Elkarrizketa

«Bokazioa zena, nire pasioa eta lanbidea ere bihurtu da»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2022ko ots. 2a, 09:34

Aita irakaslea zuen Lara Diloy Felipe orkestra zuzendariak, eta lanak ekarri zituen eskualdera; segituan alde egin behar izan zuten ordea; hainbat orkestra zuzendu ditu eta orain, besteak beste, Barbieri Symphony Orchestrako zuzendaria da.

Lara Diloy Felipek (Tolosa, 1986) estatuko eta atzerriko orkestra asko zuzendu ditu: Barbieri, Madrid Sinfonica, Oviedoko Filarmonia, Bilbo, Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Varnako Filarmonikoa, Nafarroa, Kanaria Handia… Antzoki nagusienetan aritu da: Madrilgo Real, Zarzuela, Monumental edo Auditorio Nacional, Valladolideko Calderon, Kanaria Handiko Alfredo Kraus, Valentziako Les Arts… Alcorconen (Madril) hazi zen eta bertako Sinan Kay ahots zuriko abesbatza ere zuzentzen du. Jaioterritik oso umetan alde egin bazuen ere, maitasun handia dio, gurasoek hala transmititu diotelako. 2018an Yanmag arte eta kultura aldizkariaren saria jaso zuen bere ibilbide artistikoagatik. AESDO Estatuko Orkestra Zuzendarien Elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da. Oviedon harrapatu du TOLOSALDEKO ATARIA-k opera baten prestaketan.

Zein da Tolosarekin duzun lotura?
Nire jaioterria da, Asuncion ospitalean jaio nintzen. Nire gurasoak aragoarrak dira, Zaragozako herri txiki batekoak, eta aitaren lanagatik sei urte egin zituzten Gipuzkoan; Zumarraga eta Villabonako eskoletan irakasle izan zen. Urtebete nuela Madrilera bidali zuten eta hara joan ziren pena handiz. Negar eta guzti egin omen zuten alde egiterakoan.

Zergatik?
Bizitzako urterik onenak bezala gogoratzen dituzte urte haiek: harrera oso ona egin zieten, gazteak ziren, ni eduki ninduten, lagun handiak egin zituzten… Oso gustura zeuden eta ez zuten alde egin nahi. Geroztik, behin baino gehiagotan izan gara. Herrimin eta oroitzapen on hori transmititu egin didate.

Nola hasi zinen musika munduan?
Etxe guztietan haurrekin probak egiten dituzte ea zer duten gustuko: kirola, musika… Denok dena lardaskatu izan dugu. Nire kasuan umetako opari bat teklatua izan zen. Belarri ona nuela konturatu ziren gurasoak eta musika eskolan izena eman zuten.

Instrumentu bereziarekin hasi zinen: tronpa.
Bai, garai hartan instrumentuak zozketaz esleitzen ziren. Nire txanda iritsi zenean hiru tresna hauek ikasteko aukera izan nuen: tronpa, tuba eta kontrabaxua. Orain altu samarra banaiz ere, orduan, 7 urterekin, txikia nintzen eta horien arteko txikiena aukeratu nuen: tronpa. Nire gurasoek ez zuten harremanik musikarekin, ez zekiten ezer, eskolako neska batek erakutsita jakin nuen nolako doinua zuen. Handik bizpahiru hilabetera hutsuneak izan ziren beste instrumentu batzuetan, baina ez nuen aldatu.

Eskola horretako abesbatza ere zuzentzen duzu.
Bai, Manuel de Falla du izena eta musika eskola eta kontserbatorioa da. Hor zeuden talde guztietan parte hartu nuen tronpa ikasketak burutzen ari nintzen bitartean: gazteen banda, helduena, metal taldea, abesbatza, orkestra… Eta denetan zoriontsu izan nintzen. Gero irakasle gisa aritu nintzen bertan. Bertako Sinan Kay izeneko abesbatza sortu eta zuzentzen dut. Ahots zuriko taldea da eta RTVEko orkestrarekin aritu izan gara lanean eta sari ugari jaso ditugu estatuan eta atzerrian. Proiektua handitzen eta zabaltzen joan da. Duela lau urtetik helduen ahots mistoko taldea ere badauka. Hala ere, jarduera gehien duena ahots zuriko abesbatza da.

Tolosako Abesbatza Lehiaketara etorri beharko duzu.
Nahiko nuke! Buruan dugun ideia bat da. Oraintxe bertan abesbatza guztien egoera oso konplexua da eta denbora pasatzen utzi beharko dugu horretarako, baina gustatuko litzaidake.

