Atzera begira

Alegiako 1936ko argazkia

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko eka. 12a, 16:57

Iturria: @civil_War_Spain / Argazkilaria: Pascual Marin (Julius Backmaanek koloreztatua)

Pascual Marin argazkilariak Alegian, 36ko gerran ateratako argazkia koloreztatu du Julius Backmaanek; sare sozialen bidez zabaldu da, eta segituan hedatu da herri osora.

Egun hauetan X sare sozialean Alegiako argazki bat argitaratu da, 36ko gerrakoa. Argazki ezaguna da, Pascual Marin argazkilariarena, lehen ere liburu askotan agertutakoa, baina orain Julius Backmaanek ederki koloreztatu du. Miliziano talde bat ageri da eskuetan janaria duen emakume baten inguruan.  

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpeak arrakasta izan zuen Araban eta Nafarroan, baina ez Gipuzkoan eta Bizkaian. Alegian, udal gobernua indar errepublikazaleek osatzen zuten, EAJko Jose Letamendia alkate zela. Uztailaren 19an Arapiles batailoia osatu zuten Lizarran 800 erreketek, Pablo Cayuelaren agindupean. Sakanatik Goierrira sartu ziren oztopo handirik gabe: 25ean Idiazabalen, 27an Beasainen eta abuztuaren 1ean Ordizian. Okupatutako herrietako gazteak gehitzen joan ziren batailoian, batzuk bere gogoz eta beste batzuk derrigorrez, mila errekete izatera iritsiz. 

Bitartean errepublikazaleek defentsa lerroa ezarri zuten Alegia, Orendain, Gaintza eta Aldaban. Miliziano gehienak Donostian zeuden eta handik etorri ziren asko Alegiara. Mugimendu handia izan omen zen herrian egun haietan. Argazkia egun horietakoa izango da seguru aski. Emakumea herriko taberna bateko zerbitzaria izan daiteke, agian Mikel Artanok Alegia 1936-45 liburuan aipatzen duen izeba, errepide nagusian denda-taberna txiki bat zuena.

Abuztuaren 1ean tropa frankistek abiazio-bonbak bota zituzten Alegian. 5ean Aldaba eta Orendain hartu zituzten Aldir komandantearen erreketeek eta 7an, goizeko 10:30ean, Alegian sartu ziren. Erantzun handirik ez zuten izan, ordurako errepublikazaleak Bizkaira alde eginda zeudelako. Bilbo galdutakoan, haietako askok Frantziara eta Errusiara joan behar izan zuten. Udalbatza berrian Eugenio Jauregi jarri zuten herriko alkate. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!