Hilberria

Iñaki Arriola maputxeen laguna hil da

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko ots. 24a, 07:57

Txileko maputxeen alde lan handia egin zuen apaiz eskolapioa hil da, 72 urterekin: Iñaki Arriola Garcia. Curarrehue herrian, Araucania eskualdean, aritu zen bi hamarkadaz lanean eta bertan eskola, zerrategia, emakumeen zentroa eta hainbeste ekimen jarri zituen martxan. Gizon langilea, bizkorra, alaia, solaskide aparta, atsegina, bizizalea joan zaigu. 

Tolosan jaioa 1948ko martxoaren 14an, 12 urterekin joan zen apaiztegira. Lizarran, Orendainen, Iratxen eta Salamancan egin zituen ikasketak. Teologia eta Filosofia lizentziaturak egin zituen. Apaiz egin eta 17 urtean Gasteizeko Eskolapioen ikastetxean aritu zen, zuzendaria gisa.

1991n Setem GKEaren sortzaileetakoa izan zen. 1995 bukaeran, hemengo bizimodu lasaia utzi eta atzerrira mugitzea erabaki zuen, behartsuen alde zuzenean lan egitera. Txilera joan zen, Curarrehue herrira, Santiago hiriburutik 800 km hegoaldera. Hango biztanle gehienak maputxe arrazakoak dira eta egoera larria bizi dute. Lehen Hezkuntza eta Lanbide Hezkuntza eskaintzen zuen eskola baten ardura izan zuen. 700 neska-mutil denera, eta haietako 150ek astea bertan pasatzen zuten, herritik urruti bizi baitziren, asteburuetan bere etxera joateko. Haur abandonatuentzako etxea ere bazuten, sei hilabetetik 6 urte arteko 30 haur jasoz. Emakumeak elkartzeko proiektu bat izan zuten martxan: ardiak, erleak, ehungintza, landaretza, artilea... lantzen. Etxebizitza prefabrikatuak ere egin zituzten prezio merkean. Turismorako albergea ere martxan jarri zuten.

Baso ugariko eremua izanik, egurra da Curarrehueko aberastasun nagusia eta horri etekina ateratzeko Iñaki Arriolak aroztegia jarri zuen martxan, 20 langileri lana emanez. Ruka Ngen zuen izena proiektuak eta Tolosako ekintzaile talde baten laguntza izan zuen. Makinaria erabilia bidali zuten aroztegira eta gero egur lehorgailua, horrela etekin handiagoa ateraz, egur lehorraren balioa 8-9 aldiz handiagoa delako. Curarrehuen egindako lanetan hainbat GKE eta erakunderen laguntza izan zuen Arriolak: Setem, Mundukide, Gasteizko Udala, Eskoriatzako magisteritza eskola…

Txilen bi hamarkada egin ondoren, Kuban ere izan zen apaiz lanetan. Azken hilabeteetan erretiratuta zegoen, gaixotasun batengatik. Maiatzetik Iruñean bizi zen, Eskolapioen egoitzan, bere anaia Agustin Tintxo apaizarekin egoteko, ekainean hil zena.

Otsailaren 12an hil zen Iñaki Arriola. Han eta hemen ibili zen tokietan, batez ere Curarrehuen, ezagutu genuenok gogoan izango dugu.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!