Tolosako Alde Zaharretik kanpora, Laskoaingo zabalgunean, garai bertsuan, oraindik kalerik ez zenean, alderdi politiko batzuk bi eraikin berezi altxatu zituzten bere afiliatuentzat: 1933an EAJren inguruko Ureta higiezinen elkarteak Batzokia eta 1935ean karlisten inguruko Iparragirre higiezinen elkarteak bere egoitza, San Frantzisko elizaren parean. Izena, noski, Jose Mari Iparragirre abeslari karlistarengatik erabaki zuten. Ekimenek eta eraikinek afiliatuen konpetentzia ideologikoa adierazten zuten. Beranduago altxatu zenez, Zabala jaunaren lurretan eraikitakoa ederragoa eta handiagoa da. Antonio Agirre arkitektoak neurri handiko proportzioak eta apaingarri klasizista ugari jarri zituen: pilastrak, arkuak, balaustradak, frisoak, mentsulak… fatxada nagusian simetria gordez, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez.
Laskoain zabalguneko garapenean mugarri izan zen bi eraikin hauek egitea, herriko bizitzan eta funtzionamenduan, unea, erabilpen berezia eta neurria zirela eta. Horrela ekitaldiak, ikuskizunak, asanbladak eta bestelako manifestazioak egiteko bi eraikin lortzen zituen herriak, erakunde pribatuei esker. Enpresa, banketxe edo negozio etxeek inbertitzeko eta alderdi politikoek beren ideologia zabaltzeko eta botere kotak lortzeko leku egokia bihurtzen zen Tolosa. Errepublika garaian gertatu zen hau, borroka ideologiko bizia eta giza dinamika arina zen urteetan. Bi eraikinen arteko orubean etxebizitzak egin zituen bere jabeak. Inguru horretako lehenak izan ziren, San Frantzisko kalean txaletak besterik ez baitzeuden.
Iparragirre elkarteko akziodun nagusien artean Tolosako alkateak izandako Fidel Azurza, Rafael Ariztia eta Juanito Mokoroa daude, eta Caballero, Gutierrez de las Rozas, Salterain notarioa, Amiano, Gorrotxategi, Casteres, Jose Agirre… Circulo Carlistaren gainean etxebizitza batzuk egin ziren, gaur egun mantentzen direnak, eta bertan bizi ziren akziodun batzuk, Ariztia eta Agirre, besteak beste. Jende gutxik ezagutuko duen bitxikeria ere kontatu du Bitxori Salinasek EKAko zinegotzi ohiak: Mocedades abeslari taldeko Izaskun Uranga horietako etxe batean jaio zen, aitaren lan kontuengatik bertan bizitu baitzen familia urte batzuetan.
Egoitza frankisten esku
1936an gerra iritsi zen eta handik bi urtera bateratze dekretua atera zuen errejimen frankistak, alderdi guztiak Falange Española Tradicionalista y de las JONS alderdi bakarrean elkartuz, baina karlistek ez zutela onartu dio Salinasek. Alderdi berriak bereganatu zuen Iparragirre etxearen lehen solairuko planta nagusia eta Jefatura Local del Movimiento bertan kokatu zen. Herriko alkateak bertan izendatzen zituen gobernadore zibilak. Frente de Juventudes ere bertan ezarri zen, egoitza zuten Zumalakarregi kaleko Seseren etxea bota eta berriak egin zirenean. Futbol txapelketak eta gazteentzako jarduerak antolatzen zituen Organización Juvenil Española (OJE) ere bertan kokatzen zen, futbolina, billarra, mahai-tenisa eta horrelako jolasak eskainiz. Tarte batean jubilatuen egoitza ere izan zen, Euskal Herria plazakoa obretan izan zen bitartean.
Karlistek ezin zuten lokal horretan sartu, baina bulego bat mantendu zuten, klandestinitate garaian aktibitateari eutsiz; 1974an Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA) sortu zuten eta 1976an solairu osoa berreskuratu zuten, azken urteetan hutsik eta erabilpenik gabe zegoena. EKAk zinegotzi bana lortu zuen lehen bi udal hauteskundeetan: 1979an Bitxori Salinas eta 1983an Juantxo Zabala. Gipuzkoako eta, batez ere, Nafarroako hainbat herritan ere lortu zituzten zinegotziak. Hainbat urtetan alderdiaren egoitza gisa funtzionatu zuen, bere bilerak, hitzaldiak, erakusketak eta antzeko ekitaldiak burutuz. 1986an adibidez, karlismoari buruzko erakusketa zabala antolatu zuten. Eta urte berean Tercio Oriamendiren 50. urteurreneko ospakizuna burutu zuten. Partido Carlistaren bi kongresu ere izan ziren, indartsu zegoenean, estatu osoko 60-70 ordezkari bilduz, eta EKAren asanblada ugari ere bai. Okasio bereziren batean 150 lagun elkartu ziren bazkaltzen. 1992an karlisten museoa eskatu zuten, baina azkenean Lizarrsan egin zen.
