Abiadura Handiko Trenak gaurkotasuna duen egun hauetan, duela 160 urte egin zen Tolosako tren geltokiaren eta bertatik pasatzen den trenbidearen historia ezagutuko dugu, Tolosaldean egin den azpiegitura lanik handiena eta eragin handia izan zuena garaiko gizartean.
Tolosako tren geltokia 1863ko irailaren 1ean inauguratu zen, Madril-Hendaia trenbidearen Beasain-Donostia zatiarekin batera. Madril-Paris linea osoa 1864ko abuztuaren 15ean ireki zen, Isabel II.a erreginaren senarra zen Francisco de Asis eta Gustavo Adolfo Becquer idazlea bidaiari ospetsu zirela. Ikusmin handia sortu zuen trenak eta jende ugari elkartu zen bi ekitaldietan. San Frantzisko pasealekutik geltokira iristeko 140 metroko errepidea ireki behar izan zen. Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España izan zen ustiapenaren arduraduna, 1941ean Estatuak bere gain hartu eta sortu berri zen Renfe enpresaren barruan geldituz. 2004ko abenduaren 31tik Adif da instalakuntzen titularra eta Renfek jarraitzen du linea ustiatzen.
1850etik Espainiako Gobernuak interesa izan zuen Madril eta Frantzia lotuko zituen trenbidea eraikitzeko. Ibilbidea erabakitzea ez zen erraza izan, interes desberdinak zeudelako tartean. Bilbo eta Iruñea saiatu ziren trena bere hiritik pasatzea lortzen. Azkenean Araba eta Gipuzkoatik egitea erabaki zuten, Crédito Mobiliario Español sozietateari emanez lana. Gipuzkoak garrantzia irabaziko zuen pasabide lurraldea bihurtzen zelako. Gipuzkoa barruan ere eztabaidak izan ziren, azkenean trenbidea Oriako bailaratik, Donostiatik eta Irundik pasatzea erabakiz. Pirinioak zeharkatzeko oztopo leunena izateak eta Donostia eta Pasaiako portuek zerikusia izan zuten erabakian. Beasain-Irun zatia zen ibilbideko lauena eta errazena. Otzaurte-Beasain aldiz, aldapatsuena eta zailena, horregatik egin zen beranduago. Zati hau ibilbide osoaren azkena izan zen eraikitzen.
Tolosarrak sustatzaileen artean, Gipuzkoako erakundeek, liberalen esku garai hartan, trenbidearen aldeko apustua egin zuten, lurraldea batu, komunikazioa bultzatu eta merkantzia garraioa merkatu egingo zuelako, Pello Joxe Aranburuk eta Luis Mari Intzak Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan liburuan aipatzen dutenez. Donostia eta Tolosa nabarmendu ziren sustatzaileen artean. Kontuan izan Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan berria zela, 1844tik 1854ra.
Bidasoa eta Ordizia arteko zatia eraikitzeko 25 milioi erreal koartoko aurrekontua prestatu zuten. 1858ko urtarrilaren 14an fondo bilketa hasi zuen Diputazioak. Ladislao Zabala diputatu nagusia zen eta Martin Urreiztieta, idazkaria, biak tolosarrak. Gipuzkoa osoak erantzun ezin hobea eman zuen, azkenean traiektua zein izango zen jakin aurretik. Lehen hilabetean bildu zuten aurrekontuaren kopurua eta sei hilabetetan 35 milioi koarto. Donostiako Udalak 12.195.500 erreal eman zituen, Diputazioak 4 milioi eta Tolosako Udalak 2.172.000. Kanpotik ere iritsi zen dirua: Kubatik 5.258.000 (donostiarrak ziren gehienak), Perutik milioi bat eta Madrildik 985.000. Gerora trenbidea pasatu ez zen herri batzuk ere diru mordoa jarri zuten: Bergarak 917.000, Azpeitiak 815.000, Oñatik 758.000, Azkoitiak 521.000, Oiartzunek 426.000, Zestoak, Zumaiak, Zarautzek, Arrasatek, Hondarribiak, Segurak, Soraluzek...
Tolosaldeko beste herrietan kopuru hauek eman zituzten: Berastegik 108.000 erreal, Irurak 62.000, Lizartzak 50.000, Elduainek 44.000, Alkizak 36.000, Alegiak 25.000, Albizturrek 18.000, Ibarrak 14.000, Bidania-Goiatzek 11.000, Asteasuk 10.000, Villabonak 6.000 eta gainontzeko herriek kopuru txikiagoak.
Partikular askok jarri zuten dirua, tartean tolosar hauek: Luis Mariategi Gorteetako diputatuak 500.000, Manuel Lizartzaburuk 80.000, Jose M. Zabalak 80.000, Ladislao Zabala diputatu nagusiak 60.000 eta Ramon Zabala alkateak (Ladislaoren anaia) 60.000 erreal.
