Duela 100 urteko Leaburu, Azkueren ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko api. 28a, 18:47

Gutunez osatutako eleberria idatzi zuen, Resurreccion Maria de Azkuek, 1918an, euskara batuaren lehen ahalegin praktikoa eginez.

Leaburu aukeratu zuen horretarako, bertako pertsonaia bat protagonista bihurtuz. Mende bat geroago, Ana Toledo eta Elixabete Perez Gaztelu unibertsitate irakasle eta euskaltzainek edizio gaurkotua berrargitaratu dute.

Resurreccion Maria de Azkue apaiz eta hizkuntzalari lekeitiarrak lan izugarria egin zuen hiztegi, folklore eta kantutegi bilketan, baina literatura lan batzuk ere argitaratu zituen, eta Euskaltzaindiako lehendakari izatera iritsi zen. Euskaltzale eta Ibaizabal aldizkariak sortu zituen, euskara hutsezkoak. Literatura lanen artean Ardi galdua gutun bilduma argitaratu zuen, 1918an, euskara estandarizatzeko lehen saioa burutuz. Horretarako Tolosaldeko euskara hartu zuen abiapuntutzat, gainontzeko euskalkien hainbat hitz eta esamolde gehituz. Liburuak mendea bete duela eta, Euskaltzaindiak berrargitalpena bultzatu du, eta XXI. mendeko euskara estandarrera ekarri dute, Ana Toledo eta Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasleek eta Euskaltzaindiako kideek. Lehena literatura alorraz arduratu da, horretarako liburuaren hasieran literatur kritikaren ikuspegitik entsegu bat idatziz, eta, bigarrena, hizkuntzaz.

Ardi galdua eleberria hamahiru gutunek osatzen dute, bederatzi pertsonaiak idatziak. «Gutun eleberri bat osatu zuen, abantaila asko zituelako. Berebiziko tradizioa du gutunak, eta Testamentu Berrian komunitateei zuzentzeko erabili zuten, mezuren bat helarazteko. Azkuek komunitate bati mezu bat helarazi nahi zion. Euskaldunei esan nahi zien: 'Edo euskara batzen da, edo heriotza da'», dio Ana Toledo Euskal Filologian doktoreak eta euskaltzain osoak.

Sei apaiz agertzen dira gutun egileen artean, eta bi laiko eta emakume bakarra. Gizarte polifoniko baten isla jaso nahi izan zuen, hainbat erregistro bilduz, Azkuek berak oharrak eta azalpen linguistiko batzuk besterik ez baititu ematen. Erregistroen artean berorika, zuketa eta hitanoa erabiltzen ditu, baina ez emakumeen arteko noka, «ijito euskara» dela uste duelako.

Gipuzkera erdigune

«Liburuaren sarreran Azkuek argi uzten du euskara batuaren ariketa praktikoa egin nahi duela. Horretarako, Beizaman egin zuen hiru eguneko egonaldia, ikertzen, baina, apaiz batzuk konbentzitu zuten, Leaburu aukeratzeko. Gipuzkera zen euskalkien erdigunea, eta Tolosaldekoa egokiagoa zen abiapuntu gisa», azaldu du Toledok. Arin eta Zuasti apaizei egiten die, Azkuek, liburuaren eskaintza, garai hartan Leaburun zeuden apaizak seguraski, bertako euskararen azterketan lagunduko ziotenak. «Nahiz eta lekeitiarra izan, Gipuzkoan ikusi zuen euskara batzeko indar handiena, ikuspuntu praktiko batetik, muturretan daudelako beti desberdintasunik handienak», erantsi du Elixabete Perez Gaztelu Euskal Filologian doktore eta euskaltzain urgazleak.

Protagonista nagusia Medel Olazarreta leaburuarra da, Kalifornian dirua egindako indianoa, XX. mende hasierako pertsonai berezia, «besteekin nahasten den indiano bakarra delako, euskal eleberrigintzan», Toledoren iritziz. Bere familiaren berri ez da ematen liburuan. Lehen emazteaz alargunduta erabakitzen du Ameriketara joatea, han seme bat utzita. Kalifornian artzain eta beste lanbide batzuetan aritu ondoren, bazkide ingeles batekin batera hotel bat zabaltzen du, Leaburu izenekoa, Sacramenton, Nueva York kalean. Bazkidearen alabarekin ezkontzen da, hura hiltzear dagoela, negozioa mantentzeko, eta protestante bilakatzen da. Hamalau urtetan dirutza irabazi, eta, ezkon bidaian, Euskal Herrira itzultzen da, Alice emaztearekin. Leaburuko alkatea eta zinegotziak joaten dira bere bila, Tolosako tren geltokira.

Jaioterrian, herritar guztiak gonbidatzen ditu bazkaltzera, ingelesezko hitzak erakusten dizkie haurrei, pilota partidako tantoak kontatzeko, eta elizan kanpandorre berria egiteko dirua ematen du. Herritarrek miretsi egiten dute. Leon semea apaiza da, baina aita protestantea izatea oztopoa da bere ibilbidean. Isilune bat dago gai horren inguruan. Ezkon bidaian Madril, Paris eta Londres ere ezagutzen dituzte. Azkenean, Arantzazuko frantziskotarrek Leaburun egiten dituzten misioetan, katolizismora itzultzen da Medel Olazarreta, eta emaztea hil egiten da haurgintzan, seme-alabarik izatera iritsi gabe. Hortik dator Ardi galdua izenburua.

