Atzera begira

Zeru Handi jatetxe-hotela Andia dorrean

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2024ko mar. 27a, 07:59

Tolosako Kale Nagusian, Andia dorrea izen zen tokian, Zeru Handi jatetxe-hotela egon zen 1927 urtetik 1969 urtera; pertsonaia ezagun asko pasa ziren bertatik.

Zeru Handi jatetxe-hotela 1927tik 1969ra egon zen zabalik, Bittor Zeberio eta Saturnina Larrarteren ardurapean. Bere hamar seme-alabetako hirurekin (Rosarito, Luis eta Mertxe) elkartu gara hotelaren eta familiaren historia berreskuratzeko asmotan. 

Andia dorrea Tolosako lehen eraikinetakoa izan zen, X. mendekoa, historialari batzuen arabera, herria sortu baino lehen. Domenjon Gonzalez de Andiaren familiakoa izan zen. 1503ko sute handian erabat erre, berritu eta gero herriko lehen udaletxea izan zen. Baina gai hori beste erreportaje batean jasota dago. Leku berean, berrikuntza askoren ondoren, kokatu zen jatetxea eta hotela da gaurko gaia: Zeru Handi. 

Ataundarra
Victor Manuel Zeberio Auzmendi 1898an jaio zen Ataunen, Aia auzoko Aierre baserrian. Lau semeetatik gazteena zen. Ikasketak Lazkaoko beneditarretan, Andoaingo eta Gasteizko seminarioetan eta Arantzazun egin zituen. Han ikasi zuen frantsesa, latina eta musika, besteak beste. Gero familia Hondarribira aldatu zen, Elbistieta baserrira. Sukaldaritza betidanik izan zuen gustuko, «apaiz ikasketetan pasa zuen goseagatik», seme-alaben arabera. Soldaduska Melillan egin zuen, sukaldari gisa, eta Annualgo hondamendia tokatu zitzaion, 1921ean. 
 
Soldadu zegoela ezagutu zuen Ibarrako lagun baten arrebarekin ezkondu zen 1926an: Saturnina Larrarte Rezola, Bizkaietxe baserrian 1899an jaioa. Donostiako La Paz ostatuan ikasi zuen sukaldean. Hura itxi zenean, Bilboko Zabalbide merkantzia-ontzian aritu zen sukaldari, bakailao kanpainetan Suedian eta Norvegian, baina bi urtetara utzi behar izan zuen itsasoan mareatu egiten zelako. 
 


Satur Larrarte eta Bittor Zeberio.

1927an ireki zuten Zeru Handi hotela eta jatetxea, XIX. mende hasieran Bustamante ostatua eta gero Sotero Ariztimuñok jatetxea izan zuen tokian, alokairuan, jabea Juan Manuel Ezkurdia notarioaren alarguna baitzen. Lehendik zuen izena mantendu zuen, euskaraz (hala zegoen jarrita jangelako beirateetan), baina gerra ondoren gazteleraz jarri behar izan zuten izena: Cielo Grande. Ondoko etxean Cielo izeneko taberna izan zen ondoren eta metro batzuk aurrerago Zeru txiki taberna. Zein ote da izen zerutiar horien arrazoia? zeberiotarrek ez dakite erantzuna. 
 
Loteria tokatu zitzaien eta azkar ordaindu ahal izan zuten mailegua. Beheko solairuan jatetxea zegoen eta goiko hiru pisuetan hoteleko 30 logelak eta Zeberio-Larrarte familiaren etxea. Hamar seme-alaba jaio ziren bertan 1927tik 1940ra: Maritxu, Pilartxo, Josetxo, Tere, Bitxori, Jose Migel, Luis, Karmentxu, Rosarito eta Mertxe. 
 
Inauterietan 700 otordu
Jangelaren edukiera 60-100 pertsona artekoa zela diote zeberiotarrek, baina Antonio Elosegi txapel fabrikako bazkari batean 170 langile eta batzokiaren inaugurazioan 230 lagun elkartu ziren, dokumentu batzuen arabera. Eman zuten beste otordu berezia ur horniduraren inaugurazioko bazkaria izan zen. Zeru Handian prestatu eta gurdiz eraman zuten Leaburuko Mahala baserriraino, han zerbitzatu baitzen.
 

Sukaldean eta jangelan laguntzeko zazpi emakume eta bi garbitzaile zituzten senar-emazteek. Seme-alaba guztiek ere urteen poderioz bertan laguntzen jarri ziren. Horretan gehien aritu zirenak bi zaharrenak izan ziren, Maritxu eta Pilartxo.  Inauterietan eta sanjoanetan laguntzaile gehiago izaten ziren «eromena» izaten zelako, tartean gero sukaldari famatua izan zen Luis Irizar. Inauterietan adibidez, elkarte eta jatetxe batzuetatik eskatzen zieten arrain zopa. Ontzi horiek garbitzeko bakarrik neskame bat izaten zela gogoratzen dute. Inauteri batzuetan, guztira 700 otordu eman zituztela aipatzen dute. Karta luzea zen eta dena sukalde ekonomika batean egiten zuten. Hiru edo lau menu prestatzen hasi zirenetik asko lasaitu omen zen egun berezi horietako lana.
 
