«Ausarta eta kuriosoa naiz; bi baldintza horiekin aukera asko sortzen dira»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko urr. 25a, 07:58

Txitxi Orbegozok bere bizitzaren errepasoa eskaintzen du. Bizitzeko modu berezia landu du urtez urte eta gaur egun ere mantentzeko gai da: «Martxotik ez dut diru-sarrerarik izan, baina ez naiz kezkatzen. Zerbait badaukat aurreztuta eta irudimena, jakin-nahia eta ausardia badaukat. Arma horiekin aurrera ateratzeko zerbait asmatuko dut».

Arantxa Orbegozo Rezolak (Tolosa, 1962), Txitxi bezala ezagunagoa, kirola eta pintura izan ditu afizio eta ofizio, bidaiatzea zaletasuna, ausardia, irudimena, jakin-nahia eta trebetasuna lan tresna. Nahi izan duena, nahi izan duenean, nahi izan duen tokian eta nahi izan duenarekin egin duelako ondo pasatu du bizitzan eta ez dio beldurrik etorkizunari.


Umetan ezin zuen geldirik egon, oso bihurria zen. ATARIA

Plaza Berrian hazi zinen. Nolako familian?

Aita Andres negozio gizona zen, ekintzaile eta saltseroa, sena hori berea daukat. Ama Juani etxekoandrea, Tximela familiakoa. Orain familiaren izengoitia berreskuratzen ari naizela esan didate, zimeltzen ari naizelako. Lau ahizparen artean bigarrena naiz. Oso bihurria nintzen, ezin nuen eserita egon. Zigorrik handiena geldirik egotea zen, nahiago nuen zaplazteko bat jaso.


Haurtzaroko zein oroimen duzu?

Udan Oriora joaten ginen, uda osoa kanpinean pasatzen genuen. Etxe atzean eremu bat genuen kulunkarekin eta txabolak egiten genituen. Indiar modura ibiltzen ginen. Zortzi urterekin gida taldean (eskaut neskak) sartu nintzen eta 19 urte arte irteera eta udalekuetan gauza asko ikasi nituen: sua egiten, sukaldean txandaka, komunak lurrean egiten, janaria lanaren truke bilatzen… Bizitza ireki zidan eta oso eskertua nago. Erdi nomada eta ijitoa naiz eta hortik datorkit. Gero nire seme-alabei hori erakutsi nahi izan nien eta horrelako udalekua antolatu genuen etxe inguruan lagunekin. Familian gainera ijito karroarekin ere egin genuen bidaia, haurrak txikiak zirela. Eta aurrerago karabanan ere modu horretara bidaiatu izan dugu familia eta lagunekin. Ederki pasatu dugu beti.

Eta eskolako oroimenak?

Jesusen Alabetara joaten nintzen. Esperientzia oso txarra izan zen, gorrotoa bakarrik sentitzen nuen mojengandik eta ez nuen ezer ikasi, gizarteko gauza itsusienak bakarrik. Eguna ondo nola pasa bakarrik pentsatzen genuen Fe Lobo lagunak eta biok. Ideiak bereak ziren eta nik aurpegia jartzen nuen.

Nola hasi zinen kirola egiten?

12 urterekin amak medikura eraman ninduen ez zekielako zer egin nirekin, ezin nuelako geldirik egon. Ni nekaraztea gomendatu zion eta horrela hasi nintzen atletismoan. Berazubin Roberto Jauregi aurkitu nuen, kirol guztiak berak erakusten zituen, kanpotik ekarritako liburuetatik bere kontura ikasita. Eta bizitza aldatu zidan, niregandik onena atera zuen sekula errieta egin gabe, beti animatzen. Neure buruan sinestea eragin zuen. Aita bat bezalakoa izan zen niretzat.

«Roberto Jauregik niregandik onena atera zuen sekula errieta egin gabe»


Zer erakutsi zizun Robertok?

Garai batean inteligentzia mota bakarra zegoela uste zen, baina orain badakigu inteligentzia asko daudela. Nik kinestesiakoa eta bisuala daukat, mugimenduarekin eta begiratuz ikasten dut. Robertok beti kamera zeraman gainean, argazki eta bideo zalea zen, erabiltzen uzten zidan eta begiratzen eta konposizioa erakutsi zidan, nire gorputza soinketaren bidez sentitzeaz gain. Marrazteko dudan gaitasuna ez da nire eskuarena, ikusmenarena baizik. Eta behaketa gaitasun hori berak erakutsi zidan. Naizenaren zati handia berari zor diot.

Atletismoan lorpen garrantzitsuetara iritsi zinen.

