Elkarrizketa

«Gipuzkoa paradisua da etnografiaren ikuspegitik»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2022ko mar. 8a, 11:59

Iturria: Joseba Urretabizkaia

Joseba Urretabizkaia argazkilari tolosarrarekin batera, 'Gipuzkoa Bilduma' liburu sorta hasi du Fernando Hualde Gallego izabarrak; Altzoko herriari eskaini diote bildumako lehen zenbakia.

Martxoaren 13an aurkeztuko dute Altzo: mila urte mila oroimen liburua, herrian bertan. Xibarit argitaletxeak 500 biztanletik beherako Gipuzkoako herriguneen inguruko liburu bilduma argitaratuko du eta lehen zenbakiak Altzo du protagonista. Fernando Hualde kultura-ondarea ikertu, berreskuratu, babestu eta zabaltzen duen idazle, historialari, ikerlari, etnografo eta hizlaria da, eta lanek Joseba Urretabizkaia argazkilariaren irudiak dituzte.

Nola sortu zen bilduma honen ideia?
1025eko dokumentu batean agertu zen lehen aldiz Ipuzçoa hitza. Laster gertaera horren mila urte beteko dira, horren harira ekitaldi batzuk izango dira eta etorkizunera begira geldituko diren liburu batzuk argitaratzea da asmoa, Gipuzkoako herri batzuren historia eta oroimena jasoz. Herri bakoitzeko liburu bana egitea ezinezkoa denez, 500 biztanletik beherako 23 herriak aukeratu ditugu, tartean Tolosaldeko asko. Altzo izango da lehena, aipatutako dokumentu hori bertan agertu zelako. Bigarrena ere aurreratuta daukagu, Beizamari buruz, Gipuzkoako erdigune geografikoa. Hirugarrena Orexa izango da eta pixkana gainontzekoak joango gara egiten.

Zergatik aukeratu dituzue herri txikienak?
Herri guztiak dira garrantzitsuak, baina liburu batek herri txiki batean gehiago sakontzeko aukera ematen du: baserrietako bizimodua, herrikoa, jendea, lanbideak… Herri handietan dena zailagoa da. Beharbada aurrerago horietara ere irits gaitezke.

Aukeraketa horrek liburu estilo bat markatzen du.
Halaxe da. Mendeetan zehar ia bilakatu ez diren bizimodu batzuk izan ditugu eta XX. mendearen bigarren erdia iritsi eta denak eraman ditu berarekin. Hori dena ezagutu duen belaunaldi bat daukagu oraindik: etxean ogia egin duena, edo sagardoa baserrian, taloak, xaboia, etxea errautsez zuritu duena, gazta egin duena baserrian… Desagertzen ari den mundua da. Joan aurretik herri bakoitzeko belaunaldi hori hartu eta bere oroimena eta testigantza jaso nahi dugu: jaiak, eskola, herri erlijiotasuna, erromeriak, herri arteko harremana, pertsonaia garrantzitsuak, mugarri historikoak, gerrari buruzkoak… Belaunaldi hori joan baino lehen jaso ditzakegun gauza horiek. Liburu guztien hasieran herriaren historiari buruzko kapitulu bat izango da.

Altzokoa izango da lehen liburua. Zenbat denbora eman dizue eta nola egin duzue lan?
Uda osoan zehar aritu gara lanean. 80 urtetik gorako pertsonen aukeraketa bat egin dugu, 11 lagun guztira. Haiek elkarrizketatu ditugu, oinarria haiengandik jasotako informazioa izan da, eta beste pertsona batzuk ere izan ditugu laguntzen.

Galdetegi finkoa izango da herri guztietarako?
Interesatzen zaizkigun gai guztiak jasotzen dituen galdetegia prestatu dugu, baina aurrena herri bakoitza ezagutzen duten pertsona talde batekin biltzen gara, berezitasunen bat badagoen jakiteko.