Sukaldaritza frantsesa
Bittorrek sukaldaritza frantsesa maite zuen, liburu asko irakurtzen zituen horretarako eta bezeroen gozamena lortzen zuten plater ospetsu ugari ziren bere berezitasunak: bieirak a la parisien, giltzurrunak Jerez erara, otarraina Thermidor erara, azpizuna Chateaubriand Bordeleko erara, oiloa trufaz betea, marisko krema, oilagorra flambée, usoa, erbia, eperra ehiztariaren erara, arandoiak trufaz beteak… 
 
Saturrek postreetarako zuen esku ona. Ezkondu aurretik Iruñean Bezoyako kondesaren etxean aritutakoa zen eta han ikasi omen zuen. Berezitasunak hauek zituen: aingeru-torrada (tocino de cielo), tartak, flanak, moka… Gastronomiaren goi mailara iritsi zen jatetxe tolosar hau, Michelin gida entzutetsuan bere txokoa eskuratuz. Lehengaiak eskuratzeko inguruko baserritar, dendari eta ehiztariak eta Getariako eta Donostiako arrantzaleak zituzten, tarteka Akizeko azokara ere joz. Menuaren karta euskaraz jartzen lehenak izan zirela aipatu dute seme-alabek, gaztelera eta frantsesarekin batera. 
 
Artistak, toreroak, kirolariak...
Tolosaldeko paper-fabrika eta beste enpresetako jabeak ziren ohiko bezeroak Zeru Handi jatetxean eta tarteka udalak gonbidatutako politikari ospetsuak ere izan ziren bertan jaten: Alcala Zamora, Asturiasko Printzea, Indalecio Prieto… Hauekin batera hotelean zeuden lanbide liberaletako bezeroak: notarioak, abokatuak, saltzaileak… Gorriti antzokira etortzen ziren artistak, Antonio Machin adibidez, zezen-plazara etorritako toreroak, Luis Miguel Dominguin, besteak beste, eta Berazubin entrenatzen zuten futbolariak eta atletak ere bertan izaten ziren.
 


Aita Barandiaran eta Bittor Zeberio.

 
Alcoyano
Ezaguna da Alcoyano txarangaren izena nondik datorren: izen bereko futbol taldea Zeru Handian gelditu zen eta bere kamisetak garbituta txaranga biltzen zen lokalaren gainean jarri zituztelako lehortzen. Txirrindulari ugari pasatu ziren bertatik: Otaño, Bernardo Ruiz, Bidaurreta anaiak… Kultur pertsonaiak ere biltzen ziren bertako tertulietan gauean berandu arte: Justo Saizar, Javier Bello Portu, Federico Zabala... Laskorain Ikastola sortzeko lehen bilerak Zeru Handian izan zirela diote. Lourdes Iriondo eta Xabier Lete jangela txikian entseatzen oroitzen dituzte zeberiotarrek. 
 

Abesbatzen lehiaketaren ideia ere bertan sortu zela diote, Llangolemeko (Bretainia) lehiaketan parte hartu zuen Ganbara Koralaren zuzendaria, Juanito Eraso, bertan izan zenean. Ez dugu ahaztu behar Tolosako Ekinbide Etxearen sorreran eta ibilbide luzean Jose Migel, Luis eta Rosarito Zeberiok protagonismo handia izan zutela.  
 
1953an Tolosan izan ziren uholdeek ere eragin zuten Zeru Handian. 1,60 metroko altuera hartu zuen urak jatetxean eta hotela beteta zegoen. Auzokoen laguntzari esker lortu zuten bezeroentzako janaria eta beharrezko guztia saskietan sokatik zintzilik pasatzea leihotik leihora.
 


Zeru Handi 1953ko uholdeetan.

Bittor Zeberiok ikusmena, dastamena eta entzumena hezi egiten direla esaten zien seme-alabei. Hamar izan zituzten eta inork ez zuen jarraitu gurasoen lanbidea, gehienak sukaldean ondo moldatu arren Zeru Handian ikusitakoarekin, baina ikasketak izan zituzten, batzuk atzerrian, eta musika eta hizkuntzetan adituak dira asko. 
 
Zeru Handi 1969ko irailaren 6an utzi zuten zeberiotarrek, aitak 71 zituela erretiratu zenean, eta bukaera «historia tristea» dela diote: hotelean etxebizitzak egin ziren eta jatetxeak beste batzuen eskuetan jarraitu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan eta itxi egin behar izan zuten handik gutxira. Aitak bere zaletasunekin jarraitu zuen: arrantza, musika, familia… 1992an hil zen 93 urterekin eta ama 1979an 80 urterekin.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!