Estetika garaikideko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko eka. 26a, 12:35

Armando Roca arkitektoa bere eta Basterretxearen maketaren aurrean.

Armando Roca arkitektoak eta Nestor Basterretxea eskultoreak ikastola berriaren proiektua egiteko enkargua jaso zuten; proiektu berritzailea burutu zuten, baina azkenean ez zen gauzatu

Kilometroak festa ospatu zen Tolosan 1980ean. Laskorain ikastolak egoitza berria egiteko dirua biltzea zen helburua. Nestor Basterretxea eskultoreak eta Armando Roca arkitektoak proiektu berritzailea burutu zuten, ikasleak artera ohitzeko. Basterretxearen mendeurrena dela eta, Gasteizko Artium museoan bere artxiboa bilduz antolatu den erakusketan bada horren berri. Azkenean proiektu hura ez zen gauzatu, gaur egun Usabalen dauden eraikinak baizik. Zer nolako proiektua zen?

1967an sortu zen Laskorain ikastola, Zumalakarregi kaleko txalet batean. Ikasle kopurua handitzen joan zen eta Sakramentinoen egoitzara aldatu zen handik gutxira. 1976an txabola probisional batzuk eraiki ziren Usabalen, nahi baino urte gehiagotan erabili behar izan zirenak. Urte berean Inmakulada ikastetxeak gela batzuk utzi zizkion ikastolari Batxilergoko ikasleentzat. Eskolapioek ikastetxe berria ireki zutenean Trianguloa plazan utzi zuten eraikinean ere kokatu zen ikastola eta 1980ean Gorosabelen, bertako eskola Santa Luzia auzora aldatu zenean.

KILOMETROAK ARRAKASTATSUA

Sakabanatuta zeuden ikasleak biltzeko egoitza handi baten beharra zuen ikastolak eta horretarako 30.000 m2ko lurrak lortu zituen Usabalen, Iurreamendi egoitza, Araxes eta Oria ibaien artean. 1977an sortu zen Kilometroak festa antolatzea eskatu zuen eta 1980rako eman zioten, eraikin berriaren gastuei aurre egiteko. Festaren egunean bi artisten proiektuaren maketa eta planoak ikusgai egon ziren herritarren aurrean. Arrakastatsua izan zen eguna: 100.000 pertsonatik gora elkartu ziren eta ia 30 milioi pezeta jaso.

Armando Roca arkitektoa ikastolako gurasoa zen. Nestor Basterretxea garaiko eskultore ospetsuenekoa zen, Oteiza, Txillida, Mendiburu eta Ugarterekin batera. Ordurako bazuen Tolosarekin harremana, Casinoko Meson Idiakezen bultzatzaileetako bat izan baitzen 1967an, hil berria den Antxon Elosegi eta beste bazkide batzuekin. Jatetxeak urte gutxi iraun zuen, baina oraindik ikus daitezke bere diseinuak eta apaingarriak Casinoko beheko solairuan.

Rocak eta Basterretxeak jaso zuten ikastola berriaren proiektua egiteko enkargua. Oinarrizko Heziketa Orokorreko (OHO) 1.200 ikaslerentzat izan behar zuen. «Ez nekien nondik hasi. Banekien Basterretxeak eta Oteizak Deban arteak irakasteko eskola baten proiektua egin zutela, gero gauzatu ez zena, eta berari planteatu nion egitea», adierazi du Armando Rocak.

HUTSUNEA ETA IRUDI GEOMETRIKOAK

Proiektu erabat berritzailea planteatu zuten, garaiko eskultoreen filosofiarekin bat egiten zuena, hutsunearen kontzeptua eta irudi geometrikoak txertatuz, ez betiko eraikin karratua. Bertsolarien hutsunea zuen izena, Basterretxearen eskultura bat bezala, Oteizaren lehen ideia batean oinarritua.

