Atzera begira

Idiakez jauregia, lau mendeko historia oparoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko api. 11a, 11:59

Idiakez jauregiaren grabatua. Egilea: Manuel Domenech

Uzturre, Santa Maria parrokia, Zerkausia eta Naparzubiarekin batera Idiakez jauregia da Tolosan gehien erretratatzen den eraikinetako bat.

XVII. mende hasieran eraiki zuten Idiakez jauregia eta beraz, lau mendeko historia luzea du. Azken mendean Casino elkartearen egoitza izan da eta hala da gaur egun ere. Alonso Idiakez Iurramendi (Anoeta 1497-Torgau, Sajonia 1547), Juan Idiakez eta Catalina Iurramendiren semea, Tolosak eman duen pertsonai garrantzitsuenetakoa da. Militarra, Espainiako Koroaren zerbitzura egon zen 1520tik hil arte, Karlos V. enperadorearen idazkaria izan zen, Luis Vives humanistaren laguna eta Europako finantza buruekin harremanak izan zituen. Grazia Olazabal donostiarrarekin ezkondu zen eta Donostiako Kale  Nagusian zuen jauregia. SanTelmo komentua sortu zuen, gaur egungo museoa, eta bertan ikus daiteke senar-emazteen hilobia. 

Angel Martin Ramosek La construcción de Tolosa liburuan azaltzen duenez, Idiakezek lur eremu zabala erosi zuen Santa Maria parrokia, errota eta Oria ibaiaren artean, etxeak eraikitzeko asmoz, Luis de Vega enperadorearen arkitektoaren proiektuaren arabera. Etxea altxatzen hasi zen eta Karlos V.a 1539an   izan zen bertan. Orduan jarri zioten Enperadore (Agintari) kaleari izen hori. Hala ere eraikinaren proiektu hori ez zen burutu eta eremu horretan bere zimenduen arrastoak ikus daitezke gaur egun. Zati batean Aranburu jauregia eraiki zuten.  

Naparzubia 1899. urtean. Iturria: 'Argazkiak Tolosa' liburua eta argazkilaria Leon Caballero


Errege eta nobleak
Lur horiekin batera Antxietaren etxea ere erosi zuen Alonso Idiakezek, harresiaren gainean eta Naparzubiaren ondoan. Hil aurretik, Ameriketan aberastu zen bere anaia Lope Idiakezi eman zion etxe hori eta honek bultzatu zuen Idiakez jauregiaren eraikuntza. 1605etik 1619ra eraiki zuten Francisco Landa eta Luis Zaldua maisu harginek. Martin Idiakezek, Loperen bilobak, amaitu zituen lanak. 


Jauregia harrizkoa da alde batean, adreiluzkoa bestean, eta hasierako armarria mantentzen du, Idiakez familiarena. Oria ibaira ematen duen fatxada garai bateko harresiaren gainean dago eraikia, Nafarroako atearen ondoan. Sute batek eraitsi zuen jauregia 1749an eta Bernardo Zabala Iurreamendik berritu zuen, elementu barrokoak erantsiz. 1775ean Tolosako alkatea izan zen Felix Maria Samaniego Zabala alegialari ospetsua bertan bizitu zen, 1828an Fernando VII. eta Cristina erregeak egun batzuk pasatu zituzten eta 1845ean Isabel II.a erregeak egin zuen lo, beste pertsonaia ezagunen artean. 

Idiakeztarren armarria. Argazkilaria: Iñaki Lopetegi

Goi mailakoen elkargune
Tolosako Casino elkartea 1885eko ekainaren 1ean sortu zen, udaletxeko beheko solairuan. Bere helburua zen bazkideek elkartzeko leku atsegina izatea, erosotasun guztiekin (egunkari eta liburuen irakurketa eta bestelako denbora-pasak). Hitz italiar honen jatorrizko esanahia landetxea bada ere, betidanik nobleen aisialdirako eta jokorako eraikina izendatzeko erabili da. 1903an udalak espazio horren beharra izan zuen eta beste egoitza baten bila hasi ziren bazkideak. Idiakez jauregia erosi zioten 55.000 pezetatan Jose M. Gortazarri eta obra batzuk egin ondoren, 1906an ireki zuten Tolosako Casino elkartea. Hauek dira lehen zuzendaritza osatu zutenak: Juan Jose Munita lehendakaria, Cirilo Rekondo lehendakariordea eta Ramon Bandres idazkaria. 

Lehen hamarkada haietako giroa eta jarduna ezin da konparatu gaur egun elkarte gastronomikoek dutenarekin. Goi mailako jendea elkartzeko tokia zen: alkateak, abokatuak, medikuak, enpresariak, merkatariak… Mahai jokoak, liburutegia, tertuliak, kontzertuak, dantzaldiak… ziren jarduera nagusiak. Estatuko eta atzerriko egunkariak eta aldizkariak jasotzen zituzten bertan. Jose Felix del Hoyo Simonek Casinoren mendeurrenean idatzi zuen liburuan jasotzen ditu bazkideen arteko eztabaidak, gehienak foruen aldekoak izanik, abertzaleen egunkariak jasotzearen kontra azaldu zirenean. 

