Atzera begira

Plaza Berriko bi udal eraikinak

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2025ko mar. 20a, 11:59

Kiosko zaharra eta Abasto plaza. Argazkiak: Tolosako Udal Artxiboa.

Galtzaundi Euskara Taldeak egoitza berria izango du aurki; Plaza Berrian kokatuko da, Torilen etxearen behealdean; 1990ean sortu zen euskara taldea eta lehen urteetan egon zen plazara bueltatuko da.

Tolosako Udalak 1689ko uztailaren 14ko batzarrean plaza handi berri bat egitea erabaki zuen, etorkizunera begira udal zerbitzu batzuk hartzeko eta zezen festak eta pilota jokoa bertan egiteko, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburu ederrean jasotzen duenez. Ordura arte zezen festak Plaza Zaharrean egiten ziren eta txiki gelditu zen. Orduan zezen festak maiz egiten ziren Tolosan, herri, auzo, gremio edo erlijio jaietan, batez ere, sokamuturra eta zezen suzkoa, baina baita ere inauterietako bigantxak eta sanjoanetako korridak. Asteroko merkatua ere Plaza Zaharrean izaten zen, Zerkausia eraiki gabe baitzegoen. Plaza Berria kokatzeko Iribaratzeta izeneko lekua aukeratu zuten, harresiaren barruan. Garai hartan Alde Zaharra irla modukoa zen Oria ibaia eta Erretengibel errekaren artean (gaur egungo Rondilla kalean). Irla horren iparraldean, baratzeak eta sutegiak zeuden tokia hautatu zuten.

Hurrengo martxoan kontzeju etxea, alondegia, harategia eta torilak (zezendegia, jaietarako zezenak gordetzen ziren ukuiluak) egiteko behar ziren lursailak okupatzea eta lanekin hastea erabaki zen. Plazaren bi aldeetan eraikin bana izango zituen. Lur trukaketen bidez ordaindu zitzaien jabeei. Laukizuzen formako eremuak 2.400 metro karratuko azalera hartu zuen Mikeo (gaur egun Errementari) eta Arostegieta kaleen artean, iparraldeko harresiraino. Korreo kaleko lur batzuk ere hartu ziren plazarako sarbidea errazteko eta Rondilla kalearekin komunikatzeko duen pasabideak balio zuen baratzetatik harresien kanpoaldera irteteko, han baitzen zubia Erretengibel errekaren gainean. Sokorrope deitzen zitzaion Sokorro ama birjinaren irudia omen zegoelako bertan. Pasabideko plaka batean ikus daiteke 1953an uholdean urak hartu zuen altuera: 3,25 metro. 1933 eta 1983ko uholdeek ere kalte ugari eragin zituzten bertan.

1933ko uholdeak.

1953 urtean, uholdeak.

1983 urteko uholdeak.


ZEZENAK ETA AKADEMIA

Bi aldeetako eraikinak altxatzeko Bartolome Munita hargin maisua hartu zuten eta 1693an Juan Leyzik konponketa batzuk egin zituen. Obra amaitu gabe zegoela, plaza handitzea pentsatu zen, pilota jokora egokitzeko, horretarako Torilen eraikina atzerago eginez. 1716an Miguel Muñoa hargin maisua eta Juan Landa eta Bernardo Kareaga harotz maisuei enkargatu zieten kontzeju etxearen eraikuntza. Torilen etxea solairu bakarrekoa eraiki zen hasiera batean eta 1708an bigarren solairua eman zioten etxebizitzarako, baina 1759an bota egin zuten plaza luzatzeko, pilota jokorako berriz, etxea berreraikiz, Gorosabelek dioenez. Zezendegia Izaskun auzora eraman zuten orduan. Azkenean harategia eta alondegia ez ziren plazan kokatu.

