Denda historiko baten itxiera

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko ira. 29a, 08:59

Argazkilaria: Joseba Urretabizkaia

Tradizio luzeko beste denda bat itxi dute, uda honetan, Tolosan: Malumbres jantzi denda. Amaitu egin da, familia bereko hiru belaunaldik bete duten ehun urte baino gehiagoko historia. Ez da lehen kasua, eta ez da azkena izango.

Uztailaren 30ean itxi zituen ateak, betiko, Korreo kaleko Malumbres jantzi dendak. Ignacio Malumbres izan da azken arduraduna, Ana Gutierrez aspaldiko laguntzailearekin batera eta, horiei erretiroa hartzeko garaia iritsi zaienean, 1915ean hasitako ibilbideari amaiera eman diote. Penaz. Isidoro Malumbres eta Maria Olano izan ziren denda ireki zutenak. Beren seme-alabek, Isidorok eta Pilarrek, jarraitu zuten haien lana, Pepita Jauregi Isidororen emaztearen laguntzarekin. Eta, hirugarren belaunaldian, bost bilobak aritu dira, gehiago edo gutxiago, dendan: Arantxa, Gema, Javier, Asun eta Ignacio. «Bakoitzak bina seme-alaba ditugu,eta hurrengo belaunaldiak beste lanbidetan ari da lanean, zorionez. Aspalditik genekien familian ez zegoela aurrera jarraitzeko aukerarik, eta ni erretiratutakoan itxiko zela zikloa», azaldu du Ignacio Malumbresek.

Ez dira saiatu ere egin familiatik kanpora erreleboa bilatzen, Gabirondo zapata-dendak egin duen bezala. «Azken urteotan jaitsiera handia izan da merkataritzan, orokorrean, eta gure kasuan ere bai. Iraun egin dugu, adina iritsi bitarte. Horrelako egoeran ezin dugu inor animatu negozioa hartzera. Sentimentalki pena handia da, baina bizitzaren zikloak izaten dira», aitortzen du dendariak. 1983an bost anaia-arreben artean sortu zuten sozietateari baja eman, eta lokalarentzat bete irtenbide bat bilatzea gelditzen zaie orain. «Beheko solairuarengatik interesa azaldu du norbaitek, baina etxea unitate bakarra da gaur egun, eraikin familiarra, eta soluzio orokorra eman behar zaio, oraingoz ezin da zatika saldu edo alokatu. Gaur egun, inor ez da bizi gaineko pisuetan. Azkenaldian bulego eta biltegi gisa erabili ditugu bi pisuak. XVIII. mendeko etxea da, eta babestua dago. Zaila izango da», erantsi du.

Historia luzea

Malumbres dendaren historia Nafarroan hasten da, Corellan. XIX. mende hasieran Erriberako mahastietan izan zen izurrite baten ondorioz, bertako jende askok kanpora lan bila atera behar izan zuen. Haien artean, Isidoro Malumbresek. Ameriketara, Kubara joateko asmotan atera zen Corellatik, baina, harako bidean Tolosatik pasatu, senitarteko batzuei bisita egin, eta herriaren bizitasuna ikusita, bertan proba egitea erabaki zuen. Hainbat lanbidetan aritu zen hasieran. Korreo eta Letxuga kaleen artean zegoen Anbrosi-enea dendan lan egiten zuen, eta Maria Olano zaldibitarra ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Fermin Alegria dendaren jabea erretiratu, eta eskualdatzea eskaini zien ezkonberriei. Biek josten zekiten: emazteak jaioberrien arropa egiten zuen, eta senarrak ikasi egin zuen josten, eta borondate handiz hartu zuten erronka. 1915ean zabaldu zen Malumbres denda, arropaz gain gauza gehiago ere salduz hasieran. Gero, gizonezkoen arropa josten eta saltzen aritu ziren gehienbat.

Maria Olano gazte hil zen, eta bere alaba Pilarrek 14 urterekin hasi behar izan zuen dendan lanean. Eta, geroago, Isidoro semea ere bai, jostun ikasketak egin ondoren. «Hauei, gerra ondoren, ia hutsetik hastea egokitu zitzaien, jenerorik gabe gelditu zirelako», azaldu du Ignacio Malumbresek. 1944an, Isidoro Pepita Jauregi tolosarrarekin ezkondu zen, eta hura ere lanean jarri zen dendan. Bere haurtzaroko hamarkadak lan handiko garaiak bezala gogoratzen ditu azken arduradunak: «Oso langileak ziren, hiruren artean atera zuten negozioa aurrera. Goizetik gauera egiten zuten lan, larunbat eguerdietan itxi gabe, eta igandeetan ere beti izaten zen egiteko zerbait. Izebak erakusleihoa prestatzen zuen, adibidez».

