"Nola maitatuko duzu zure herria bere historia ezagutu gabe?"

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko ots. 1a, 05:59

Aranburu Jauregiak datozen asteotan protagonista berria izango du: Matxin Labaien. Bertan margolari tolosarrak ibilbide profesionalean margotutako lanak aurkituko ditu ikusleak. Xibarit argitaletxeak protagonista berarekin liburua ondu du.

O tsailaren 1ean zabalduko da Matxin Labaien (Tolosa, 1931) margolari tolosarrari eskainitako erakusketa antologikoa Aranburu Jauregian eta berari buruz Xibarit argitaletxeak kaleratu duen liburua aurkeztuko da. Bertan Tolosako 30 pertsonai ezagunek idatzi dute artista honetaz eta Joseba Urretabizkaiaren argazkiek ilustratzen dute lana.

Gerrak markatu zuen Matxinen bizitza, Saran erbesteratuz familia osoa, aita Tolosako alkatea zela. Gero Munduko Gerra hasi eta Donibane Lohitzunera joan behar izan zuen. 1945ean Donostiara etorri ziren gurasoak han geldituta, Pasaian Jesus Elosegi osabarekin bizituz, eta 1954ean itzuli ahal izan zuten Tolosara. Pinturak bete du bere bizitza. Bizitzaren, ibilbidearen eta kulturaren errepasoa egin dugu.

Erakusketa honetan zer ikusi ahal izango da?

Bizitza osoko pinturak, 30-40 koadro inguru, garai desberdinetakoak. Kulturaren alde oso lan gutxi egiten da hemen, janaren inguruko festa asko ordea. Nire aita zenak ere hala esaten zuen: festa asko eta lan gutxi.

Zenbat garai desberdin antzeman daitezke zure artista ibilbidean?

Lehena ikasle garaia da, Ascensio Martiarena irakasle nuela Donostian. Saran egon nintzenean asko pintatu nuen. Gaztelan egon nintzen garaia ere hor dago, Burgosen, kolore okre eta tristeagoekin. Hemen aldiz, berde asko dago eta alaiagoa da. Zuloaga euskal pintore onena izan zen eta esaten zuen berdea gustatzen zitzaiola, baina ez zuela hemen ikusten. Niri ere berdin gertatzen zait, ez dut ikusten, kolore zaila da berdea. Pastel bat ateratzen zaizu. Txarra gainera. Gaztelako okrea eta horia gehiago gustatzen zait. Ezin dira konparatu.

Bizitutako lekuen arabera aipatzen dituzu garaiak. Leku gehiagotan ere izan zara.

Bai, Afrikan egin nuen soldaduska 1953-54an, Ceutan eta Tetuanen. Bulegoan nengoen eta pintatzeko denbora banuen. Han deskubritu nuen kolorea eta argia. Oso gordeta ditut han egindako koadroak. Itsasoa eta basamortua pintatu nituen. Parisen bizitu nintzen 1966-67an, Andre Galan maisuarekin ikasten. Eskola frantsesa: inpresionismoa, fauvismoa… Han aldatu zen nire pintura. Hurrengo urtean, 1968an, Madrilen izan nintzen Sanchez Coromina eskultorearekin ikasten. Bi joera kontrajarriak dira bi hiriburu hauetakoak.

Eta geroko etapa, Tolosakoa, nola definitu daiteke?

Edertasuna ere adinarekin aldatu egiten da, ez da berdin ikusten. Orain nire pintura ilunagoa da, zahardadearen tristura izango da, dramatikoa. Elton Johnek Lady Dianaren hiletan kandela itzaltzen dela kantatu zuen. Hemen berdin gertatzen da. Uzturre egoitzan nago eta 100 urteko jendea dago hemen bizitzen. Bizitza luzatzen ari da.

Zuri-beltzean ari zara azkenaldian, beraz.

Bai, sepia edo marroi pixka bat ere sartuz. Gouache, olioa eta argizaria erabili izan ditut beti. Itsasoa asko margotu dut, baina orain monotonoa ikusten dut. Mendiko estudio handi bat ari naiz egiten orain, inguruko mendiak jasoz. Elur zalea naiz. Iñaki Linazasorok esaten zidan elurra zela nire berezitasuna. Eta egia da. Elur garaia gustatzen zait. Marrazkilaria naiz gehiago, Pariseko maisuak ere esaten zidan, bozeto oso onak egiten nituela eta marrazkiarekin jarraitzeko.

Familiako Laborde y Labayen enpresan aritu zinen lanean.

Bai, baina bulegoan, pintatu gutxi. Kartelak egiten beste batzuk aritzen ziren, oso onak gainera: Gregorio Hombrados Oñativia, Horacio Etxeberria (Orixeren Euskaldunak obra ilustratu zuen), David Alvarez…

Eta pintura klaseak eman zenituen. Zein izan zenituen ikasle hoberenak?