Eta adineko pertsona horiek faltatzen direnean?
Bizimodu hori ezagutu eta bizirik gelditzen direnekin egongo gara. Hitz egiten duzun bitartean baserriak bisitatzen dituzu, argazkiak egiten dituzu, eta horiek beste informazio iturri garrantzitsuak dira. Liburuaren indarra Joseba Urretabizkaiaren argazki artistikoak dira. Argazki zaharrak lortzen saiatzen gara eta garrantzi handia duen beste atal bat garai zaharren berregitea da, argazkiak ateratzeko. Herriko belaunaldi gazteak jartzen ditugu aurreko belaunaldien lanak egiten garaiko jantziekin: taloak egiten, arropa garbitzen, prozesioetan, lanbide zaharretan, eskolan… Garai zaharrak berriz bizi, arbasoen bizimodua eszenifikatu eta identitate sentimendu oso baliotsua sortzen da horrela, aldi berean herri osoa inplikatuz. Jendeak gure historia eta kultur ondarea ezagutzea eta baloratzea bilatzen dugu, ezagutzen ez duguna ez dugulako baloratzen.

Gipuzkoan egin al dira orain arte horrelako lanak?
Ez du uste. Lan etnografiko garrantzitsuak egin dira, baina beti falta izan da orain jartzen ari garen alor hori. Epe motzean desagertu egingo diren gauzak jaso nahi ditugu. Hurrengo belaunaldirako uzten badugu ez da berdina izango, ez du zerikusirik, orain jaso behar da edo betirako galduko dugu.

Zer egin zaizu deigarriena Altzon?
Lehen aldiz espazio komunik ez dagoen herria aurkitu dut. Bi auzo oso bereizita daude, Altzo Azpi eta Altzo Muino, eta biztanleria oso sakabanatua. Eta baserri bakoitzaren bilakaera oso desberdina izan da: ur korrontea edo argi elektrikoa iristea oso modu desberdinean bizitu du etxe bakoitzak. Eta duela gutxira arte ez zegoen errepiderik.

Herri txikiak izanik, baserria giltzarria izango da herri guzti horietan.
Bai. Baserria errepublika independentea izateko zegoen diseinatua, autarkia hutsa: ura jaso eta baserrira eraman, ogi labea, labaderoa, ikuilua, su baxua, ganbara… Dena bertan dute, ez dute ia atera behar. Eskolara eta merkatura bakarrik ateratzen ziren, eta jai batzuetara tarteka.

Datu bitxiren bat?
Atentzioa eman dit lehen jaunartzea bi aldiz egiten zela, 7 urterekin eta 12 urterekin. Gero Beizaman eta beste lekuetan ere egiten zela ikusi dut. Nafarroan hori pentsaezina da. Errota interesgarri bat dago, dolare batzuk mantentzen dira, pago motzak badaude eta hori ez da leku askotan ematen… XIX. mendean Espainiako Koroak Armadarako mastak egiteko pagoak behar zituen. Pagoen adarrak urtero moztuz egurra lortzen zuten, baina Koroarako baliorik gabe gelditzen ziren. Imaz bertsolariak landatutako pago ospetsua dago Altzon. Gizakiaren lanaren ondorioa da, urte asko dituzten estetika bereziko zuhaitzak dira.

Orain arte Gipuzkoan aritua al zinen lanean?
Ez, batez ere Nafarroan; gero, Errioxan, Huescan, Zaragozan, Cuencan, Guadalajaran, Katalunian, Andaluzian… leku askotan aritu naiz, baina Gipuzkoan ia batere. Eta oso mundu interesgarria ari naiz aurkitzen, etnografiaren ikuspegitik paradisua da. Baserri batean sartu eta aurkitzen duzun aberastasun etnografikoa ez dut beste inon aurkitu. Gauza gutxiagorekin egin izan dute museo bat.

Batez ere Nafarroan aritu zara lanean. Antzik ba al du Gipuzkoarekin?
Nafarroa oso aberatsa da kulturalki, ez du zerikusirik Baztango herri arkitekturak Erriberakoarekin, Lizarrako merindadeak Erronkarirekin. Aniztasun oso aberatsa dauka. Gipuzkoa uniformeagoa da alde horretatik. Beharbada kostaldea eta barrualdearen artean egon daiteke desberdintasuna.