Helburua azkar bete zen eta 1858ko ekainaren 22an lanak inauguratu ziren, goizean Tolosako Beotibar pilotalekuan eta arratsaldean Donostiako Loiola auzoan. Tolosan Monteskueko magalean hasi ziren lanak, Berrano baserriaren azpian, San Frantzisko komentuaren atzeko pasabidea erraztuz eta geltokia izango zen eremurako betelana prestatuz, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez. Oria bailararen orografiak baldintzatu zuen trenbidearen trazaketa, kasu askotan toki estuetan ibaia, errepidea eta trenbidea batera joanez. Tolosan proiektuaren 1:400 eskalako plano erraldoi ikusgarria egin zuten, besterendu behar ziren lurrak zehazteko. Mende bat lehenago antzeko obra egin behar izan zen Irun-Leintz Gatzaga errepide nagusia eraikitzeko, baina orduan aurreko bide zaharra aprobetxatu zen eta herrian sartzen zen. Trenbidea biztanleengana gerturatu behar zen, erabiltzeen erosotasunerako, baina herri erdian sartu gabe.
ALDAKETAK BIDE ETA ERREKETAN
Alegiatik etorrita hegoaldetik, Artzabaltza baserritik pasatuz, 290 metroko tunel txiki bat egin zuten, errepidea eta Otzarain erreka gainetik pasatzen zuen ibilbideak eta Auzotxikiko maldatik geltokiraino zihoan. Zati horretan errepidea eta Oria ibaiaren ibilbidea aldatu behar izan zuten. Laskorain goikoa bailaran kilometro bateko zati zuzena lortu zen geltokia herritik gertu eraikitzeko. Arribakieta harrobia pasata, Villabona eta ipar aldera Oria bailararen trazatua jarraitu zuen trenbideak.
Trenbideak aldaketak eragin zituen auzo eta baserri bide ugarietan. Ikaztegieta adibidez, bitan zatitu zuen eta zubia eraiki zuten bi zatiak lotzeko. Batzuetan pasonibelak egin ziren, Aldaban, Artzabaltzan, Illibi errekan eta Anoetan adibidez. Beste batzuetan gaineko pasabideak, Olarrainen eta Berranoko bidean adibidez, edo zubiak Hernialden, Alkizako errekan eta Villabonan, besteak beste. Beste bide batzuk aldatu egin ziren. Erreka batzuen ibilbidea ere aldatu behar izan zen eta Anoetan Zufiaurre baserria bota. Eskualdeko herrietan sekula ikusi gabeko lanak izan ziren. Hala ere, herriek garrantzia irabazten zuten proiektu berriarekin, Martinek dioenez bere lanean. Laskoain bailara bitan zatitu zuen geltokiak eta trenbideak, San Frantzisko komentua eta epaitegi berriaren ondotik pasatzen zen, baina herrigunea albo batean gelditzen zen.
Tolosan 172 jabetza desberdinetan eragin zuen proiektatutako 5 kilometroko trazaketak, 15 hektarea hartuz guztira. Tolosaldeko beste herrietan luzera hau hartu zuen: Ikaztegietan 1.200 metro, Alegian 2.340, Altzon 500, Hernialden 100, Anoetan 3.460, Villabonan 3.100 eta Zizurkilen 700 metro. Aranbururen liburuan agertzen dira zehaztuta herri bakoitzean besterendutako lurrak, bere jabeak, azalerak eta ordaindutakoak. Tolosan 645.563 erreal ordaindu ziren lurrengatik, Anoetan 317.142, Alegian 258.924, Villabonan 226.558, Ikaztegietan 101.529 eta Zizurkilen 65.622 erreal.
GELTOKI BAKARRA, TOLOSAKOA
Tolosako geltokia eraikitzeko 600 metroko luzera eta 70 eta 160 metro arteko zabalera aldakorra zuen eremua erreserbatu zen, eraikitako azken partzelaren ondoan, Vegako Kontearen etxea, gaur egun Jesuitinen ikastetxea dena. Bigarren mailako geltokia izendatu zuten, merkatalgune garrantzitsua zelako. Hiru sala zituen, bidaiarien mailen arabera: 1. mailakoa 3 m2-koa, 2. mailakoa 3 m2-koa eta 3. mailakoa 6 m2-koa, baina azken hau aterperik gabe. Jose Ignacio Iglesias izan zen lehen estazio burua. Lehen urte hartako irailean eta urrian 56 tren pasa omen ziren Tolosatik eta 12.447 bidaiari izan ziren: 5.884 Donostiara, 3.974 Beasainera, 1.298 Hernanira, 1.132 Andoainera, 113 Irunera eta 46 Errenteriara. Horiek ziren Gipuzkoako geltokiak. Eskualdean ez zen beste geltokirik izan, 1872an Villabonan 4. mailakoa egin arte, urtetan eskatzen aritu eta gero.
