Oria ibaiko paper fabriken historia

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko ots. 17a, 19:59

XIX. mende hasieran zabaldu ziren lehen paper fabrikak eskualdean eta pixkana ugaltzen joan ziren hamarkada askotan zehar; sektoreak milaka langile bildu zituen urte luzez.

Paperaren lehen aipamenak Txina eta Egiptokoak dira, K.a. lehen mendekoak, batean trapuak eta kalamua erabiliz, eta bestean, papiroa. Folioak, koadernoak, kartazalak, poltsak, txartelak, tiketak, kartulinak, kartoiak, ahozapiak, mantelak, toallatxoak, komuneko papera, diru billeteak, paper margotuak, konfetiak, serpentinak eta beste mila gauza egiten dira paperarekin. Dokumentu garrantzitsu asko material horretan idatzita jasotzen dira oraindik ere, teknologia berrien garai hauetan: aktak, kontratuak, erregistroak, eskriturak, txostenak, erreziboak… Eta esku artean duzun egunkaria ere bai, noski. Esaten dute Gipuzkoako lehen dokumentua paperean Domenjon Gonzalez de Andiak Tolosan sinatu zuela.

Mende batean zehar (edo gehiago) Tolosaldeko ekonomia sektore garrantzitsuena izan da papera fabrikatzea. XIX. mende hasieran zabaldu ziren lehen paper fabrikak gure eskualdean eta ugaltzen joan ziren hamarkada askotan zehar.

Lantegi horiekin batera, paperaren manipulatuak eta makineria enpresa ugari ireki ziren. Milaka langile biltzen zituen sektoreak, inguru honetako ekonomiaren ardatz nagusia izanik XX. mendeko azken urteak bitarte. Gaur egun lantegi batzuk martxan gelditzen badira ere, papergintzak galdu du garai batean izan zuen presentzia.

IBAIRIK KUTSATUENA

Sektore honek Tolosaldean izan duen historia laburbiltzen saiatuko gara orri hauetan. Horretarako bi tolosarrek idatzitako liburuak izango ditugu lagungarri, informazio zabal eta interesgarria eskaintzen dutelako: Antonio Maria Labaienen Escenas papeleras (1947) eta Francisco Tuduriren Papelera del Oria, una fábrica centenaria (2011).

Paper fabrika gehien zituen ibaia izan zen Oria urte askoan, estatu mailan eta seguru aski Europa eta mundu mailan ere bai. Horrekin batera, eta lantegi horiek botatzen zituzten zaborrengatik, munduko ibairik kutsatuenaren titulua ere irabazi zuen. Oria ibaiak eta bere ibaiadarrek (Amezketa, Araxes, Berastegi eta Leitzaran) paperaren ekoizpenaren inguruko lantegi mordoa biltzen zuten oso kilometro karratu gutxian.

Horietako gehienak itxi eta desagertu egin dira azken hamarkadetan, Europa iparraldean (Norvegia, Suedia, Finlandia, sektorean nagusi izan ziren herrialdeak), baina baita erdialdean ere (Alemania, Frantzia, Italia) gertatu den bezala, ia-ia nazioarteko enpresak bakarrik mantenduz martxan. Ehungintzan eta oinetakoen sektorean ere antzekoa gertatu dela esaten du Tudurik bere liburuan.

IBILALDIA ORIAN ZEHAR

Paperaren ibilbidea proposatzen du idazle honek eta, eskualdetik kanpo, Oriaren jaiolekutik gertu, Zegamako paper fabrikatik (1865-1987) abiatzen da, Legorretako Etxezarretarekin jarraituz. Lantegi hori kartoia egiten hasi zen 1904ean, eta 1918an paperarekin hasi zen. 1989an paper birziklatua egiten hasi zen, baina 90eko krisia jasan zuen. 2004ean Villabonako Salvadora bereganatu zuen Paperalia izenarekin eta 2009an Amarozko paper fabrika hartu zuen, baina esperimentua gaizki atera zen eta gaur egun itxita dago.

Tolosaldean sartuta, Alegian La Providencia izenekoa zegoen, Arza, Eizmendi, Aranzabe eta Sorrarainek 1858an sortua. XIX. mende bukaeran edo XX. mende hasieran sute batek suntsitu zuen, baina berreraiki egin zuten eta 1925ean ekoizpen handia zuen, egunkari eta enbalaje papera eginez. Ez dakigu noiz itxi zen.

