Leidorreko kontu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko mar. 14a, 18:59

Leidor zinema aretoak baditu kontu zaharrak; Tolosako kultur zentro zaharrena eta zinema izateaz aparte, bere historia luzean era guztietako ekitaldiak jaso izan ditu eraikuntzak.

Leidorren aita Dionisio Larrea izan zen, sortzailea eta lehen hamarkadetan arduradun nagusia izan zena. Bere familiako hiru kidek badute nahikoa informazioa, Leidorren sorrerari eta historiari buruz: Marisol Larrea eta Ana Larrea alabak eta Iñigo Vivanco biloba, urte batzuetan kudeatzailea ere izan zena.

Dionisio Larrea lazkaotarra zen jaiotzez, maisua zen Asteasun, baina Tolosako Gorriti zinemako kontuak eramaten zituen, Rivera eta Mejorada bazkideentzat, eta han hasi zen zinema programazioa egiten. «Garai hartan oso zaila zen programazioaren munduan sartzea, eta berak lortu zuen. Hango esperientziari esker, gero beste herri askotan aritu zen horretan», dio Iñigo Vivancok. Zerrenda horretan aipatzen dituzte Errenteria, Lazkao, Bergara, Andoain, Donostia (Dunixi zinema),...

Donostiako Urbieta kaleko eskoletan maisu zegoela, Tolosako enpresari talde bat joan zitzaion, eraiki nahi zuten zinema baten ardura hartzea proposatuz. San Frantzisko pasealekuan, Elosegi markesen lorategian, etxe batzuk eraiki behar zituen Subijana kontratistak, eta azpialdean zinema bat zabaldu nahi zuten, beste lokal komertzial batzuekin batera. Subijana bera, Azurza anaiak, Uria anaiak, Ganzarain eta beste batzuk zeuden talde hartan. «Ezezkoa eman zien, oso zinema areto txikia zutelako buruan. Denbora batera, berriz etorri zitzaizkion, berak nahi zuen neurrikoa egitea onartuz: Espainiako handiena, eta mundukoa ere bai, berak esaten zuenez», aipatu du Vivancok. Larrea bera ere bazkide sartu zen Espectaculos Tolosa enpresan, eta zinemako kudeatzailea izan zen hasieratik. Leidor izena Eduardo Mokoroan operatik hartu zuten, Emeterio Arreseren testua duenetik. Lehen pisuan Miguel Angel Alvarez pintoreak horma-irudi bat margotu zuen.

KALITATEZKO OSAGAIAK

Goi mailako aretoa egin zuten: belusezko 1.576 butaka (horietako 300 goiko solairuan eta, pasilloetan aulkiak jarrita, ia 2.000 eserlekuetara iristen zen), bi taberna, 70mm-ko Crono Phillips zilarrezko kalitate handiko pantaila, soinu magnetikoa zortzi kanalekin, linterna ona, soinu hobea izateko zementua, eta zerrautsa paretetan. 1961eko irailaren 30ean inauguratu zuten Ben-hur pelikula famatuarekin, eta sekulako arrakasta izan zen, jendea harrituta utziz. «Lehen saio hori Cinemascope pantailarekin egin zuten, baina ez zitzaion gustatu. Bartzelonako Rex zinema itxi zutela jakin, eta handik ekarri zuen Todd-ao sistemako pantaila», dio bilobak.

Hasiera hartan gaur egun baino lokal handiagoa zen. Bi leihatila zituen, egungo bi etxe atarien ondoan, eta langile dezente ziren: bi txartel-saltzaile, bi atezain, lau aretozain, bi zerbitzari, kabinako burua, operadorea, laguntzailea eta muntatzailea eta hiru garbitzaile. Egunero izaten ziren saioak, asteazkenean izan ezik, eta asteburuan hiruna saio izaten ziren. Igande goizetan ere izan omen ziren, hasiera batean. Oporrik ez zuten egiten udan.