Krosean hasi ginen, denak bezala, baina lesio bat izan nuen eta kluben arteko txapelketa batean jaurtitzeko norbait falta zen eta ni jarri ninduten. Umetan harriak botatzen askotan ibilia nintzen eta horrek balio izan zidan, batez ere xabalinarako. Handik gutxira Espainiako txapelduna izan nintzen pisu eta xabalina jaurtiketan. Hori 17 urterekin, gazte mailan, eta gero junior mailan ere bai. Entrenamenduen diziplina eta lehiatzea ez zitzaidan gustatzen, baina kanpora joatea bai eta hori onenek bakarrik lortzen zuten. Horrek motibatzen ninduen gehiago egiteko. Txapelketa askotara ni bakarrik joaten nintzen Robertorekin. Horregatik lortu nuen hain harreman estua berarekin.


Tolosa CF-ko atletismo taldeko neskak, zutik ezkerrekoa da. ATARIA.


Urtebete atzerrian egiteko aukera ere izan zenuen.

Bai, izeba Maitere, aitaren arreba, moja zegoen Ameriketako Estatu Batuetan, Ipar Carolinan, eta iloba guztioi hara joan eta ingelesa ikasteko aukera eman zigun. Institutuan batxilerra ikasi eta COU egitera joan nintzen. Fe Lobo nirekin etorri zen eta han gelditu zen. Ordurako kanpoan ibilia nintzen, baina esperientzia hark ikusmira zabaldu zidan.

«Entrenamenduen diziplina eta lehiatzea ez zitzaidan gustatzen, baina kanpora joatea bai»


Nola hasi zinen txirrindularitzan?

Ameriketatik itzuli eta atletismoa utzi egin nuen. Unibertsitatera INEF egitera joateko paperak atzeratu ziren eta antzerkia egiten, ingelesa irakasten eta euskara ikasten aritu nintzen. Lazkaoko barnetegira bizikletaz joaten nintzen, atzean Lucas perikitoa kaiolan neramala. Zizurkilgo Danena elkarteko Patxi Alkorta okinak ikusi ninduen, Orbeako Peli Egañarekin batera txirrindularien neska taldea osatzen ari ziren eta sartzeko esan zidan. Kirol guztiak gustatzen zitzaizkigun eta arraun talde bat proposatu izan baligu berdin egingo genukeen. Ordurako Dina Bilbao ezagutzen nuen piraguismo ikastaro batetik eta Amaia Elosegi atletismotik. Carolina Sagarmendi eta Josune Gorostidi txaramarra izan ziren beste partaideak. Azkenaldian omenaldiak eta egin izan dizkigute eta emakume askorentzat erreferente izan ginela esan digute. Eta horrek asko harritu gaitu, horregatik ez genuelako egin, nahi eta ahal izan genuelako baizik.

Piraguismoa aipatu duzu. Urte askotan bizimodua ere izan zenuen.

Zaldibian ikastaro bat ematea proposatu ziguten Dina eta bioi, gustura aritu ginen eta horretan hastea erabaki genuen piragua batzuk alokatuta. Kostaldean bakarrik egiten zen eta barrualdeko herrietan aukera hori ematea bururatu zitzaigun. Amaia Elosegi ere aritu zen gurekin. 21 urterekin piraguismo kluba sortu genuen. Gero piraguak erosi eta 13 urtetan aritu nintzen horrela Kaxkardi elkartean. Eta horrekin batera soinketa ikastaroak ematen nituen inguruko herrietan: Alegia, Bidania, Lekunberri, Betelu, Altzo, Orendain, Baliarrain… Emakumeak etxez etxe jaso, gimnasia egin, kafesnea hartu elkartean eta etxera itzultzen nituen. Lotsa ematen zien jendaurrean aritzea eta behin Alegian plazan jarri nituen soinketa egiten. Hamar urtetan aritu nintzen soinketarekin. Dinak, piraguismoaz gain, triatloian oso ona zen eta dirua ateratzen zuen. Mutilentzat eta neskentzat sari berdinak jarri zituen lehen kirola izan zelako triatloia. Diru-sarrera horiekin gero bidaiak egiteko tartea hartzen genuen. Indiako Andaman uharteetara edo Nilora piraguaz, Laponiara edo Kubara bizikletaz, Groenlandiara eskiz ibiltzera joan ginen, adibidez. Soldata finko bakarra kale garbitzaile gisa izan dut, zortzi hilabetez.

Tolosaldeko Triatloi Taldea garai hartakoa da.