Bigarren belaunaldiko senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten guztira eta, dendaren gainean bizi zirenez, txikitatik dendan bueltaka eta zerbaitetan laguntzen hasi ziren denak. Amak eta Arantxa alaba zaharrenak dendaren parean emakumeentzako jantzi denda bat ireki zuten, 1963an. Beste bi alabak ere, Gema eta Asun, bertan aritu ziren geroago. Bi semeak aitarekin aritu ziren, gizonezkoen arropa dendan: Javier, 1970etik aurrera, Bartzelonan jostun ikasketak eginda, eta Ignacio ere bai, soldaduska 1978an amaitu zuenetik. 1988an berrikuntza handia egin zuten, etxea botaz. Bi urtera berriro ireki arte, pareko lokalean aritu ziren lanean, emakumeen arropa dendan. 2009an bi alaba zaharrenak erretiratu egin ziren eta emakumeen denda itxi zuten, hango jeneroa gizonezkoen dendara pasatuz.

Jostun lana

Hiru jostun izan dira Malumbresen historian: Isidoro aitona, Isidoro aita eta Javier semea. Eta, dendatik kanpo, beste laguntzaile asko izan zituzten urte askotan zehar. Beraiek erabilitako guraizeak, erregela, klarion zorrozkailua eta horrelako tresnak ondo gordeta izan dituzte, azken urte hauetan joste lanetan aritu ez badira ere. Gizonentzat neurrira egindako trajeak egiten zituzten gehienbat, horiek asko erabiltzen ziren garaietan. Etxera eraman aurretik, neurketa eta proba asko egin behar izaten ziren dendan. Ordu askotako lana izaten zen. Galtza batzuk josteko, adibidez, zazpi ordu behar omen ziren. Eta txaketa egiteko gehiago, noski. Azken josketa egin aurretik, bi proba egiten zituzten. Lanpostu askotan egunero erabiltzen zuten trajea. Eta jai eta egun berezietarako beste trajea izaten zuten. Ostegun Santuan eta San Joan egunean arropa estreinatzeko ohitura handia zegoen, garai hartan, Tolosan.

Azken hamarkadetan janzkera asko aldatu da, trajeen erabilera gero eta gehiago murriztuz, eta horrek eragin zuzena izan du Malumbres bezalako jantzi dendetan. Badira urte batzuk neurrirako joskintza utzi zutela. «Ondo janztea ez dago modan. Lehen, asteburuan dotore janzten zen jendea. Orain edozein modutan ateratzen da kalera. Eta, gaur egun, bulego eta banketxeetan ez da ia trajerik erabiltzen, garai batean bezala. Gazteria beste era batera ibiltzen da jantzita. Gure bezeroa heldua zen, eta denboraren poderioz desagertzen joan da, naturalki», dio Malumbresek.

Sektore jakin horren gainbeherarekin batera, krisialdia gertatu da. «1980koa eta 1992koa ezagutu genituen, baina azken honi amaiera iritsi baino lehen, beste beherakada bat ari da iragartzen jada. Autobia egin zutenean, Nafarroako bezero asko galdu zituzten Tolosako dendek. Merkataritza-gune handien konpetentzia sortu zitzaigun eta, gaur egun, internetarena. Gure bezero motan ez du eraginik, baina gazterian bai. Erabat aldatu dira kontsumo ohiturak», azaldu du. Belaunaldiz belaunaldi mantendutako bezero fidela urte gutxitan desagertzen joan dela ikusi dute. Aitona-amonengandik jasotakoa ondorengoei utzi ezin izanaren pena gelditzen zaie familian Malumbrestarrei, beste denda historiko askori gertatzen ari zaion bezala.

Errepikatzen den historia

2017an 100 urte jendaurrean. Comercio centenario de Tolosa liburua argitaratu zenean, familia bakarrek mende batez mantendutako 24 denda bildu zituen liburuak. Haien historia jasotzea eta ezagutaraztea izan zen helburua. Horietako bi denda itxi dituzte jada, eta orain hirugarrenaren itxiera iritsi da. Beste hiruzpalau kasutan egoera beretsuan daude, eta urte gutxi gelditzen zaizkie ateak ixteko. Tartean, negozioa familiaz kanpoko norbaiten esku utzi duen Gabirondo zapata dendaren kasua dago.

Zorionez, kasu gehienetan, familiaren barruan belaunaldi berriek erreleboa hartu diete aurrekoei, eta denda horien historia urte luzez mantentzeko itxaropenarekin ari dira lanean, krisialdiek eta lehiakortasun gero eta gogorragoak irauten uzten dien bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!