Proiektuaren kapital nagusia atzerrikoa izan zen, frantsesa bereziki. Eraikuntzan inguruko harrobietako harria erabili zen, gurdika edo bizkarka garraiatuz gehienetan. Burdina, lokomotorak, bidaiarien kotxeak, furgoiak eta merkantzia bagoiak aldiz, kanpotik ekarri zituzten, geroago hasi baitziren Estatuan horrelakoak fabrikatzen. Kontratista, ingeniari eta langile asko atzerritarrak izan ziren, hemen ez zeudelako, eta inguruko herrietan bizitu ziren obrek iraun zuten bitartean. Trikitixa edo akordeoi diatonikoa orduan agertu omen zen inguru hauetan, Alpeetako langile italiar eta frantziarrek ekarria, soinu tresna horren jatorriaren teoria baten arabera. Trontza ere horrela iritsi omen zen hona.
Tunelak, zubiak, betelanak, trintxerak, paretak, zabaltze eta zelaitze lanetan pikoa eta pala erabili omen zuten gehienbat eta bolbora oso gutxitan harkaitzak zulatzeko. Ez zen lan erraza izan, oztopo ugari sortu baitziren. 1862ko irailaren 16 eta 17an uholdeak izan ziren, kalte ugari eraginez Arribakieta eta Arrameleko erriberetan. Urte bereko urriaren 28an lurrikara izan zen Frantzia hego-mendebaldean eta Euskal Herrian. Arribakietan lur jausia izan zen eta errepidea moztuta gelditu zen. Langileen gatazkak eta lanuzteak ere izan ziren. Hasierako aurrekontua hirukoiztu egin zen eta lehen urteetan tren garraioak porrot egin zuen. Denborarekin hobekuntzak etorri ziren. 1876an altzairuzko errailak jarri zituzten burdinazkoen ordez, XX. mende hasieran bi bide jarri zituzten, norabide bakoitzerako bana, eta 1929an linea elektrifikatu zen, baporezko lokomotorak erretiratuz.
BASERRITARRAK ETA KARLISTAK AURKA
Trenbideak hazkunde ekonomikoa ekarri zuen Gipuzkoan. XIX. mendearen erdialdean Tolosaldean sortu ziren paper-fabrikei (Tolosa, Txarama, Irura, Ibarra, Alegia) eta Tolosan eta Villabonan ireki ziren ehun-fabrikei mesede handia egin zien bere produktuak zabaltzeko, Espainiako merkatua menderatzera iritsiz paperaren kasuan. Biztanlerian ere hazkundea izan zen trena pasatu zen herrietan.
Duela 160 urteko gizartean, industrializazioaren lehen urratsetan, aldaketa handia suposatu zuen trenbidearen eraikuntzak, batez ere orduan nagusi zen nekazal munduan. Karlistak proiektuaren aurka agertu ziren eta, Santa Kruz apaizaren agindupean, batzuetan tren zerbitzua moztu egin zuten eta Beasaingo geltokia erre egin zuten. 1858an trenbidea eraikitzen hastear zirela, baserritarrek obretako seinaleak kendu eta artoa landatu omen zuten, urte hartan ere uzta lortzeko asmoz. Txirritak eta Xenpelarrek bertso ospetsuak idatzi zituzten, batek trenaren alde eta besteak, kontra.
Nekazariek, betiko bide eta ohiturei jarraituz, maiz zeharkatzen zuten trenbidea eta 3 eta 60 duro arteko isun ugari jaso zituzten Aldaba, Olarrain, San Esteban, Monteskue eta Belaten. Zuloaga baserriaren inguruan ganaduari bazka emateko saski handi bat zeraman baserritarraren kasua aipatzen dute Aranburuk eta Intzak. Lehen urteetan ugariak izan omen ziren sabotajeak (harri handiak edo enborrak jartzea trenbidean) eta erasoak (trenari harrika aritzea), segurtasun neurriak hartu ziren arte. San Esteban auzoan arazo ugari izan ziren ur faltarekin, Alliri erreka desbideratu zutelako kanal baten bidez lokomotorak hornitzeko.
Mende eta erdi pasatu da eta trenaren ibilbideak aldaketa gutxi ezagutu ditu, geltoki, tunel, zubi eta pasonibel gehienak mantendu egiten dira, nahiz eta batzuk berritu tarte horretan.