Ezagutzen al duzu lehiaketa?
Musika eskolan kantatzen hasi nintzeneko abesbatza, ni sartu baino lehen, Tolosan izan zela uste dut, 1990-91 inguruan. Koral munduaren barruan sartzen zarenean berehala Tolosako Lehiaketa erreferente bat da.

Eta nolatan egin zenituen zuzendaritza ikasketak?

Hori beranduago izan zen. Tronpako karrera egin nuen eta nire musika formakuntza osatzeko egin nuen. Bokazioa zena nire pasioa eta lanbidea ere bihurtu zen.

Ikasketak burutzea gauza bat da, baina zaila izango da orkestra bat zuzentzea lortzea.
Bai, normalean talde afizionatuetan hasten zara. Nire kasuan Madrilgo Juventas orkestra izan zen. Lehen aukera eman zidan: entseguak, publiko aurrean kontzertuak… Ikasteko eta hazteko aukera polita da.

Barbieri Symphony Orchestra zuk sortutako proiektua da.
Bai, freelance modura egiten dugu lan, batekin eta bestearekin. Orain, COVID garai hauetan, proiektu gutxiago izan ditugu, gure ezaugarriengatik zailagoa delako, baina hor jarraitzen dugu lanean.


Eta profesionalki, zein izan zen lehena?
Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Oso esperientzia polita izan zen. Beethovenen 7. Sinfonia egin genuen Lekeition. Ederra.

Ikusten dut zure ibilbidean batzuetan zuzendari eta beste batzuetan zuzendari laguntzaile izan zarela. Azal ezazu mesedez, zer den zuzendari laguntzaile izatea.
Bai, gutxi ezagutzen den lan bat da. Zuzendari askok laguntzaile bat izaten dute, batez ere obra lirikoetan. Bere funtzioa zuzendaria ordezkatzea da, adibidez entsegu batzuetan. Eta maisua eta abeslarien arteko lotura izatea. Gainera errebisatu beharreko materialak begiratzen ditugu. Zuzendaria bere fosoan ari da orkestra zuzentzen eta laguntzailea kanpoan dauden belarriak dira, kanpotik nola entzuten den jakiteko eta ahal dena konpondu eta hobetzeko. Gaur egun Oviedoko (Asturias) operan horretan ari naiz. Opera denboraldia sei hilabete ingurukoa izaten da eta bertan bizitzen naiz tarte horretan. Emanaldi batek fase asko ditu eta hasiera fasean, eszena entseguak pianoarekin izaten dira orkestraren ordez, eta zuzendaria ez da bertan izaten beti. Horrelakoetan laguntzaileak aritzen gara bere ordez. Ikasteko oso baliagarria da, lan asko egiten da, errepertorioa ezagutu, maisu desberdinen lan egiteko modua, orkestra desberdinak, partiturak interpretatzeko erak… Eskola aparta da laguntzaile izatea.

Opera aipatzen duzula, gustukoen duzun musika generoa al da?
Genero lirikoak erakartzen nau aspaldidanik, lan handia eman dit eta asko gozatzen dudan aldaera da. Nire karrerako oinarri garrantzitsua da, alde sinfonikoarekin batera, noski.

Estatuko orkestra askorekin aritu zara lanean eta ondo ezagutzen dituzu. Zein da gaur egungo panorama?
Irakaskuntza utzi nuenetik 6-7 denboraldi daramatzat profesionalki zuzendaritzan eta lan asko egin dut. Maila handia dago, oso gustura egiten da lan, baina asko dago oraindik egiteko. Konplexua den egoera bizitzen ari gara denok, baina bereziki kultura eta musikarako garai gogorra da. Lanean jarraitu eta astero publikoarengana iristeko esfortzu ikaragarria egiteko zortea izan dugu. Itxialdi orokorra izan zenean emanaldi asko bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan ziren eta une zailak bizitu genituen, noski. Abesbatzarekin adibidez, entsegu batzuk online egin genituen dinamika mantentzeko, baina ez da gauza bera. Denok ari gara egoera sufritzen. Iraun eta lanean jarraitu behar da, ez dago beste ezer egiterik.

Hemengo egoera ezagutzen al duzu? Bi orkestra ditugu gurean; horrek ez al du lehia sortzen?
Ez, alderantziz. Bilboko orkestrarekin lan egin dut. Euskadikoarekin ez, baina ezagutzen dut, entzunda eta bertan lan egin duten lankideen bidez. Oso orkestra ona da. Euskadin badago bi orkestra izateko maila: publikoa, jaialdiak, ABAO, lehiaketak, zaletasuna, erakundeak, kontserbatorioak… Musika maila altu hori izateko zortea dauka. Musika erreferentea da Euskadin.

