elkarrizketa

«Paotxaren aitak esan zidan urte asko iraungo nuela eta asmatu zuen»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2023ko aza. 22a, 12:32

Txarangetan nahiz bonbardinoarekin bakarrik, bizitza osoa eman du musika jotzen Jesus Mari Zalakain Odriozola tolosarrak; omenaldiak ere egin dizkiote.

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien eguna, eta Tolosako Musika Bandak kalejira egingo du, 19:30ean Gorriti plazatik abiatuta. Igandean, berriz, Santa Zeziliako kontzertua izango da, Leidorren, 12:00etan hasita, eta bertan Tolosako Udal Musika Banda, Giro Arte Dultzaina taldea, Udal Txistulari Banda, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra eta Hodeiertz abesbatza ariko dira.

Musikaz badaki zerbait Jesus Mari Zalakain Odriozolak (Villabona, 1941), bizitza osoan aritu baita musika jotzen, txarangetan eta bera bakarrik ere askotan, bere bonbardinoarekin: Incansables, Nekaezinak, Anastasio, Kabila, Tolosano… Tolosar batekin ezkondu zenetik Tolosan bizi da, eta Hernanin omenaldiak egin dizkiote. 82 urte izateko indartsu eta osasuntsu dago «potajea, laranja eta gaztari esker».

Orain jende gehienak Pipas deitzen dizu, baina zure goitizena beste bat da.

Villabonan jarri zidaten, txikitan. Hotza egiten zuenean sudurra gorri-gorri jartzen zitzaidan, piper morroa bezala, eta Pipar deitzen hasi ziren. Jende askok Pipas deitzen dit eta batzuk esaten zuten pipan erretzen nuelako zela, baina ez da horrela.

Nola hasi zinen musikan?

Juanito Gurrutxaga txistulariarekin solfeo ikasi nuen. 9 urterekin Villabonako bandan sartu nintzen onoben instrumentuarekin, bonbardino txikia, mi bemolen. Migel anaia zaharrenak bonbardinoa jotzen zuen bandan eta etxera ekartzen zuen ikasteko. Harekin hasi nintzen nire kontura, ezkutuan. Konturatu zenean, hurrengo igandean bere ordez jotzeko esan zidan. Villabonan musikari asko zegoen eta igandero jotzen zuen bandak. Bitoriano Zapirain zen zuzendaria, Salvadora paper-fabrikako burua.

Eta noiz hasi zinen txarangetan jotzen?

Orduan ez zegoen txarangarik. Juanito Colmeneroren Beotibar bandarekin hasi nintzen Leitzako jaietara joaten. 13 musikari ginen: bere anaia Alejandro eta Pascual Garces tronpetak, Gabriel Urra kontrabaxua, Antonio Crespillo, Andoaingo Etura eta Xope klarineteak, Irungo rekinto bat, Paotxaren aita tronboiarekin… Eta Colmenero bera baterian aritzen zen. Beotibar orkestina ere bazuen Colmenerok. Dena sueltoan jotzen genuen, debekatuta zegoen helduta dantza egitea. Egunean 60 pezeta kobratzen genuen eta bost egunetan joaten ginen. Urteak egin nituen. Paotxaren aitak esan zidan urte asko iraungo nuela eta asmatu zuen.

Eta nola bukatu zen hori?

Diru gehiago eskatu genion udalari eta honek ezezkoa eman zuen. Orduan Iruñeko banda militarra hasi zen etortzen urte batzuetan, baina ez zeukaten saltsarik arin jotzeko. Festara lagunekin joan nintzen batean, Karlos Agirre Gaztelu eta koadrila handi batek bonbardinoa eramateko esan zidaten. Etxera eraman ninduten bila eta hala hasi nintzen. Azken egunean paper-fabrikako langileek bazkaria egiten zuten goiko ostatuan eta Jesus soinuzalearekin joan nintzen. Diru bilketa egin zuten guretzat eta alkateak herriko seme izendatzea proposatu zuen. Gero plazan jotzen aritu ginen eta Arantzako baltsa jo nuelako Guardia Zibileko sarjentuak bonbardinoa kendu zidan. Goizeko ordubatean nire aldeko kristoren manifestazioa egin zuten alkatearen etxeraino.

Noiz hasi ziren txarangak?

Hori guk asmatu genuen. Alcoyanon 25 lagun ibiltzen ziren. Tabernetan jotzeko ez da jende asko behar. Gazteluk deitzen zidan Leitzako festetara joateko musikari batzuekin eta hala hasi ginen Canario, Zapa, Paotxa, Sietemesino… Bonboa eta txapak herrikoek jotzen zituzten. Denbora dezente egin genuen bost edo sei lagun bakarrik joaten. Gero gaupasa egiten genuen Zapa danborrarekin eta biok jotzen. Karnabaletan ere joaten ginen Leitzara. Behin atzeratu egin zituzten ezin genuelako joan eta meza entzuteko kalean zeuden bozgorailuetan apaizak esan zuen Inauteriak atzeratu egin zirela Zalakainek ezin zuelako joan.

