Atzera begira

[GOGORATUZ] Justiziatik txotxongiloetara

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko abu. 20a, 10:00

Zaldiak eta gurdiak plazan, XX. mendearen hasieran. Jose M. Tuduriren 'Tolosa (1900-1920)' liburua

Tolosako plaza garrantzitsuenaren eta bertako eraikin nagusiaren historia ezagutzea da artikuluaren helburua; azokak, jaiak eta ekitaldiak egin dira, eta aparkalekua ere izan da.

XIX. mendearen hasieran Tolosako Alde Zaharra inguratzen zuen harresia bota eta herria zabaldu egin zen, Erretengibel erreka estali eta Rondilla kalea irekiz. Hau izan zen herriaren lehen zabalpena, geroago Laskoain zelaiarena etorriko zen, Angel Martin Ramos arkitektoak La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez.

Udalak etxebizitzak eraikitzeko beharra ikusi zuen eta Peñafloridako konteari 13.800 m2ko orubea erosi zion Rondillako zelaietan, San Frantzisko komentutik iparraldera. 1823an eraiki zen plaza hau (bi mende bete zituen iaz), Eleuterio Eskoriaza arkitektoaren proiektua jarraituz. 458.650 erreal kostatu zen. Estilo neoklasikoa du, karratua da eta alde bakoitzak 50 metro neurtzen ditu.

1841ean Tolosako partidu judiziala sortu zen 40 udal hartuz, Gipuzkoako handiena eta jendetsuena. Beste hiru partidu judizialak hauek ziren: Azpeitia (22 udal), Donostia (16) eta Bergara 15). Urte batzuetan Gipuzkoako hiriburua txandaka aldatu ondoren, 1844an Tolosan kokatzea erabaki zuten. Donostiak 10.036 biztanle eta Tolosak 5.129 besterik ez izan arren, lurraldearen erdigunean kokatzea eta Nafarroa, Gaztela eta Frantziarako komunikazio gune nagusiena izatea lehenetsi zuten orduko erakundeek.

Horren ondorioz politikariak eta administrariak Tolosan kokatu zirela eta industria eta merkataritza erakarri zituela hiriburu berriak dio Martinek.

1854 arte izan zen Tolosa Gipuzkoako hiriburua eta garai horretan ekimen eta herri lan garrantzitsuak burutu ziren behar berriei aurre egiteko: Zumardi Handiaren zabalpena, Trianguloa (erdian iturri dotorea zuela), Miserikordia etxea handitu Arramelen, hiltegia, San Frantzisko pasealekua, Nafarroako zubia zabaltzea, Zerkausiko gaineko terraza, garbitegi berriak… Tesitura honetan kokatzen du Angel Martinek epaitegia eta kartzela eraikitzea plaza honetan.

1853an inauguratu zen plazako eraikin nagusia: lehen instantziako epaitegia eta kartzela. Vicente Unanue arkitektoaren lana izan zen. Erlojuaren gainean oraindik mantentzen da justiziaren ikurra den balantza. Justizia plaza izena jarri zioten plazari eta hala deitu zen 1979 arte.

AZOKA ETA IPARRAGIRRE

Urte gutxitan Tolosako biztanleria asko igo zen, 1877an 8.557 biztanle izatera iritsi zen. 1892 eta 1899 artean plaza bukatzeko falta ziren sei etxeak eraiki ziren, Julian Eizagirre eta Juan A. Mujikaren proiektuen arabera. Eraiki zen azkena, epaitegiaren ondokoa ipar aldera izan zen, 1898an, Guardia Zibilaren kuartela izateko proiektatu zen.

Erdi Arotik azoka garrantzitsuak egiten dira Tolosan. XVIII. mendean ganadu feria San Frantzisko eta Santa Klara komentuen aurrean egiten zen. Hamabostean behin egiten zen, baina 1788an hileko lehen astelehenean izatea erabaki zen. Justizia plaza eraiki zenean, hara pasatu zen ganadu azoka. Geroago astelehenero izatera pasatu zen, duela hamarkada batzuk Ferialekura aldatu eta handik gutxira desagertu arte. Horregatik herritarrek Asto edo Txerri plaza ere deitzen zioten.

Garai batean ale eta janarien hiru azoka egiten ziren astean Tolosan: astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan, plaza Zaharrean, 1785ean Zerkausia eraiki arte. XIX. mendetik aurrera larunbatetan bakarrik egiten dira. Gaur egun kanpoko ekoizleen arropa, oinetako, fruta eta beste elikagaietako azoka Euskal Herria plazan egiten da larunbatero, eskualdeko ekoizleak Zerkausian eta Berdura plazan kokatuz.