Amezketan, Aralar izeneko paper fabrika sortu zuten 1935. urtean Amunarrizek eta Altzuetak, gaur egun oraindik martxan jarraitzen duen bakarrenetakoa, eta enbalaje malgua, garagardo etiketak eta mediku paperak egiten dituzte.

Eta Tolosan bertan sartuta, lehendabizikoa ibaia jarraituz, Arzabalza zen, 1905ean Sotok (alkatea izandakoa), Tudurik eta konpainiak sortua jabe beren Duras litografia tailerra hornitzeko, aurretik udalarena zen teila fabrikan. 1989. urtean itxi zen Arzabalza. Oso urrutira joan gabe, Olarrain auzoan Laurak Bat izeneko paper fabrika izan zen, 1890ean Sarasolak eta Errenteriako Vasco-Belga sozietateak ireki zutena. 1903an Papelera Españolak erosi zuen egunkarietarako papera egiteko. Aspaldi itxi zen, baina bere langileentzako egindako etxea gogoan izango dute adin batetik aurrerakoek eta akueduktu edo ubidearen arrastoak gelditzen dira oraindik.

Araxes ibaiadarrean beste bi papelera izan dira: ibaiaren izen berekoa eta Amaroz. 1856an hasi zen lanean lehena, Jose Antonio Irazustak sortua Txarama auzoan La Confianza izenarekin. 1885ea handitu egin zuten. Lantegiaz gain, kolonia osoa eraiki zen bertako langileentzat: etxeak, eskola, kapera eta zinea. 1902an hiru kilometroko kanala egin zuten, fabrika urez hornitzeko, tartean gaur egun zutik dagoen akueduktua, 15 metroko altuera eta 60 metroko luzera duena. Betoiz eginiko lehena izan omen zen Espainia osoan. 1970ean Araxes ibaiaren eskuinaldera zabaldu zituzten instalakuntzak. Paper fabrika 1990ean itxi zen, krisiarekin. Orduan Celulosas de Araxes enpresa ireki zen bertan, 2007. urtean itxi zena.

TOLOSAKO AZKENA

Amaroz auzoko paper fabrikaren sorrera data desberdinak aipatzen dituzte: Labaienek 1858n kokatzen du eta Tudurik 1856an, aurretik burdinola zen tokian. Sese izan zen sortzailea La Primitiva izenarekin eta gero Etxeberria eta Bandres ere sartu ziren enpresan bazkide gisa. 1947an Ariztia, Arsuaga eta konpania ziren jabeak. 1991 arte eduki zuen martxan auzoko ikur bihurtu zen tximinia luzea, pasta egiteari utzi zion arte. 2009an egin zuen azken lana: bingon jokatzeko kartoi batzuk. Tolosako azken paper fabrika izan zen. Orduan Legorretako Etxezarretarekin elkartu zen, langileak hara joanez, baina handik gutxira itxi zen hura ere.

Araxes eta Oria elkartzen diren puntuan Papelera Española egon zen urte luzez. Aurretik oihal fabrika izan zen. Baldomero Ollok sortu zuen La Guipuzcoana izenarekin, gero La Tolosana eta Guadalupe lantegiak ere sortu zituen berak. Ilarramendi izena izan ondoren, 1903an Papelera Española izena hartu zuen. Urte askoan lantegi honetako langileen sarrera eta irteerako sirena hotsak markatu zuen Tolosako eguneroko bizimodua. Tren geltokitik bertaraino materialak garraiatzeko trenbidea zegoen, zubitik pasatuz. Aurreko mendeko 70eko hamarkadako lehen urteetan itxi zen, bere langileak Errenteriako faktoriara pasatuz.

Enpresa honen ondoan SAM (Sociedad Anonima de Manipulados) sortu zen, aurretik zeuden manipulatuen tailer batzuk elkartuta: Urbieta, Papelera Española, Tolosana, Arkaute… Martxan jarraitzen du Usabal auzoan eta gehienbat kartazalak eta koadernoak egiten ditu, baina garai batean egiten zuen Calcosam kalko paperak ospe handia lortu zuen.