Lagun taldea ginen eta berdintasun osoa genuen neska eta mutilen artean, kirolean, bidaietan eta bizitzan. Gutxiago ginenik ez genuen pentsatu, horregatik egiten genituen gauza berdinak. Triatloian karrera pare bat irabazi nituen. Nairobitarrako Josu Iztuetak eta Anjel Ortizek karabanaren kontzeptua asmatu zuten, Comer furgonetarekin. Jose Luis Adurizek beste bat zuen. Gasolinarako dirua bakarrik behar genuen bidaiatzeko eta horrela leku askotan ibili ahal izan genuen. Autobusa mugitu behar zutenean leku batetik bestera, lagunak joaten ginen eta oso diru gutxirekin asko ikusten genuen. Bidaiatzea nire bizitzako erreferentea izan da. Kirolak bidaiatzeko aukera eman zigun. Gero bidaiak egin ditugu kirola eginez. Biak uztartu ditugu. Nairobitarrak aukera hori ematen zigun.

Lehen triatloietako batean. Eskuinetik hasita hirugarrena da Orbegozo. ATARIA

«Lagun taldean berdintasun osoa genuen neska eta mutilen artean, kirolean, bidaietan eta bizitzan»


Bidaiatzera bideratzen zenituen zure ahalegin guztiak.

Bi urte bakarrik egin nituen bizikletan lehiatzen. Oso nekagarria zen. Bitartean masaje ikastaroa egin nuen eta horretan jarraitu nuen Orbea taldean eta Espainiako selekzioan. Horri esker proba guztietara joaten jarraitu nuen Espainian eta Europan zehar. Geroago mendiko bizikletan hasi ginen, eta mutilen masajista bezala. Txapelketetara joan eta ondoren inguruak ezagutzeko aprobetxatzen genuen. Dinak gauza bera egiten zuen triatloiekin.

Azkenean kirol askotan lehiatu duzu federatu gisa.

Bai, sei modalitate kontatu nituen: atletismoa, txirrindularitza, iraupen eskia, triatloia, mendiko bizikleta… Ez dut gogoratzen bestea. Eskaladan ere aritu nintzen eta mendiko eskia ere asko gustatu zait. Ez zait gustatzen kirolean sufritzea, baina bidaia batean hotza egiten badu, Laponian bizikletaz adibidez, desberdina da. Naturak bere lekuan jartzen zaitu: olatuak, beroa, gosea, beldurra... denontzat berdina da.

Nolatan hasi zinen margotzen?

Kasualitate batengatik, 28 urterekin. Helduaroan min asko izango nituela esaten zidaten eta eserita egoteko zaletasun bat bilatu behar nuela pentsatzen ari nintzen. Hazia hor nuen landatua. Gimnasia klaseak ematen nituen Betelun eta lokalaren giltza ahaztu zitzaidan egun batean. Eskulturagilearen etxean giltza bazegoela esan zidaten. Ez nuen ezagutzen. Egurrarekin egindako gauza politak erakutsi zizkidan eta gero pintatzen hasi zela esan zidan eta koadro handiak eta itsusiak erakutsi zizkidan. Begietan mina egiten zidaten, baina pasio handiarekin hitz egin zidan pinturaz. Kirolean ausarta nintzen, asko arriskatzen nuen eta lesio pila izan nuen. «Hain gaizki pintatzen hainbeste goza daiteke? Hainbeste egin dezaket eta erdia gozatzearekin nahikoa dut», pentsatu nuen. Eskuekin trebea naiz, edozein gauza egiteko gai naiz. Proba egitea erabaki nuen eta hurrengo egunean pintura kaxa erosi eta hasi nintzen. Lehendabizi borda bat eta gero erretratu bat egin nuen eta oso ondo egin nituen. Harritu nintzen. Ikusmen espaziala badaukat, Robertori esker hau ere. Eta eserita eta geldirik pintatzeko gai izango nintzenik ez nuen uste, baina hala izan da.

Ondoren klaseak ematearena etorri zen.

Amaia Biurrun irakaslea hil zenean, haren ordez kultur etxean pintura klaseak emateko esan zidaten. Gustatzen zaidana egiteagatik ordaintzea sekulako pagotxa iruditzen zait. Araitz bailarara bizitzera joan ginenean utzi nuen, seme-alabak txikiak zirelako. 22 urtetan etxekoandre eta ama izan naiz, eta denbora librean margotu egiten nuen. Batez ere erretratuak eta enkarguak. Herriko pertsonaia kuttunen saila egin nuen, jende ospetsuaz gain beste batzuk ere zerbait merezi zutela pentsatuta, nire poltsikotik ordainduta dena: Teresa Gonzalez Pirula, Petra Pintado, Sor Vicenta eta Roberto Jauregi Tolosan, eta Txantxillo eta azken sardina saltzailea Donostian. Kirolarien gorputz perfektu biluzien sail bat ere badaukat, Pura sangres izenekoa.