Baina jabeak Iparragirre elkarteko akziodunak zirenez, epaiketara jo eta 2010ean utzi behar izan zuten, haien eskuetan geldituz. Geroztik ia 1.000 m2ko solairua hutsik dago: areto nagusia, hainbat bulego, sukaldea eta barra. Batzokian ere erabaki bera hartu zuen epaileak: EAJk utzi behar izan zion Ureta higiezinen elkarteari.
Iparragirre antzoki-zinema
Beheko solairua Iparragirre antzoki gisa erabili zen, lehendabizi bazkide sortzaileen ardurapean eta ondoren promotore partikular batzuekin, eskolen eta talde profesionalen emanaldiak eginez. Euskarazko antzezlanak eskaintzeko ohitura izan zen hainbat urtez Pazko bigarrenean. Musika (Antonio Machin, Santa Zezilia kontzertuak) eta dantza (Ballet Eibarres) emanaldiak ere izan ziren, Centro Femeninoren moda desfileekin batera.
Zinemaren inaugurazio data zehatza ez dugu lortzerik jakin, 50. hamarkadan seguru asko. 1953ko uholdeen aurretik zabalik zegoela esaten dute batzuk. Udal artxiboan Zumalakarregi kaleko sarrera berriaren irekiera jasota dago 1957ko aktan. FIDES (Federación Interprovincial de Espectáculo Sano) elkarteak kudeatzen zuen zinema, lokalaren jabea zen Juan Jose Garmendia apaiza buru eta Rita Pueyo idazkari zirela. Santa Maria parrokiako Igarondo zinema ere beraien ardurapean zegoen. Fidesek 56 areto zituen Euskal Herrian 1956an eta 596 areto Espainian 1961ean, asko parrokiekin harremana zutenak.
Garai batean Elizak eta Francoren errejimenak garrantzia handia zuten eta filmen moralitatea zaintzen zuen, eliz atarian jakinaraziz film bakoitzaren kalifikazioa, 3R (helduentzat zalantza batzuekin) edo 5 (moralki arbuiagarria). Beranduago ere adinaren arabera sailkatzen ziren filmak: guztientzat, 14 urtetik gorakoentzat eta 18 urtetik gorakoentzat. Bere ibilbide luzean pelikula ugari eskaini ziren asteburuetan eta astean zehar, zine-kluba barne. Bertako makinista edo proiekzio arduradun gisa Jesus Montoya eta Jorge Moreno aipatzen ditu Tolosako zineen ikerketa egin zuen Paco Lizarraldek. Estreinaldi ugari izan ziren bertan: Jesucristo Superstar, El padrino (3 zati), El rey leon, Memorias de Africa, El ultimo mohicano... Sarreran eta atseden tartean Lopez Piltra familiak Letxuga kaleko obradorean egiten zituzten gozokiak eta litxarreriak saltzen zituen bertan. Une batean lau zinema areto izan ziren Tolosan: Gorriti, Igarondo, Iparragirre eta Leidor.
Zinema komertzialaz gain, mendiari buruzko pelikula asko eman izan dira Iparragirren, lehendabizi Alpino Uzturrek antolatuta eta gero Mendifilmek. Hitzaldiak ere izan ziren, tartean Zumardi natur jardunaldietako lehen urteetakoak, 90. hamarkadaren hasieran, arrakasta handiz. Hala ere Iparragirrek ezagutu zuen betekadarik handienetakoa, Atletico Madrid futbol taldeko lehendakaria zen Jesus Gil y Gilek Tolosa CFren 75. urteurrenean emandako hitzaldiarena izango zen, dudarik gabe.
Técnicas de difusión liburu-denda
Eta zinearen ondoan Técnicas de difusión izeneko liburu-denda izan zen, Juan Jose Garmendiaren ardurapean. Liburuez gain (elizakoak besteak beste), eskoletako testu liburuak, eskola eta bulegoko materiala eta horrelakoak saltzen zituzten. Pepita Esnaola aritu zen bertan lanean 1970etik 1973ra arte eta Maria Anjeles Galarraga 1974tik 1986ra arte, besteak beste. Euskarazko liburuak ateratzen hasi ziren garaia gogoan du Galarragak. Bertan zeuden bulego batzuetan biltzen ziren Kardaberaz bazkuna idazleen elkartea eta Euskarazaintza euskararen akademia.
Telebista, bideo-klubak, dantzalekuak eta beste Leidorren konpetentziagatik, Iparragirre zinema itxi zen 2000 edo 2001eko uztailean, eta urte batzuetan beheko solairua hutsik egon ondoren, 2007an Gipuzkoako Foru Aldundiak arauetan erabilpena aldatzeko baimena eman zuen, Kutxaren bulego nagusia eta bi etxebizitza egiteko. Baimen horren truke enpresa eraikitzaileak 600.000 euro eman behar izan zion Tolosako Udalari kultur proiekturen batean erabiltzeko, eta honek Topic zentroan erabili zuen.