Ibaian behera jarraituz, Tolosako erdigunean beste adar bat elkartzen zaio, Berastegi, Elduarain edo Zelai izenak hartzen dituena, eta hemen ere paperaren inguruko lantegi ugari izan dira eta badira oraindik ere. Ibaiadar horren amaieran La Tolosana zegoen, aurretik Igarondo errota zegoen tokian. Martin Olano 1818an hasi zen papera eginez bertan, artisau erara. Gipuzkoako lehena izan zela dio Labaienek. Lehen aipatutako Ollok eduki zuen 1862tik eta 1897ko krisian Limousin, Aranburu eta Raguani saldu zien. Honek egiten zuen Galgo papera famatua izan zen. 2005ean Andoaingo Leitzaran paper fabrikarekin elkartu zen, baina proiektua gaizki atera zen. 2008an bota zuten La Tolosana. Metro batzuk gora, Zumardiaundiaren parean, Paperola zegoen, La Tolosanarako pasta egiten zuena. 1858tik 1991 arte iraun zuen eta oraindik erabiltzen zuen ubidea ikus daiteke.

Ibarra pasata, San Jose fabrika zegoen, izen bereko ermitaren ondoan. Aurretik kartoi eta artisau papera egiten zuena. Elduako lantegiko nagusiek zuten 1920an eta 1936tik aurrera hartu zuen San Jose izena. Moneta Etxerako paper bereziak eta kartulinak egiten zituen. 1991 arte egon zen martxan. Ibaian gora eginez, Belauntzako lurretan, Beotibar, Zaragueta eta Elduaien izenak izan zituen paper fabrika izan zen 1919tik 1978an itxi zen arte. Paper iztukatuak eta distira handikoak egiten zituen. Gero bere instalakuntzetan Gure Txokoa dantzaleku famatua izan zen.

ELDUAKOA, ORAINDIK MARTXAN

Handik gertu, Berrobin jada, Uranga paper fabrika dago, 1968n Leitzako Sarriok erosi zuena eta gaur egun Torras taldearena dena. Eta aurrera jarraituz, Elduan, Kalparsoro lantegia dago. Garin anaiek eta Berroetak sortu zuten 1901ean eta 1920tik Kalparsoro izan zen nagusia. Nazioarteko talde desberdinen parte izan ondoren, gaur egun, Ahlstrom-Munksjö Paper talde finlandiarrarena da. 2020an 100 urte bete ditu lantegiak. Dekorazio paperetan dago espezializatua. Azkenik, ibaiadar honekin bukatzeko, Berastegi Arrosi paper fabrika sortu zen 1947an. 1970an Sarriok erosi zuen eta handik gutxira itxi zen.

ESPERANZA ETA GUADALUPE

Oria berriro hartuz, Tolosan bertan beste bi lantegi izan ziren: Esperanza eta Guadalupe. Esperanza paper jarraitua egin zuen Espainiako lehena izan zela diote batzuk, baina Tuduriren liburuan argitzen da beste batzuk izan zirela lehenago Manzanares el Real (Madril), Burgos eta Bejarren (Salamanca). Hemen ere baziren lehendik papera artisau eran egiten zuten lantegi batzuk, ez era industrialean. Brunet, Tantonat eta Guardamino izan ziren Esperanzaren sortzaileak eta bazkide aldaketa asko ezagutu zituen: Brunet anaiak, 1863n Arza, Eizmendi eta konpainia, 1887an Arza eta konpainia, 1892n Ruiz de Arkaute, Arza eta konpainia, 1902an Ruiz de Arkaute eta konpainia… 1968an Sarriok erosi zuen eta aspaldi itxi eta bota zuten. Gaur egun gelditzen den oroimen bakarra bere nagusiak bizi ziren Arkaute txaleta da, Arramele auzoan. Interneten bada paper fabrika horren irudi zaharrekin osatutako bideoa. Metro batzuk beherago Guadalupe lantegia izan zen, 1858tik 1985era, gaur egun izen bereko industrialdea dagoen lekuan. Hau ere lehen aipatutako Baldomero Ollorena izan zen garai batean. Paper lodiak eta kartulinak egiten zituen batez ere.