«Hizkuntza politika hori transmititu nahi du Azkuek: Leaburun euskaraz egin behar da eta kanpoan ingelesez. Besterik ez da behar», erantsi du Perez Gazteluk. Latina eta frantsesa ere ageri dira liburuan, eta gaztelania oso gutxi, ohar linguistiko batzuk emateko besterik ez, beste kasuetan hizkuntza menperatzaile gisa agertzen delako, adibidez semearen gutun batean edo semearen meza berrian. «Hemen Azkue kleroa jipoitzen ari da, apaizek ardura handia dutelako herrigintzan, eredu dira; esaten die, zertan ari diren gaztelaniara pasatzen», uste du Perezek. Bide beretik, Belauntzako apaizak euskaraz idazteko gaitasunik ez duela ere azaltzen du.

Tolosaldeko berriak

Gutun horietan eskualdeko hainbat herriren aipamen ugari agertzen dira: Leaburu, Belauntza, Amezketa, Tolosa… Eta garai hartako bizimodua ezagutzeko parada ematen du lanak. Deskribapenik ez dago, baina Leaburun Ergoien eta Elbarren auzoen arteko borroka aipatzen du. Janari eta ospakizunen berri ere ematen du. Adibidez, Tolosako jatetxe batean Donostiako hotel onenaren pare jaten zela aipatzen du. Tolosa herri zikin gisa ageri da, lehen industriengatik seguraski. Garai politikoaren zertzelada batzuk ere ematen ditu, orduko aldizkari liberal eta integrista batzuen aipamena eginez.

Edizio berrian, alde banatan bi bertsioak jarri dituzte egileek ezkerrean zaharra eta eskuinean berria, hizkuntza eguneratuz, egungo ortografia arautuan, biak konparatu ahal izateko. Eskuinekoan, Toledok eta Perezek erantsi dituzten azalpenak beltzez ageri dira eta Azkuerenak urdinez, biak ondo bereizteko.

Euskara batzeko ahalegin horrek arrakasta handirik ez zuela izan uste dute bi egileek, garai zaila tokatu zitzaiolako Resurreccion Maria de Azkueri. XIX-XX. mendeen arteko mugarri horretan, euskaltzaleak bildu ziren, Hondarribian eta Baionan, ortografia batzeko asmotan. Azken bilera 1901ekoa da. «Ez zegoen konpontzeko modurik, ez zen akordiorik egon, gauzak bertan behera gelditu ziren. Handik hamazazpi urtera heldu zion lan honi Azkuek», dio Toledok. Sabino Arana eta Azkue oso garbizaleak zirela erantsi du Perezek, «baina oso modu desberdinean». Gero, 1936ko gerrak eten handia ekarri zuen kontu horietan; Euskaltzaindia bera ez zen 1956 arte berriz martxan jarri, eta, 1968an, liburua argitaratu eta 50 urtera, lortu zen euskara batua adostea, Arantzazun. «Gazteak bultzaka ari zirelako», diote, orduan ere eztabaida handien artean, batez ere, H-aren inguruan; batzuek Euskaltzaindia utzi, eta Euskerazaintza sortu zuten, adibidez. Orduan ere, Koldo Mitxelenak Azkuek liburu horretan azaldutako argudio bera erabili omen zuten: batasuna lortu edo hizkuntzaren heriotza zetorrela. «Gaurko euskara estandarra ez da gipuzkera osotuaren horren ezberdina. Puntu batzuk bai, desberdinak dira, aditz sistema adibidez», dio Perezek.

Bi egileek Azkue ezagutzen bazuten ere, orain hobeto ezagutu dutela aitortu dute. Toledok dio, orain lasaiago berrirakurri duela liburua, eta oso irakurterraza iruditu zaiola. «Beste Azkue bat deskubritu dut. Lehen bere morfologia eta hiztegia ezagutzen nituen. Baina beste Azkue bat ere bada. Oso Azkue modernoa iruditu zait, gainera garai hartan apaiza izanda: asko bidaiatu zuen, mundua ezagutzen zuen, erreferentzia asko zituen, Euskal Herrian asko ibilia zen, ikerketa lanetan. Bere garairako oso aurreratua zen», dio Perez Gazteluk. Kalea eta baserria batzen dituen eleberria dela erantsi du Toledok, eta XX. mendearen erdira arte aurrez aurre jartzen ziren bi inguru horiek, eleberri guztietan. Diskurtso berria omen du. Gizon langile eta argi bezala definitu dute, bi unibertsitate irakasleek.

Soziolinguistika eta literatura irakurleentzat irakurgai egokia dela uste dute biek. Euskararen batasunaren alde egindako saioak ezagutzeko lan interesgarria iruditzen zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!