XIX. mendearen bigarren erdialdean papergintza eta ehungintza lantegi dezente zabaldu ziren Oria ibaiaren inguruan Amasa eta Villabonako historia liburuan azaltzen denez. 1842an ireki zen Tolosako La Esperanza paper jarraituko Estatuko lehen fabrika izan zen. Villabonak abantaila ugari zituen industria bertan kokatzeko: Tolosa-Donostia errepide nagusia, tren geltokia (1862an zabaldu zen), Oria ibaia… 1858 eta 1860 artean eraiki zen lehen lantegia, Olaederra burdinola eta Arroa errotaren instalazioak izan zirenen gainean. Jesusen Bihotza eliza altxa gabe zegoen oraindik, 1909an eraiki baitzen.
1860ean zabaldu zen lehen lantegi hori Silva hermanos y Frois izan zen, ehungintzan eta kotoiaren estanpazioan aritzeko. Sustatzaile eta akziodun nagusiak Teofilo eta Rodolfo Silva anaiak eta Eliseo Frois izan ziren, Baionako merkatariak. Lehenago ere, 1846an, Bergarako kotoi-fabrikaren sorreran parte hartu zuten. Baionako beste merkatari batek, Julio Gommesek, eman zuen lanean hasteko mailegua. Sozietatearen kapitala bost milioi errealekoa izan zen, 20.000 errealeko 250 akziotan zatitua. 1869an Frois eta Silva familiek 95 akzio zituzten eta gainerakoak beste 50 akziodunen artean zeuden banatuta, gehienak Baiona, Donostia, Tolosa, Bilbo eta Villabonan bizi zirenak.
XIX. mendearen bukaeran horrela deskribatu zuten lantegia: 30 zaldiko turbina zen motorra, 25 zaldiko bi lurrun galdara oihalak oxidatu eta lehortzeko, zuritze, tindatze eta prestatze operazioak egiteko upel, galdara eta tresnak elikatzeko, borobilean estanpatzeko makina bat, bi perrotina eta 30 mahai zeuden, harrizko 20 upel edo tina anil tindurako, bertan tindatuz oihal desberdinak. Produktu ugari egiten omen ziren: kolore bateko indiana eta kretona eta neurri desberdinetako xalak 6, 7 edo 8 koloretan. 110 gizon eta emakume langile aipatzen dira, grabatu eta gainontzeko tailer mekanikoetan. Eta argi elektrikoko 100 lanpara zeuden. Bulegoak eta nagusien bizitokia ere bertan zeuden. Azken garaian lau familia bizi ziren bertan.
Kotoia utzi eta papera hartu
1864an jada 270 langile zituen. Espezialistetako asko frantziarrak ziren. Ehungintzaren industriaren egoera larritu egin zen arrazoi desberdinengatik: Kataluniako kotoi-fabriken lehia, 1866ko finantza-krisia, 1868ko iraultza eta 1869ko aduanetako muga-zergak murriztea. Zorrak itota zegoen enpresa, sozietatearen kapitala agortuta eta erabaki batzuk hartu behar izan zituzten lan egiten jarraitu ahal izateko: kotoizko ehunen fabrikazioa uztea (errentagarritasun gutxieneko saila) eta ondoan papergintza lantegi bat sortzea 1870ean (emaitza onak baitzituzten eskualdean). Lantegi honi La Salvadora izena jarri zioten, bestearen salbatzailea izan zelako. Baina berehala Bigarren Gerra Karlista iritsi zen eta urte pare batean geldirik egon zen (1874-76).
Urte askotan zehar bi enpresa horiek bakarrik zeuden Villabonan, aipatutako liburuak dioenez. 1908an Subijana y Cia estanpatu fabrikak (izena aldatu egin zuten) 161 langile zituen eta La Salvadorak, 77. Ekoizpen berari eutsita, geroz eta langile gutxiago behar zituzten, etengabeko berrikuntza teknologikoagatik. La Salvadorak mila tona paper ekoizten zituen 1911n, horretarako 100 langile erabilita. 1924an berriz, 82 langilerekin lortzen zuen ekoizpen bera.