«Zinemak berak baino diru gehiago ematen zuen tabernak, orduan, ardoa, likoreak, pintxoak, bonboiak eta denetik saltzen zelako. Aretozainek lagundu behar izaten zieten zerbitzariei. Zinemaren etekin ekonomikoen portzentaje handiena enpresa banatzaileek jasotzen zuten, eta gero zerga asko ordaindu behar ziren: egileak, ogasuna, adin txikikoak, multinazionalak…», erantsi du. Horregatik, alkohola saltzea debekatu zutenean izan zen zinemaren krisietako bat. Hala ere, 1990 arte taberna irekita izan zuten. Beste bi une txar izan ziren, Dolby stereo sistema ezarri zenean hori ez zuten aretoentzat eta bideoaren sorrera.

Larrearen senitartekoek diotenez, ET filma izan zen diru gehien eman zuena, baina arrakasta handia izan zuten baita ere beste titulu batzuk: Los 10 mandamientos, El mayor espectáculo del mundo, Wed Syde Story, La historia del oeste, La guerra de las galaxias, La gata en el tejado de zinc, Le llamaban Trinidad, Siete novias para siete hermanos… Igandeko hiru saioak bete zituzten pelikula historikoak dira. Familiako bono sistema bat ere izan zen, batez ere, saio jendetsuenetan lekua erreserbatzeko, deskontu bat eskainiz.

Lehen hamarkada haietan, 1976 arte, apaizek eta familia onetako kideek osatutako zentsura batzorde batek sailkatzen zituen pelikulak, 1, 2, 3, 4 eta 4R kategorietan. Esplendor en la hierba azken maila horretan sailkatu zuten, eta herriko elizetako pulpituetatik hori ikustea bekatua zela-eta, eskumiku mehatxuak bota zituzten joatera ausartzen zirenentzat. Igande horretan Leidor aretoa bete egin zen, pasilloak aulkiz bete ondoren.

No-Doa botatzera ere behartuta zeuden, 1976 arte, saio guztien hasieran, Francoren erregimenaren propagandarako dokumentalak. Hurrengo urteetan ere komeni zen ematea, inspektoreak izaten zirelako kontrolatzen. 1983. urtean utzi zioten botatzeari.

BI ERREFORMA NAGUSI

1983ko abuztuan Tolosan eta Euskal Herri osoan izandako uholdeek kalte handiak eragin zituen Leidorren. Butaka patioa urez bete zen, igerileku baten itxura hartuz. «Aitona lur jota gelditu zen, bukaera zela uste zuen. Dena garbituko nuela agindu nion eta, udalaren laguntzarekin, lortu genuen. Gainera, herriko elkarteek ere asko lagundu zuten. Adibidez, Arco Iris elkarteko Arpegi taldeak jaialdi bat egin zuen Leidorren alde», ekarri du gogora Vivancok. Ordurako aitonari laguntzen aritzen zen biloba, 1980tik eta, berrikuntzaren ondoren, kudeatzaile ardura hartu zuen, aitonak kontseilari ordezkari gisa jarraituz. Butaka berriak erosi behar izan zituzten, eta 1.200 pertsonara jaitsi zen aretoaren edukiera.

Handik urte gutxira, zentsura desagertu zen, eta biluzteko filmen gorakada ezagutu zuten. Emmanuelle, Salon Kitty eta El ultimo tango en Paris filmak izan ziren arrakastatsuenak. Programa bikoitzen eta saio jarraituen garaia ere izan zen, irteerarik ez zuten pelikulak programatuz.

Bigarren erreforma handia 1988-89 urteetan izan zen, Dionisio Larreak enpresari Leidor erosi zionean. Orduan sortu ziren, gaur egun sarreraren alboetan dauden bi lokal komertzialak, eta azpiko garajeak.

Orain arte zinemaz aritu arren, ez da ahaztu behar Leidorren antzerki emanaldi, abesbatza lehiaketa, rock jaialdi, kantaldi, kontzertu klasiko, bertsolari txapelketa eta bestelako ikuskizun asko ere izan zirela urte haietan, zine-kluba ahaztu gabe. Diskoteka gisa ere funtzionatu omen zuen inauteri batzuetan. «Gure aita zoriontsu izan zen Leidorrekin», aipatu du, bukatzeko, Marisol Larrea alabak.

Dionisio Larrea 1994an hil zen eta, orduan, familia udalarekin akordio batera iritsi zen; aretoaren kudeaketa erakunde publikoaren eskuetara pasatu zen. Berrikuntza bat egin eta, orduz geroztik, gaur egungo itxura eta funtzionamendua izan du aretoak, hainbat enpresaren ardurapean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!