Plaza Zaharra, Idiakez jauregia atzean duela. Iturria: 'Argazkiak Tolosa (1842-1900)' liburua

Gerraren etena
Musikari ugari izan dira Casinoko bazkide: Felipe Gorriti, Eduardo eta Ignacio Mokoroa, Feliciano Beobide, Justo Saizar, Javier Bello Portu, Juan Azaldegi… Beraien ekimenez kontzertu eta hitzaldi ugari entzun dituzte Idiakez jauregiko hormek garai desberdinetan zehar. 


Beste ekitaldi askoren artean, haur behartsu eta gaixoentzako udalekuak antolatu zituzten bazkideek 1917tik 1925ra Berastegin, Orion eta Hondarribian. Errepublika garaiko krisiak eta gizarte mailako gatazkek isla izan zuten bertan. 1936ko gerra iritsi zenean bazkide askok alde egin behar izan zuten, batzuk frontera, beste batzuk erbestera. Gerrak iraun zuen urteetan asko jaitsi zen bertako jarduera eta elkartea desagertzear egon zen. 

Gerra ondorengo urteetan pixkanaka berrindartu egin zen, 1943an berrehun bazkidera iritsiz eta taberna irekiz, atezainaren ardurapean. 1954an urrezko ezteiak ospatu zituzten bazkaria eta dantzaldiarekin, Miserikordiarako 3.000 pezeta jasoz. Aurreko mendeko 60ko hamarkadan gorakada handia ezagutu zuen Casinok. 1964an 28 hitzaldi eman ziren bertan, erakusketa, kontzertu, lehiaketa eta txapelketa ugarirekin batera. Txirrindularitza probak antolatzeko taldea ere sortu zuten bertan, Jose Mari Anza buru zela, eta proba ugari antolatu zituzten 1962tik 1966ra, tartean Espainiako Itzuliko etapa baten amaiera eta irteera 1963an. Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten orduan. 

Jatetxearen alde 
Hurrengo urtean 500 bazkide izatera iritsi ziren, elkarte gastronomikoaren itxura hartuz erretegia jarri zutenean. Meson Idiakez jatetxea ireki zen beheko solairuan, bazkide batzuk bultzatuta, Nestor Basterretxea eskulturagilearen dekorazioarekin. Inaugurazioan Manuel Fraga Iribarne Informazio eta Turismo ministroa izan zen, 1967ko sanjoanetan. Jauregiari bizitza eman eta kultur ekitaldiak finantzatzea zen jatetxearen helburua, baina bere kudeaketan sukaldari asko (tartean gaur egun ospetsu diren Subijana eta Argiñano) pasatu ondoren, ez zuen arrakastarik izan eta 1975ean itxi zuten, instalakuntzak elkarterako berreskuratuz.     
Inauteriek garrantzi handia izan dute Casinon bere sorreratik, Tolosako gainontzeko elkarteetan bezala. 1907an egin ziren lehen dantzaldiak, urte askotan errepikatuko zirenak. Danborradak, karrozak eta konpartsak ere atera izan dira bertatik eta 1946an Txapelandi txaranga sortu zuten eta jarraitzen du Inauterietan kalera ateratzen. 

Garai berri, ekimen berri
Mikologiak presentzia handia izan du elkartearen historian. 1963an antolatu zuen lehen perretxiko lehiaketa eta hurrengo urteetan jarraitu zuen Tolosako Ekinbide Etxearen (TEE) laguntzarekin, haurren, gastronomia eta argazki lehiaketak ere eratuz Nazioarteko Mikologia Astearen barruan. 1977an utzi zuen Casinok antolaketa eta TEEk jarraitu zuen Tolosako elkarteen laguntzarekin, 1980an desagertu arte. 

Azken urteotan Casino garai berrietara egokitu da, bazkide gazte ugari erakarriz, eta horien bultzadaz ekimen berriak antolatzen ditu. Garai batekoa berreskuratuz, Mikologika jardunaldiak (lehiaketak, kontzertuak, tailerrak) antolatu ditu arrakasta handiz, hamabi edizio burutuz jada orain arte. Horrekin batera azken sei urteetan Txotx Solidarioa egin dute Tolosaldeko sagardotegien laguntzarekin. Gonbidatu bereziak izaten dira bertan eta GKE batentzako diru laguntza lortzea da helburua. 

Kulturaren beste alor batzuk ere jorratu ditu Casinok. Bazkide batzuk sortutako antzerki taldea izan zen garai batean. Titirijai txotxongilo jaialdiko emanaldiak eta Abesbatza Lehiaketako ekitaldiak izan dira bertan. Gaur egun Gipuzkoako Abesbatza Federazioak eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak Tolosako Casinon dute egoitza. Historia luze eta oparoa dute idiakeztarrek duela lau mende altxatutako hormek. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!