Horma-irudiak ere egin dituzu.

Hori geroago izan da. Ameriketako Estatu Batuetan dekorazio pinturako ikastaro bat egin nuen, etxeko paretetako formatuak eta testurak lantzeko eta eroso sentitu nintzenean horma-irudietara pasatu nintzen. Gehien gustatzen zaidana da. Beste kolektibo batzuekin elkarlanean egin ditut Ikertze elkartearen Bizikidetzako muralak proiektuaren barruan: Tolosan Errementari kalean eta Eskolapioetan, Anoetan, Legazpin, Urretxun, Lazkaon, orain Altzon… Grafitia ere probatu dut, antzekoa da, kontzeptu bera. Eta beste arte diziplina batzuekin ere hasi naiz.

Aurten hil den Jose Luis Zumeta ezagutzeko aukera izan zenuen eta duela gutxi omendu egin duzue Azken Mugan.

Bailaran ezagutu nuen, artisten artean egiten genituen afarietan. 15 urtetan egin ditugu hilero, mahai karratu batean sartzen ginenak, elkarrizketa jarraitu ahal izateko, eta harreman estua izan nuen Zumetarekin. Harekin izandako elkarrizketak beste inorekin ez ditut izan sekula. Pertsona garrantzitsua izan da nire bizitzan, Roberto Jauregi, Patxi Alkorta eta Dina Bilbao bezala. Bizitzaren ikuspegi berezia zuen, oso kuriosoa zen eta tresna berriak probatzera eman nizkion: arkatz tridimentsionala, iPad-a... Lotsatia zen eta ez zuen nahi bera lanean ikustea, baina gero ordu asko pasatu nituen bere tailerrean. Aurreko udan hilabete bat pasatu nuen Gaintzako bere borda txukuntzen eta margotzen. «Norbait hiltzen denean jendea nola jartzen den! Eta zu lurpean. Nik nahi nuke jartzea: tabernan nahiago. Zu arduratuko zara, ezta?», esaten zidan. Eta Azken Mugako omenaldian hala egin genuen. Bere heriotzak herren utzi ninduen, hutsune handi batekin. Erreferentea izan zen artista eta pertsona gisa. Aholku asko eman zizkidan eta orain mantra bezala entzuten ditut, bere koadroari hitz egiten diodanean.

«Zumetarekin izandako elkarrizketak beste inorekin ez ditut izan sekula»

Jose Luis Zumetari hil eta gero egin dion koadroa. ATARIA


100 eguneko erronka ere planteatu zenuen gorputza eta arima hobetzeko eta arrakasta handia izan zuen.

Hogei urte kirolik egin gabe neramala, egun batean harraskaren azpitik zerbait hartzera makurtu eta amona bezala altxatu nintzen. Ezin nuen sinetsi. 52 urte betetzeko 110 egun falta ziren. Haurrak hazita nituen eta nagikeria fisiko eta mentala nuela konturatu nintzen, sekula ez nuena izan. Neure buruari oparirik onena egitea erabaki nuen: forman jartzea 100 egunez hobeto janez, ariketa fisikoa eginez eta buruari bueltak emanez. Adibidez nola bizi nahi dudan, zein esperientzia bizi, nola, zertarako, norekin egon, nondik atera dirua… Laugarren osagaia denboraren antolaketa da. 52 urte bete nituen egunean beste bat nintzen, ezin nuen sinetsi eman nuen aldaketa. Argazkietan ere nabari da, fisikoan eta aurpegiaren energian. Orduan niri balio izan zidan esperientzia hori niretzat bakarrik gordetzea itsusia litzatekeela pentsatu nuen, partekatu egin behar nuela eta martxan jarri nuen.

Nola egin zenuen?

