Nicolas Castro Sastrek (Anoeta, 1966) txikitatik izan du harria lantzeko zaletasuna. Ikastaro bat egin zuen gaztetan eta, lorezain lanaz aparte, zaletasun horrekin jarraitzen du. Bere lanak inguruko hainbat herritan eta etxetan ikus daitezke. Montezkuen duen txokoan hartu du Ataria, zizel, mailu eta harrien artean.
Zer egin du udalak zure eskulturarekin?
Oinarria txarra zen, hori hasieratik esan nien, eta zoruak huts egin zuen. Haurrentzako jolasleku bat da eta ez zegoen prestatua. Eskultura oso astuna da (38 tona) eta pixkanaka okertzen joan da. Horregatik egonkortu behar zen. Lekuz mugitu dute eta oinarria sendotu diote.
Nola sortu zitzaizun eskultura hori egiteko aukera?
Gazte nintzela Tolosako Udalak eskola-tailerra antolatu zuen Aranburu jauregian. Hainbat modalitate zeuden (lorezaintza, hargintza, aroztegia) eta nik harri taila aukeratu nuen. Hiru urtean aritu nintzen Igeldoko Juan Cruz eta beste irakasle batzuekin. Han ginela, Bizkaia kalean eskultura bat jartzeko proposamenak egitea eskatu ziguten ikasleoi. Aurkeztu genituen lanen artean nirea aukeratu zuten. Bozetoa gordeta daukat, marmolean. Gero enpresa batek neurri handian egin zuen, hormigoian, 1990ean. Ilargi erdia jarri nion izena.
Non gehiago daude zure harri lanak ikusgai?
Amarozko iturria ere berdin egin nuen. Eskola-tailerrean ideiak eskatu zizkiguten eta nirea aukeratu zuten. Ezpain baten forma geometrikoa dauka. Hernialde eta Anoetako armarriak dituzten Hernialdeko Bentako mugarriak nik egindakoak dira. Eta partikular askorentzat ere egin ditut lanak: Legorretako gasolindegi zaharrean istripuz hil zen motorzale batentzat kasko itxurako pieza; Uzturre azpiko Miserikordian Peciñaren oroitarrian Tolosa CFren armarria; Asteasun, Leaburun, Urkizun hainbat baserri eta txaletetan armarriak; Tolosako, Donostiako eta Hondarribiko kanposantuetan hilobiak…
Eta zein dira harrian gehien egiten dituzun irudiak?
Aurpegiak, baserritarrak, sorginak, eguzki-loreak, lauburuak, kristoak, animaliak, armarriak, hizkiak… Tolosako ohiko ikuspegia (Zerkausia, Kasino, Uzturre) eginda daukat, adibidez. Ordu asko behar izan nituen egiteko.
Txikitatik al datorkizu harriarekiko zaletasuna?
Bai, iltze batekin edo edozein gauzarekin ibiltzen nintzen mendiko harrietan irudiak egiten. Ondo marraztu izan dut beti. Inork ez dit erakutsi. Nik bai, jende askori erakutsi diot, ikastaroak eman ditut Lasarten eta Usurbilen arazoak zituzten gazteei, adibidez. Gustatzen zait, gustura emango nuke ikastaro bat, baina leku eta erreminta egokiak behar dira.
Eta erakusketak edo azokak egin izan al dituzu?
Bai, aspaldi. Erakusketak Bilbon, Sestaon, Ordizian… Eta azoketan ere ibili izan naiz, Zizurkilen adibidez. Jendeak badaki lan hauek egiten ditudala.
Zein harri mota erabiltzen duzu lanerako?
Nafarroako Baztango harri gorrizta erabiltzen du asko. Lehen Pitillasko harrobi batetik ere ekartzen nuen, baina itxi zuten. Leitzakoa gogorragoa da eta gustuko dut ere. Igeldoko harria goxoagoa da lanerako, gazteek ikasteko hobea. Denak desberdinak dira. Eta harria egun batzuetan errekan utzita gogortu egiten da. Zainik ez izatea komeni da, hauts daitekeelako lan egiterakoan. Mendian edo erreketan lortzen ditut, edo marmoldegietan bota behar dituztenak hartzen ditut.
Nondik hasten zara lanean?
Aurpegi baterako adibidez, lehendabizi marrazkia egiten dut. Erraza egiten zait. Batzuetan argazki batetik ateratzen dut. Harritik lehendabizi silarria lortu behar da, markoa da hori. Eta buruaren kasuan, sudurretik hasten naiz beti, horrek markatzen du dena, gero begiak eta gainontzekoa egiten dut.
Eta pieza puskatuz gero?
Badago konpontzerik. Horretarako oso garrantzitsua da harri beraren hautsa erabiltzea, kola on batekin nahastuta oso ondo gelditu daiteke, ia nabaritu gabe. Pazientzia handiko lana da harri zizelkatzea.