Madariaga etxea 1851 urtean eraiki zuten eta esku askotatik igaro da. Emeterio Arrese idazle ospetsua bertan bizitu zen eta eskola eta komentua ere izan zen garai batean. 2022ko abendutik Ibarrako Udala da haren jabea, nahiz eta oraindik jendea bizi den bertan. Udalak erosi aurretik, Nekane Azurmendi Ibarrako kultur teknikariak txosten bat idatzi zuen etxe honen eraikuntza eta salmenta desberdinei buruz. Informazio zabala jasotzen da bertan.
San Inazio auzoa eta Arane iturriaren artean, Emeterio Arrese kaleko 15. zenbakian kokatzen da etxe hau. Juan Bautista Madariaga Irizarrek eraiki zuen, horregatik deitzen zaio horrela. Antzuolan jaioa 1783an, Bergarako familia aberats batean, etxea eraikitzen hasi eta urte gutxira, 1854an, hil zen, Ibarran. Manuela Maria Medina Ortiz Cortes del Rey mexikarrarekin (Arizpe, Sonora) ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio Trifon, Maria de las Mercedes, Jose Maria Leon, Maria del Pilar Luisa (hiru urterekin hila), Jose Maria Mamento (hiru urterekin hila) eta Juan Estanislao. Merkatari izan zen Madariaga Bilbon. 1920ean bere koinatu Francisco Jose Jauregi Villarrekin Jauregi y Madariaga merkataritza-konpainia sortu zuen, handik zortzi urtera desegin zena. Gasteizen ere bizitu zen, 1845-50 urteetan, han ere merkataritzan arituz. Gero Gipuzkoan aritu zen, Irungo Sociedad del Transporte de la Unión Echeandia y Compañiako akzioduna izanik 1852an.
Elizibia lurrak
1851eko uztailean erosi zizkion Ibarrako etxea eraikitzeko lurrak Jose Maria Rekondori, Elizibia izeneko lurrak eta gaztainadia, 5.000 zilar-kobrezko errealetan. Handik egun gutxira, abuztuan, gaztainadiaren ondoan zegoen Elizburu izeneko lur-saila erosi zion Francisco Agirreri 11.600 zilar-kobrezko errealetan, Juan Uranga ordezkariaren bitartez. Berehala hasi zen etxea eraikitzen eta 1852ko urtarrilean, bere lur-eremua hesitzen hasi zenean, Elizibia iturri publikoaren inguruko gorabehera izan zuen udalarekin. Iturritik ibaira zihoan hustubidea bere lurretatik pasatzen zen eta ondoan etxe berriaren pareta ari ziren eraikitzen, hodirako sarbidea eragotziz. Udalak obrak geldiarazi zituen. Adostasun batera iritsi ziren bi aldeak probintziako gobernadorearen oniritziarekin: lanak aprobetxatuz, iturrian hobekuntzak egitea erdibana ordainduz, hustubidea garbitzeko bere lurretan sartzeko baimena ematea udalari eta iturritik ura hartzeko baimena ematea Madariagari. Honi esker, Madariaga etxea izan zen ura txorrotan izan zuen lehenengoetakoa Ibarran, Azurmendiren txostenaren arabera.
Donostiako eta Tolosako udal arkitektoa zen Jose Eleuterio Eskoriaza tolosarrak egin zuen obra 5.000 erreal koartoko aurrekontuarekin. Obraren esleipena Juan de Otaduik lortu zuen eta honek Pedro Jose Gabirondori utzi zion.
Diru-sarrera
Etxearen eraikuntzaren proiektua ez da aurkitu, baina harriaren garraioaren ordain agiria bai eta lanaren dimentsioa adierazten du. Ibarran garai hartan zeuden eraikinen artean oso nabarmena zen. Harria bertako Gurutzeaga harrobitik ekarri zuten gurditan 1851eko irailetik 1852ko maiatzera, egunero gurdizain bakoitzak 16 erreal eta peoi bakoitzak 5,5 erreal kobratuz. Horrela Pedro Jose Aranburuk, adibidez, 1.328 erreal-koarto jaso zituen idi parearekin 83 egunez egindako lanagatik. Gurdizainek 219 eta laurden bat jornal osatu zituzten, guztira 3.508 erreal-koartoko kostuarekin. Eta peoiek, harriaren karga-deskargagatik, 65 egun eta erdi jornal, guztira 415 erreal-koarto eta 8 marabediko kostuarekin. Horrek esan nahi du inguruko herritarrentzat diru-sarrera garrantzitsua izan zela Madariaga etxearen eraikuntza.
1854ko urtarrilean gaixotasunez hil aurretik, Juan Bautista Madariagak testamentua egin zuen bere alarguna, lau seme-alaba (hiru Mexikon bizi ziren eta bestea Tolosan) eta besoetako bilobaren alde. Ibarrako kanposantuan lurperatu zuten.