Bilboz gain, Donostian eta Iruñean ere aritu zara lanean.
Bai, Donostian 2018an Orfeo y Euridice opera egiten Opus Lirica orkestrarekin eta Iruñean 2015ean Rigoletto opera egiten Nafarroako orkestrarekin, laguntzaile gisa. Oso gustura joaten naiz beti jaio nintzen lekura. Leku askotakoak garenak beti bihotzean ditugu leku horiek.

Ekoizpenean ere aritu zara Galizian.
Bai, Filharmonia orkestraren disko baten ekoizpenean, gitarra batzuekin egindako diskoa da. Zuzendari laguntzailearen lanaren oso antzekoa da: kanpotik entzuten duten belarriak izaten zara, grabazio desberdinak entzun, entzuten dituzunen artean baliagarriak zein diren ikusi… Eta hortik aurrera postprodukzioa dator. Kudeaketa lana da gehiago.

Konposatzaileen artean zein dituzu gustukoen?
Nire konpositore edo obra gustukoena une bakoitzean ikasten edo lantzen ari naizena da. Ikasten ari zaren horri ahalik eta etekinik handiena atera eta ahalik eta gehien gozatzeko modua da. Badira egile edo lan batzuk erosoagoak edo gustukoagoak zaizkidanak, baina ez dut bat nabarmendu nahi. Lanean egokitzen zaidan obra bakoitzaz gozatzen dut.

Eta zuzendarien artean?
Denok erreferente modura dugun zuzendari bat Carlos Kleiber da. Zorionez, gaur egun bideo bidez asko ikus dezakegu bere lana. Emakumeen artean Sussana Malkki eta Marin Alsop bidea ireki dutenak izan dira. Speranza Scappuccik lan ederra egiten du. Orain Milango Scalan debutatuko du. Eta nire kasuan, berarekin lanean urte asko daramatzat eta asko miresten dut Oliver Diaz. Zuzendari asko ikusten ditut lanean eta bakoitzarengandik ikasi ahal izatea oso polita da, nola aritzen den, nola kudeatzen duen orkestra… Hori dena baliagarria zait nire lanean txertatzeko.

Emakume gutxi zarete orkestra zuzendaritza munduan.
Ez dut horretan pentsatzen. Kazetariek galdetzen didazuenean bakarrik planteatzen dut. Zuzendaritza ikastea erabaki nuenean ez nuen horretan pentsatu. Gero konturatzen zara ikasketa horietan gehienak mutilak direla. Eta mundu profesionalean ere bai. Baina hori alde batera utzita, ahal den modu naturalenean daramagu esan daiteke. Lan egin behar da. Espazio hori izatea garrantzitsua da. Agian erreferentzia izango gara hurrengo belaunaldientzat. Gainontzekoa zirkunstantziala eta anekdotikoa da eguneroko bizitzan.

Gaztea zara. Entzutera joaten diren gehienak dezente zaharragoak izango dira.
Etengabe agertzen den galdera da, beti hor dagoena, publikoa nola gaztetu. Azken bi urteotan harik eta presenteago egin dena. Orkestrak eta antzokiak hori lortzeko berrikuntzak ari dira sartzen bere programazioetan, entzule gaztea erakarri nahian. Ez dago erantzun argirik. Gazteak gerturatzea da garrantzitsuena, behin hori lortuta gustatu egiten zaielako. Lehen esperientziaren ondoren askotan ikusi izan ditut aho zabalik gelditu direla opera batekin. Bestalde, musika klasikoaren irudi elitista hori kentzea lortu behar dugu, jende mota batentzat izatearen uste hori. Opera eta musika sinfonikoa hizkuntza unibertsalak dira, edozein liburu edo filmetan bezala amodiozko edo bestelako istorioak kontatzen dituzte. Mundu guztiarengana iristen da eta hunkitu egiten du.

Oviedon duzu hurrengo emanaldia. Zein dira hurrengo proiektuak?
Adriana Lecrouver opera egingo dut Oviedon otsailaren hasieran. Hurrengo hilabetetan, berriz, Sevillako Maestranza antzokian obra berarekin izango naiz, eta Madrilgo Zarzuela antzokian El gato montes operarekin. Denetan zuzendari laguntzaile bezala ariko naiz.

Mundu zail honetan, nola iristen zaizkizu lan proposamenak?
Kasu bakoitza desberdina da, modu desberdinean sortzen da. Batzuetan ezagutzen zaituzte, zure lana ezagutzen dute eta deitzen dizute. Beste batzuetan zuk bidaltzen duzu proiektu bat, zure azken lana edo zure curriculuma. Eta gustatzen bazaie, agian deituko dizute. Eta agentzien bidez ere iristen dira kontratazio batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!