Alarma egoera honetan herritarrak bere herrian eta ondokoetan bakarrik ibili ahal izatearekin, zalantza ugari sortzen dira. Jakina denez, ondoko herrietara kirol, gizarte edo ekonomia jarduerak egitera joan daiteke. Udaberriko konfinamenduan argibide batzuk eman zituen Ataria-k Tolosako mugei eta eskualdeko mendiei buruz eta oraingo honetan orduan idatzitakoak zehaztu eta osatuko ditu.
Herri nagusiak
Artikulu honekin batera doan mapan ikus daitezke herri arteko mugak eta ondoko herriak zein dira. Herri nagusienak aipatuko ditugu.
Tolosak 19 herrirekin egiten du muga: Hernialde, Alkiza, Albiztur, Legorreta (Goierri), Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Lizartza, Gaztelu, Amezketa, Azkarate (Araitz, Nafarroa), Lizartza, Belauntza, Ibarra, Leaburu, Villabona, Berastegi, Irura eta Anoeta. Enirio-Aralar mankomunitatearekin ere muga egiten du puntu batean. Kontuan izan behar da, herri-guneaz gain, bi ‘irla’ dituela Tolosak: Belabieta eta Bedaio. Horregatik egiten da Berastegi (Eldua auzoa) eta Azkaraterekin mugakide, besteak beste. Gaztelu eta Orexa ere mugakide dira, Bedaio ondoan dituzten beste ‘irla’ banarengatik.
Amasa-Villabonak 8 herri mugakide ditu: Aduna, Andoain, Anoeta, Berastegi, Zizurkil, Ibarra, Irura eta Tolosa. Ibarrak Tolosa, Villabona, Berastegi, Berrobi, Belauntza eta Leabururekin egiten du muga. Alegiak Tolosa, Altzo, Amezketa, Orendain eta Ikaztegieta ditu mugakideak.
Argi dago egoera berezi honetan mugitzeko eremua asko zabaltzen dela herri batzuetan. Mendian oinez, mendiko bizikletaz edo motorrez ibiltzen diren mendizale, txirrindulari edo motorzaleentzat, adibidez. Eta errepidez? Argitaratutako albiste eta jakinarazpenetan ondoko herrietara gauza jakin batzuetara joan daitekeela ikusi da: ariketa fisikoa, kirol, gizarte edo ekonomia jarduerak. Baina ondoko herri horietara joan daiteke beste herri batzuetatik pasa gabe. Beraz, errepide zuzena ez duen herri mugakideetara mendiz bakarrik joan daiteke.