuondo zuzendari nagusiak Miramongo produkzio zentroan zulotxo handi samarra zutela eta bestetik zerbitzuko produktu arduraduna behar zutela esan zidan eta baiezkoa eman nion berehala. Loiolan beste erakusle batzuk izan nituen bezala, Mikel Lejarzak erakutsi zidan asko lan berrian. Hasiera batean lasai samar edo sartu nintzen telebistan, baina eguneroko mazoa audientziarena bihurtu zen, oso noizean behin jasotzen ohituta, egunero goizeko zortzietan jasotzea kolpe handia izan zen, morrontza handia. Programa baten aldeko apustua egiten duzunean badakizulako izugarri kosta behar zaiola aurrera egitea.
Eta zein izan dira zure apustu onak?
Goenkale da horietako bat. Galesen izan ginen Amatiño eta biok, munduko telebista publikoen azokan, eta handik ekarri genuen ideia. Egunero eguneko produkzioa zen, erraza ez zen. Hasita geunden egunean egindako programa bat eskaintzen, Galdakaoko (Bizkaia) K2000n eginda. Oso gogorra zen. Hasi ginen poliki Goenkalerekin, lehen egunetan ez zen nabarmendu, baina gero ETBn gertatu den fenomenoetako bat izan da, izugarria. 200.000 ikusle izatera iritsi zen eta urte askoan iraun zuen. Talde asko izan ziren lanean, aktoreak, teknikariak, euskara zuzentzaileak… Ate asko ireki zituen Goenkalek.
«Goenkale ETBn gertatu den fenomenoetako bat izan da, 200.000 ikusle izatera iritsi zen»
Orain euskarazko fikzioa ez da apenas ETBn.
Go!azen eta horiek daude orain. Kanpotik ekarritako fikzioarekin, izugarrizko arazoa izan du ETBk. Kostatzen zena eta jasotzen zuen erantzunaren artean ez zegoen proportziorik. Beti porrota izan zen kanpoko pelikulak itzultzea. Fikzioarekin gaizki ibili gara beti, ez genuen asmatu.
2009an erretiroa hartu zenuen. Aurretik hasita zeunden Amezketari buruzko liburuak idazten eta horretan jarraitzen duzu.
Motel samar ikusi nuen Amezketa une batean eta altxa behar zela pentsatzen nuen, zerbait egin behar nuela. Hasi nintzen eta jarraitzen dut. Brotxa handiarekin idatzitako liburuak dira. Jende bati iritsi zaizkio. Herria nahiko txukun ikusten dut orain. Harroa ez dut izan nahi, baina tantoren bat eman diot nik ere. Eta neronek ondo pasatu dut idazten.
Amezketaz gain, bestelako liburuak ere badituzu idatziak.
Telebistaren istorioekin egin nuen bat. Euskadi Irratiarena ez nuen idatzi nahi izan. Eta Jose Goñi El Porteño pilotari argentinarrarena ere bai, trinketeko pilotari onena izanda Buenos Aireseko eroetxe batean pasatu zituen bere azken urteak. Oso istorio tristea.
Zertan betetzen duzu erretiroa?
Mendia gustatu zait beti. Santio bidea egin nuen Erromatik hasita, XIX. mendean Amezketako emakume bat eskale gisa hara joan zela gogoan izanda. Erretiroa hartu nuenean Hondarribitik Santiagora joan nintzen oinez, egunero irratirako kronika eginez. Marokoko Atlasan ere izan naiz. Baina duela lau urte bihotzekoa izan nuen Pirinioetan eta orain ordekan ibiltzen naiz, Aiete parkearen inguruan. Argazkilari oso txarra naiz, baina oso zalea. Ez naiz inora joaten argazki kamerarik gabe. Perretxiko zalea ere banaiz. Literatura irakurtzea gustatzen zait…
Eta idazten ari zara, noski
Orain Aralarrekin ari naiz. Artzaintzaren mundua desagertzear dago eta agian horren berri ematea badaukagu. Datorren urtea artzaintzaren nazioarteko urtea da. Aralarri buruz gauza asko dago idatzia, baina nik izenak jarri nahi ditut. Hemendik Gatikaraino eta Ahetzeraino joaten ziren ardiekin, adibidez. Nola ibiltzen ziren kontatu nahi dut. Aurreratu samarra daukat. Amezketako minei buruz izugarrizko hutsunea dago. Ez dago ezer idatzia. Baina ez da erraza informazioa bilatzea. Ameriketako beste pilotari baten bizitzan apaiz amezketar bat ere ageri da. Ez dakit horrekin zerbait egingo dudan. Jokin Altuna elkarrizketatu nahi dut. Amezketari esker oso ondo pasatu dut.