Handik gutxira 22 emakume bildu nituen, erdiak Altzon eta beste erdiak Ibarran, proba egiteko 100 egunetan zehar, astelehenetik ostiralera, egunean ordubete. Adin horretan emakume asko egoera berezian dago: menopausia, seme-alabengan bakarrik pentsatzen ordu arte, bikotearekin zalantzak… 50. egunean hobetu egin zutela ikusi genuen eta jarraitu egin genuen. Sekulako arrakasta izan zen, sekulako aldaketa eman zuten gorputzean eta buruan. Urte batzuk badaramatzagu, 500-600 lagun pasatu dira, % 95 emakumeak, eta gehienetan lortu dute. Auto-motibazioa behar da eta etxea ariketa egiteko prestatu. 101. egunean bere etxean jarraitzeko gai ez denak ez du lortuko, nirekin bakarrik egiteak ez du balio, ezin da nire mende egon. Hiru urtez aurrez aurre egin genuen eta gero erdia aurrez aurre eta beste erdia online. Ordutegietara lotuta egotea ez zait gustatzen, nire denboraren jabea naiz. 170 bideo grabatu nituen. Orain online jarraitzen dugu eta jendea pozik dago. Ausartu dira pausoak ematen, euren burua gehiago maitatzen, eta aldaketa garrantzitsuak ematen: batzuk banandu egin dira, beste batzuk lanaz, ikasketaz edo bizilekuaz aldatu dute… horrelako pauso bat emateko indartsu egon behar duzulako.

Azkenaldian telebistan asko ateratzen ari zara.

Aurretik bost iragarki eginak nituen eta ETBko Balbemendi programan papertxo bat izan nuen aktore bezala. Dena hasi zen Araitz bailaran Visionarios filma grabatu zutenean. Estra bezala joan ginen herri osoa eta paper txiki bat eman zidaten. Nahi gabe sortu zen. Beti baiezkoa emateko irekia nago. Ausarta eta kuriosoa naiz. Bi baldintza horiekin aukera asko sortzen dira gutxien espero duzun tokian. Gelditzen ez den eta nik dudan naturaltasunagatik aukeratu omen ninduten. ETBko Arimaren margolariak programarako casting zabala egin zuten artista euskaldun askorekin. Lehen aukeraketan 40 gelditu ginen, gero hamar eta azkenean Koldobika Jauregi, Jorge Malkorra eta ni. Kamerak ez nau beldurtzen, Erronkarako egin nituen bideoak grabatzen kendu nuen beldurra, eta nik lotsarik ez daukat.

Nola moldatu zara telebistan?

Hasieran beste planteamendua zeukaten. Guk margolariak epaitzea nahi zuten, baina nik nahiago dut erakustea. Asko gustatzen zait, pintura eta gimnasia klaseetan ikusi dut. Eta denok pintatzeko gai garela iruditzen zait, txirularekin abesti erraz bat jotzeko bezala, baina ez dugu gaitasun hori garatzen. Ez dut onartzen nire ikasle batek ez ikastea, ezin dut hori eraman, lortu arte ez naiz gelditzen. Ez badut lortzen nire baldarkeria dela iruditzen zait, ez berea. Orduan jokoak proposatu nituen, arau batzuekin eta oinarri horien arabera baloratzea beraien lana.

Eta orain berriz, kirolarien programa batean agertzen zara.

Ez naiz sekula izan goi mailako kirolaria, ezta gutxiago ere. Deitu zidatenean onartu banuen, emakume kuadrilla baten izenean joateko izan zen: Dina, Nekane Urkia, Amaia, Josune... Aitzindariak izan ginen kirol askotan eta beste modu batera bidaiatzen. Hori bai. Ordura arte oso kirol gutxi egin zuten emakumeek, Seccion Femeninatik zetozen, Francoren arrastoak. Lehenak izatea tokatu zitzaigun hogeita piko urterekin naturako kirol berriak sortzea egokitu zitzaigulako. Eta gu saltseroak ginen eta denetara apuntatzen ginen. Telebistan oso ondo pasatzen dut. Nire bizitzaren errepasoa egiteko balio izan dit programa honek.


EITBko 'Arimaren margolariak' programako aurkezleak. ATARIA

Bizitzan ondo pasatu duzula dirudi.

Bai, beti nahi izan dudana, nahi izan dudanarekin, nahi izan dudan tokian eta nahi izan dudanean egiteko zortea bilatu izan dut, eta nirekin ibili direnek ere bai. Eta gainera oso ondo pasatu dugu beti. Txikitan ikasle txarra nintzen, baina gero ikasi nahi izan dudana azkar ikasi dut. Beti ari naiz ikasten, internetez eta ingelesez. Oso eremita naiz, bospasei egun pasa ditzaket ezertara atera gabe, bizitza sozial gutxi egiten dut. Meditatzen, pintatzen… orduak pasa ditzaket. Telebistarik ez dut izan orain arte. Martxotik ez dut diru-sarrerarik izan, baina ez naiz kezkatzen. Zerbait badaukat aurreztuta eta irudimena, jakin-nahia eta ausardia badaukat. Arma horiekin aurrera ateratzeko zerbait asmatuko dut.

 

Orbeako neska taldea Euskadiko Sei Ordutan. Txitxi eskuinetik hasita bigarrena da. ATARIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!