Langileen baldintzak
1908ko Lan Ikuskaritzaren estatistika baten arabera, Subijana y Cia enpresak egunean 3,75 pezeta ordaintzen zien gizonei, Gipuzkoako batez bestekoa baino gehiago, baina paper-fabrikak 2,50 pezeta besterik ez zuen ordaintzen. Emakumeek berriz, 2,85 pezeta jasotzen zituzten oihal-fabrikan eta 1,50 paper-fabrikan. Elizak eragin handia zuen hamarkada horietan. Jesusen Bihotzaren parrokiaren inaugurazioan adibidez, 1909an, Gotzainak Saturnino Subijana industrialariaren etxean gosaldu zuen. Festa handia izan zen: kalejira eta dantzaldia musika-bandarekin, errebote partidua eta zezen suzkoa.
Lanaldia gutxienez 10 ordukoa zen 1919an, 8 orduko lanaldia ezarri arren Gipuzkoako herri gehienetan, Villabonan lanaldi murriztua ez ezartzea lortu zuten enpresek, langileekin sinatutako hitzarmenei esker. Igandeetako atseden eguna 1903an ezarri arren, La Salvadoran oraindik ez zen betetzen 1913an. 1917 eta 1920 artean Gipuzkoan grebak eta lan-gatazkak ugaritu egin ziren, Tolosako papergintzan adibidez, baina Villabonan ez, «nagusien eta langileen arteko paternalismoa eta langileen eskakizunen ahultasuna baitziren nagusi». 1923an babes-etxe handi eta modernoagoa eraiki zen La Salvadorak emandako lurretan, zahar eta behartsu gaixoentzako, Karitatearen bi ahizparen ardurapean.
1932an 9 automobil, 4 kamioi eta 4 furgoneta zeuden matrikulatuta Villabonan. Autoetako hiru La Salvadora, Subijana y Cia eta Biak Bat enpresenak ziren eta beste bat La Salvadorako zuzendariarena. Gipuzkoako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, Subijana y Cia enpresak 1950eko urtarrilean 2.814 kilo irundako oihal ekoitzi zituen.
Bergaran eta Andoainen ere baziren ehungintza enpresak, Subijanarekin harreman handia zuten, eta jabe berdinak izan zituzten historiako zenbait momentutan. 1965ean Andoaingo La Algodonera itxi zutenean, han aritzen ziren emakume asko Villabonara etorri ziren lanera.
Emakumeak protagonistak
Subijana lantegiaren hasieratik emakumeek protagonismo berezia izan zuten. Ehungintzako lanak etxeko lanarekin lotuta zeuden, zaintza lanekin eta alor horietan errazagoa zen emakumeak nabarmentzea. Lan delikatuak egiteko «egokiak» zirelako hartzen zituzten batez ere. Gizon batzuk ere aritzen ziren lanean.
Beraien arteko harreman ona aipatzen dute, familia modukoa osatzera iritsiz. Oso gazte sartzen ziren lanean, 13-14 urterekin, eta emakume askok utzi egiten zuten ezkontzerakoan. Bi erreleboetan aritzen ziren, goizeko 6etatik ordu bietara eta ordu bietatik gaueko 10etara, baina batzuetan malgutasuna zuten, umeei titia emateko adibidez. Jesusen Bihotzaren eguna egun handia izaten zuten, lantegi berean bazkari ederra ematen zieten eta bazkalostean oihalak zozketatzen zituzten langileen artean.
Gipuzkoatik haragoko sona lortu zuen lantegiak. Cristobal Balentziaga diseinatzaile ospetsuak bere ibilbidearen amaieran, 1968 eta 1972 urteen artean, zetazko zapietarako estanpatuak sortzeko Villabonako lantegira jo zuen. Mundu mailako moda etxe garrantzitsuek ere, Chanel, Christian Dior, Givenchy eta Louis Vuittonek esate baterako, egin zuten lan ehungintza enpresarekin. Denak eskuz, artisau eran egiten zituzten.
1976an Etxeondo diseinu enpresa sortu zuten Paco Rodrigo eta Maria Jesus Urangak Subijanan ikasi zituzten koloreak, estanpatua, grabatua eta marrazkia. Subijanako bazkideetakoa zen Bizente Ameztoi pintoreak utzi zien lanean hasteko lekua.
1980ko hamarkadan itxi zen Subijana estanpatu lantegia. Udalak erosi zuen etxea eta lantegiaren inguruko lurrak. 2008tik Bertsozale Elkarteak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak dute bertan egoitza nagusia.
Bertan lanean aritutako pertsona asko bizi dira eta duela egun batzuk enpresan garrantzi handia izan zuten emakumeen testigantza entzun ahal izan zen Emakumeen haria ekitaldian, etxean bertan horma-irudia inauguratzearekin batera.