Atzera begira

Buztinaga, Anoetako jauregia

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar

Baserri eta etxeen artean Buztinaga aukeratu dugu gaurko erreportajerako, jauregia ere deitua izan delako.

Erdi Aroan Anoetan jendea bizi zela esan dezakegu, herriaren sorrera urtea dokumentatuta ez badago ere. Dokumentazio eta informazio handirik ez dago herriaren historiaz eta liburu pare bat besterik ez dago horri buruz: inguruko eta Aiztondo bailarako herriei buruz 1974ean Hipolito Usabiagak idatzi eta Donostiako Aurrezki Kutxak argitaratu zuena, eta 2003an Aranzadik Anoetako baserriei buruz kaleratu zuena. Batez ere, azken hau izan dugu bidelagun lan honetan.  

1256an sortu zen Tolosa, Alfonso X. Jakintsuaren agiri baten bidez eta lehen biztanleen artean Ahanoetako edo Anuetako San Joan Bataiatzailearen elizaren inguruko batzuen izenak aipatzen dira, Elduain, Berrobi, Ikaztegieta eta beste herri batzuetakoekin batera. XIV. eta XV. mendeetakoak dira Anoetari buruz agertu diren lehen dokumentuak, aipatutako elizaren inguruko baserritar komunitate gisa definitzen dutenak. 1450eko agiri batean Tolosara ordezkari gisa joan ziren Anoetako bost baserriren izenak aipatzen dira: Argindegi, Goikoetxea, Iturgaitzaga, Mikelasagasti eta Urritzeta. 

Hurrengo mendean, XVI.enean, beste 21 baserriren izenak ere aipatzen dira: Aginagazpikoa, Agirre, Alliri, Apaetxe, Arozetxea, Arrutarte, Ateaga, Barrundia, Borondegi, Buztinaga, Erausia, Etxeberria, Idiakaitz, Ipentza, Iriarte, Katategi, Leubana, Mendigibel, Sarobe, Tapia eta Urritzeta. 26 baserri horiek dira XX. mendearen erdialdera arte herriaren muina osatu dutenak. 

Bost mendetan zehar baserria izan da Anoetaren arima, baina 1960. hamarkadatik aurrera protagonismoa galtzen joan zen, industriaren eta zerbitzuen mesedetan. Usabiagaren liburua argitaratu zenean, 1974ean, 54 baserri zeuden oraindik eta 1.500 biztanle zituen. Herriko lur onenak lanbide berri horietarako eta etxebizitzak eraikitzeko erabili ziren. Horrekin batera, biztanlegoak ere gorakada ezagutu du azken hamarkadetan, gaur egun 2.000 biztanle ingurura iritsiz. 

Etxebizitzako lehen eraikina

Juantxo Agirre Mauleonen zuzendaritzapean Aranzadi zientzia elkarteak argitaratu zuen Anoetako baserriak liburuan 38 baserriren berri ematen da. Horien artean, Buztiñaga aukeratu dugu gaurko erreportaje honetarako, etxebizitzak zituen herriko lehen eraikina. 
Gaur egun itxura nabarmenik ez duen arren, jauregia ere deitu izan diote etxe honi eta horrek egiten du bereizgarri Anoetan. Herriaren erdialdean dago kokatua, plazatik Alkizarako bidearen eskuinaldean, etxe berriak eta Modestoenea etxearen artean, trenbidetik gertu.  Buztin lekua esan nahi du etxearen izenak. 

Hilario Gaiztarro kirurgialari 
ospetsua 
Buztinagan jaio zen

XV. mendearen erdian eta XVI. mendean ohikoa zen baserriaren izena izatea bertan bizi zen familiaren abizena. Etxe horretan bizi zirenen Buztinaga abizena 1632an desagertzen hasi zen, Migel Buztinagak oinordetza bere alaba Frantziskari eman zionean, Anoetako baserrien liburuak azaltzen duenez. 1822ra arte Santiago Etxeberria izan zen Buztinaga eta inguruko beste hiru baserriren jabea: Ateaga, Ateaga Etxeberri eta Borondegi. Baina 1827an Buztinagaren beste jabe bat agertzen da, Juan Bautista Gaiztarro, eta Ateaga, Ateaga Etxeberri, Goikoetxea eta errota ere bereak ziren garai hartan. 

Gaiztarro Anoetako familiarik aberatsenetakoa zen XX. mendearen erdialdera arte, eragin handia izan zuena Donostian eta Gipuzkoako gobernuan. Lur askoren jabea zen Mirakruz gainetik Trintxerpe aldera. Buztinagan jaio zen Hilario Gaiztarro Ezeiza kirurgilari ospetsua, erregearen familiaren konfiantza zuena, Donostiako San Ignazio klinikaren sortzailea eta lehen zuzendaria. 1909ko urriaren 15ean hil zen 50 urterekin. 

Hilario Gaiztarro. 'Anoetako baserriak'

160 urte inguruko etxea

Gaur egun Buztinagak bi etxebizitza ditu, bat eraikin zaharrekoa errepide ondoan, azpialdean Maite janaridenda duena, eta beste trenbide aldera, berriagoa. Eraikin zaharrak harlanduzko eskantzuak ditu, XX. mendearen erdialdean berriztatu zen eta hormigoizko terraza moduko bat erantsi zioten duela 50 bat urte. Oin errektangularra du baserriak eta bi isurkiko teilatua. 

Eraikin berria 1860 eta 1871 artean altxatu zuten eta herrian jauregia deitzen hasi ziren, baserritarren harridura eragin zuelako, Tolosako eta Donostiako hirigune historikoko etxea baitzirudien, oso desberdina eta ukuilurik gabekoa. Madril-Irun trenbidea inauguratu ondoren eta Bigarren Karlistada aurreko garaiaz ari gara. Arkitektura neoklasikoko etxea da eta 1853an Tolosako Justizia plaza eraiki zuen Jose Eleuterio Eskoriatza arkitektoaren ezaugarriak dituela dio lehen aipatutako liburuak.  

Banda bertikaleko aurrealde nagusia nabarmentzen da eta kareharri harlanduzko beheko solairua, bere kalitate eta lanketagatik. Aurrealdeak bi ardatz simetriko ditu eta burdin sareak dituen balkoia. Etxearen aireztapena eta argitasuna lortzen da leiho eta balkoien neurri eta kopuruari esker.

36ko gerraren ondoren jauregia zirudien eraikinaren alde hori Alkizako Garaikoetxea baserriko Urruzola familiak erosi zuen, baina bertan ez da sekula bizi izan. Zazpi etxebizitza egin zituen bertan eta maizterrak izan ditu. Gaur egun etxebizitza horietako batzuk salduta ditu eta besteak alokairuan. 

Duela mende inguru Arrasateko Maria Leibar etorri zen neskame eraikin horretara. Familia aberatsa bizi zen orduan bertan (markesa bat aipatzen dute batzuk), baratze handia zuen ondoan eta beheko solairuan neskameak eta morroiak bizi ziren. Leibar bertako Agustin Berazarekin ezkondu zen. Bere ondorengoak bizi dira egun errepide aldeko etxebizitzan eta Maite janaridenda daukate.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!