Iruran beste Etxezarreta paper fabrika izan zen 1843tik 1988 arte. Etxezarreta, Larrion eta Arizti izan ziren sortzaileak. Eta ibaian behera jarraituz bi lantegi izan dira: Villabonan Salvadora eta Zizurkilen Oria. Salvadora 1870ean ireki zuten Irazustak, Barberiak, Atxagak eta Foisek. 2004ean Legorretako Etxezarretarekin elkartu zen, langileak bertara joanez, baina hori ere gaizki atera zen eta itxi egin zuten. Ibaiaren izena daraman paper fabrika da zabalik jarraitzen duen bakarrenetakoa. 1911n jarri zuten martxan Portu anaiek, Rivillak eta konpainiak, hasieran Vascongada eta gero Iberica izenarekin. 1931n Portu izena hartu zuen. Kalte ugari jasan zituen 1953 eta 1983ko uholdeetan eta 1940, 1952 eta 1964ko suteetan. 1965ean Oria izena hartu zuen sozio berriekin, Portu familiak utzita.

Eskualdetik kanpo, Oria jarraituz, Andoainen Leitzaran paper-fabrika izan zen 1953tik 2004ra, eta Leitzaran ibaiadarraren jaiolekuan, Leitzan, Sarrio sortu zen 1968an, gaur egun Torras taldean jarraitzen duena martxan.

BESTELAKOAK INGURUAN

Orain arte aipatu ditugunak papera egin izan duten enpresak izan dira. Baina horien inguruan, beharrezko hornigaiak eta makineria egiteko beste lantegi asko izan dira Tolosaldean. Adibidez, Antonio Maria Labaienek paper fabriketarako makinak egiten zituzten tailer mekaniko hauek aipatzen ditu 1947an Tolosan: Basagoitia arrabolak egiten, Perot tela metalikoak eta zilindroak, Talleres Tolosa (gero Voith) fabrikazio mahaiak, Irurako Emua fresadorak, tornoak eta paper instalazioen egokitzapenak… Gainera Gorostidik, Talleres Tolosak eta Emuak papera egiteko makineria fabrikatzen zuten. Geroago Winkler ere sektore honetan aritu zen Anoetan. Paperarekin erlazionatutako arte grafiko enpresa asko izan ziren Tolosan: Lopez-Mendizabal, Tapia eta Mugerza inprentak eta Laborde-Labaien litografia nagusiki. Eta galdaragintzan aritutako enpresa asko izan dira, gehienbat paper lantegietan aritu direnak lanean.

HIRU EKIMEN

Paper enpresariek ekintzaileak zirela frogatzeko, eurek sustatutako beste hiru ekimen ere aipatzekoak dira: Banco Tolosa, Paper Eskola eta Suzai. Bankuaren sortzaile gehienak paper enpresariak (Mendia, Aranburu, Limousin) izan ziren 1911n, txapel fabrikako Antonio Elosegirekin batera. 1969n Banco Centralek bereganatu zuen eta 1999an, Banco Santanderrek, eta leku berean jarraitzen du gaur egun. Paper fabriketarako langile kualifikatuak prestatzeko sortu zuten 1965ean Paper Eskola Berazubin. Ospe handia lortu zuen Espainia osotik eta Hegoameriketatik ere ikasle asko erakarriz. 1986an Eusko Jaurlaritzak bereganatu zuen eta 2012tik Don Bosco ikastetxean dago integratuta, kimika ikasketak eskainiz.

Suzai, berriz, 15 paper fabrikek eta beste enpresa batzuk 1924ean sortutako suhiltzaile parkea izan zen. Aurreko mendeko 70eko hamarkadan Kondeaneko Aldapara lekualdatu zen eta bertan izan zen Foru Aldundiak eskualdeko parkea sortu arte. Bere ibilbide luzean sute ugarietan aritu zen boluntarioekin lanean, udalaren parkearekin batera.

Sektore honetako lantegien beste ekarpen garrantzitsua emakumeak lan munduan murgiltzea izan da. Paper fabrikak izan dira Tolosaldean emakume asko industria alorrean aritzeko sarbidea. Hainbat lantegitan lan bereziak egiteko kontratatu izan dituzte bere historian zehar.

1975eko krisian hasi ziren paper fabrika asko ixten eta ia bi mendeko historia haiekin batera. Eskualdean erreferentea izan zen sektorea ia erabat desagertu zen eta erreleboa hartzeko lantegiak ez dira ia sortu. Gaur egun Oria, Kalparsoro eta Aralar paper fabrikak bakarrik mantentzen dira martxan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!