Zumalakarregi kalekoa ez da Tolosak izan zuen lehen batzokia. Sabino Aranak 1895ean sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzalea. Tolosako EAJ 1907an sortu zuten, eta urte bereko ekainaren 27an inauguratu zuten batzokia Antonio Elosegi —gaur egungo Korreo— kaleko 63. zenbakiko lehen pisuan, euskal kultura sustatzeko helburuarekin. Ixaka Lopez-Mendizabal eta Jose Eizagirre abokatu gazte tolosarrek egin zuten inaugurazio ekitaldia. Handik gutxira 45 bazkide zituen jada. 1910ean, San Frantzisko pasealekuko 19. zenbakira lekualdatu ziren, eta 1916an Pablo Gorosabel —gaur egungo Rondilla— kaleko 33. zenbakira, antzezlanak eta ekitaldi politikoak egiteko aretoa txikiegia gelditu zitzaielako.
1932ko martxoaren 22an, Ixaka Lopez-Mendizabalek, Ureta higiezinen elkartearen izenean, Aberri-Etxea eraikitzeko baimena eskatu zuen; handik astebetera eman zion udalak. Laskoain kalearen inguruan, Benita Gaztañagari (Juan Urkiolaren alarguna) erositako orubean kokatu zen egoitza. Proiektua Guillermo Eizagirre eta Adrian Laskibar arkitektoek egin zuten. Beheko solairuan, agertokia eta antzokia zituen, eta lehen solairuan, gelak eta areto txikiagoak. Eraikitzen hasita zeudela, proiektua zabaltzea erabaki zuten, goian frontoi txiki estalia eransteko.
Garai hartan Zumalakarregi kalea osatu gabe zegoen eta eraikin isolatua egin zuten, ondorengo etxeen eraikuntza ez baldintzatzeagatik, Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan aipatzen duenez. Oria ibaira ematen duen fatxada euskal estilo berrian egin zuten, Eizagirrek eta Laskibarrek askotan erabili zutena. Gutxitan egin zuten proiektu bat elkarrekin. San Frantzisko pasealekuko Banco Tolosa —gaur egun Santander bankuaren egoitza— da bestea.
Konpetentzia ideologikoa
Handik gutxira, 1935ean, eta handik gertu, San Frantzisko elizaren parean, karlistek bultzatutako Iparragirre elkarteak beste eraikin bat proiektatu zuen Zabala jaunaren lurretan. Konpetentzia ideologiko handiko urteak ziren eta karlisten egoitza izateko eraikin handiagoa eraiki zuten, apaingarri gehiagorekin. Ureta eta Iparragirre eraikuntza mugarriak izan ziren Laskoain zelaian, Tolosaren zabalkundearen hasieran.
1932ko uztailaren 10ean Jose Antonio Agirre lehendakaria etorri zen Tolosara, Batzokiaren obrak ikustera. Azaroaren 5ean lehen inaugurazioa izan zen, ez- ofiziala: Jose Ariztimuño Aitzolen meza Frantziskotarren elizan, Francisco de las Heras kapilauaren bedeinkapena, ekitaldi politikoa (Lopez-Mendizabal, Fausto Leunda eta Doroteo Ziaurrizekin), oturuntza 300 mahaikiderekin, Karlos Linazasoro Altzetaren eta Aitzolen hitzaldia eta Jose Olariaga eta Esteban Zubiria bertsolarien saioa.
Geroratutako inaugurazioa
Inaugurazio ofiziala 1933ko ekainaren 18an zen egitekoa, programa zabal batekin, baina aurreko bi egunetan Gipuzkoa osoan izan ziren uholdeengatik bertan behera gelditu zen. 1934ko uztailaren 15ean egin zen azkenean. Gorteetako euskal diputatu abertzaleei omenaldia egin zieten, Herrialde Katalanetako eta Galiziako diputatuen presentziarekin. Egun horretan, Tolosa euskal abertzaletasunaren hiriburua izan zela dio Jose Antonio Rodriguez Ranzek 1995eko Tolosa, Euskal Abertzaletasunaren bihotza. EAJren historia Tolosan liburuan, 15.000 abertzale elkartuz.
Urtebete lehenago prestatutako egitarau zabalaren antzekoa gauzatu zen. Bezperan, literatur lehiaketa eta Xabier Landaburu diputatuaren hitzaldia izan ziren. Egunean bertan, berriz, txistularien diana, mezak San Frantzisko eta Santa Maria elizetan, banderen bedeinkapena, ekitaldi politikoa EBB-ko Lopez-Mendizabal, GBB-ko Teodoro Hernandorena, UBB-ko Ramon Moraiz eta diputatu galiziar eta katalanekin, batel estropadak, bazkaria, herri iberiarrekiko atxikimendua adierazteko ekitaldi politikoa Beotibar frontoian —Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon, Altzeta, katalanak eta galiziarrak izan ziren—, Euskal jaia eta erromeria Berazubiko zelaian —500 lagunek parte hartu zuten, dantzan, herri kiroletan eta abesbatzetan—.
Askotariko erabilera
1936ko gerraren aurreko urteetan dinamika handia izan zuen Tolosako Batzokiak: bilerak, ekitaldi politikoak, hitzaldiak (1931 eta 1936 urteen artean, 42), kirol probak (pilota txapelketak eta mendi ibilaldiak), kultur saioak (jaialdiak, antzerki taldea, euskara klaseak, dantza, txistu eskolak, zinema, abesbatza), erlijio eta ongintza-sorospen jarduerak… Emakume Abertzaleen Batza eta Euzko Gaztedi Indarra ere bertan kokatzen ziren, bere kideei hainbat jarduera eskainiz.
Errepublika garaiko urteetan tentsio handia izan zen, baita Tolosako udaletxean ere. Zinegotzi gutxi izan arren, EAJko Antonio Maria Labaien alkate izan zen hainbat aldiz, batzuetan karlisten botoekin eta besteetan sozialistenekin. 1936ko abuztuaren 11n Francoren aldekoek Tolosa hartu zutenean, Labaien alkatetzatik kendu eta Fidel Azurza karlista jarri zuten alkate. Abertzale batzuk Euzko Gudarostean sartu ziren Bizkaian borrokatuz, askok erbestera joan behar izan zuten eta herrian gelditu zirenek errepresaliak jasan zituzten, besteak beste, bere jabetzak kenduz. Frankismo garaiko lehen urteetan, Batzokia Falangearen kuartel gisa erabili zuten. Geroago, tabako-lehortegi izan zen, eta urte askotan, lanbide eskola izan zen bertan.
Hamaika urtez hutsik
Diktadura luzearen ondoren, Franco hil zenean, Batzokia berreskuratu zuen EAJk, 1977an. Hainbat jarduera antolatu zituzten ondorengo urteetan: pilota txapelketak, judo eta euskara klaseak… 1986an, EAJren zatiketa etorri zen; talde batek Eusko Alkartasuna sortu zuen Carlos Garaikoetxearen gidaritzapean. Batzokien gerra piztu zen orduan, etxe horien jabetzagatik borroka latzak sortuz. Eztabaida eta epaiketa askoren ondoren, 2010ean, Tolosako Batzokiaren jabetza Ureta higiezinen elkartearena zela erabaki zuten epaileek, eta ez alderdiarena. 2013an, EAJk Zumalakarregi kaleko egoitza utzi zuen eta Batzoki berria inauguratu zuen Inpernu kalean, ekainaren 16an. Gaur egun Zumalakarregi kaleko etxea salgai dauka Ureta elkarteak.