Eta hortik Incansables txaranga sortu zen.

Urte batean udalak ordaindu behar zuela eta izen bat jarri behar zela programan esan zidan Gazteluk. Ordurako jendeak esaten zigun incansables ginela jotzen. Eta izen hori jartzeko esan nion.

Zaparen hilketa ere bizitu zenuen.

Hondarribiko golfean ezkontza batean izan ginen jotzen, Hernaniko Yausika diskotekan bukatu genuen eta etxera joateko esan nion. Handik ordu gutxira alkateak deitu zidan Zapa hil zutela esanez. Garai hartan ultraeskuindarren hilketa asko izan ziren Hernani-Andoain inguruan eta jendea segika sumatzen genuen.

Txaranga asko izan dituzu.

Incansablesekin azken emanaldia Everest igo zuen Martin Zabaleta mendizalearen etorrera izan zen. Bere aldetik jarraitu nahi zutela esan zidaten. Nire aldetik jarraitu nuen beste musikari batzuekin: Ilde Mendinueta eta Javi Arrieta tronpetak, honen lehengusua JJ Arrieta eta Lacalle saxoak, Boniki anaiak, Petas Azkarate… Gero horietako batzuk Iraunkorrak sortu zuten. Azken urteetan Nekaezinak izenarekin aritu gara lagun batzuk.

Noiz hasi zinen Tolosara etortzen?

Oso gaztetan hasi nintzen Kabilara etortzen, 1955ean. Gero Incansables sortu genuen jendea ere Kabilan ibili zen. Hor Patxi Arratibelen hilketa bizitu nuen. Harreman handia nuen berarekin, lanean eta txarangan. Tolosano elkarteko txarangan ere urte asko egin ditut inauterietan. Inauteriak behin utzi ditut: Peña Anastasiorekin Kanaria uharteetara joan ginenean jotzera. Hamabi egun egin genituen. Han bonbardinoa lapurtu zidaten, katalan batzuekin euskal gatazkari buruz hizketan ari ginela.

Zein dira musika jotzen gehien ibili zaren herriak?

Lesaka, Hernani, Leitza, Goizuetan ibili naiz gustuen, etxean bezala. Tolosa, Altsasu, Agoitz, Los Arcosen eta Sakanan asko ibili gara. Iruñeko sanferminetara ere asko joan naiz, baina nire kontura, txarangetan bonbo gehiegi zegoelako eta ez zait gustatzen. Orain 15 musikari edo gehiago joaten dira Iruñeko peñetara. Gu gehienez 9 joaten ginen. Bizkaian, Araban eta Ipar Euskal Herrian ere ibili naiz. Ezkontzetan ere aritu naiz, urte askoan Errenteriako Versalles jatetxean. Elkarteen birak egiten genituen asko. Sagardotegi eta bodegetan ere maiz. Euskal Herriko Itzulian urte askoan. Eta kanpoan Kanaria uharteetan, Xixon eta Bartzelonan.

Eta lanarekin nola moldatzen zinen?

14 urterekin hasi nintzen lanean. Obretan aritzen nintzen. Lan asko pasatu ditut. Bakailaoetan ere ibili naiz Kanadan, neguan lau hilabete zero azpitik 18 gradura. Orduan txistua jotzen nuen eta hara eraman nuen. Kamioiarekin ere hamahiru urte egin nituen lanean. Portugalera burdina eraman eta egurra ekartzen genuen.

Bizimodu gogorra musikariena.

Gustatu egin behar zaizu, diruagatik bakarrik ezin da iraun. Ez da bakarrik musika jotzea, baita batekin eta bestearekin egotea. Andreak ere asko lagundu zidan. Pazientzia handia izan zuen nirekin. Eta osasunak ere lagundu dit. Behin bakarrik izan nuen istripua, Soraluzetik etortzen zulora joan nintzen. Astebete egin nuen klinikan.

Zein dituzu gustuko piezak?

Pot-pourriak. Nik asmatzen nituen, pieza bat hasi, gero segidan besteak. Sueltoko piezak ere bai. Inauterietako Pitxi pitxi oso polita da. Pasodobleak asko gustatzen zaizkit: Fiesta en la Caleta, Amparito Roca

Eta ezagutu dituzun musikari onenak?

Canario musikari bezala onena izan da eta gainera idazteko buru ona du. Manolo Rico ere musikari handia izan da.

Gazteak nola ikusten dituzu?

Urrutitik entzuten ditut, ez naiz asko gerturatzen. Errioxako Strapalucio txaranga oso ona da.

Segitzen al duzu jotzen?

Bai, baina orain gutxiago. Ezpainak ez dit uzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!