Bildumari hasiera emateko, aurreko mendeko 80ko hamarkadan arrakasta handia lortu zuen Gure Txokoa dantzalekua da aukeratua.
Jose Luis Izagirre eta Jose Antonio Mokoroa gazteek karrozeria bat zuten Belauntzako Bentaren parean. Lan handia egiten zuten, asteburuetan eta guzti, eta etekin gutxi ateratzen zuten. «Zerbait egin behar genuela esan nion Jose Luisi. Azpirotzen Malloak diskotekan lau koloreko argiak jarri eta ondo doa. Guk zortzi koloretakoak jarrita hobeto. Erotuta nengoela esan zidan. Gau hartan ez zuen lorik egin, baina aurrera egin genuen», dio Mokoroak.
Iruran begiratu zuten, baina han aparkaleku gutxi zegoen eta Belauntzako Beotibar paper-fabrika izan zena aukeratu zuten. Lokalagatik 12 milioi pezeta eskatu zietela gogoratzen du. Dirurik ez zuten, baina mailegua eskatu eta ondo atera zitzaien. Ikasketa gutxi zituzten bi sortzaileek, baina bizitzak erakutsi zien aurrera ateratzen.
1981ean inauguratu zuten
Lizentziak lortu ondoren, bi hilabete eta erdian prestatu zuten 1.000 m2ko lokala: pista, eszenatokia, hiru barra (bat beheko sarreran eta bi goiko pistan), arropa gordetzekoa, takilak, erreserbatuak, komunak, larrialdi irteerak… Iñaki Etxeberria izan zen arkitektoa eta Iñaki Goikoetxea dekoratzailea. 1981eko maiatzaren 7an inauguratu zuten. Ez zen erraza izan, Izagirre eta Mokoroaren esanetan. Gabonetan 500 m2 gehiago handitu zuten. Kanpoaldean hiru aparkaleku handi antolatu zituzten. Autobusa ere jarri zuten igandeetan Tolosatik. Batez ere bi nagusien familiartekoekin osatu zuten lantaldea, 24 bat lagun. Aurrerago zerbitzari gehiago hartu zituzten 37 langile izatera iritsiz, horietako hiru aste osoan zehar lan eginez garbiketan eta horniduran. Erreserbatuko besaulkietan denetatik aurkitzen zutela gogoan du Miguel Angel Agirrezabalak, 1981eko Urte Zaharretik itxi zen arte bertan lan egin zuen zerbitzariak: dirua, karnetak, erlojuak…
Asteburuetan
Larunbatetan eta igandeetan irekitzen zen normalean Gure Txokoa. Hasieran ostiraletan ere zabaltzen zuten, baina 500 pertsona joan arren, hutsa zegoela ematen zuen eta utzi egin zuten. Jai bezperetan ere martxan izaten zen. Larunbatetan eta jai bezperetan gauerditik goizaldeko 4ak arte, eta igandeetan arratsaldeko 6-7etatik gauerdi arte. Geroago larunbatetako itxiera ordua goizaldeko 6ak arte luzatu zuten.
Egun batzuetan zuzeneko musika izaten zen, talde bat edo kantari bat, batez ere igandeetan, eta bestela diskoteka bezala funtzionatzen zuen. Maite Oiartzun leitzarra arduratzen zen musika jartzeaz eta gehienbat 70 eta 80ko hamarkadetako musika jartzen zuen. Udan itxi egiten zuten, herrietako jaiak izaten zirela eta. Urtean 100 bat egun izaten zituzten zabalik.
Sarrera eta edari merkeak
Berehala jendetza biltzen hasi zen asteburuetan Beotibarko pabiloien inguruan. Askotan erabateko betekada lortu zuten, berbena talde ezagunenekin, gonbidatu bereziekin, kotxea zozketatzen zen Errege bezperan (batzuetan bi kotxe eta beste hainbat opari ere bai), Urte Zaharretan, Inauterietan… «Sarrera merkea jarri genuen: 225 pezeta. Edariak ere merkeak ziren, tabernetakoak, ez pubetakoak», diote sortzaileek. Zerbeza, kubatak, xanpaina, kopak ziren gehien kontsumitzen ziren edariak eta kaxa ederrak izaten zituzten astebururo. Urtean 1.400 xanpaina kaxa (dozenakoak) erosten zituzten. «Kuadrilla batzuk poteoan ibiltzen ziren barra batetik bestera. Diezek ekartzen zigun fruta. Astebururo 8-10 zaku limoi gastatzen genuen», dio Agirrezabalak.