Zezen jaiak 1703tik aurrera Plaza Berrian egin ziren, Plaza Zaharra merkaturako eta jai txikiagoetarako utziz. Angel Martinek dionez, udalak apustu garrantzitsua egin zuen Plaza Berriarekin bere beharrei erantzuteko. Aurretik espazio zabaletan eragin zuen komentuak edo Igarondoko Zumardia egiteko. Baina oraingo honetan harresi barruko eremu handia zen aukeratutakoa. Plaza Berria kale eta herriko sarrera nagusietatik eta elizatik aparte gelditzen zen. Bi aldeetako eraikinak udalaren zerbitzuetarako zeuden diseinatua. Etxebizitzak, ukuiluak, dendak eta sutegi txikiak ere baziren plazan, noski.

Harrigarria da kontzeju etxea plaza Berrian proiektatzea, 18 urte lehenago egin baitzen plaza Zaharreko udaletxea, urte askotan horrelakorik gabe egon ondoren, Andia dorrekoa XVII. mende hasieran horretarako erabiltzen utzi zenetik. Plaza nagusia izateko jaio zenez, udaletxea ere bertan kokatzea irudituko zitzaien egokiena, beste hiri askotan bezala. 1753an udalak etxe erdia, sutegia eta zoruak erosi zituen ostatu bat egiteko. Torilen etxe berria 1762an bukatu zuten, lehen solairuan trinketea zuela. 1800 urtean kontzeju etxea probintziari utzi zion udalak.

Zezenketak, plaza Berrian, XIX mende amaieran.

Toril etxean 1807an, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen babesean marrazki akademia zabaldu zen herriko hargin, harotz, igeltsero eta errementarientzat, marrazki, aritmetika eta geometria praktika irakatsiz. Klaseak gauez eta neguan izaten ziren. Akademia honetako lehen titularra Pedro Maria Ugartemendia arkitekto ospetsua izan zen, Donostiako zabalgunean parte hartu zuena Kortazarrekin batera. Zentroa 1844ra arte egon zen zabalik, Independentzia gerra izan ezik, eta orduan Arte eta Ofizio Eskola bihurtu zen. Eraikin berean Gizarte Zientzietako kolegio bat izan zen, Bergarako Seminarioaren menpe, Bernardo Fanok zuzendua.

Plaza Berria egin zenetik, pilotan aritzeko herriko leku nagusia izan zela dio Pablo Gorosabelek. Iñaki Linazasorok Historia y guía de Tolosa liburuan aipatzen du ble izeneko modalitatean aritzen zirela pilotan Plaza Berrian. Modalitate hau pareta baten kontra jokatzen da, baina ez dakigu frontis hori plazako zein tokitan kokatzen zen. Horren argazkirik ere ez dago. Bai ordea, aurresku batena, plaza eta balkoi guztiak jendez beteta. Ondoren trinkete batzuk egin ziren, Torilen etxean egindakoa adibidez, geroago ordezkatu egin zutena. Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zen garaian (1844-54) hiru trinkete zeuden Tolosan, bat Arramelen eta beste bi Santa Klaran, eraikin partikularretan. Espazio txikietan eta medio gutxirekin egiten ziren trinketeak, beste gauzetarako erabiltzen ziren eraikinetan. Baina biztanleak ugaltzen ari zirenez, Plaza Berrikoa baina handiagoa zen frontoia behar zuen herriak eta hiriburua izan zen garaian planteatu zen gaur egungo Beotibar, San Frantzisko komentuaren baratzetan, eta 1860ean burutu zen, aurrekoa baino 50 metro luzeagoa.

MERKATUA, ANTZERKIA…

Plaza Berria zezen festez libratzeko Justizia plaza (gaur egun Euskal Herria) egokitzen saiatu ziren garai berean eta XIX. mendeko urte batzuetan bertan egin ziren zezenketak, baina baita Plaza Berrian eta Zaharrean ere. 1903an zezen plaza eraiki arren Laskoaingo zelaietan, inauterietako zezen festak ez ziren hara pasa 1908ra arte, festa gunea Alde Zaharrean mantendu nahi zutelako herritarrek.

