Candanchu hotela, duela 90 urte tolosarrek sortua

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko uztailaren 11

Ski Club Tolosanokoak kanpin-dendetan 1934ko udan, Candanchu hotela eraikitzen ari ziren bitartean. 'Argazkiak Tolosa. Jose Maria Tuduri Esnal’

1934ko abenduan inauguratu zuten Ski Club Tolosanoko kideek eraiki zuten hotela; berriki Snö kateak erosi du.

Duela 90 urte, 1934ko udan, Ski Club Tolosanoko kideak ez zeuden oporretarako, lanerako baizik. Candanchuko (Huesca) lehen hotela eraikitzen ari ziren aurreko urtetik, 1933ko uztailaren 25ean jarri baitzuten lehen harria. Argazkian ikus daitezke proiektuaren bultzatzaileak kanpin dendetan, eta egun hauetan hotela jabez aldatu dela jakin da.

Tolosarrak, norvegiarren eraginez, eskian aitzindariak izan ziren eta 1909an Ski Club Tolosano sortu zen. Aralartik Pirinioetara pasatu ziren. 1928an Candanchun bazen eski estazioa, baina erremonterik ez. Bertan hotela eraikitzeko abenturan murgildu ziren. 1934ko abenduaren 8an inauguratu zen. Estatuko lehen eski hotela izan zen eta urte askotan zehar bakarra. Antonio Juantegi bazkidea zen arduraduna, Donostiako Biarritz eta Niza hotelen jabea. Asteburuetan Donostia-Tolosa-Jaca autobusa eta Hendaia-Pabe-Canfranc trena jartzea ere lortu zuten.

Inbertsio handia eskatu zuen eta finantza arazoak izan zituen Ski Club Tolosanok. 1936ko Gerra iristearekin arazoak areagotu egin ziren eta 1940ean elkarteak zazpi bazkideri saldu zion, Bernardo Beristain eta Maria Arzak bikoteak hartuz ardura. Horiek 1981ean Javier eta Alfredo Landa anaia nafarrei (zuzendaria zen Javier 1978tik) pasatu zieten eta orain, jubilatu direnean, hauek Snö hotel kateari.

1934ko abenduan, hotela inauguratzean, jarritako kartela. 'Argazkiak Tolosa. Jose Maria Tuduri Esnal’.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!