Bi isurialdeen erdian gabiltza, Kantauri eta Mediterraneo, eta bi muturren erdian gaude, Angulo mendatea eta Hiru Erregeen Mahaia. Araba eta Bizkaia pasatu ditugu jada, Gipuzkoa eta Nafarroa artean aurkitzen gara une honetan. Nafarroa Beherea eta Zuberoa gelditzen zaizkigu oraindik bisitatzeko. Muga kasu honetan, banatzeko izan beharrean, Euskal Herriko lurraldeak elkartzeko motiboa izango da, musika bidelagun izanik.
Mendia da proiektu berri honen zutabeetako bat. Garobel mendilerroan hasi genuen ibilaldia uztailaren 14an, Bizkaia, Araba eta Burgos arteko eta jada Euskal Herriko mendi esanguratsu batzuk izan ditugu gozagarri ibilbidean zehar: Tologorri, Gorbeia, Anboto, Elgea, Aizkorri, Altzania… eta Aralarren bihotzean aurkitzen gara. Sorgin eta jentilen lurraldeak dira, gertu sentitu ditugu Mari, Basajaun eta lamiak, magiaz beteriko tokiak. Mendi leunak eta gogorrak, batzuk igotzeko erosoak, beste batzuk zailtasun handiagokoak. Paraje ederrak gehienak, tontorretatik urrutira begiratu eta gozatzeko talaiak.
Ibaiak sortzen dira pasatzen ari garen leku hauetan. Oinez goazen norabidean, ezkerrerantz jaisten diren urek Kantauri itsasoan bukatuko dute, eskuinalderantz, Ebrora eta gero Mediterraneo itsasora, hainbat errekasto, erreka eta ibaien bitartez. Atzean utzi ditugu jada Nerbioi, Ibaizabal, Kadagua, Oka, Lea eta Artibai, besteak beste, Bizkaian eta Omecillo, Baia, Zadorra Araban. Mendi tontorrak dira askotan bi isurialdeen arteko banalerroak eta kasu berezi batzuetan, ermita batzuen teilatuek egiten dute banaketa hori, Urkiola eta Otzaurteren kasuan adibidez.
MUSIKAREN DOINUA INGURUNE NATURALETAN
Musika da Urmugaren beste euskarria. Ibilaldian aurrera goazen neurrian, hainbat kontzertu topatu ditugu bidean. Tolosan «gaizki» ohituta gaude horrelako emanaldietara, Et Incarnatus orkestrak 21 urtez eskaini duelako udako solstizio egunean, hasiera batean Uzturren eta azken urteotan Urkizun. Baina eskualdetik kanpo ez da batere ohikoa horrelako emanaldiak izatea ingurune naturaletan.
Lehendabiziko saioa Tologorriko zelai batean izan genuen, tolosar ugari protagonista zirela: Xabi Zeberio biolin jotzailea, Amaia Elizaran eta Garazi Egiguren dantzariak, Flavio Bartela kantaria… Tolosan egun batzuk lehenago eskainitako Out ikuskizuna eman zuten lehen biek. Maider Zabalegi kantaria eta Et Incarnatus laukotea ere bertan aritu ziren, kontzertu magikoa eskainiz.
Urkiolako santutegian, babesle den Euskal Sagardoaren eskutik, performance itxurako emanaldia burutu zuten hainbat artistak, tartean Juantxo Zeberio piano-jotzaile eta Elene Arandia kantari tolosarrak. Poesia eta pintura ez ziren faltatu, sagardo dastaketa batekin lagunduta.
Dimako San Lontzo ermitan, Baltzola kobetatik gertu, Et Incarnatus orkestran babestua, Migel Zeberioren zuzendaritzapean, Hertzainak taldeko Josu eta Gari, Maddi Oihenart eta Miren Narbaiza Mice aritu ziren kantari. Jende ugari elkartu zen belarretan eserita, kantarien ereserki bihurtutako doinu ezagunak bere ahotsekin laguntzen. Mikel Laboaren Izarren hautsa kantatuz amaitu zen basoko jaialdi ederra.
Urbian Juantxo Zeberio aritu zen berriz teklak astintzen, kasu honetan Maddi Oihenarten kantu sentikorrak lagunduz, alboan Gorka Benitez saxoa eta flautarekin zuela. Saio intimoa eta hunkigarria izan zen benetan.
Lareoko kontzertuaren ondoren idazten ari naiz lerro hauek eta bertan Et Incarnatus orkestrarekin batera Donostiako Orfeoia, Eneko Dorronsoro trikitilaria eta Xabier Leturia billabonatarra aritu dira Jose Mari Iparragirre eta Benito Lertxundiren hainbat doinu eskainiz. Tolosako Inauterietako Habanera eta Troika eta Urkizuko solstizio kontzertuetan ereserki bilakatu den Iraolanekoa (azken biak Karlos Linazasororen letra paregabeekin) izan ziren emanaldiaren ukitu tolosarrak.
PARTE HARTZEKO AUKERA
Esan bezala, Aralarren erdian gaude eta aurrera begira zer ikusi eta zer entzun ugari daukagu. Natur gune bereziak ditugu zain: Basaburua, Ultzama, Kintoa, Orreaga, Irati, Larra… eta mendi tontor esanguratsuak ere bai: Ireber, Saioa, Adi, Urkulu, Okabe, Orhi, Otsogorrigaina, Kartxela… euskal tontor handienean bukatzeko abuztuaren 1ean, Hiru Erregeen Mahaia.
Eta musika eskaintza ere ez da agortu. Lerro hauek irakurtzerako Aralarreko Aizpearro anfiteatro natural apartan egindakoa pasata egongo da, baina oraindik aukera izango duzue Baigorri 26an, Okaben 28an, Orhin eta Erremendian 30ean eta Hiru Erregeen Mahaiko abuztuaren 1eko saioetara joateko. Tartean, Et Incarnatus orkestraz gain, eskualdeko hainbat musikari izango dira partaide. Edota nahi izanez gero, mendi ibilaldiaren etapa batzuetan parte hartzeko aprobetxa dezakezue. Hala nahi izanez gero, www.urmuga.eus webgunean dituzue xehetasun guztiak.