1858an Plaza Berriko kontzeju etxean berrikuntzak egin ziren etekina hobetzeko. Lehen solairuan zegoen areto nagusiaz gain, herriko okindegia eta okinaren eta agoazilaren etxebizitzak zeuden bertan. Berrikuntzarekin aretoa antzezlanak eskaintzeko egokitu zuten eta espazioa irabazi zen, okindegia kaltetu gabe, beheko solairu ia osoa hartzen baitzuen. XIX. mendeko bigarren erdian konpainia liriko eta dramatiko ugari izan ziren kontzeju etxeko antzokian, Espainian zehar zebiltzan talde ibiltariak ziren, Enrique Bellok azaltzen duenez. Herriko artisten emanaldiak ere izaten ziren. 670 eserleku zituen. Torilen eraikinean ere berrikuntzak egin ziren 1855 eta 1864 artean. Asteroko azokaren kokagunea erabakitzeko Plaza Berria eta Zerkausiaren arteko eztabaida ugari egon ziren eta 1895ean Zerkausiaren aldeko erabakia hartu zuen udalak bozketa lehiatu baten ondoren. Handik hiru urtera hasi ziren eraikitzen. Hala ere, eguneroko merkatua Plaza Berrian kokatu zen.

1930. urteko batzar eukaristikoa. 

1930. urteko inauteriak. 

Linazasorok aipatzen du Plaza Berriko kontzeju etxean hainbat zerbitzu eskaini zirela: musika akademia, alondegia, udal bulegoak, abasto merkatua eta udal zinema mutua. Musika akademia Toril etxean ere izan zela dio Javier Bello Portuk, eta arrazoi horregatik abiatzen omen ditu Tolosako Musika Bandak urtean zehar egiten dituen diana eta kalejirak Gorriti plazatik eta plaza Berrian amaitu. Inauteri piezak bildu zituen Rufo Montilla Musika Bandako zuzendaria (1886-96 urteetan) gogoratzen duen plaka ikus daiteke bertan.

ORFEON TOLOSANO

1901ean Orfeon Tolosano sortu zuten Cirilo Rekondok, Elosegi Ansola anaiek, Ixaka Lopez-Mendizabalek eta musikazale mordo batek, Eduardo Mokoroa zuzendari zutela, 150 ahots mistoz osatua. Udalak Plaza Berriko areto nagusia utzi zion Centro Musical Tolosanori, hau da Orfeoiari, egoitza gisa. Hainbat sari lortu zituen Donostian, Bilbon, Gasteizen eta hainbat herritan Donostiako Orfeoiarekin lehian, herri osoak ongietorria eginez ondoren geltokian. 1913an desegin zen abesbatza hori. Handik hamarkada askotara, 1998an, Tolosako Orfeoia sortu zen herriko hainbat abesbatza elkartuz eta Plaza Berrian izan zuen entsegu lekua baita ere lehen urteetan, Toril etxearen behealdean, etxe hori berritzeko lanak hasi ziren arte. Handik aurrera Nafarroa etorbideko egoitzara pasatu ziren, Orfeoia desagertu arte.

1907an eskola berria egin zenean Rondilla kalean, haur eskola eta Toril etxean eta Armerian zeuden eskolak itxi ziren. Torilen etxea urteen eta erabileraren poderioz zaharkitua zegoenez, 1914an eraikin berria egiteari ekin zioten, zerbitzu ofizialak hartuko zituena. 1916an amaitu ziren lanak eta suhiltzaileen parkea, laborategia eta korreo eta telegrafo zerbitzuak kokatu ziren bertan. 1921ean zinema Sport kafearen lorategian eta 1922an Arramele zubiaren ondoan Gorriti zinema-antzokia eraiki zirenez, plaza Berriko kontzeju etxea libre gelditu zen zeregin horretatik. Leku horretan 1931n merkatu publiko itxia eraikitzea planteatu zen. Okindegirako beste leku bat bilatu behar zen eta Agintari kalean zegoen arrandegia aukeratu zuten, okinaren etxebizitza gainean zuela, arrandegia merkatu berrira lekualdatuz. Guillermo Eizagirre arkitektoak bi solairuko eraikina proiektatu zuen merkaturako, tartean argi-zulorako hutsunea zuela, kanpotik eta barrutik eskailerak zituela. Inguruko baserritarrek eta harakinek han eskaini zituzten egunero beren produktuak hainbat hamarkadatan zehar. 1934an Adrian Laskibarrek nabe bat erantsi zion merkatuari, arrandegia jartzeko bertan.