Ganadu azoka, XX. mende hasieran. Jose M. Tuduriren 'Tolosa (1900-1920)' liburua

Justizia jauregiaren barruan kartzela ere eraiki zutela aipatu dugu. Preso ospetsua izan zen bertan: Jose Maria Iparragirre abeslaria 1855an, Madrilgo gobernuak kendutako Foruak berriz jartzea behin eta berriz eskatzeagatik. Bertan sortu zuen Nire amak baleki abestia: «Zibillak esan naute/ biziro egoki/ Tolosa'n bear dela/ gauza erabaki/ giltzapian sartu naute/ poliki poliki/ negar egingo luke/ nire amak baleki». Gaur egun Iparragirreren txotxongiloa aurkitu daiteke bertan, Topic zentroan, Enkarni Genua txotxongilolariaren oparia.

22 PRESO

1882an 22 preso zeuden kartzela honetan. Horietako bi (Eugenio Kamio eta Martin Etxeberria) garrote vil sistemaz hil zituen Iruñetik etorritako borrero batek. Espainiako gerran ere kartzela izan zen bertan. Eta ondorengo urteetan Guardia Zibilak plazan zuen egoitza eta kalabozoa, San Blaseko kuartela eraiki arte.

Zezenketak eta zekorketak izan ziren plaza honetan. Adibidez, 1866ko sanjoanetan Frascuelok, nobillero zela, Raimundo Diazen bi zekor toreatu zituen batera, ustekabean bigarrena atera zelako toriletatik. 1899ko San Joan egunean Lodosako (Nafarroa) Meliton Catalanen lau zezen toreatu eta hil zituzten Pepete eta Calero toreroek. Sarreren prezioa: eguzkitan 2 pezeta eta itzaletan 4 pezeta.

1899an telegrafo zerbitzua inauguratu zen plaza honetan. Gero beste leku batera eraman zuten.

Sarjentuen banderari zin egite ekitaldia, 1937. urtean. Jose M. Tuduriren 'Tolosa (1900-1920)' liburua



GERRA ETA HORMA-IRUDIAK

1937an, gerra zela eta, ingeniaritako behin-behineko sarjentuek banderari zina egin zioten plaza honetan, Pinto eta Orgaz jeneralen aurrean. Ekitaldiaren gastua 11.499,59 pezetakoa izan zen, gastu handia, Tolosako Udalaren aurrekontua milioira ez zela iristen kontuan hartuta.

Idi probak 1942ko Euskal Jaietan eta xexenak inauterietan, 40ko hamarkadan. Jose M. Tuduriren 'Tolosa (1900-1920)' liburua

1942an, Euskal Jaien barruan, idi probak egin ziren plazan. Urte batzuk geroago epaitegia Nafarroa etorbidera aldatu zen eta gaur egun Alondegia plazan aurkitzen da. Hutsik gelditu zenean, udalak Juanito Lope eskultoreari utzi zion kartzela izandakoa bere lanak egiteko. 1979tik Euskal Herria plaza deitzen da. Kotxeen aparkaleku bezala erabili zen 2010 arte, baita TAO sistema ezarri zen lehen urteetan ere. Urte batzuetan Aitzol udal euskaltegia ere bertan kokatu zen, Gorosabelera aldatu arte. Euskal Herria plazako arkupeetako sabaietan 1989ko azaroan artista gazte batzuk bere pinturak margotu zituzten: Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaron tolosarrek, Koldobika Jauregi alkizarrak eta Jose Mari Hernandez donostiarrak. 780 m2ko horma-irudia, zuriz pintatuz gero izango zuen aurrekontuarekin eta artea herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin. Topic-en lanetan zati bat txikitu arren, bertan ikus daitezke oraindik.

Justizia plaza, 1976. urtean. Kotxeak aparkatuta ikusten dira. Angel Martin Ramosen 'La construccion de Tolosa' liburua

TOPIC

2009tik Topic (Tolosa Puppet International Center) txotxongiloen museoa, CITen egoitza eta aretoa kokatzen dira bertan. Museoan erakusketa iraunkorra eta aldakorrak erakusten dira eta aretoan hitzaldi, kontzertu, proiekzio eta bestelako ekitaldi ugari egiten dira. Gainera Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak ere etxe honetan entseatzen du. Epaitegiaren itxitura eta iluntasunetik txotxongiloen magia eta koloreetara aldatu da plazako eraikin nabarmenena.

Euskal Herria plaza giro handiko gunea bihurtu da ostalaritza zerbitzuengatik, hotela barne, eta jaietan eta urtean zeharreko ekitaldietan protagonismo berezia izaten du: San Joan eguneko eskopetarien Alardea, Inauterietako txosnak, kontzertu bereziak, dantzaldiak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!