Fabian Larrauri, gor-mutua zen, aita bizkaitarra zen eta gero hara joan ziren bizitzera. Pintzel bakarrarekin nik baino hobeto margotzen zuen, nik baino gehiago zekien. Asko ikasten da irakasle gisa. Maisua gastatua dago jada eta umeek irudimen handia izaten dute. Beste ikasle onak izan ziren Javier Telleria, Garbiñe Ubeda, Trinidad Aldabe, Concha Larraya… Emakume asko daude onenen artean, sentsibilitate gehiago daukate.

Nola ikusten duzu euskal kultura?

Arte aldetik hiriburua Bilbo da. Arte Ederren Museoan oso pintore onak daude. Guggenheim ere han dago, baina ez zait gustatzen. Eta Bilboko pintore eskola oso ona da: Etxeberria, Iturrino… Donostia berriz, turistikoa da, arte mailan ezer ez. San Telmo kaskarra da. Nire maisua Martiarena eta Guardamino pintore onak izan ziren Donostian. Eta Bidasoako eskola ere aipatu behar da: Gaspar Montes Iturrioz, bere semea Jesus, Menchu Gal, Bienabe Artia… Oñati ere arte hiria izan da, unibertsitatea izan zuen. Gure bekatua gure historia ez ezagutzea da. Nola maitatuko duzu zure herria bere historia ezagutu gabe? Ez dago zereginik hori jakin gabe. Kultura frantsesa ondo ezagutzen dut, Iparraldean eta Parisen bizitu nintzelako. Eta Donostian jesuitetan ikasi nuen, orden serioa. Gero Parisen eta Madrilen egin nituen pintura ikasketak.

Pinturatik eskulturara pasatuz, zein dituzu eskulturagile gustukoenak?

Oteiza da onena, batez ere Arantzazuko apostoluak eta Orioko Pietatea gustatzen zaizkit. Tolosako Atauts eta kaxa metafisikoak ez. Jenio unibertsala izan da, ero xamarra. Gure etxean izan zen eta nire koadroak gustatu zitzaizkion. Txillidaren Haizearen orrazia ere ona da, baina Txillida Leku ez zait gustatzen. Remigio Mendibururen enborrak asko gustatzen zaizkit. Nestor Basterretxearen eskulturak bere pinturak baino gehiago atsegin ditut.

Musikazalea ere bazara. Gurasoak musikariak izan ziren eta zu ere aritzen zara pianoan. Zein dituzu atseginenak?

Musika klasikoan Beethoven, Haydn, baina batez ere musika kantatua: Placido Domingo, Pavarotti, Carreras eta beste asko. Euskal musikan kantautoreak ditut gustuko, batez ere Benito Lertxundi, baina baita ere Lete, Iriondo, Oskarbi, Laboa, Iparraldeko Niko Etxart eta Anje Duhalde…

Liburuz inguratuta bizitu zara. Aita antzerki egilea zen. Asko irakurri duzu bizitzan.

Literaturan dena gustatzen zait. Gudako eta erbesteko umea naiz eta literatura frantsesa asko gustatzen zait: Victor Hugo, Chateaubriand, Lamartine, Camus, Sartre… Euskaldunen artean Orixek 10.500 bertso idatzi zituen Euskaldunak liburuan, Iparraldeko Elisanburu, Aresti, Lauaxeta, Onaindia, Oñatibia, Salaberria, Aitzol, Kanpion, Sabino Arana, Pelay Orozko, Txillardegi… Gaztelerazko literatura ere asko irakurri dut: Delibes, Unamuno (oso gogorra, euskara hil behar zela esan zuen), Baroja…

Zazpigarren artea ere gertutik jarraitu duzu. Zein zinema zuzendari eta aktore aukeratuko zenituzke?

Euskal filmetan Tasio gustatu zitzaidan asko, ederra da. Gaztetan pelikula gehiegi ikusi nuen. Zinema amerikarra ikusten genuen, orduan zegoena. Laurence Olivier, Richard Burton Becket pelikulan, Ava Gardner, Elizabeth Taylor eta Montgomery Clift El arbol de la vida pelikulan, Gary Cooper, John Wayne, Robert Redforden El hombre que susurraba a los caballos

Dokumental bateko protagonista izan zara, Aurelio Vicentek egina. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Tristura inpresioa eman zidan. Depresibo xamarra naiz, ez naiz horren zalea. Bakartia, independentea naiz, pragmatikoa. Nire irizpideen arabera jokatzea gustatzen zait, ez besteenaz. Eta hori leporatzen didate. 

Herri eta hiriak

Berastegi. Aitonaren herria, asko jotzen dut hara.

Sara. Nire aberria, nire haurtzaroa, Saint Exuperyk esan bezala.

Tetuan. Biblia eta Hollywooden nahasketa zela esan zuen Patton generalak. Polita eta arriskutsua.

Paris. Europako kultur eta arte hiriburua.

Toledo. Kultura guztiak ditu: erromatarra, judutarra, kristaua, musulmana…

Burgos. Euskal izenez betea dago Nafarroako erresumakoa izan zelako eta jendeak ez daki.

Madril. Munduko museo onena dauka, El Prado. Eta gainera Sorollarena eta Arte Modernokoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!