Plaza Berria, 1974 urtean.

EUSKAL PLAZA

1898ko errotulazio ofizial elebidunean plaza honi Fueros izena jarri zioten gazteleraz eta Euskal Plaza euskaraz, hiru urte lehenago hala erabakita, baina jendeak plaza Berria deitzen zion, plaza Zaharretik bereizteko eta 1979ko batzarrean izen hori berreskuratu zuen udalak ofizialki, Iñaki Linazasorok lehen aipatutako liburuan jasotzen duenez.

Plaza Berrian sortu zen Urdiña txiki elkartea 1943an, 1976ra arte gazte mailako futbol taldea izan zuena. Hortik atera ziren, besteak beste, lehen mailako hainbat taldetan jokatu zuten Periko Alonso eta Txato Nuñez. Geroago Santa Maria kalera lekualdatu zen elkarte hori. Lehen aipatutakoez gain, 1977an negozio hauek aipatzen ditu Linazasorok plazan: Mujika nekazal makinaria, Arana ardoak, Orbegozo okindegia, Unanue ikaztegia, Ausin iturgintza, Itziar taberna, Iraola errementeria, Amaia taberna, futbolinak eta Arantxa konfiteria. Liburu hori argitaratu zuen garaian, 1980ean, plazak zorua ondo zeukala dio eta erdian iturria zuela zuhaitz eta eserlekuekin. Aurretik musikarako kioskoa izan zen plazaren erdian, gero bota egin zuten eta 2000 inguruan egin zen gaur egun dagoena, lur azpiko aparkalekuak egitearekin batera. Tolosako Musika Bandako kideez osatutako udal orkestinak makina bat dantzaldi eskaini zituen igande arratsaldeetan plaza honetan.

Abasto plazako lehen solairuan, herritarren diru laguntzarekin, Gureak tailer babestuak muntatu berri zirela aipatzen du bere liburuan, Tolosako eta eskualdeko aniztasun funtzionala zutenen zerbitzurako. Aurretik supermerkatu bat ere izan zen eta geroztik Aitzol udal euskaltegia bertan kokatu zen eta gaur egun udal haurtzaindegia behealdean eta hainbat talderen lokalak kokatzen dira lehen solairuan.

Abastos plaza, 1980 urte inguruan.

Urte askotan telegrafoa eta posta zerbitzua kokatu ziren Torilen eraikinaren behealdean. 1990ean, Galtzaundi Euskara Taldea sortu zenean, posta zerbitzuaren lokaletan kokatu zen, behealdean ezkerraldean, zerbitzu hau Nafarroa etorbideko anbulatoriora pasatu zenean. Geroago Galtzaundi Nafarroa etorbideko egoitza berera lekualdatu zen eta orain plaza Berriko Toril etxeko behealdera itzuliko da, kasu honetan eskuinaldera, fatxadari begira jarrita. Aurreko mendeko 80ko hamarkadan udal lnagile eta eskola publikoetako irakasleen etxebizitzak eta pedagogia aholkularitza zentroa kokatu zen Toril etxean. Gaur egun ezagutzen dugun etxea 2007an bukatu zen eta 18 etxebizitza ditu.

Posta zerbitzua, 1920-1930 inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!