Nola hasi zinen etnografia munduan lanean?
Ia umetatik, 15 urterekin, orri osoko idatziak argitaratzen nituen egunkarietan gai hauei buruz. Jakin-min hutsa da, ulertzen ez duzuna jakin nahi izatea. Horrela ikasten da. Erronkariko artzain familia batekoa naiz: aita, osabak, aitona, birraitona… Artzaina ez den lehen belaunaldikoa naiz, hirira joan zena bizitzera gainera. Artzaintzaren oroimena jaso dut familiaren bitartez. Eta horrekin batera beste alor asko: inauteriak, lurraren landaketa, elikagaien kontserbazioa, erromeriak, prozesioak, toponimia… Nire pasioa izan da, bizitza osoan honetan aritu naiz. Nik baino gehiago zekien jendearen ondoan eseri eta entzutea izan da nire formazioa. Ez dut maisurik izan.

Galtzen ari den mundu bat da.
Orain museo eta bilduma partikularretako piezak katalogatzen ditut Nafarroako Gobernuarentzat eta udalentzat. Egunero ikusten diren gauzak ez dira baloratzen. Jaso daitekeena jasotzen ari gara. Adineko jendearekin ari gara lanean eta pixkana joaten ari dira. Lan garrantzitsua da egiten ari garena. Batez ere sentsibilizazio lana. Ez ezagutzea da arriskua. Ezagutzen dena baloratu egiten da eta mantendu egingo da hurrengo belaunaldietan.

Zure bizitzan zehar ezagutu dituzun jaien artean zein aukeratuko zenuke?
Hiru Behien Zerga, Izaban, nire familiaren herrian. Mantentzen den munduko zeremoniarik zaharrena da, 1375eko dokumentuetan aspalditik zetorrela zioena, beharbada I. eta II. mendetik. Itzagako erromerien liburua argitaratu berri dugu. Inon ez dago erromeria penitentzialik eta Nafarroan lau ditugu. Bitxi batzuk dira.

Lanbide zahar bat aukera ezazu.
Odolean daramat gaztagilearena, nire aita ospetsua zen berak egiten zituen gaztengatik. Artzaintza transhumantea eta gazta dira nire pasioak.

Iruñeko Udalaren Txondorra saria jaso eta Vianako Printzearen sarian finalista izan zinen. Onarpen horiek laguntzen al dute lanean jarraitzen?
Egiten diren lan hauek errekonozitzeagatik pozten naiz, ez nigatik. Eskertzen ditut, baina sarien beharrik ez daukat jendearen kontzientzian lanean jarraitzeko.

Gipuzkoakoaz gain, zein beste proiektutan ari zarete lanean?
Nafarroako bildumarekin jarraitzen dugu. Hurrengoa Zangozaren historia izango da, latorrigile baten oroimenaren bitartez. Artzaintza eta transhumantziarena ere ari gara prestatzen. Eta Irunberriko Trinitatea, Tabar herria… Joango dira ateratzen

 

GIPUZKOAKO 23 HERRIREN HISTORIA BILDUKO DUTE

2025. urtean beteko dira mila urte Gipuzkoa hitza idatzita agertzen den lehen erreferentzia dokumentala egin zenetik. Hori dela eta, Foru Aldundiaren, zenbait udalen, enpresen eta kolektiboren babesarekin, Xibarit argitaletxeak herri gisa Gipuzkoak duen memoriaren iraunkortasuna bermatuko duen aztarna bat eman nahi izan dio lurraldeari 'Gipuzkoa Bilduma' liburu-sorta plazaratuz. Gipuzkoako 500 biztanle baino gutxiago duten 23 herrik osatzen dute bilduma eta lehen liburua Altzo herriari eskaini diote, 1025. urtean herri horretan agertu zelako 2025ean Gipuzkoak urteurrena ospatu ahal izatearen arrazoia. Liburuek bi zati izango dituzte. Lehenengoak, bigarrena baino laburragoa eta sinpleagoa, herri bakoitzaren historiaren laburpena izango du, baita haren ondare eta historia mugarri garrantzitsuenen laburpena ere. Bigarren zatian, herri horretako bizitzari buruz bildutako oroitzapenak eta testigantzak jasoko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!