Talde ezagunak
Euskal Herrian jaietan herriz herri zebiltzan talde gehienak pasatu ziren Gure Txokoatik: Egan, Akelarre, Joselu Anaiak, Drindots, Minxoriak, Inguma, Oinarri… Horretaz gain, Eurovision-en izandako edo estatu mailan ezagunak ziren bestelako taldeak: Mocedades, Serafin Zubiri, Juan Pardo, Sergio y Estibaliz, The Wailers (Bob Marleyrekin aritutakoak), Trigo limpio, Slalom katalanak, mexikarrak… Euskal taldeak ere bai: Itoiz, Sorotan bele… Kontratazioetarako Irurtzungo profesional batek laguntzen zien. «Eganek lortzen zituen betekada handienak. Urtean zehar askotan izaten ziren, hilean behin edo bitan. Eta astelehen askotan bertan entseatzen zuten, bezperako emanaldiaren ondoren tresnak bertan utzita», dio Agirrezabalak. Zaragoza eta Kataluniako orkestra on asko pasatu zirela eta aipatu du.
Publiko euskalduna
Tolosaldeko herri guztietatik, ia Gipuzkoa osotik, Nafarroako herri askotatik eta Araba eta Bizkaitik ere etortzen zen jendea: Oiartzun, Errenteria, Zarautz, Hernani, Goierri, Azpeitia, Errezil, Leitza, Agurain… Herri bakoitzekoak txoko batean elkartzen omen ziren. «Gure Txokoa Nuarbeko sokatira taldearen babeslea zen eta jende asko etortzen zen Azpeitia aldetik. Behin, elurrak Bidaniko bidea itxi zuen eta autopistatik etorri eta bueltatu ziren. Era guztietako publikoa zen eta oso giro euskalduna eta sanoa lortu zen», dio Agirrezabalak. Hala ere batzuetan kuadrillen arteko iskanbilak eta borrokak izaten ziren, batez ere azken orduan, alkoholaren eraginez. Hernani eta Azpeitiko kuadrillen artean izandakoa gogoratzen dute bereziki. Beste behin, Errezilgo kuadrilla bat dantzalekutik atera bero-bero eginda eta Tolosan telefono kabina arrankatu eta kotxe gainean eraman zuten, herrian ez zutela argudiatuz. Tolosari bizitza handia ematen zion, larunbatetan dantzalekura joan aurretik eta igandeetan handik bueltan herrian ibiltzen zelako jendea.
Dantzalekuaren kanpoaldean beste hiru taberna zeuden: lehendik zegoen Toki alai eta dantzalekuarekin batera ireki ziren Itzal taberna eta Izarti pub-a. Otordu eta edariak ematen urte onak izan zituzten haiek ere.
Babestu zituen kirol taldeen artean Nuarbeko sokatira, eskubaloiko Tolosa CF eta Oriako txirrindulari eskola aipatu dituzte.
Beherakada
Hainbesteko arrakasta lortuta, trafiko handia izaten zen Tolosa-Berastegi errepide estu eta bihurrituan. Istripu asko izan ziren eta hildako bi edo hiru izan zirela gogoan du Mokoroak, oso gutxi han zebilen jendetzarako. Bonba mehatxuren bat eta uholderen bat ere izan zituzten. «Inaugurazio egunean urik gabe gelditu ginen ordu pare bat lehenago, obra batzuetan tutu bat zulatu zutelako. Kotxe kamara zahar batzuekin konpondu eta ireki ahal izan genuen. Kanpoan 400 bat pertsona zeuden irekitzeko zain. Eganekin inauguratu genuen eta erabat bete zen», gogoratzen du Izagirrek.
Urte mordoa iraun zuen arrakastak, 1992 ingurura arte. Ertzaintza alkoholemia kontrolak jartzen hasi zen eta horrek eragin handia izan zuen jaitsieran. Jendea herrietan gelditzen hasi zen, autoa hartzeko beldurrez. Tolosan adibidez, Gorriti inguruko puben eta Maithuna diskotekaren gorakada izan zen urte haietan. 1993an Gure Txokoako nagusiek alokatu egin zieten dantzalekua Arroako Jazz Berri diskoteka zeramaten bi lehengusu donostiarrei. Musika estilo berria jarri zuten, baina ez zuten emaitza onik lortu. Garai berean Bidanian Txalaparta eta Iruran Txaston diskotekak zabaldu ziren. 1996ko ekainean itxi zituen ateak Gure Txokoa dantzalekuak.
Zenbat bikote sortu ote ziren bertan? Aspaldi itxi bazen ere, eskualdeko jende askoren oroimenean dago Gure Txokoa. Etxeren batean geldituko da orduko pegatina, kamiseta edo giltzatakoa. Orain nolabaiteko jarraipena izango du: Belauntzan ireki nahi duten gaztetxeari bere izena emango diote eta horretarako dantzalekuko fatxadako kartela hartu zuten joan zen uztailean, berritu eta gaztetxe berrian jartzeko asmoa dute. Kostako zaio hark izan zuen arrakasta lortzea!