Une horretan etxea eraiki zuen Eskoriatza arkitektoari etxeko ondarearen deskribapena eskatu zioten. Berak emandako datuak dira hauek. 63 oin bider 39 oin zituen etxeak, guztira 2.457 oin karratu, eta ondoan eskalinata eta galeria. Sotoa, planta nagusia, lehen pisua eta ganbara zeuden. Sotoan bainua, egurtegia, sukaldea eta sukalondoa, iturria, labea eta bodega zeuden. Lehen solairuan sarrera, egongela Genoako marmol zuriko tximiniarekin, kabinetea tximinia eta etzalekuarekin, sukaldea, jangela tximiniarekin, bi gela eta komuna portzelanazko komun-ontziarekin. Eskailera nagusia obalatua zen, oso ondo egina arkitektoaren deskribapenaren arabera. Bigarren solairuan egongela txikia, kabinetea sukalde txiki batekin, lau logela, lanerako gela, idaztegia eta komuna zeuden. Bi pisuetako gela guztiak ondo papereztatuta eta margotuta zeuden. Ganbaran sei gela zeuden eta arropa lehortzeko gela. Eraikina horma sendoz eraikia zegoen, harlanduaz. Ondoan beste eraikin bat zegoen, kotxe-toki eta ukuiluentzat, 40x20 oinekoa, gainean lastoa eta aleak gordetzeko pisu bat zuela.
Lorategi modernista
Itxituraren barruan fruitu-arbolak, bestelako zuhaitzak, zuhaixkak, loreak, negutegia, harpe artifiziala eta glorieta zeuden. Garaiko estilo eta estetikako eraikin noblea eta lorategi modernista eraiki zuen, beraz. Dokumentu horretan zehazten dira etxean egindako hargin, arotz, igeltsero, burdindegi, hoditeria eta kristaleria lan guztiak. Hori dena kontuan hartuta, etxearen balio osoa 133.500 erreal-koartotan zehaztu zuen Eskoriatza arkitektoak 1856an. Aldi berean, altzari, koadro, apaingarri, etxeko arropa, ontziteria, arropa partikularra, osagai eta bestelakoen zerrenda eta balorazioa ere egin zuten orduan, 30.468 erreal-koartotan zenbatuz. Madariagaren beste ondasunen inbentarioa ere egin zuten: Alkizako Garro baserria, Azpeitiko Landeta baserria, Bizkaiko Meñaka elizateko Arriaga baserria, dirua, Compañía de transporte la Unión enpresako akzioa, maileguak, kredituak, errentak, garia eta abar luzea. Ondasunen guztirakoa 961.526 erreal eta 29 marabedietan zehaztu zen.
Ondasunak testamenduaren arabera banatu zituzten eta Ibarrako etxea alarguna eta bizirik zeuden hiru semeentzat izan zen, ezkondu zenean eman baitzion alabari bere partea. Maria Manuela alarguna Bilbora joan zen bizitzera eta hiru semeak Mexikon bizi zirenez, etxea eta baratza errentan jarri zituzten. Francisco Boinot frantsesak hartu zuen errentan 1959an, artile ehungintzan aritzen zena Ibarran, urteko 3.000 errealetan. Handik bi urtera errenta hilero ordaintzen hasi zen, 208 erreal eta 34 zentimo. Etxearen eta inguruaren zainketa bere kontua zen. Ez dago jakiterik zenbat urte egin zituen Boinotek bertan.
1881ean etxea Madariaga anaiena zen oraindik eta errentan zuen Felipa Bauduerrek, urteko 750 pezetatan. Lau urterako hartu zuen. Jose Ramon Arrese tolosarrarekin ezkonduta zegoen eta bere seme Emeterio Arrese olerkari ospetsua izan zen. 1869an jaio zenez, gutxienez nerabezaroa Ibarrako etxean igaro zuela badakigu, ez baitakigu noiz arte egon zen familia Madariaga etxean. Idazlea izateaz gain, Arresek pilota zabaldu zuen Hego Amerikan, frontoi ugari eraikiz. Sentierak, Zara eta Leidor operen egilea da. Bere omenez, udalak plaka jarri zuen Madariaga etxean eta 1991tik kale batek eta parke berri batek bere izena daramate.
1895ean madariagatarrek etxea eta lursailak saldu zizkioten Rafael Sotil merkatari donostiarrari 25.745,70 pezetatan. Honek 1903an etxea alokatu zien Oloroe-Donamariako Pedro Clavel eta Francisco Boudal irakasleei, Jesusen Bihotz Sakratuaren Anaiak, zortzi urterako, urteko 1.700 pezetatan, eta bertan eskola eta komentua jarri zuten, Estatuan orden horrek jarri zuen lehena.
Baina zortzi urteak bete baino lehen, 1908an Sotilek Berastegiko Jose Etxaberi saldu zion, eta 1910ean honek Ibarrako Francisco Izagirre Sasiaini. Bere familiarena izan da 2022ko abenduan udalak erosi zuen arte. Mendea baino luzeagoko epe horretako informazio gehiagorik ez dago. Oraindik jendea bizi da bertan, errenta kontratua amaitu arte. Udalak ez du erabaki oraindik zertarako erabiliko duen Madariaga etxea etorkizunean.