Herri baten historia, familia baten bizipenetatik kontatua

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko eka. 30a, 11:59

Bere familiako hainbat belaunalditako pertsonaien pasarteen bidez, Euskal Herriko XX. mendeko historia kontatu du Koldo Alijostes amezketarrak, 'Bizitzak' liburuan.

Duela hilabete gutxi argitaratua den liburu bat isilean pasatu da, oihartzun handirik gabe, baina gure eskualdeko kontu interesgarri asko biltzen ditu. Koldo Alijostes amezketarraren Bizitzak liburuaz ari gara. Bere familiako belaunaldi desberdinetako pertsonaien bizipenak bildu ditu eta horien bidez, Euskal Herriko XX. mendearen historiaren zertzelada ugari islatu ditu.

Koldo Alijostes Bordagarai (Amezketa, 1962) irakaslea da Gasteizen eta Euskal Herriko mitologiaren jainkoak eta jeinuak liburua idatzi du eta Amaroa.eus webgunearen arduraduna da. Iazko abenduan, berriz, Bizitzak liburua kaleratu zuen Pamiela argitaletxean. Gurasoei grabatutako elkarrizketetatik abiatuta, bere familian belaunaldi desberdinetan zehar izandako pertsonaien testigantzak jaso ditu.

Etxeko kontuak, arruntak, latzak, alaiak, hunkigarriak… direla dio egileak hitzaurrean, baina aurreko mendearen historiaren puzzlea osatzeko pieza ezin hobeak ematen ditu tartean. Euskal Herriaren historiaz ari gara, baina, batez ere, Tolosaldean gertatutakoak dira liburuan bildutako bizipenak. Izan ere, egilea bera amezketarra bada ere, bere gurasoak ibartarrak ziren (ama jaiotzez leitzarra, baina oso umetan Ibarrara etorria). Amezketa, Ibarra eta Tolosako kontu zahar ugari biltzen dira lan honetan, beraz.

XX. mende hasierako kontuak, gerra iritsi arte, aitona-amonen ahotan jasotzen ditu egileak. Eskualde honetan familia askotan ezagutu zen aldaketa agertzen da hor: industrializazio garaian baserri mundutik kalera emandako jauzia. Jaioberrien hilkortasun tasa handia, eskolara joateko eta alfabetatzeko arazoak, Tolosako feriara zerbait saltzera etortzeko bidai luzeak, garaiko jakiak, gaztelera soldaduskan ikastea… dira agertzen diren pasarteetako batzuk.

GERRA ETA ONDORENGOA

36ko gerra mende horretako gertaera historiko garrantzitsuena izan bazen, familia honetan ere zeresan handia izan zuen. Aitaren aldeko aitona abertzalea izanik (Ibarrako abertzaleen argazki jendetsua dago liburuan, 1932koa), Mendigoizale Batzako gudariekin aritu zen Lenago il batailoian. Senitartekoen testigantzaz gain, Tolosaldean gerran izandako gertaera nagusiak biltzen dira liburuan.

Eta gerra galdu ondoren, langile batailoietan bizitutakoak ere agertzen dira, aitonaren ahotik: Estatuarentzat lan gogorrak egin derrigortuta eraikuntzan edo meatzaritzan, zigor fisikoak, elikagai gutxi, tratu txarrak… Horrela aritu ziren 90.000 lagun Espainia osoan zehar. Hiru urte etxetik kanpo pasa ondoren, kilo erdiak galduta eta erabat desitxuratuta itzuli omen zen aitona. Etxeko txakurrak bakarrik ezagutu omen zuen.

Gerra osteko estutasunak ez dira falta: gosea, gaixotasunak, elikagai falta dendetan, errazionamendu kartilak, estraperloa, kontrabandoa Sakanatik Amezketara Aralarretik, makiak Aralarren…

Francoren aurkako mugimendua ere aipatzen da: 1947an eta 1951n lan uzteak eta manifestazio handiak, 1956an greba orokorra, ELAren sorrera Tolosaldean 50. hamarkada hasieran…

Gurasoak ezkondu eta Amezketan jarri ziren bizitzen, aita bertako paper-fabrikan hasi baitzen lanean. Amezketan haurtzaroan bizitutakoak azaltzen ditu Koldo Alijostesek: lehen telebista erretore etxean (pezeta kobratzen zieten telesaio bat ikusteagatik), haur jolasak errekan, Fernando Amezketarra eta Txindokiko Mariren istorioak, asteburuak Ibarran, igandeetan Igarondo zinera, ikastolan hastea… Izan ere, bere aita Amezketako San Bartolome ikastolaren sortzaileetakoa izan zen Guraso Elkartean eta liburuan prozesu horren pausoak zehazten dira. Oargiren sorrera ere agertzen du. Gerora Ordizia eta Tolosako ikastoletan ere aritu zen egilea, lehen promozioko ikasle izanik hauetan ere.

ETAREN GORABEHERAK

ETAren garai hartako gorabeherak ere jasotzen dira liburuan. Jokin Gorostidi aitaren laguna zen eta Txabi Etxebarrietak 1968ko ekainaren 7an, Jose Pardines guardia zibila Zizurkilen hil zutenean, idazlearen osaba-izeben etxera jo zuen laguntza eske, eta osabak Etxebarrieta eta Iñaki Sarasketa Lazkaora zeramatzanean gelditu zituzten Benta Haundiko kontrolean eta Etxebarrieta hil zuten guardia zibilek. ETAk egindako lehen hilketa eta hil zuten lehen etakidea izan ziren Pardines eta Etxebarrieta. Horren ondorioz aita eta osaba atxilotu zituzten, kartzela ezagutu zuten eta osaba-izebak Burgosko Prozesu ospetsuan epaitu zituzten. 1968ko abuztuan, ETAk Meliton Manzanas hil zuenean, salbuespen egoera ezarri zuten: 400 atxilotu Gipuzkoan, torturak, kontrolak, ordu mugak eta 56 pertsona Espainiako toki urrunetara bidali zituzten deportatuta, tartean izeba Jaengo herri txiki batera lau hilabetez.

Gatazka garai haietan, 1977ko apirilean Tolosako Trianguloa plazan zegoen Hispano-Americano bankua bi aldiz lapurtu zuten, eta bigarrenean bertan zegoen guardia zibil bat hil zuten. Kasualitatez, liburuaren egilea parean tokatu zen.

Esan bezala, ez dira soilik familiaren bizipenak jaso dituenak Koldo Alijostesek Bizitzak liburuan, garai batean Euskal Herrian eragin handia izan zuten istorioak baizik, ondorengoentzat gordeta gelditu direnak lan honetan, ahanzturan gera ez daitezen.

FITXA

Bizitzak

Egilea. Koldo Alijostes.

Generoa. Narratiba.

Hizkuntza. Euskara.

Argitaletxea. Pamiela.

Orri kopurua. 192.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!