Ikastolaren sarbidea pantaila batzuen bidez osatutako filtro bat zen. «Ideia zen ikaslea bere baserritik edo kaletik etorri eta mundu berri batean sartzea. Eskultura, zuhaitzak eta landareak bertan ziren. Haurrak desberdintasun horretaz konturatzeko gaitasun intuitiboa izan behar zuen», dio Rocak bere bulegoan gordeta duen proiektuaren maketaren aurrean. Sarreran hexagono formako eraikina zegoen, «totem modukoa». Azpialdean sormenerako materialak zeuden (paperak, marrazkiak, pinturak, plastilina, buztina), jolastokiaren parean, ikasgeletara igo gabe, jolasa eta tailerrak uztartzeko. Aterpe zabalak zituen. Denboraldi bat bertan eginda, lehen pisura pasako ziren ikasleak, mundu geometrikoan murgiltzera. Hurrengo solairuan filosofia munduan sartuko ziren. Paraleloki, musika, dantza eta poesia ere oso presente zeuden haurren formazioan.

Hexagonoaren atzean hizkuntzak, laborategia eta beste gaiak lantzeko gelak joango ziren. Ondoko beste eraikin batean antzerkia, dantza, bertsoa eta adierazpenerako areto balio anitzekoa, goitik argi zutabea sartuz. Herritarrentzat ere zabalik zegoen. Liburutegia ere bertan kokatzen zen. Haurra arkitekturaz eta naturaz sentsibilizatzea zen helburua. Eta haren jarraian kirol gunea, frontoia eta gimnasioarekin. Eta ondoan irakasle batzuentzako etxebizitzak. Kanpoan gelditzen zen estadio txiki bat, bere atletismo pista eta zelaiarekin, eta bere ondoan, aparkalekua. Ikasle eta ikasle ohien elkartea ere izango zen. Intimitaterako gune asko izango ziren, etxe handietan ez dagoena. Harria eta egurra izango ziren material nagusiak.

Lehen fasean ikasteko eraikinak, arte tailerrak eta biblioteka egingo ziren, 1982ko erdialderako. Eta bigarren fasean, berriz, erabilera anitzeko eraikuntza, gimnasioa, jangelak, irakasleen etxebizitzak eta ikasleen elkartea aurreikusten ziren.

Laskorain ikastolako proiektuaren maketa. Aurrean Araxes ibaia eta atzean Iurreamendi egoitza.

ILUSIOAK HANKAZ GORA

Proiektua aurkeztu zioten egileek eta Joxe Uria batzordeko kideak Tolosako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, baina ez zen aurrera atera, sustatzaileen ilusio guztiak hankaz gora botaz. «Aurrekontua 150 milioi pezetakoa zen eta diru laguntza 80koa, baina ez zitzaigun inporta. Auzolanean egingo genuen, herri guztia mugituz. Sekulako ilusioa genuen. Agintarientzat ordea, proiektu ederregia zen eta herri guztiek ikastola berdina behar zutela uste zuten», zioen Uriak ikastolaren 40. urteurreneko liburuan.

Gaur egungo eraikina (LH eta DBH 1-2rako erabiltzen dena) egin zuen Eusko Jaurlaritzak 1986an eta 2000n gaur egun dagoen beste eraikuntza, Batxilergo eta DBH 3-4rako erabiltzen dena. Horretarako 1998an Kilometroak jaia antolatu zen berriz, Laskorain, Ibarra, Anoeta eta Irurako ikastolen artean. 2010ean Sakramentinoetan egurrezko etxe berria inauguratu zen. 2013an hirugarren aldiz Kilometroak jaia antolatu zuen Laskorainek eta 2015ean guztiz berritu zen Sakramentinoetako eraikin zaharra.

Proiektu berezi horren berri ematen da Gasteizko Artium museoan Nestor Basterretxearen mendeurreneko erakusketan. 1980ko urriaren 5ean, Kilometroen egunean, Deia egunkariak argitaratu zuen erreportajea ikus daiteke bertan, eskultore bermeotarraren artxiboaren barnean. Irailaren 29ra arte dago ikusgai. Tolosan bertan, Goldea izeneko bere eskultura ikus daiteke Emeterio Arrese parkean, euskal eskultore garrantzitsuenen ibilaldiaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!